Psikopatologiako Hiztegia (R-Z) Blas Erkizia Amilibia (Beasaingo Osasun Mentaleko, 2002) |
|
![]()
|
R |
Razionalismo Erigarria:
Subjektu eldarniotsuak berak bakarrik ulertzen dituen balioztapenak erabiltzen dituen logika eskizofrenikoari deitzen zaio razionalismo erigarri.
E. Minkowski-k identifikaturiko nozio hau jarrera antitetikoen eta geometrismo erigarriaren gertukoa da (ikusi geometrismo erigarria). Sistematikoki finkatutako arrazoiketa dagokio eta, gero, izaera “logiko” deituriko balizko sistema baten mesedetan ezabatzen da, eskizofrenikoaren inplosioaren aurkako defentsarako mekanismo bat bezala erabiltzeko. Eskizofrenikoa (edo pertsonalitate eskizoidea) sistema fisosofiko edo matematiko baten arabera soilik bizitzen ahalegintzen da. Horrela, euren pentsakerak eta idatziak zenbakiak edo koantifikazioak menpera ditzake. Subjektua edo gertakizunak ez baletoz sistemarekin bat, gertakizunak eta inpresio subjektiboak izango lirateke okerrekoak; sistema edo pseudo-balioztapenen multzoa, izakiarentzat munduarekiko sustapena denez, ezin daiteke inolaz ere eztabaidan ipini. Minkowski-ren ustetan eskizofrenia orori dario razionalismo erigarria. Eskizofreniko utopiko batzuetan adibide harrigarriak aurkitu daitezke, lanarekiko edo atsedenerako arautegi bitxiak proposatuz eta abar. Minkowski-k dioenez subjektuaren eta bere ingurugiroaren haustura honetan datza: balio-sistemaren iturburua subjektua bera bakarrik dela. Beraz, razionalismo erigarria agian taldeko ideologia bihurtu daitekeen gizabanakoaren patologia da. (ikusi sasi-kontzientzia)
|
S |
Sabelkeria:
Elikatze portaeren gehiegikeria da, nahasiak eta jatunak bihurtzen direlarik
Janguraren kontrolik eza hau dementziazko egoera aurreratuetan ikusi ohi da maiz. Arrisku nabarmenena kontrako eztarritik irensteari dagokion bapateko asfixian datza.
Sadismoa:
Euren asebetetzea hurkoari min morala edo fisikoa eragitean datzan sexu-perbertsioen multzoak osatzen du sadismoa.
Sadismo hitza 1830 urtearen inguruan agertu zen Frantzian, baina psikopatologiako esparruan, masokismoarenarekin batera, ez zen 1886ra arte sartu (R. Von Krafft-Ebing-en eskutik). Geroago Freud eta tradizio psikoanalitikoak bereganatu zuten. Freud-ek hil-irrika nozioaren ekarpena egin ondoren, 1920an, irrika honen zati gisa definitu zuen sadismoa: hil-irrikaren zati hau sexu-irrikarekin bat eginez kanpoaldera zuzentzen da. Sadismoak hurkoarengana zuzenduriko erasokortasunaren bide eraginkorra suposatzen du, eta ez dago beti sexu fantasmen antzespenari lotua derrigorrez. Batez ere umeetan aho eta uzki-aldi sadikoetan agertzen da. Sexu ekimenari dagokionean aurrez-aurrekoa den masokismoarekin batera hartu behar da gogoan..
Sadomasokismoa:
Elkarren osagarri diren deituren bikotea da, irrika-bizipenaren funtsezko hazpegi bikoitzaren bereizlea dena, sadismoarena eta masokismoarena hain zuzen.
Freud-ek asmatutako deitura honek sexu galbideratze bat izendatzen du, non asebetetzea hurkoari jasanarazitako oinazean eta subjektuak berak jasandako laidoan aurkitzen den.
Deitura bikoitz osagarri hau bizi-irrikaren berezitasun batera ere hedatzen da, pasiboki bizi izandako eta aktiboki ezarritako oinazearen artean dagoen simetriarena eta elkarrekikotasunarena hain zuzen.
Sasi-kontzientzia (Sasi-ezaguera):
Jario eldarniotsuak aztertzen dituen esparrua da sasikontzientziarena, nahiz gizabanakoaren eldarniora zuzentzen denean, nahiz biko-erotasunera edo psikosi kolektibora eta dagokien diskurtso ideologikora bideratzen denean.
Sasi-kontzientziari datxezkion iharduera ideologikoen artean nazismoa, estalinismoa, maccartismoa eta abar aipatu daitezke. Engels-en formularen arabera, “ideologia, bere burua pentsalaritzat daukanak, kontzienteki burutzen duen prozesua da, kontzientzia faltsuarekin izan arren”. Gisa honetako eraikuntza ideologikoei, Cesari-ren esanetan “errealitate baten tokia bereganatzen dutenei”, nolabaiteko deserrealizatze ekimena darie; zenbait ideologien “logika” Minkowski-ren “razionalismo erigarritik” gertu egon ohi da. Beraz, sasi-kontzientziaren bi ezaugarri nagusiak honakoak dira: bat, iharduera ideologikoaren egituraketa manikeoa, Minkowski-k eskizofrenikoetan ere aurkitu zuena; bi, logika ideologikoari eta razionalismo erigarriari amankomunean dagokien identifikazioaren gehiegizko erabilera (extrapolazio ez-legitimoa, Whitehead-en esanetan).
Psikopatologiaren arlora mugatuz gero, Alfred Korzybski, zientzia semantikoaren eraikuntzaren ahaleginetan, izan zen gehiegizko identifikazioa aurkitu eta aztertu zuena, 1933an. Sasi-ezagueratik sortzen zela erotasuna, uste izan zuen. Zera mantentzen zuen, dementzia edo eskizofrenia goiztiarretan, hizkuntza sustatzen zuen alorreko funtzioaren aztoramena zegoela. Gehiegizko identifikazioaren hipotesi kliniko hau J. Gabel eta S. Arieti-k ere baieztatu dute. Egia da, sasi-kontzientziaren azterketan, psikopatologia klinikoak eta ezagueraren soziologiak elkar aberasten dutela. (ikusi razionalismo erigarria)
Sektorea (Psikiatriaren sektorea, sektorizazioa):
Esparru geografiko zehazki mugatua da, 70.000 biztanle ingurukoa, psikiatriako unitate baten zerbitzua jasotzen duena, non ospitale barneko eta ospitale kanpoko zainketak medikuntza eta gizarte talde bakar batek eskaintzen dituen. (Gure artean, osasun mentalaren eraikuntza eredu honetan oinarritu zen, baina zegokion bilakaera ez zen burutu, eta “osasunak zainduz” beste bide batetik eraman zuen…Gaur egun, halere, baidaude saikakera batzuk medikuntza eta gizartegintza elkartzen ahalegintzen direnak, gaixo mentalen zainketaren mesederako)
Sektorizazio psikiatrikoa (Frantziakoa): Sektorizazioa zirkular soil baten bitartez ezarri zen abian, 1960ko martxoaren 15ean. Bertan, sektorea aldez aurretik zegoen ospitale psikiatriko batek zerbitzatuko zuen esparru geografiko bezala definitzen zen: sektore bakoitzari zerbitzu bat zegokion, eta alderantziz. Ospitaleko zerbitzua ospitale kanpoko egituraketekin batera ihardutera behartuta zegoen. Kanpoko egiturak honela zehazten zituen zirkularrak: Higiene mentaleko kontsultategia eskualdeko hiriburuan egongo da, astean zehar gutzienez lau egunetan giza-medikuntzako kontsultak eskainiz; eguneko ospitalea, arratsero etxera itzuliko diren gaixoak egunez hartuko dituena; sendatze-osteko egoitza, ospitale eta ohiko bizilekurako itzuleraren bitartekaritza eta berregokitzapenerako baldintza onenak eskainiko dituena; tailer babestua, non gaixoak lana eginez soldata duin bat jasoko duen, giza-medikuntza jagoletza jasotzen duen aldi berean.
Talde pluiridisziplinar berberak ziurtatuko zituen ospitale eta ospitalez kanpoko lana, ospitale orokorrekin, ospitale pribatuekin eta famili sendagileekin lotura estuak mantenduz. Horretarako zerbitzu bakoitzak antolakuntza bat eta hornikuntza bat proposatu beharko zuen gaitz mentalen aurkako egitura eragingarriago eta egokiago bat sortzeko. Helburuak zehazki definitzen ziren: zainketei ahalik eta goizenik ekin behar zitzaien; berrerorketak ekidingo zituzten sendatze-osteak ziurtatuko ziren; ingurugirotik hurrunera aldentzeari legokion desegokitasuna saihestuko zen eskaintza guztien gertutasuna eta eskuragarritasuna erraztuz; ospitaleko oheak gutxiagotuko ziren, bitarteko baliabideak sortuz. 1968an, psikiatriako ospitaleak ospitaletako sistema orokorrean integratu ziren. Eta pixkanaka, zirkular eta legeen bitartez sektorizazioaren helburuak betetzen joan ziren.
Haur eta nerabeen psikiatria 1972an zirkular baten arabera egituratu zen: helduentzako hiru sektoreek osatutako multzoari sektore-arteko haur-nerabe talde bat zegokion. 200.000ko populazioaren 16 urtetik beherakoak hartuko zituen sektore-arteko bakoitzak. Eta prebentzioa azpimarratzen zen bereziki: lehen mailan, amen eta haurren zentru babesleekiko, eskoletako sendagileekiko eta obstetrekiko elkarkidetzara bultzatuz; bigarrengoan, arazoen agerpenen aurreko prebentzio goiztiarrean ahaleginduz; hirugarrenean ondorioen eta ezgaitasunen mugaketa handienean saiatuz. Helburu dioagnostiko eta terapeutikoetara bideratutako balantzeak egingo ziren, horretarako: azterketa psikiatrikoa, azterketa psikoteknikoa (adimen kozientearen eta pertsonalitatearen testak), azterketa bereziak (ortofonikoak eta psikomotoreak), eskola, familia eta giza-egoeren ikerketak egingo ziren. Eta honako kontsultategiak erabiliko ziren: higiene mentaleko kontsultategiak (medikuntza azterketarako, medikamentuzko tratamendurako, psikoterapiarako, berreziketa ortofoniko eta psikomotorerako gai izango zirenak), ospitaleko kanpo-kontsultak, zentru mediko-psiko-pedagogikoak, institutu mediko-hezitzaileak (3-20 urte arteko adimen erasanak jotakoak hartuko zituztenak; institutu mediko-pedagogikoak 3-16 urteetako irakaskuntzarako, lan ikasketak eskainiko lituzketen institutu mediko-profesionalak). Institutu guzti hauek barnetegi edota eguneko motetakoak izango lirateke eta beste baliabide guztien zerbitzuekin harremanak gordeko lituzkete. Zirkularretan eta dekretuetan agertutako egitasmo guzti hauek egituratzearren, legeak jarri ziren indarrean, bat bestearen atzetik (1985 eta 1986an).
Semiologia:
Seinaleen sistema desberdinak ikertzen dituen zientzia da.
Semiologia, alde batetik, zientzia orokorra da, zeinuen sistemak eta eragiketak aztertzen dituena eta, bestaldetik, komunikazioaren arlo bati atxikitzen zaion jakinduria antolatua.
Semiologia orokorra: Hizkuntzari estatutu berezi bat ezartzen zaionez, semiologiaren esparrutik banandu egin ohi da, semiologia “hizkuntzazkoak ez diren ezaugarrien” (P. Guiraud) ikerketara mugatuz . F. De Saussure-k, Hizkuntzalaritzaren orokorreko ikastaroan (1916), “giza-bizitzaren soinean suertatzen diren seinaleen zientzia” gisa definitu zuen, “psikologia orokorraren zati bat legez”. Eta gaineratzen zuen “zeinuak zeintzuk diren, zer nolako arauekin zuzentzen diren erakutsi behar dugu. Oraindik existitzen ez denez, zer izango den ezin dugu esan; baina badauka izateko eskubidea eta bere kokapena aurreikusita dago”. Une berean, C. S. Peirce filosofo iparramerikarrari Semiotika deituriko seinaleen teoria orokor bat bururatu zitzaion. Lehenengoak zeinuaren giza-eragina azpimarratzen zuen bitartean, bigarrengoak bere zeregin logikoa argitu zuen. 1950 hamarkadaren bukaeran saiatu zen R. Barthes Saussure-k eskainitako programaren aplikazio bat osatzen (Semiologiako osagarriak). Semiologian, kritika ideologikoaren eta giza-politikaren mota berri bat ikusi zuen: “Salaketa ideologikoen izaera mugiezinekin eta berritsukeriekin asperturik, Saussure irakurriz, txundituta geratu naiz, zeren giza-sinboloen, klase kutsuen, jukutria ideologikoen azterketa ahalbidetuko lukeen metodo dotore (problema matematikoetan esaten den bezala) bat egon daitekeela antzeman dut…Semiotika -edo seinaletika hau- kritika ideologikoaren egitasmo zabal baten hedapen gisa ikusi nuen”.
Sozialaren zuzeneko semiologiaz arduratu zen R. Barthes, beste batzuek zeinuaren teoria orokarrorari ere dagozkion komunikaziorako modalitateak diren erritoak, zeremoniak edota sorkuntza estetikoak aztertu zituzten bitartean. Animalien komunikazioa (zoosemiotika), makinena (zibernetika) edota zelula bizidunena (bionika) ere ikertu dira.
Semiologia psikiatrikoa: Medikuntza-semiologia zientzia honen adarretako bat da, zaharrena hain zuzen, Saussure beraren aurretikoa. XVIII. mendeaz geroztik “gaitzen ezaugarrietaz aritzen den medikuntzako zatia da” (E. Littré). A. J. André-Bauvais-ek “semeiotika” izenarekin bataiatu zuen (Gaitzen seinaleen tratatua, 1809). Semiologia berezi hau izendatzeko egokiagoa litzakete “semeiologia” edo “semeiotika”.
Semiologia psikiatrikoak gertutik jarraitzen dio orokorragoa den medikuntza-semiologiari. Bere antzera, gaixoak berez aipatzen dituen sintomak, psikiatrak miatu eta bereizi behar dituen zeinuak, sindromeak, sintomen eta ezaugarrien gutxiagoko edo gehiagoko asoziazioak biltzen ditu, klinikoak ezagutzen ikasi duen sailkapen edo nosologia batera bidaltzen dutenak. Zeinu psikiatriko orok, G.Lanteri-Laura-ren esanetan, adierazpen bat (zeinuaren espresio materiala, significante) eta esanahi (eduki semantikoa, significado) edukiko du eta, gainera, erreferente bat ere bai, hau da, aurkitutako guztia kokatzekotan klinikoak erabiliko duen sailkapena. Psikiatriako ezagutza semiologikoaren egituraketa bi mailatan banandu daiteke: lehenengoz, pazientearen adierazpen moten (baita saioaren baldintzena, eskaeraren motena, ingurugiro kulturalarena) multzoari dagozkion zeinuen mugaketa, ahalezko esanahi desberdinetara bidali dezakeena; psikiatra adierazgarria denarekin soilik geratuko da, hots bere ezagutza semilogikoarekin zerikusia daukanarekin. Bigarrengoz, diagnostikoa “seinaleen polisemia mailaka sindromeetara bihurtzen duen erredukzioaren” bitartez egingo da. Diagnostikoa, orduan, etiketa hutsa izatearen arriskuarekin, “gaitzaren esanahiaren adierazle” bihurtzen da.
Gisa honetako arriskua handiagotu egiten dute DSMaren (Diagnostiko eta Estatistika Eskulibua) tankerako eskuliburuen jarraipenean egiten diren erabakirako zuhaitzen erabilerek, aurkikuntza aldez aurretik finkatutako etapetan egiten dutenek. Etapa bakoitzari, diagnostikora ahal den azkarren heltzeko egiten den galdera hautatu bat dagokio. Erantzuna “bai” edo “ez” izan ohi da. Erabakiaren zuhaitzean, une batean, zatikako diagnostikoak (sindromearen diagnostikoa eta ez gaitzarena, adibidez “hipokondria eldarniotsua”) ager daitezke. Diagnostikoarentzat ez dira beharrezkoak baina “mugarri semiologiko” gisa har dezakete parte. Eta, batzuetan, logika dikotomikoa (galdera bati bai edo ez erantzuna eman beharra) erantzun asko eduki ditzaken zuhaitz batekin ordezkatzen da (kasuotan enuntziatu bakoitzari diagnostiko bakar bat soilik dagokio).
Baina, psikiatriari honelako logika erabakitzaileak ezartzerakoan, mesfidatia izan behar da. Zeren, medikuntza orokorrean, erreferentea gaitz somatikoen etiopatogeniari dagokionean, nolabait homogeneoa den bezala, aztoramen mentalekin ez da berdina gertatzen. Gaitzon erreferente nosologikoak eredu gehiegitan eta teoria etiologiko desberdinetan sustatzen dira nolabaiteko homogeneitatea eduki ahal izateko.
Bestalde, daitekeena litzateke psikiatriako ezagutza semiologikoaren eredu anitz hauen analisia euren erreferente heterogeneoen arabera egitea. Mota desberdinak, euren txandan, iharduera eta diskurtso psikiatrikoaren semiologia berri baten osagarri bihurtuko lirateke, psikopatologia orokorra oparo aberastuz.
Sendatze ostekoa:
1-: Ohikoz ospitale batean eskainitako tratamendu intentsibo baten ondorengo denboraldiari deitzen zaio sendatze ostekoa.
2-: Baita ospitaleratzera behartu zuen gaitz mentalari ezartzen zaizkion medikuntza psikologikozko eta giza-medikuntzazko neurrien multzoari ere
Sendatze ostekoa, beraz, ospitaleko irteeraren ondorengo jarraipen terapeutikoa da, aldi berean osasun psikikoaren mantenura eta bergizarteratzera zuzentzen dena, batez ere gaitzak autonomia eza edo eragozpen bat utzi duenean. Horretaz, psikiatriako kontsultategiez gain, bitarteko baliabideak ere ezinbestekoak dira, gaixoari ospitaleko bizitzatik bizitza arrunterako igarobidea erraztuko diotenak hain zuzen.
Sentimenezko eldarnio erreferentziala:
Paranoiko egiturazko eldarnioa da, baina, ohikoz, ez da berezitasun hedakor eta sendoak dauzkaten pertsonalitateetan agertzen, baizik eta, alderantziz, “sentsitibo” (E. Kretschmer) deituriko pertsonalitate ahula, barnerakoia eta lotsatia daukatenetan.
Sektorean egituratutako sentikorren eldarnioa gertuko ingurugirora (familia, lana) zuzentzen da eta, maiz, gainezka eginarazten duen azken tanta bezala, ordurarte itxuraz erreakzionatzeke jasandako zauri nartzisista txikiren baten ondoren agertzen da. Bilakaera batzuetan kronikoa da, baina, maizenik, sendagarria izan ohi da, pazientea bere ingurugirotik aldenduz gero, batez ere. Horrenbestez, Krestchmer-en arabera, pertsonalitate sentikor berezi bati dagokion psikosi erreaktibo bat da. Izaera sentikorrak, 1918an idatzi zuenez, “alde batetik sekulako gozotasuna, ahulezia, leuntasuna, zaurgarritasuna erakusten ditu eta, bestetik, nolabaiteko handinahia, norberarekiko gogoa eta iraunkortasuna”. Aldi berean samurra eta lotsatia da, baina baita “korapilotsu, minbera, ospela” ere. Gehienetan zuhurrera, barnekoitasunera, obsesiozko hausnarketara jotzen du, pertsonalitate anankastikoa eta obsesiboa gogoratuz. Eta, beti Krestchmer-en esanetan, arazo neurotiko honen erdigunean gatazka etiko-sexuzkoak egongo lirateke; joera honek aldez aurretiko eragina dauka harremanei dagokienean, benetako “harreman-neurosia” osatuz. Azkeneko laido edo autoestimuaren erasan baten ondoren, harreman-neurosi honen desoreka eldarniotsua suertatzen da. Bapatean egiten du eztanda. “Gaitzaren erdigunea polarizatutako harreman eldarnioak hartzen du, etsipena eragiten duen ziurtazunik-ez iraingarri baten eta autosalaketa baten artean kokatutako oinarri afektibo ńabartu bat daukalarik”. Desoreka eldarniotsuaren sintomatologiaren osagarri funtsezkoenak, Kretschmer-entzat, honakoak dira:
1-: ideia eta afektuen sistema osoa erigarritzat hartzen den bizipen baten menpean ezartzen da:
2-: pertsonalitate sentikorraren hazpegi nagusien areagotzea eta larriagotzea;
3-: depresibotaz hartu daitekeen “agortze neurastenikoa”.
Guzti horregatik, eldarnio sentikorraren barrenean, umorearen eta eldarnio gaiaren ziurtasunaren txandaketak daude. Bestalde, guzti horrek argitzen du halaber sentikorren eldarnioak obsesio-neurosiaren bilakaerarekin eta psikosi maniako-depresiboarekin eduki dezaken nahasketa.
Gainera, bilakaera ona izan ohi da gehienetan; osaketa hilabete gutxitan lortzen da eta, ingurugirora baldintza egokietan itzuliz gero, iraunkorra da. Gutxitan bideratzen da paranoiazko eldarnio kronikoaren aldera, baina, gertatuz gero, oso larria izaten da, ekimenetara joz, R. Gaupp (Kretschmer-en irakaslea) trataturikoWagner maisuarekin gertatu zen legez, zeinek bere familia osoa eta beste zortzi pertsona erahil zituen.
Serie- hiltzailea:
Gehienetan bakartia eta psikopata den subjektua da, benetako arrazoirik eta asmo gordinik gabe hilketen segida bat burutzen duena, maizenik ezagutzen ez dituen biktimei erasoz.
Serotonina:
1933an aurkitutako neurobitartekaria da, ugaztun ugariren ehunetan dagoena, batez ere nerbio-sistema zentralean, non heterogeneoki banatzen den, beste neurobitartekaria den noradrenalinaren auzotasunean.
Neurona serotoninergikoek urriak izan arren nerbio-ardatzaren osotasunean daukate parte. Euretatik % 75 garunaren enborrean kokatzen dira.
5 HT serotoninak lehenaldi filogenetiko zabala dauka; bakterietan, landareetan, ornogabeetan eta, noski, primitiboenetatik hasi eta, anfibiotatik igaroz, gizakiarenganainoko ornodunetan aurkitzen da.
Neuronen elkartze eginkizunaz gain, serotoninak nerbio-sistema zentralaren neuromodulatzaile eragina dauka, benetako neurohormona lokala bailitzan. Zelula berdinetako beste neurobitartekariekin daukan elkarrekintzak erabat handiagotzen ditu bere ahalmen funtzionalak. Serotonina gehienbat hesteetan, biriketan eta plaketetan aurkitzen da. Amina biogeno indolikoa den serotoninak muga hematoentzefalikoa ezin du zeharkatu eta, hortaz, ezinbestekoa den triptofanotik abiatuz sintetizatzen da garunean. Kasik plaketek soilik garraiatzen dute. Monoamino oxidasak suntsitzen du, azido 5 hidroxi-indol-azetikoa sortuz.
Antidepresiboek serotoninaren berrartzea inhibitzen dute neuronetan. Monoaminen kontzentrazioaren handiagotzea darion eragite honek egoera depresiboen hipotesietara bultzatu ditu zenbait ikerlari, non 5 HTren eragiketa gutxiagotuta egongo litzatekeen. Argudio batzuk ariketa serotoninergikoaren gutxiagotzea bere buruaz beste egiteko joerarekin lotzen dute. Elkarkidetza berdina aipatu da serotonina eta erasokortasunaren eta bulkadaren artean. Baina azken gai honetan, gaur egungo hipotesia serotoninak inhibiziozko portaera fisiologikoetan daukan partehartzera soilik mugatzen da: inhibizioa kenduz gero, ekintza-joera sortu daiteke.
Egunaren itzulinguruko erritmoa dauka serotoninaren sistemak: 13ak aldera gehiengoa, 23-1ak aldera gutxiengoa. Lo-iratzartze txandaketa erritmo honi legokioke. Minaren igorpenean, erregulazio termikoan, eta janguraren doiketa hipotalamikoan ere ba dauka zeregina 5 HTak.
Sexu bortxaketa:
Esparru genitalaren erasoari dagokion tratu txarra da.
Gisa honetako erasoak jasaten dituztenek ezin dute bere burua defendatu, gutxiagotasun fisikoarengatik bortxaketetan gertatzen den lez, edo arrazoi psikikoengatik gurasoek euren semealabetara zuzendutako intzestuzko ekintzetan suertatzen den bezala, edo emakume jipoituen sexu-abusuetan pasatzen den legez. Sadismoan pairatzen diren indarkeria fisikozko edo pedofilikozko atentatu ahalketsuei, batzuetan, zigor penalak dagozkien sexu bortxaketak gehitzen zaizkie.
Sexualitatea:
1-: Bizidunen munduan sexu-fenomenoen edo sexuarekiko loturan behatu daitekeen multzoari deitzen zaio sexualitate. 2-: Sexu-asetze mota desberdinen multzoa.
Gonokorismoa, edo sexu banatzea, ez da hoziaren desberdintze hutsa, soma edo gorputzarena ere bada; espezie bereko gizabanako arra eta gizabanako emea sexu-bereizgarriek desberdintzen dituzte:
1-: Zuzenean gametoen ekoizpenarekin, igorpenarekin eta aldaketarekin lotuta dauden organoek osatzen dute lehen mailako sexu-bereizgarrien multzoa. Gonadak, genital hodiak eta estaltzeko organoak dira. Pubertaroan osatzen dira.
2-: Bigarren mailakoak genital eraketarekin zerikusi desberdineko harremana daukaten bereizgarri somatikoak dira. Pubertaroan soilik garatzen dira eta sexu heldutasunaren ezaugarriak dira (titiak, bizarra eta abar). Batzuek, sexu dimorfismoaren arduradunak, iraunkorrak dira; besteak, araldi garaikoak soilik direnak, iragangorrak.
Simulazioa, planta:
Gehienetan bigarren mailako onurak lortzeko egiten den eduki gabeko aztoramenen argudioa da.
Zauriaren sustapenik gabe inkontzienteki sintomak eraikitzen dituen histeriatik bereizi behar da. Halere, J. M. Charcot-en ustetan, histerikoa simulatzaile bat zen. Pixka bat geroago, Babinski-k, pitiatismoaren nozioa asmatu zuen, histeria sugestioz osa daiteken gaitza bezala erakustearren.
Simulazioa edo planta, luzaroan, presondegietako afera izan da: helburu baliagarriarekin egindako gogozko autoebaketa, objektuen irensketa… Lan istripuetako araudiaren agerpenak eta munduko guden ondoren zabaldu egin ziren gogozko onuren bilaketak: lan etenaldiak, pentsio kobrantzak, kalte-ordainketak, soldadutza ekiditeak, eta abar. Zenbait kasuetan zauriak benetakoak dira, baina nahita eragindakoak izan arren, gaitz bezala aurkezten dira; patomimesiaz hitz egiten da orduan. Simulazioan, ordea, onuraren bilaketa ilunagoa da, subjektuarentzat ekidinezineko bulkadazko ekimena izan daitekeelako.
Simulazioa disimulu tankerakoa ere izan daiteke: adibidez, istripu baten aurretiko aztoramenen ez ezagutze planta egingo da ordainketa bat jasotzearren. Bestalde, simulazioa benetako sintometan oinarritu daiteke, baina bigarren mailako onurak lortzeko helburuarekin: gain-simulazioa izango litzateke. Dena dela, hain korapilatsuak direnez, nekez nabarmen daiteke zer dagokion kontzieteari eta zer inkontzienteari.
Sinapsia:
Bi neuronen alborakuntza estuko esparrua, non baten eragiketak bestearen susperraldia edo inhibizioa dakarren.
Batezbesteko 40.000 sinapsi bereizten dira kortex garunaren zelula bakoitzean eta 100.000 zerebeloko Purkinje-ren zelula bakoitzean.
Neurona nozioa neurona eta giharraren (neuro-gihar batze) edo neurona eta guruinaren (neurona-guruin batze) artikulaziora ere hedatzen da. Ekimena darion sinapsiaurreko neuronaren eta eragiketa jasotzen duen sinapsiatzeko neuronaren artean tarte bat dago. Elementu osagarrien arabera sinapsi axo-somatikoak, axo-dendritikoak eta axo-axonikoak bereizten dira. Artikulazio mota zeinahi izanik, nerbio-zeinuaren igorpena (eragiketako potentziala) polarizatuta dago beti: sinapsiaurreko neuronatik sinapsiatzeko neuronara. Sinapsiak suspergarriak diren osagarrientzako esparruak dira. Ornodunetan bitartekaritza kimikoak ziurtatzen du mezuaren igorpena. Sinapsiaurrekoaren eragintza axoiaren muturrera iristen denean neurobitartekari bat askatzen da. Gaur egun neurobitartekari diren substantzia anitz ezagutzen dira (azetilkolina, adrenalina, noradrenalina, dopamina, serotonina, gaba, neuropeptidoak). Neurobitartekariak sinapsi esparrua igarotzen du eta sinapsiatzeko hartzaile batean finkatzen da. Finkapen honi sinapsiatzeko mintzaren despolarizazioa edo hiperpolarizazioa kokatua eta mailakakoa dario, hurrenez hurren sinapsiatzeko potentzial suspergarriari edo inhibitzaleari dagokiona. Neurona bakoitzak, aldi berean, neurobitartekari ugari askatzeko ahalmena dauka. Bestalde, neuronen arteko bi komunikazio mota daude: batek neurobitartekari “klasikoak” jartzen ditu ihardunean, besteak neuromodulatzaileak eta neurohormonak. Neuromodulatzaileak lanean ipiniz gero, neurobitartekariek ekoiztutako erantzuna zabaldu edota luzatu egingo da. Neurohormonen bereizgarria urrutiko eragiketa da. Bere ekimen motaren arabera substantzia bera neurobitartekaria, neuromodulatzailea edo neurohormona izango da.
Substantzia farmakologiko anitzek, neurobitartekarien alde edo aurka jokatuz, eragina daukate bai zelula barneko oreka ionikoak, bai eragintzaren igorpenean.
Sinistrosia (zorigaitza):
Jasandako kalte baten inguruan egituratzen den eldarnioa da, paranoia motako antolakuntza mentala daukatenetan ezartzen dena.
E. Brissaud-ek deskribatu zuen aurrenekoz, 1908an. Bere ustetan, sendatutako zaurituetan agertzen zen jasandako kalte baten ordainketarako zeukaten fede onezko sinesmena zen. Beraz, eldarniotsua ez den ideia faltsu batean oinarritutako eldarnio “arrazoilaria” zen. Benetako sinistrosia arraroa da, baina trauma-osteko neurosietan maiz ikusten dira sinistrosi jarrerak.
Sintoma:
Fenomeno subjektiboa da eta, psikoanalisiarentzat, ez da soilik gaitz baten ezaugarria, baizik baita gatazka inkontziente baten adierazlea ere.
S. Freud-entzat sintoma hitzak, histerikoari esker, errotik berria zen esanahia hartu zuen, hots konbertsio histerikoko sintoma, orokorki simulaziotzat hartzen dena, desira inkontzientearen pantomima, atzera botatakoaren adierazle bihurtzen da. Traumatikoa izandakoa orotzaipenean gordetzen da, zeren sintoma psikopatologikoa desira bat betetzeko erabiltzen den fantasma inkontzientearen adierazlea baita. Neurri honetan, aspalditik atzera botatako sexu desira baten itzulera da, baina aldi berean konpromisozko eraketa bat ere bada, bertan atzera botatakoa ere adierazten delako.
Freud-en ondorengoek konpromiso hau azpimarratu dute. 1958an Lacan-ek zioenez: “Sintoma desira bat onartzearen zentzuan doa, baina desirak kanporatuta, atzera botata egoten jarraitzen du”. Sinbolikoarekiko eta irudikapenezkoarekiko harreman berezi batean errealitatearekin arduratzen den sintoma, disfuntzionamendu organiko baten seinalea baino zerbait gehiago da: “Errealetik dator, bera da Erreala”. Gehiago zehaztuz, “sintoma sinbolikoak Errealean daukan eragina” dela esaten du. 1975ean, jendeak daukan Errealena sintoma dela, gehitzen zuen. Irudikapenezkoarekin zeregin handirik ez daukanez, sintoma ez da esanahiari dagokion egia bat. “Gizatiar errealitatearen izaera propioa baldin bada” sendatzea ez da sekula subjektuaren egiturazko eragina den sintoma ezabatzea izango.
Sinzinesia:
Gogoz egindako ekimen bati laguntzen dion nahigabeko mugimendua da, beharrik gabe eta inkontzienteki egiten dena.
Sarriak izan ohi dira haurretan: umeek adibidez, ahaleginean daudenean, mingaina ateratzen dute. Sinzinesia mota desberdinak daude. Irradiazio motorea, simetrikoki, aurkako alboko gorputzadarrean ikustatzen denean, ispilu-mugimenduetaz hitz egiten da; kide-mugimenduetaz beste nonbaiten begiztatzen denean. Esate baterako, ume bati orpo gainean edo behatz puntetan ibiltzeko eskatuz gero, eskuetako kide-mugimenduekin laguntzen da. Urteak aurrera joan ahala sinzinesiak gutxiagotu egiten dira. Hiperaktiboetan eta ikasketa arazoak dauzkatenetan gehiago eta sarriago ikusten direnez, heltze mailaren erakusle gisa har daitezke sinzinesiak.
Sismoterapia:
Elektroshock-ean oinarritzen den zenbait aztoramen mentalen tratamendu bat da (ikusi elektroshock)
Sistemen teoria orokorra, Sistemikoa:
Elementu sinpleago anitzen osaketaren bitartez objektu baten azaleratze ezaugarrien (= sistema) agerpenaren kontu emateari deitzen zaio horrela. L. Von Bertalanffy-k proposatu zuen aurrenekoz.
Osaketa prozesuen ikerketek “guztia zatien gehiketa baino zerbait gehiago dela” argitu dute. Intuizio hau autore ugarik bereganatu dute, baina erantsi dizkioten zehaztasunen halabeharrez, gehienak Bertalanffy-tik urrundu egin dira.
Lehendabiziko jarraitzaileak bi problemataz aritu ziren, aldi berean: alde batetik, osatze maila bakoitzari zegokion ezaugarri berezien azaleratzeaz, eta eraginkortasun zirkular batez loturiko osagarrien elkarrekintzaz bestetik. Geroagoko hausnarketei bien disoziazioa darie.
Azaleratzearen galdeketak integron hitza asmatzera bideratu zuen F. Jacob, bizidun munduaren antolaketa hierarkikoaren maila zehatz batean kokatzen den objektu material bat izendatzeko. Integron bakoitza propioa duen kausal-sistema bati dagokio, eta, hori, baita beheragoko integron bati dagokion prozesu eratzailearekin erabateko hausturan ez dagoenean ere, noski. Kontzeptu honen helburua hau da: dualismora jo gabe determinatzaile diren maila desberdinen autonomia erlatiboa adieraztea. Honek esan nahi du, nahiz eta beheragoko integronen portaeren ezagutzan abiatuz, ezin daitekeela integron baten portaera aurrikusi.
P. Delattre-k, alderantziz, eraginkortasun zirkularrak loturiko elementuen elkarrekintzazko prozesuan oinarrituz, sistemaren kontzeptua berraztertu zuen. Eraginkortasun linealeko prozesu bat iragar erraza suertatzen da eta eragile eta eraginen arteko nolabaiteko proportzionaltasuna dagokio; aitzitik, sistema zirkularra (non ak b eragiten duen, bk d eta dk a) nekezago iragarri daiteke, are gutxiago kiribil kausalak biderkatu eta elkarrekin nahasten direnean. Horrenbestez, portaeraren determinaziorako, sisteman sartzen diren indarrak baino erabakigarriagoa izango da elementuen elkarrekikotasun era (sistemaren egituraketa).
Sistema, Delattre-rentzat, objektu formala da eta aldi berean sistemaren antolakuntzara eta ingurugiroarekiko elkarrekintzetara zuzentzen den deskribapen parametriko batekin aztertu daiteke. Sistemaren azterketak, aldez aurretik onartutako eredu argigarri baten barruan eta bere indarren, osagaien eta elkarrekintzen deskribapenean oinarrituz, bere aurrikuspena eta bilakaera ahalbidetu behar du.
Gisa honetako deskribapenak, Sistemen teoria orokor berri batean, aintzakotzat hartzen den sistemaren funtzionatzeko era desberdinak erakutsi ditzake: erregulazio egonkortzailea, bizkortzea, gora-beherak…Analisiak, osagaien eta elkarrekintzen barruan, iharduera desberdin hauek arautzen dituzten baldintzen aurkikuntza ahalbidetu beharko du.
Berriago den automaten sareen paradigmak elkarlotutako automatak osaturiko sistema begiztatzen du. Neurozientzietan inspiratutako dagokion formalismoaren koadro barruan, Delattre-ren teoriatik gertu dagoen logika erabiltzen du konfigurazioen eta berezitasun funtzionalen argiketarako.
Sofrologia:
Kontzientziaren harmonia ziurtatzera zuzentzen den doktrina da, ekialdeko filosofietan eta erlaxazio dinamikoan sustatutako erlaxazio sinplearen tekniketan oinarritzen dena.
A.Caycedo neuropsikiatra espaniarrak sarrarazi zuen hitza 1960 inguruan. Deiturak, alde batetik kontzientzia eta beraren aldakuntzen azterketa adierazten du eta, bestetik, kontzientziari eta bere aldakuntzei helburu pedagogiko, profilaktiko eta terapeutikoan zuzendutako ahaleginak izendatzen ditu. Horregatik dauzka sofrologiak hiru zati desberdin: ikasketa batzuk errazten dituen sofropedagogia (azterketarako, erditzeko, kirol lehiaketetako prestakuntza); pertsonalitatearen hedaketarako eta egoera patologikoen prebentziorako teknika den sofroprofilaxia; eta helburu terapeutikoekin soilik erabiliko duten terapeuta, sendagile, emagin, kinesiterapeuta, erizain eta psikologoetara mugatzen den sofroterapia.
Teknikaren arloan ere bi maila daude. Aurrenekoak, “oinarrizko” deiturikoak, hipnosian, erlaxazio sinplean eta pasiboan dauka jatorria eta entrenamendu autogenoaren gertukoa da (ikusi entrenamendu autogeno). Bigarrena, jatorri hinduko erlaxazio dinamikoan sustatutakoa da sofrologiari dagokiona espezifikoki. Eta, bertan, hiru maila bereizi daitezke. Jatorri hindukoa den aurrenekoan, eragin fisiologikoa darien zutik eginiko ariketa batzuen ondoren, subjektua etzan agiten da, erlaxazio egoeran ezarriz; ariketa honetan zehar, pazienteak, bere larritasun guztiak berbizitzen eta adierazten ditu, hil-larritasuna bereziki; portaera terapietan gertatzen den legez, errepikapenak larritasunaren intentsitatea gutxiarazten du; aldi berean, objektu soil batean zentratuz, ardurenganako hustuketa ikasten da. Bigarren mailako erlaxazioan Caycedo-k berak asmatutako eragiketa fisikoak Tibet inguruko hausnartze gaiekin lotzen dira; zutik lehendabizi, eserita gero, subjektua bere gorputz-eskemaz ohartzen joanen da, batez ere zatikatzearen larrialdiari aurre eginez; ondorengo arnas ariketek benetako plazer egoerara bideratzen duten gorputz funtzionamenduaren nolabaiteko harmoniaren berreskuratzea erraztuko diote. Azkenik, “zen” inspirazioko hirugarren mailan, “erotasun otzanduaren” edo “eldarnio kontrolatuaren” ikasketa egingo litzateke; subjektu ahulei eskainiz edo ezgaien gidaritzapean burutuz gero, benetako desoreka psikotikoak lekarzke. Horregatik, paziente anitz arindu eta anestesiaren prestaketan, anestesia ondorengo susperketetan, ebaketen jarraipenetan laguntza oparoa eskaini ditzaken sofrologia, ondo hezitako profesionalek soilik erabili behar dute.
Somatognosia:
Norberaren gorputzaren eta zatien arteko harremanetarako eduki ohi den ezagutza da.
Somatizazioa:
Estres edo trauma psikiko baten aurrean erantzuna oinaze somatiko baten bitartez adierazteko eduki ohi den joera da.
Nozioari anbiguotasuna dario eta, aldi berean, konbertsio histerikotik eta orokorki mekanismo neuroendokrinoen baliabideez agertzen diren gorputz erasan psikosomatioetatik bereizi behar da.
Somatizazioa, maizenik, depresiozko eta larritasunezko aztoramen handiekin elkartzen da eta DSM-ko (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) “aztoramen somatoformeen” mamia osatzen du. Egoera depresiboak, sarritan, “depresio mozorrotuaren” itxura hartzen du eta pazientearen arrangura somatikoen atzean eskuta daiteke.
Beharrezkoa da eskaeraren benetako izaera ikustatzea. Bakoitzari erantzun egokitua dagokio. Alderdi somatikoaren eta alderdi psikikoaren bat izateak bi hazpegien kontu hartzera behartzen du.
Sonanbulismoa:
Hautzaroan sarri samar ikusten den aztoramena da eta loaren iraupeneko bitartean agertzen den konplexutasun eta egokitzapen handiagoko edo txikiagoko motore portaera automatikoan datza.
Parasomnia psikomotore bat da eta, bere iraupenean, iratzartzeke, subjektua jeikiz, ibili egiten da eta eguneroko ekimen sinple batzuk burutzen ditu estereotipikoki, geroago berriro oheratuz, esnaldirako oroimenik gorde gabe. Antzina “sonanbulismo epileptikoaz” hitz egiten zen, baina H. Gastaut-k ondo argitu du “sonanbulismoa ez dela inoiz epileptikoa”. Automatismo anbulatorioak bereiziko lukeen krisi epileptikoa oso arraroa litzateke eta, gertatuz gero, “loaldiko automatismo epileptiko anbulatorioa” izango litzateke (H. Gastaut).
Sonanbulismo hitzak hipnotismoaren historian ere eduki du bere zerikusia. 1784ean, Puysegur-eko markesak (A.M.J. de Chastenet) F. A. Mesmer-ek magnetismo animaliaz sortarazten zuen trantzea “eragindako sonanbulismo” bezala deskribatu zuen analogikoki. Egiaz, antzinatik deskribatutako benetako sonanbulismoarekin zerikusirik gabeko sujestioz induzitutato lo egoera zen. Horregatik ordezkatu zen, egokiro, hipnosi hitzarekin (J. Braid).
Sorginkeria:
Asmo gaiztoko magiazko iharduera da, baliabide eta erritu kodifikatuen bitartez gizabanakoen elkarrekintzetan mekanismo batzuk ezartzen dituena eta lege naturaletatik at edo aurka burutzen dena.
Magia eta sorginkeriaren arteko definizioak eta harremanak aldakorrak dira autoreen arabera. Maizenik, sorginkeria, magiaren adarretako baten gisa aurkeztua izan da, orduan “magia beltza” osatuko luke, onuragarria den magia txuritik (edo gorritik= odola darion) bereiziz. Erlijioarekin elkartzen den magia teurgia edo taumaturgia da; gaizkiaren indarretara jotzen duena, berriz, goetia da. Magiak, eta geroagoko okultismoak, zientzia sekretutzat, esoterikotzat daukate bere burua, gutxi batzuen esku soilik dagoena, izenak eta zenbakiak erabiliz hizkuntza bereziaren aurkikuntzara zuzendua, bere arautegien eta ez giza-legeen arabera jokatzen duenez zilegia ez dena, eta iniziazioko bidaia baten bitartez bakarrik lortzen dena. Sakratuaren ikasketa eta jakinduria bati dagokio magia. Alderantzizkoa gertatzen da, mendebaldeko kulturan, sorginkeriarekin; magiaren era merke eta zakarra da, emakumezkoena gehienetan. Misterioekiko jakinduriari dagokion boterea txokeko ekimenekin, gorrotoarekin eta suntsiketarako gogoarekin aurkakotzen du.
Sorginkeriaren prozesuen garaia: Sorginkeriaren epidemiak Europako herri asko errautsi zituen XVI-XVII mendean, neurtezinezko hilen kopurua utziz (hamar milaka batzuk).
Zorigaitzaren eragile anitzak oso eztabaidatuak izan dira. Kontutan hartu beharreko parametroak izurriteari eta goseteari loturiko miseria, Eliza bere dogma eta usadioetan zalantzan ipintzen zuten heresien geroz eta pisu handiagokoa (gehienbat kataroak, baldiarrak eta albikoak) eta erabat oinazegarria zen Eliza eta Estatuaren banaketa dira. Paraleloki, era isilago baina sakonagoan, Aristotele eta Averroes-en idatzien etorrerak suposatu zuten astinaldi intelektuala ere ikustatu behar da. Eta XIII. mendetik aurrera garatu zen benetako teologia ere bai, non arauak eta euren urratzeak definitzen ziren, erruduntasun masiboarekin Jainkoaren eta Deabruaren ahalmenak mugarritzen ziren naturaren legeak maneiatzearren, guzti horrekin bekatariaren (chivo expiatorio) beharra sortuz eta indartuz. Hamar akusatuetatik 7-9 emakumezkoak ziren, gehienetan adintsuak, bakartuak eta landatarrak. 1487an pentsakizunaren sistema teoriko baten eta errepresio penalaren oinarriak ezarri ziren J. Sprenger eta H. Institoris domingotarrek idatzitako Malleus maleficarumean (“Sorginen mailua”).
Ordurarte Eliza erreserban zegoen, nahiz eta abisu batzuk jaurtikiak zituen (Angira-ko kontzilioan, 578an: “sorginak eskumikatu egingo dira”; Paris-ekoan, 829an: “aztiari ez diozu bizia barkatuko”). Eleizak sorginkeriarekiko sinesmenak elezahar gisa hartzen zituen: “Badaude emakume gaiztoak, Satanengana itzuliz, gauetan animaliak zamalkatzen dituzten sinesmenean…, Diana-ren agindupean herrialde ugari zeharkatzen dituzten ustetan daudenak; jendetza kontaezinak sinesten ditu gauza guzti horiek eta, jentilen akatsetara itzuliz, benetako Jainkotik aparte beste indar jainkotiarra ere onartzen duena” (900 inguruko “ ”). 1484an, ordea, Inozenzio VIII.aren bularekin aldatuta zeuden gauzak: indar horrek izena zeukan, Deabrua, eta sorgina zen bere eskua. Mataza korapilotsu bat osatu zen jainko paganoak, deabru desberdinak eta errito kezkagarriak nahasiz, hil behar zituen doktrina bat egituratzearren. Itxuragabeko errepresioa sortu zen eta, 1233a geroztik, Inkisizioa heresiazko krimenez betetzen joan zen. Inkisizioa, Espainian ezik, hilkorrago zen prozedura zibil batek ordezkatu zuen. Suen apogeoa 1560-1720 kokatzen da. Biktimen amankomuneko ezaugarria, maizenik, normaltasunarekiko desbideratze arin bat izan ohi zen (anomalia fisikoa, marjinalitatea); “galdeketa arrunta eta ohizkanpokoa” jasan behar izaten zuten eta tormentuen deskribapen garbiak eta hotzak epaileen helburua ederki argitzen du: aitormena zen prozeduraren mamia, berak soilik erabakitzen eta gaitzesten zuelarik
Gertatutakoaren irakurketa zuzenak sorginekiko biztanlego arruntak eta intelektual klaseak zeukaten portaeraren desberdintasun nabarmena erakusten du: alde batetik zorteak, aztikeriak, onurenganako beldurra zeuden; bestaldetik, proiekzio azpi-teologikoaren sistema bat. “Erdiaroko magiaren kontzeptua ez da agertzen pentsakizun herritarraren jario bat bezala, baizik eta teologoek eta juristek burututako eta herriari inposatutako ideien adierazpenaren gisa” (E. Delcambre). Erdi Aroko sorginkeria erlijioaren historiari dagokio, ez magiaren historiari. Egia da sorginaren bizkar gainera mota guztietako kalteak botatzen zirela (sortze eta ugalketarako oztopoak, ablazioa, zakilaren konfiskazioa eta abar), baina euren oker nagusiena Jainkoaren ukapena zen. Aldi berean, halere, sorginen, metamorfosien, deabruzko ilusioen ugaritasuna, ideia finkatuen, mugiezinen eta ulergarrien bilaketaren lekukoa da eta, horretaz, aztoramen guztien eragilearen (Deabruaren) deusezta beharrarena. Bada, paradoxikoki, teologiak zientziarekin daukan lotura nabaritzen da.
Prozesuen garaia eta psikiatria: Bien elkarrekikotasuna garai berdineko deabrutze krisien ikerketen bitartez agertzen da. J. Wier, De prestigiis daemonun-en autorea (1579), aurkeztu da sarritan psikiatria modernoaren aita gisa. Bere tesian pozoitzaileak eta sorginak banandu egiten zituen eta, sorginak Deabruarekin zerikusirik gabeko gaixo malenkoniatsu bezala begiesten zituen. J. Bodin-ek aurka egin zion, bere iritzian ezin zirelako naturaz gaindiko gauzak lege naturaleen arabera epaitu eta jakinaren gainekoa zelako Deabruak malenkonia erabiltzen zuela bere ekimenetarako.
Erlijio esparru honetaz mantendutako medikuntza eta alderatze juridikoa oparoa suertatu zen. Psikoanalisten hitzetan esan daiteke gorputz libidinalak ez duela gorputz fisikoa estaltzen. Malenkonia, izenez eta itxuraz aldatuz, eztabaidagarria den metamorfosi baten bitartez, histeria bihurtuko da.
Esparru psikologikoa: Sorginkeria hitza “zorte botatzailearenarekin” lotuta dago, naturaz gaindiko indarren deialdiaren bitartekaritzarekin gogoz jarduten duenarekin hain zuzen. Magoak “indar sinbolikoen erakartze teknikak” erabiltzen dituen bitartean, sorgina giza edota erlijioaren analogoa den razionalitate ororen aurkako borrokan ezartzen da. Teknikak, imintziozkoak izan edo kutsatzezkoak izan, hitza gauzaren ordez, zatia osotasunaren ordez hartzen dute eta, paradoxikoki maneiatutako irudiek, hitzek, objektuek balio indartsuago hartzen dute, bitartekaritza ekidinez, ulertezinaren sugestio orokorra sortzearren.
Speed ball:
Toxikomanoek, ohikoz, bena barnetik hartzen duten suspertzaileen eta estupefazienteen nahasketa da.
Su-emailea:
Sutea nahita pizten duen edozein pertsona da. Su-emailearen erretratu tipikoa honelakoa izan ohi da: “30 urte inguruko gizon ezkongabea, familia gatazkatsuko partaidea, zurrutaria, sua pizteko zergatirik gabekoa, ekimena mozkorturik ez dagoenean burutzen duena”. Era patologikoari piromania deitzen zaio. (Ikusi piromania).
Sugestionagarritasuna:
Izpirituaren ahuleziagatik (ahulezi mentala, dementzia, atzerapen afektiboa eta abar), sineskortasunagatik edo gehiegizko hunkiberatasunagatik sugestioen menpean ezartzeko antolaera da.
Histerian eta taldeko zirrara egoeretan naroa den sugestionagarritasunak hipnotizatzaile edo aitzindari baten eragina pasiboki jasatera bideratzen du, hipnosi egoeran erortzerainokoa. Gisa honetako antolamenduak errazten du, bestalde, konponbide ahalguztidun gisako plazeboaren erabilera. Aztoramen funtzionalak direla eta, gaixoen herenak jasotzen du, iragankorrean bederen, plazeboaren arindura.
Suizidiologia:
Aldi berean medikuntzari, psikopatologiari eta soziologiari dagokion disziplina da, bere buruaz beste egiteko portaerak eta euren eragileak aztertzen dituena, hobekiago prebenitzearren.
Amerikako Estatu Batuetan jaiotako disziplina honek hiru norabide dauzka: azterketa epidemiologikoa, portaera suizidiarioen deskribapen semiologikoa eta hobeto aurregitea erraztuko duten kriterio biologiko, kliniko, psikologikoen ikerketa. Horregatik egituratu zuen Beck-ek, 1974ean, “bere buruaz beste egiteko egitasmoen eskala” (Suicidal Intent Scale). Ondorengo lan anitzek ere saioaren larritasuna, prestaketaren zabaltasuna, keinuaren aldez aurretiko pentsatzea eta errepikapenaren arriskua ikertu dituzte.
Suizidioa:
Norbere buruari hilketa eragiteko ekimena da.
Suizidioa iritzi moralen, sozialen, erlijiosoen, filosofikoen edo pertsonalen arabera burututako arrazoizko ekintza edo, alderantziz, erasan mental desberdinei (depresioa, eldarnio kronikoa, dementzia, nahaste egoera…) loturiko ekimen patologikoa, ala, baita ere, malenkoniatsuen eta eldarniotsuen aldez aurretik prestatutako suizidiotik oso desberdina den krisi existentzial bateko larrialdi autoerasokor baten barruan egindakoa izan daiteke.
Ekintza honek hiru betekizun desberdin eduki ditzake. Edo egoera onartezin eta mingarriegia dena ekiditearren eginiko ihesarena (minbizia jasaten duten batzuek burutzen dutena, adibidez); edo bere buruaren aurka itzulitako erasokortasunari dagokion benetako jokaera autoerasokorrarena (depresio malenkoniatsuan gertatzen den legez); ala sorospen dei bat da, arduragabeko eta hotzegitzat hartzen den ingurugiroari zuzendutako mezu atsekabearena. Azken kasu honetan, zalantzarik gabe maizkoena, saialdi hutsa soilik izan ohi da, oso ikusgarria, baina funtsean, sorospen eskaeraren mezua dena. Laguntza ez bada garaiz iristen saiakera burutu egin daiteke.
Europan, Finlandia da suizidioen kopurua handiena ematen duena, 100.000 gizonezkoetatik 48koa eta 100.000 emakumezkoetatik 11koa. Ez dirudi korrelazio estatistikoek harreman baikorrik daukatenik gizonezkoei dagokienean (langabeziaren bilakaerak ez dauka iragarpen baliorik). Bai, alderantziz, emakumezkoetan, batez ere langabeziaren kopuruari dagokionean. Bakardadea da faktore eragingarriena. Ohikoz errefusaren sentimena gehitzen zaio, emakumezkoetan bereziki. Azken finean, É. Durkheim-ek 1897an ateratako konklusioak baieztatzen dira, hau da bere buruaz beste egiteko ekintzak familiako loturen lasaikeriaren eta giza-isolamenduaren arabera gehitzen direla.
Suizidio ekimenak bizitzako bi muturretan gertatzen dira maizenik. Nerabeen eta heldu gazteen artean munta kezkagarriak hartu ditu azken urteotan. Sarri, porrotaren, gizarteratzearen ezinean, lanbidean osatzeko oztopoen aurrean jotzen du gazteak ekimen suizidarioetara: “suizidioa ekintza bat da, bestelako ekintzak ezin burutu izan dituztenen ekintza” (Drieu La Rochelle). Etsipenezko portaera hau sarritan gertatzen da menpekotasun egoeretan, azkeneko gaindosiak mailakako suizidioari bukaera ematen diolarik. Nerabeetan, sendiarekiko banatzeak, aurreneko haustura sentimentalak dira ekimen suizidaren arduradunak.
Zahartzaroan ere oso maiz egiten da bere buruaz beste, ehun suizidetatik 30 dira 60 urtetik gorakoak. Batzuek agiriko patologia psikatrikoari (erasan dementziala, zahartzaroko edo zahartzaro aurreko malenkonia) badagokio ere, gehientsuenak krisi existentzial baten ondorioak izan ohi dira, gainditutako defentsen egoera neurotikoa, potentzial intelektual eta organikoa gainezkatzen duen gertakizun tamalgarriak sorturiko depresio erreaktiboa edota giza-bizitzaren baldintza akastunak adieraziz. Orokorrean egoera latz, mingarri eta alderagaitz batekiko askatze ekimenaren esanahia dauka.
Taldeko suizidioak ere nolabaiteko maiztasuna dauka. Japonian sarriak dira oraindik, Romeo eta Julietaren gisa, elkarrekin bere buruaz beste egiten dutenak. Ama malenkoniatsuek, bere eldarnioan haurra etsitako egoeratik libratzekotan, bere buruaren hilketan herrestatu nahian, aldez aurretik ume-hilketa burutzen dute. Badaude halaber hitzarmen baten bitartez, elkarrekin batera hiltzera engaiatzen diren bikoteak; batzuetan, bietako batek jasanezinezko minak pairatzen ditu eta, besteak, ez dauka indarrik ez martirioa ikustatzeko, ez bizirauteko; maiz biek daukate heriotz asmoa eta, gehienetan, erabakia amankomunean hartzen dute, beste inork ez du egitasmoa ezagutzen, eta atsedenez, setakeriaz burutzen dute gutxitan kale egiten duen ekimena; adineko bikoteen kasua izan ohi da, 1983ean Arthur Koestler eta bere emazteak egin zuten legez. Azkenik, talde handietako suizidioak ere aipatu beharrekoak dira, bat edo bi aitzindarien kutsadurak trantze edo orokorreko hipnosi tankerako egoera pizten du: Guyana-n 1978an sekta batekin gertaturiko talde-suizidioa berriki errepikatu da behin baino gehiagotan azken urteotan.
Bere buruaz beste egiteko ekimenaren teoria patologikoaren arloan betiko bi hipotesi handietan gaude. Gorago aipatu den É. Durkkheim-en anomiarena eta, azken finean homizidio mota bat izango litzatekeenarena, Freud-erena hain zuzen: “Ziurraski, idatzi zuen, inor ez da gai beharko litzatekeen indar psikikoa aurkitzeko bere burua hiltzekotan, aurretik berarekin identifikatzen den beste bat hiltzen ez bada hasten”. Bariazioen artean K. Menninger-ena aipatu daiteke, zeinen ustetan, bere buruaz beste egitean hiltzeko desira, ekimen hiltzailea burutzeko gogoa eta erahila izatearen nahia adierazten diren. Iritziotako ezein ez da gai suizidioaren egia osoaren kontu emateko. Durkheim-en teoria alargunen eta bananduen suizidioaren kopuru handiagoa argitzeko gai den arren, ez du azaltzen zergatik batzuek burutzen duten eta beste batzuek ez. Suizidioen tasa handiena eragile desberdinen bilkuraren ondorioa izan daiteke. Onartu beharrekoa da suizidioaren fenomenoa, maizenik, giza-eragileen eta eragile pertsonalen elkarrekintzaren erreflexua dela (J. Cohen). Faktore hauen ezagutzari soilik dario benetako prebentzioa, maiztasuna gutxiagotzeko beharrezko baliabideak hartzera bultzatuko duena. Prebentzioa Postbentzioarekin osatu beharko da, hau da porrot egindako saiakera baten errepikapenaren prebentzioa, zeren “suizida errepikakorrak” geroz eta sarriagoak dira, emakumezkoetan batez ere (F. Davidson). Hauei zuzendu behar zaizkie, gehienbat, laguntza eta entzutea. Ohiko hitz onek eta jarduera konformistek eta azalekoek ez dute ezertarako balio: agian etsitakoaren bakartasuna indartzen dute. Disuasiorako aholkuak antzuak dira gehienetan. Gaitzespenek ez daukate lekurik, gaitzeslearen egonezina soilik adierazten dutelako. Azken finean, entzun baino gehiago hitz egiten dutenek huts egin ohi dute. “Zeren pertsona batek bere buruaz beste egitea etsipenaren eta amorruaren dialektikan txertatzen da: guztien gainetik, garrantzitsuena historia pertsonal, berebiziko, bakar hori entzuten ikastea da”.
Suminkortasuna:
Maizenik egoera afektibo atsekabetsuarekin agertzen den kanpoko estimuluenganako gehiegizko sentikortasuna da.
Suminkortasunari, estimuluak etsaikor gisa hautematen direnez, portaera erreaktiboak darizkio, oldartsuki ingurugiroaren aurka edo bere buruaren (autozigortze) aurka zuzenduak.
Suminkortasuna manietan aurkitzen da batzuetan, baina sarriagoa da depresio kroniko edota mozorrotuetan. Depresioen ezaugarri bakarra izan daitekeenez, ondo antzematen ikasi behar da.
Szondi-ren testa:
L. Szondi-k 1947an egituratu zuen test proiektiboa da. Subjektuak, ahalmen oroitarazlean oinarrituz, XIX. mendeko psikiatriako eskuliburuetan aurkitutako zortzi argazkiko sei aurpegi sailen artean, hautaketa bat egin behar du.
Aurpegiak desbideratuenak, hiltzaileenak eta abar dira. Subjektuak, aurpegien sail bakoitzean, atseginena eta desatseginena suertatzen zaizkion bi aukeratu behar ditu. Szondi-ren hipotesiaren arabera, hautaketek subjektuaren joerak erakusten dituzte, bere norabideak adieraziz. Hipotesia honakoa da: aukeratuak izan ez diren argazkiak asetutako joerei dagozkie eta, positiboki hautatutakoak, berriz, burutu daitezkeenei. Negatiboki aukeratutakoek, bere aldetik, atzera botatako irrika edo bulkada aurkariaren indarra erakusten dute.
Testa, beraz, gure hautaketa pertsonalen, gure lagunen, gure arduren, eta abarren kontzepzio orokor batean oinarritzen da; hautaketak benetakoak izan arren inkontzienteak dira. Testak kritika gogorrak jaso ditu, psikoanalisiaren aldetik batez ere; beste esparru psikiatrikoetan oraindik jarraitzaile ugari dauzka.
|
T |
Tabakismoa:
Takakoaren erabilerak sortarazitako toxikapen akutua edo kronikoa da.
Tabakoa edo tabacum nicotiana jatorri amerikarreko hosto luzeko landare solanazeo garai bat da.
Historia: tabakoa eta bere hosto lehortuak eta biribilduak erretzeko ohitura aurreneko “conquistadores”en aurkikuntza izan zen. Ertamerika eta Iparramerikako indioek tabakoaren erabilera ekimen erlijiosoekin lotzen zuten: gaur egun, oraindik, zenbait tributako txamanek botere garaiekin harremanetan jartzeko bitartekari gisa erabiltzen dute. Kea, batzuetan, zeru eta lurraren arteko zubi, mundu profano eta sakratuaren arteko lotura bihurtzen da. Europan tabakoak bere osatze dohainengatik jasotzen zuen estimua (infusioetan erabiltzen zen). XVI. mendearen erdialdetik girotu zen tabakoa Europan, eta gaur eguneraino handiagotzen joan da bere olgeta-erabilera: “Jende arruntaren pasioa da, tabakorik gabe bizi denak ez du bizitzea merezi” (Moličre).
Mendeetan zehar tabakoaren hartze motak aldatu egin dira: antzina sudur-hauts gisa hartzen zen gehienbat, baina XIX. mendetik aurrera erre egiten da, lehenengo puru bezala eta geroago zigarro gisa.
Tabakoaren eraginak: Tabakoak organismoan sortarazten dituen eraginak, funtsean, XIX. mendearen hasieran isolatutako alkaloide psikosuspergarria den nikotinari dagozkio. Berezko egoera gardenean substantzia guztiz toxikoa da, hamarkako mg batzuek soilik hilgarriak suerta daitezkeelarik (zigarro bakarretik mg bat eskas ateratzen da). Bihotzaren taupaden eta arnasketaren azkartzeak adierazten dute tabakoaren eragina ( erretzaile berrietan, batzuetan, okadak eta beherakoak). Psikikoki nolabaiteko asaldura agertzen da eta, batzuetan, baretze eta atseden sentimendua.
Eragin guzti hauei tolerantzia darie (ondorio berdina lortzeko geroz eta gehiago erre beharra) eta usadiozko erabilerak menpekotasun psikologiko sendoa dakar, utziz gero, kentze-sindrome latza eragiten duena.
Tabakoa, giza-izurritea: tabakoaren eraginak eta sortzen duen menpekotasunaren mekanismoaren ikerketak bigarren mailan geratzen dira, erabileraren ondorio ekonomikoekin eta osasun publikoan sortarazten dituen aztoramenekin alderatzen direnean.. Kafearekin gertatzen den legez, tabakoak ere ez dauka elikatze baliorik, baina bere inguruan pairatzen diren nazioarteko elkar-trukeak eta nazioen barne ekonomiako eraginak oso garrantzitsuak dira: ekoizpen eta banatze ihardunean milaka eta milaka lanpostu daude jokoan; dagozkion zerga fiskalek estatu baten aurrekontuaren portzentaia garrantzitsua osatzen dute (% 2-3 artekoa estatu askotan).
Baina osasun publikoaren ikuspegitik, giza-izurritea da sortarazten dituen gaitzengatik:
Gaitz kardio-baskularrak: hipertentsioa, arteritisa, garuneko istripu baskularrak eta, batez ere, aztoramen koronarioak (bularreko angina, miokardio-infartua); elkarrekintza hauek zuzeneko lotura daukate nikotinarekin eta keari darion karbono-oxidoarekin.
Arnas aparatuaren gaitzak: tabakoaren galipotezko osagarriekin lotura zuzena daukaten bronkitis kronikoa, enfisema eta, batez ere, tabakismo kronikoaren ondorioak diren arnasbideetako minbiziak.
Izurrite honen aurkako borrokak, zenbait herritan, gurutzada itxura hartzen du, erabilera drakonikoki mugatuz, besteen tabakismoak errugabeetan sortarazten dituen aztoramenak azpimarratuz: ke-arnasketak eraginiko tabakismo “pasiboa”ren ondorioak, emakume erretzaile haurdunak fetuan sor daitezken kalteak (goiztiartasuna, hipotrofia).
Tabakoarekiko menpekotasuna: Tabako menpekotasunaren hazpegi psikologikoak oso garrantzitsuak izan arren ez dira merezi duten neurrian ikertu. Menpekotasunaren zenbait osagarrik farmakomenpekotasun gisa ikustera bideratzen dute, nikotinarekiko menpekotasun bezala hain zuzen. Lehendabizi, uzteari kentze-sindromea dario: suminkortasuna, kontzentraziorako zailtasuna, larritasuna, logura, loezina, burukominak eta pisu irabaztea. Beraz, menpekotasunak, kentze-sindromeak eta produktuaren eskuratze aktiboak tabakismoa “toxikomania” bezala begiztatzera derrigortu beharko luke. Baina kontutan hartzekoa da, benetako toxikomanoekin alderatuz, tabakismoak jotakoa ez dela produktua lortzeko soilik bizi eta ohitura horrek bere psikismoan eta giza-harremanetan sortzen dituen ondorioak ez direla hain “dramatikoak”.
Tabakismoa bizitza pertsonalean: zer suposatzen du tabakismoak subjektu baten psikismoaren ekonomian edo zer zentzu dauka zigarroak gizabanakoaren egunerokotasunean? Freud-en tabakismoa eta heriotza eragin zion ahoko minbizia galderen iturri oparoa izan dira psikoanalistentzat. Freud-ek berak, bere lan zientifikoan, apenas ikutu zuen arren.
Maiz, nerabezaroan gertatzen den tabakismoaren sarrerak, erronkaren itxura hartu ohi du, haustearena, iniziazioko probarena: erretzea baieztatzeko, helduekin edo heroiarekin identifikatzeko era bat da. Eguneroko bizitzako imintzio bat, defentsa txikiagoko bat edo giza-harremanerako ezaugarri bat bihurtu aurretik, erretzea objektu miresgarriaren, debekatuaren nolabaiteko jabetzea da, eta horrenbestez, helduen legediarekiko erronka. Talde berdinekoen presioa garrantzitsua bada, helduen jarrera handiagoa itxurarik gabe: eurak -tabakozaleak badira- portaera berdina induzitu dezakete, identifikatze eredu gisa. Baina zeharka ere bultzatu dezakete ohiturara, erretze debekuaren bitartez. D. Braunschweig eta M. Fain-ek diotenez, umeari berez gogozko ez duen zerbait debekatzen zaionean, urratze bide bat erakusten zaio (sexu eta indarkeria tabuen baino gatazka gutxiagokoa). Tabakismoa, orduan, “behar berri” bat bihurtu daiteke, debeku sakonagoetan zirkuitulaburra sartzeko balio dezakeena, horrela zikiratze larritasuna ekidinez.
Olgeta edo iniziziazio usadiorako objektua den tabakoa esanahi sinboliko anitz eta aldakorren eramailea da. Gizakiak lapurtutako Prometeoren suaren tankerako gizon-ahalmena sinbolizatu dezake. Aho-irrika guztiak adierazi ditzake, baina, hautsontzietan pilatutako errautsen bitartez, baita ezabapena eta suntsiketa ere. Utzikeriazko“bizioa” den neurri berean, jabetasunerako saiakera, zereginik ez dagoenerako ekimen bat (“bere buruari euskarri bat emanez”), asetze barnekoi bat edota besteekiko aldentze bat ere bai. Portaera autoerotikoa izanik, tabakoak subjektua menperatzen duenez, masokista ere bada, erreakzionatu ezinezko “autosuntsiketaren” jasanean.
Pixkanaka, zentzuzkoak, suspergarriak edo atsedengarriak diren “zigarro gozo bakanen” ostean, subjektuak konturatzeke erretzen dituen ohiko-zigarro hutsalak datoz. Usadiotik menpekotasunerako urrats honekin batera portaera nolabait “desinbolizatu” egiten da.
Menpekotasuna geratzen da, batzuetan objetuarekiko utzikeria moztuz berarekiko kontrol gaitasuna erakusteko gogoa tartekatzen delarik. Erretzaile handi orok daki, gaur egun, zer-nolako arriskua hartzen duen. Ez da toxikomanoaren gisako legediaren edo gaindosiaren berehalako eta bat bateko zigorra, baizik eta urruneko arriskua, zehaztugabekoa baina ekidinezina, kantzerraren tankera hartzen duen heriotzarena: mailakako herio geldoa eta mingarria; nagusitu ezinezko usadioaren azken kontrolatze ahaleginean bizi izango denaren itxaropenean hartzen den arriskua.
Tailer babestua:
Eragozpenak dauzkaten langileei euren baldintzetara egokitutako eragiketa profesionala eskaintzen dien ekoizpenerako unitate ekonomikoa da.
Tailer babestuek langile oztopatuen sustapena erraztu behar dute, inguru arrunterako lana iritsiaraziz. Oztopoak dauzkatenak soilik har ditzakete. Orientabiderako eta birsailkapen profesionalerako talde batek aukeratuko ditu. Edozein enpresa publiko edo pribatuk egituratu ditzazke, baina beti, lanbide ministraritzaren baimenarekin. Eragozpendutakoari edozein soldatapekori dagozkion araudiak ezarriko zaizkio. Soldata, ekoizpen normalarekin alderatuz, lanpostuaren, gaitasunaren eta emaitzaren araberakoa izango da. Inoiz ez da izango langile arruntaren erdiarena baino gutxiagokoa.
Takilalia (takifemia):
Hitz jarioraren berealdiko bizkortasuna da.
Ideien ihesarekin eta logorrearekin batera aldi maniakoetan, zirrarazko erreakzio bizi batzuetan eta Parkinson-eko aldi hiperkinetiko paradoxikoetan ikusi daiteke.
Talde terapia:
Helburu terapeutiko batekin denboraldi baterako biltzen den pertsonen multzoari deitzen zaio talde terapia.
XX. mendearen hasieran erabili zen aurrenekoz tuberkulosiak jotakoen tratamendua hobetzeko asmoarekin. Geroztik giza-psikologiaren eta psikoanalisiaren ikerlan ugariren gai bihurtu zen. Gaur egun talde terapiaren mota desberdin asko daude. Batzuek, eztabaida eta psikoterapia taldeen tankerakoek, hitzezko elkartrukeak erabiltzen dituzte. Beste batzuk sormen artistikoaren bitartekaritzan sustatzen dira. Psikoterapiako taldeek, bere aldetik, psikoanalisia ezartzen diote taldeari; taldea irrika joeren objektu bihurtzen da; bere bizitza fantasmatikoak irekitzen du hobekien taldeko aparailu psikikoaren atea; funtzionamenduaren arauak sendatze psikoanalitikotik gertukoak izan ohi dira; Partaideei hitz jario askea eskatzen zaie; terapeutak edota terapeutek taldetik at ezin dute inongo harremanik mantendu partaideekin; tokia eta ordua aldez aurretik finkatzen dira eta taldea 3-25 partaidekoa izan ohi da; talde irekietan partaide berriak sar daitezke; iraupena, hasi aurretik erabaki daiteke, ohikoz 40-60 saioetakoa izaten delarik. Gisa honetako talde terapiak koadro eta kokapen hau onartzeko gai diren pazienteentzat egokiak suertatu daitezke, batez ere bi pertsonen arteko harreman terapeutikoa zaila gertatzen zaielako eta taldearen sustapena eta onarpena behar dutelako. Nortasun psikopatikoa edo galbideratua daukatenek eta toxikomanoek, alderantziz, taldearen iharduera eragozten dute. Saioan terapeutak neutral mantentzen dira eta interpretazioa talde mailan soilik erabiltzen dute. Transferentzia da terapiaren motorea. D. Anzieu eta R. Kaes-en arabera taldeak prozesu bat jasaten du: hasierako taldearen itxaropenaren ondoren “alor sinbolikora irekitzen den irudikapenezko unibertsoa” dator. Gero, psikeak gorputzetan ainguratzen dira (azal edo bilduki psikikoa) gizabanako psikeak automatizatuz. Iraupenaren bitarteko talde uzteak bakarkako sendatze bukaeren gisa pairatzen dira. Instituzioen barruan eratutako eztabaida taldeek jokamolde berrien ezarpena errazten dute, baita besteek jokatutako paperen ulermen egokiagoa eta amankomuneko partaidetza hobea ere. Talde-familiek ere ardura handia piztu dute eta mota askotakoak egituratu dira (sistemikoak, analitikoak). Baliabide desberdinak erabiltzen dituzten talde terapiak ere badaude (adibidez, erlaxazio taldeak eta Estatu Batuetan zabaldutako gorputz-teknikak).
TAT edo Thematic Aperception Testa:
Morgan eta Murray-k haur eta helduentzako egituratu zuten test proiektiboa da. Gizaki bati edo multzo bati dagozkion eszena anbiguoak irudikatzen dituen plantxa sail batek osatzen du: Plantxa bakoitzak erakusten duen koadro edo argazkiaren inguruan subjektuak historio bat antolatu behar du. Interpretazioa edukiaren eta irudiaren analisian oinarritzen da eta helburua subjektuaren nukleo gatazkatsuetara eta defentsarako mekanismoetara zuzentzen da. Test honek inbaditzen utzi gabe fantasma inkontzienteen aberastasuna onartzen duen Ni sendo baten ideala sustatzen du. Rorschach testarekin batera gehien erabiltzen den test proiektiboa da.
Terapia laburra:
Borondatez denborazko muga ezartzen zaion psikoterapia da, gehiengoz 10-20 saio gainditzen ez dituena. Inspirazio psikoanalitikoko psikoterapia laburra erabili zuena aurrenekoz Freud bera izan zen. Geroago F. Alexander eta Chicago-ko eskolak landu zuten zehatz mehatz. Gaur egun gatazka bati zuzendutako foku-teknika da erabiliena. Erlaxazio eta famili-terapietan ere erabiltzen da terapia laburra.
Terapia Morala:
W. Tuke eta Ph. Pinel-ek XVIII. mendearen bukaeran proposaturiko erotasunaren arrazoizko psikoterapia mota bat da, onginahian, gozotasunean eta limurtzean oinarritzen dena.
Pinel-ek eskaintzen zuena aurreko jarrera guztien alderantzizkoa zen, zeren ordurarte sendagileek eroak “zentzugabeko” gisa tratatu ohi zituzten, hots “arrazoiz hornitu gabekoak” bezala. Pinel-entzat gaixo mentala “alienatu” bat besterik ez zen, hau da iragankorki arrazoiaren zati bat galduta zeukana eta, horretaz, harremanetarako nolabaiteko gaitasuna mantentzen zuena. Beraz, nahikoa izango zen berarekin “gozoki hitz egitea”, bere “zorigaitzak partekatzea”, “zori hobeago baten itxaropena eskaintzea”, horrela bere “eroaldia eta arriskugarritasuna” utziko zuelakoan. Solasaldi terapeutikoarentzako eta konfidantzazko eta bermazko harremanetarako ezinbesteko baldintza izango zen “gozoki hitz egitea” eta, horrenbestez, behartze eta euskartze neurriak ere utzi edo gutxienez leundu egin beharko ziren. “Zorigaitzak partekatzea”, literalki, “begikotasun eta enpatiazko giroa” sortzea izango zen, bi mende geroago C. Rogers-ek bultzatutako “entzute enpatikoaren” parekoa hain zuzen. Harreman terapeutiko honen motorea “zori hobe baten itxaropen kontsolatzailea” zen, baina baita bere zepoa ere. Egiaz, gaixoari sendatzearen sinesmena eta itxaropena eskaintzen zion, baina, aldi berean, terapeutaren sinesmenen sistemara bihurtzen zuen. Gaixoari, azken finean, terapeutaren limurtzea inposatzen zitzaion; eta guzti hau terapeutaren joku seduzitzaile nartsizizta batean burutu zen, gailurra F. Leuret-en iharduera erasokorrarekin harrapatuz. Zeren sendagilearen autoritate morala eta arrazoia beti gaixoaren arrazoi ahul eta hauskorraren gainetik egongo ziren. Pinel-ek berak goretsi zuen sendagilearen jarrera autoritarioaren eta ahalguztidunaren beharra, gaixoari bere “balore eta logika-sistema” inposatuko zizkiona. Tratamendu morala beraz “analogia pedagogiko” (Castel) baten barruan burutu zen eta, laister “medikuntza-hezitze”(E. Georget) soil bat bihurtu zen.
XIX. mendean barrena erabilpena galtzen joan zen eta, gaixoen ugaritzearekin batera, “tratamendu administratibo” hutsa izatera iritsi zen. Haize berritzaileek inkontzientearen aurkikuntzaren zain egon behar izan zuten. Tratamendu berria ez zen, jada, “arrazoi kontzientearen” mailan burutuko (“medikuntzazko arrazoi indartsuagoak” ez zuen alienatuaren “arrazoi ahuldua” gailenduko derrigorrez). Psikoanalisiarekin ahal izango zen benetako psikoterapia bat, zeren terapeutak inkontzientearen barruan onartuko zuen erotasuna. Elkartasun terapeutiko berri bat ezarriko zen, non terapia moraleko bi partaideen berdintasuna onartuko zen.
Tik-a:
Nahigabeko mugimendu bat da, zakarra, bapatekoa, tarte aldakorrean errepikatzen dena, gihar bati edo gihar multzo bati dariona. Behar objektiborik gabe agertzen den ezgaraiko mugimendu osagabea da. Baliagarritasunik ez dauka. Ustekabean, ezkutuki azaleratzen da. Ezkutaezina da eta une desegokienetan agertzen da. Estaltze ahaleginean agerian geratzen dena. Aurpegiko tik-ak dira ugarienak, batez ere betazalekoak, ahokoak eta mingainekoak. Uzkurdurak, izuikarak, anken eta eskuen mugimenduak ere sarriak dira. Tikak bakarkakoak izan daitezke edo eztulaldiei, arnasotsei, kakarei eta zaunkei loturikoak. Tikaren aurreko egoera handiagotzen doan tentsio atsekabetsuarena izaten da, benetako eragozpen fisiko eta mentalaren baliokidea dena, pentsakizuna bereganatzen eta harremana aztoratzen duena. Tikaren etorrerak atsekabea baretu egiten du baina agerpenari dagokion deserosotasuna ezartzen du. Segida hau, barealdiaren aurretik, behin eta berriz errepikatzen da tentsio mingarriaren eta hustuketaren txandaketa batean.
6-7 urte baino lehenago ez dira agertzen. Batzuetan psikomotore heldutasun ezaren osagaiekin batera bistaratzen da, adibidez beste gorputzadarraren mugimenduen laguntzarekin, hipertoniarekin ala ustekabeko estimuluak sorturiko hipersentsibilitatearekin (izuikara). Arnasketa irregularra izan daiteke, umea erne, egongaitz, baretu ezinean balego bezala.
Tikak ohizkanpoko mugimendu neurologikoetatik bereizi behar dira, koreatik, mugimendu ritmiko desberdinetatik, eta mugimendu osoa burutzen duten motorezko ohituretatik hain zuzen. Tikak garun-kortexean sortzen dira eta psikismoarekin zerikusia daukate, espasmoak, alderantziz, azpi-kortexari dagozkio. Tik iragankorrak baldintza bereziekiko erreakzio gisa ager daitezke ( eskolaratzea, anai txikiagoaren jaiotza…). Egoera neurotiko baten adierazgarri ere izan daiteke. Orduan nortasunaren obsesiozko egituraketaren osagarria izan ohi da. Maiz, tika jasaten duen umea, inkontzienteki identifikatzen den familia-eredu batekiko harreman estuan egon ohi da. Ingurugiroa, sarritan, zorrotza izaten da, umea, presio psikologikoan ipiniz, zenbait funtzioren bilakaera goiztiarrera bultzatuz (garbitasuna, esfinterren kontrola eta abar).
Arriskutsua da, umearen nortasuna aztertu aurretik, sintomaren desagerpenera jotzea. Zenbaitek erlaxazioa erabiltzen dute osatze lanetan, batzuek psikoterapia gehitzen diotelarik. Beste batzuek portaera-tekniketara jotzen dute, subjektuari tikaren alderantzizko mugimendua erakutsiz. Gilles de La Tourette gaitzean farmakoak erabiltzen dira.
Tonua:
Giharrei atsedenean geratzen zaien hondar-tentsioa da, giharra teinkatzerakoan agertzen den erresistentzia apurrarekin adierazten dena.
Giharraren tentsioa motoneuronen ekimenaren aginpean dauden zenbait muskulu-zuntzen eragiketa uzkurgarri iraunkorraren ondorioa da. Ekimen honek, eragiketa fasikoarekin alderatuz gero, ondorengo berezitasunak dauzka: 1- maiztasun baxuko “tetanos”a da; 2- eragiketa tonikoak ez du mugimendua edo lekualdaketa sortzen; 3- etengabea da; 4- nekearen eraginarekiko sentikortasun txikia dauka; 5- energi-kostu txikia dauka.
Jarrera edo posturaren sorrera eta mantenua dira tonuaren eginkizun nagusienak. Aitzitik, beste zeregin ugari dauzka: gorputzaren segmentu desberdinen harreman estatikoa eta elkarrekikotasuna zuzentzen du; eskeletoaren osagaiak elkartasunean finkatzen ditu; bere eginkizun antigrabitatorioak bertikaltasuna errazten du; giharren mailan daukan banaketa aldakorrak oreka-mekanismoak gidatzen ditu alde batetik eta, bestetik, lekualdaketa pasibo eta aktiboetan, mantendu ere bai; imintzioetako behar diren giharren baliabidea erregulatzen du; gogozko edo erreflexuzko ekimenetarako zehaztasuna ere berari dagokio. Mugimendu oro, azken finean, jarrera batetik abiatu eta beste batean bukatzen da. Beraz, giharren eragiketa tonikoen eta fasikoen arteko lotura ezinbestekoa da.
Tonuaren erregulazioan parte hartzen duen mekanismo garrantzitsuenetakoa erreflexu miotatikoa da. Giharren teinkadak (grabitatearen eraginez gehienbat) Golgi-ren korpuskulu tendinosoen faszikulu neuromuskularrak suspertzen ditu eta bizkarrezur-muineko alfa motoneuronak abiadan ipintzen ditu. Suspertze honi erantzun tonikoa eta antigrabitatorioa dario. Golgi-ren korpuskuluek alfa eragiketaren aurkako ekimen inhibitzailea daukate. Erregulazio honen eginkizuna, mugimendu edo lekualdaketa unean, gehiegizkoa edo desegokia suertatu daitekeen uzkurdura baten ekiditean datza. Gamma-kiribilak ere zerikusia dauka giharren uzkurduran: teinkadaren edo erlaxazioaren eragina modulatzeko faszikuluen tentsioa erregulatzen du. Tonuaren kontrolean propiozeptibo funtzioak ere hartzen du parte, artikulazioen egoeraren aldaketak zuzenduz. Sistema bestibularrak, bere aldetik, ereflexu miotatikoan zeregina dauka, buruko, garondoko eta gorputzadarretako gihar hedatzaileak indartuz, gihar tonu antigrabitatorioa erregulatuz eta jarrera kontrolatuz. Azkenik, hautemate sentsorial exterozeptiboaren informazioek gihar tonua aldatu egiten dute, ingurugiroaren informazioen araberako jarrera berrien ezarpena erraztuz.
Halere, gihar tonua giharren sentikortasun propiozeptiboaren menpean dago. Gihar tonuaren intentsitatea eta banaketa nerbio-sistema zentraleko erreflexu-zirkuitu anitzen eraginpean daude. Ugaritasun honek argitzen du nola erasan oso desberdinek gihar tonua aztoratu dezaketen inoiz erabat ezabatu gabe. Kanpoko eragileek ere zeresana daukatenez, ingurugiroaren arabera erreflexu oso desberdinek jarduten dute egokitze lanean. Jaiotzatik daude abiadan teinkadako erreflexu espinalak. Aurreneko hilabeteetan nabarmena da gihar agonisten eta antagonisten arteko sinergia. Seigarren hilabetetik aurrera ezartzen da flexio-gihar eta gihar hedatzaileen arteko elkarrekiko aktibazioa.
Bestalde, jarreraren antolaketak, bizitzaren hasierako erantzun arkaikoen eragina era jasotzen du: lepoko erreflexu propiozeptiboek zerikusia daukate jarrera tonikoaren erregulazioan. Buruaren hedadurak besoena dakar eta, aldi berean, anken flexioa. Eta, alderantziz, buruaren flexioak besoena ere badakar anken tolesturarekin batera. Era berdinean, buruaren biraketak albo berdineko gorputzadarren hedadura eragiten du eta beste aldekoen flexioa. Era honetako erantzun toniko arkaikoen antolaketek eratzen dute informazio exterozeptiboen tratamendua. Horrela, adibidez, jaioberriaren ikusmenezko jarraitzea gorputzaren jarreren araberakoa izaten da.
Erantzun arkaikoen desagerpenarekin batera orekaren oinarria diren zuzenketarako erantzun goiztiarrak ezartzen dira. Segida jakin batean azaleratzen dira (buruaren zuzenketa aurrenik, gero enborrarena eta, azkenik, gorputz osoarena) bilakaera Coghill-en lege zefalokaudal eta proximodistalen arabera, egoera bertikalaren eta ibileraren erregulazio tonikoaren mekanismo sofistikatuak ahalbidetuz.
Topika:
Topos hitz grekotik datorren deitura da, filosofian Aristotele-tik Kant-eraino erabilia izan dena lekuen teoria izendatzeko, hau da argudio edo garapen oro kokatu daitekeen klase orokorren teoriarena. S. Freud-ek ere hitz eta adjetibo bezala erabili zuen bere egituraketa teorikoaren bi aldi garrantzitsuetan, aparailu psikikoaren definizio ahalmenetan.
Topikaren aurreneko kontzepzioan, aurreneko topika freudiar deiturikoan (1900-1920), Freud-ek inkontzientea, prekontzientea eta kontzientea bereizi zituen; bigarrengoan (1920-1939) hiru instantzia edo kokaletutan ihardun zuen: Zera, Ni-a SuperNi-a.
Mugimendu psikoanalitikoaren historian bigarren topika freudiarraren bi irakurketa aurkitzu ditzazkegu gutxienez. Batek, Zera-ren kalterako, Ni-aren garrantzia azpimarratzen du Ego-psikologia sortaraziz; besteak, Ni-aren estatutua birpentsatzeko eta nor-bera bat edo subjektu bat (self) gehitzeko, Zera nabarmentzen du, kleinismoan, Self-psikologian eta lacanismoan gertatzen den legez.
Sinbolikoaren, irudikapenezkoaren eta errealaren trilogia lakaniarrari ere topika izena ezartzen zaio. Topika hau, bata bestearen atzetik, bi egituraketarekin aurkeztu zen: aurrenekoan (1953-1970) sinbolikoak hartzen dio aurrea irudikapenezkoari eta errealari(S.I.R); bigarrengoan erreala nagusitzen da (R.S.I.).
Toxikomania:
Nolabait toxikoa den droga batekiko menpekotasunezko harremanari deitzen zaio toxikomania, hau da produktuaren eraginen bilaketan subjektuaren izaera guztia baldintzatzen duenari.
Nazioarteko Osasun Erakundearen arabera Toxikomania eta Ohitura hitzak objektiboagoa den Farmakomenpekotasun deiturarekin ordezkatu behar dira (gizabanakoarentzat eta gizartearentzat eragin kaltegarriak darizkion droga batenganako menpekotasun fisikoa edo psikikoa). C. Olievenstein-ek honela deskribatzen du toxikomanoa: “oinarrizko substantzia batetik abiatuz, beste batera edo beste batzuetarako “igoaldia” egiten duena, egunero edo kasik egunero erabiliz”
Deskribapen kliniko aldetik definizio guztiak berdintsuak izan arren ez dago adostasunik definizio sinple soil bati dagokionean. Mito argitzaile bihurtu den “igoaldiaren” kontzeptua oso eztabaidatua da. Funtsezkoa den menpekotasunaren nozioak ere ez du laburbiltzen: “kanpotik” ezarritako menpekotasuna edo laborategiko animalietan esperimentalki sorrarazitakoa ez dira gai toxikoarekiko gogoa (toxikofilia) argitzeko, ezta subjektu batzuek zenbait drogen bilakaerarekiko daukaten “pasioa” ere (toxikomania).
Maiz subjektiboki norberaren nahiari ihes egiten dion eta kanpotik itsatsitako prozesu morbidoaren gisa jasaten den menpekotasunaren izaera alienatzaile honek bereizten du toxikomania drogaren beste erabileretatik. Definizioaren arloan eta toxikomaniaren eragileen aurkikuntza lanetan denek onartzen duten entitatearen konplexutasuna eta multifaktorialitatea: “pertsonalitate baten, ekoizpen baten eta une soziokultural baten bilgunea” derrigorrezkoa da (Olievenstein). Psikologiak eta farmakologiak zerikusia daukate gai honetan, baina baita historiak eta hurbiltze gizatiarrak, kulturalak eta juridikoak ere: gure aroko gaitza izanik, toxikomaniak medikuntza, ikerketa zientifikoa eta gizatiar zientzia oro ipintzen ditu zalantzan, galdekatuz…
Historia: XIX. mendean garatu zen drogaren mitoa T. De Quincey, Ch, Baudelaire eta beste askoren “opium” eta “haxis”i buruzko idazlanen eskutik. Toxikomania modernoaren aurreneko deskribapenak morfinismoarenak izan ziren (Levisntein). Bertan aurkitu daitezke gaur eguneko deskribapenen osagai kliniko guztiak: maiz bat-bateko maiteminak eragindako eztei-bidaia den hasierako “plazer” egoera; obsesiozko beharrarengana bultzatzen duen eta “kentze-sindromeraino”iristen den bilakaera; bere nagusitasunari darion giza-endekapena, drogazalea “giza-endekatzearen” eredu hihurtzen duena. Laster morfinismo eta kokainismo hitzak morfinomania eta kokainomaniarekin ordezkatu ziren. Aurreneko formulazioak toxikapen kronikoz aritu ziren, prozesu morbidoak produktuaren eraginekin lotuz. Droga batenganako monomaniak toxikapenaren gogozko bilakaeraren izaera azpimarratzen zuen: horrela Chambard-ek, medikuntzako agindu baten ondoren ustekabean menpekotasuna jasaten zuten morfinizatuak, drogaren bila neurosiaren, galbidetzearen edo endekapenaren eraginez ibilzen ziren morfinomanoengandik bereizi zituen. Azpimarragarria da nola gaur egun alkoholismoarekin ordezkatutako dipsomania hitzetik hartutako mania gehigarriak indarrean irauten duen.
Usadioak eta medikuntzaren aurrerapenek substantzia berrien erabilerara bultzatu zuten eta, berehala, zenbait subjektu produktu desberdinen menpekotasunean sartu ziren, droga bat uztearen ahaleginetan beste baten eraginpean eroriz: morfinomanoak heroinomano, batzuetan heroino-kokainomano eta abar bihurtu ziren. Sendagai idealaren eta droga onenaren bilaketak substantzia desberdinekiko menpekotasuna ekarri zuen: hortik etorri zen XIX. mendeko bukaera aldean deitura generikoa den toxikomania.
Oraingo toxikomaniak: XX. mendearen hasierako medikuntzako lan ugariren arabera toxikomania zen izurriteen arteen handiena. Hala ere, 1960 hamarkadan abiatutako toxikomanien oldarkada, bi arrazoirengatik, fenomeno guztiz berria da. Lehendabizi, legedi berrien ondorioz, toxikomaniek arau-hausteen esparru berri bat sortu zuten; (toxikomania historikoek ez zeukaten gisa honetako ńabardurarik). Bestalde, drogarekiko joera gaztediaren egonezinaren, belaunaldien arteko gatazkaren adierazle bezala bizitzen zen, nerabe banden arteko borroken eta mugimendu hippi eta psikodelikoaren lekukoa hartuz.
Toxikomanoentzako eratutako zentroetan, gehienbat, tankera honetako pazienteen eskakizunak jasotzen dira: 22-24 urteko klase desberdinetako gazteak, gehienbat gizonezkoak (lautik hiru); drogaren aurreneko erabilera 18 urte ingurukoa izan ohi da, heroinarena gehientsuenetan (benabarnetik eskuarki, batzuetan esnifatuz). Euren zainketak, desintoxikapenarekin eta prebentzio lanekin batera, beste ekimen ugari egiten dira toxikomaniaren ondorioak mugatzeko asmoarekin: lehendabizikoz sida, hepatitisa eta abar zabaltzen dituen xiringen elkartrukaketa eragotzi; ama toxikomanoen jarraipena eta sustapena eratu; familia-laguntzak eskaini…Izurritea neurri sinpleekin ekidingo litzakeen ideia utopia hutsa da.
Argibide-ereduak:
Gaitzaren eredua? Toxikomanien lehendabiziko “gaitzaren eredua” B. Rush-en alkohol neurrigabekeriarena da (1790). Ordurarte mozkorkeria “bizio” bat besterik ez zen, bekatu bat, falta bat. Alkoholmenpekotasun eta toxikomanien esparruko ikerketa funtsezkoenak kontzepzio honen sustapanean saiatu dira, hots gaitzaren egituraketak direla erakusten, droga batek aldez aurretiko jarrera daukaten pertsonetan eraikitakoak hain zuzen. Ikuspegi hau hurbiltze moral edo juridiko hutsetik urrun dago baina, metaforatik haratago, eredu bihurtzen denean gehiegikerietara ere bidera dezake zainketa eta osasun publikoaren alorrean (Szasz-en proposamenak adibidez): “gaitzak”, subjektuaren gainetik dagoenez, derrigorrezko zainketa jaso dezake, beharrezko ospitaleratzerainokoa, “epidemia” eragozteko…Endekapenaren kontzeptuak medikuntzan eduki izan ohi duen garrantziak argi asko erakusten du nola “gaixotzat” hartu izanak ez dituela ez epai morala ez giza-zigorrak ekiditen.
Zibilizazioaren okerra? Fenomenoaren hurbiltze orokor batean toxikomania gaztediaren sakrifiziozko urrats bat bezala ere ulertua izan da ( J. M Oughourlian). Jonkien sakrifizio hau hipien ihardukitzearen porrotaren ondorengoa izango litzateke, gizaki kontsumitzaile indibidualista baten karikatura suizidarioa osatuz.
Nerabezaroko desbideratze guztiekin gertatzen den legez, pentsakizun psikologikoak hurbiltze giza-kulturalen eragina jasotzen du, desbideratze hauen eta zenbait kulturetako “barneratze errituen” arteko alderaketa erraztuz. Metafora iniziatiko honen erabilera “munduarekiko desengainuaren” hausnarketaren barruan kokatzen da, hots erreferentzia sakratuen galerarenean, taldeak onartutako balore unibertsalen esparruan. Aspaldikoa da drogen erabileraren eta jokaera mistikoaren arteko paralelismoa.
Arazo psikologikoa? Portaerazko ikuspegitik toxikomania autosustapeneko jokaera bezala uler daiteke (behabiorismo eskinearra edo baldintzapen eragingarria). Baldintzapen erantzunkorreko fenomenoak (Pavlov) gehitzen zaizkio, adibidez estimulu baldintzatua ezarriz gero, “kentze sindromearen itzulera” argituz: ikusmolde honetan, beraz, gizatiar farmakomenpekotasunaren eta laborategiek animaliekin lortutakoaren artean kasik bereiztasunik ez legoke.
Zehatzagoa den hurbiltze kognitibista, toxikomaniari dagokionean, ikasitakoa zer den bereizten saiatzen da: drogaren desira, gabezia, menpekotasuna ikasketa baten eraginak dira eta, ikasketan, ingurugiroak eta talde presioak zerikusia daukate: drogaren gainean “jakiten” dena -edo uztez jakiten dena-, sarritan, bere ezaugarri farmakologikoak baino garrantzitsuagoa izan ohi da. Gustiz aurkakoak dira hurbiltze psikoanalitikoak, non menpekotasunaren hautaketa, toxikomaniarekiko engaiamendua ezin daitezkeen portaera batera mugatu. Beharraren gibelean menpekotasunaren bilaketa miatu behar da eta, nahiz eta ezabatze gogoaren adierazlea izan, toxikomaniaren barrenean beti dago desiraren eragina. Azpimarragarria ez da, beraz, drogaren eragina baizik eta drogarekiko gogo toxikofilikoa. Egon dira “drogarik gabeko toxikomania” (Fenichel) edota “egituraketa toxikomaniakoa” mugarazteko saiakerak baina, egiaz, nekez proposa daiteke portaera toxikomaniakoaren ulermen bakarra.
Toxikomania oro galbideratze edo perbertsio batera mugatzea drogaren arazoa berriz planteatzea izango litzateke. Autore bakanen jarrera da soilik.
H. Rosenfeld-ek, S. Rado-ren jarraipenean, toxikomaniaren arazoa aztoramen maniako-depresibora gerturatu zuen. Metafora honen sustapena droga “antidepresibo gisako eta bere buruaz beste egiteko baliabide bezalako erabileran datza.
C. Durand-ek, bere aldetik, bulkadazko toxikomania neurotikoen aurrean “inpultsiozko”, perbertsiozko toxikomania psikopatikoak ipintzen ditu. J. Bergeret-ek, berriz, “depresibitatearen” eta “anaklitismoaren” garrantzia azpimarratzen du eta, bere ustetan, ez legoke toxikomanoei dagokiekeen egituraketa psikologiko berezirik: neurotikoen, perbertsoen, psikotikoen aurrean mugakide egoeratik gertu dauden “egitura gabeko toxikomanoak” ipintzen ditu.
Toxikomanien klinika: Portaera hauen ekimenezko izaerarekin eta drogaren garrantziarekin egiten du topo psikoanalisiak. Nahiz eta drogaren erabilera sintoma gisa ulertu daitekeen, non drogak adierazle balioa daukan, toxikomaniak subjektuaren bizitzaren osoko eraldaketa dakar: batzuentzak “behar-berriaren” sorkuntza dena, analisiarentzak opako bihurtzen da (bestalde oso gutxik egin ohi dute analisiaren eskaera). Beraz, toxikomanoen kargu hartzea instituzio espezializatuetan egiten da eta klinika eredu fenomenologikoen barruan egituratzen da (Olievenstein).
Desintoxikapen mota desberdinak behabiorismoaren eta psikoanalisiaren aurkakotasunean baino gehiago eredu desberdinetan oinarritzen dira: alde batetik “gaitzaren eredua”, non abstinentzia tratamenduaren helburu eta baliabide den, beste aldetik “eredu egokitzailea”, non drogaren erabilera engaiamendu bat den, subjektuak bere zorionerako eta ongizaterako asmaturikoa.
Pazienteen bizipenean, luzaroan eta aurreneko mailan drogaren eraginak, flasharen esperientziak daude.
Galdera nagusietakoa, horrenbestez, toxikomanoak plazerrarekin daukan harremanera zuzentzen da: benetako plazerra dena, indartsua, agian “orgasmoarena baina sendoagoa”, eta itxuraz subjektuaren menpean dagoena. Geroago, plazer “negatiboa”, gabeziaren ezabatzearena, normal aurkitzera mugatzen dena: gorputz-oinazearen bitartez errealitateaz ohartzea ere toxikomania ororen giltzarrietako bat da. Plazerraren eta oinazearen nagusitasunaz gain toxikomania, anestesiaren bilaketaren bitartez, harreman erogenoen kontrolatze eta urruntze saiakera, hau da norberaren fantasmena, ere bada.
Toxikomanien beste alderdietako bat, bere izaera zalapartaria eta zirikatzailea argitzen duena, subjektuak haustearekin, arriskuarekin, heriotzarekin daukan harremana da. Ekintzara igaro eta norberari ezartzen zaion patologia hau, sarritan, gogozko jokaera hauskorra izan ohi da. Delikuentzia, prostituzioa eta abarren tankerako elkartzen zaizkion portaerak gehiegietan garestiegia den drogaren beharraren ondorio gisa jasaten dira. Egiaz, halere, delikuentziarekiko lotura konplexuagoa da eta, elkartzen zaizkion portaera hauek, batzuetan menpekotasunaren aurretikoak, toxikomaniaren eragile amankomuneko gisa ulertu behar dira.
Arrisku hartzea, heriotzarekiko jolasa ere ez dira droga erabileraren ustekabeko ondorio hutsak. Ezin esan “aukeratutako suizidioa” direnik, baina ezta ere “erabateko inkontzientzian” suertatzen direnik, maiz jokaera ordalikoa (erruduntasuna edo errugabetasuna frogatzeko erritoa) present dagoelarik: esperientzia subjektuak froga baten gisa jasaten du, autosortzeko ahalegin paradoxikoa bezala, beste baten eskuetan osoki ezarriz birjaiotze guztiz askea bailitzan.
Giza-izurritea edo Bizi-gaitza? Urratzearen eta arriskuaren bilaketa aktiboak prebentziorako kanpaina anitz ezerezean uzten ditu: droga pozoiarekin alderatzeak, handieneko arrisku bezala aurkitzeak ez dauka zereginik froga larrietan engaiatzeko prest dauden gizakietan. Autore ugarik, gaur egun, drogen debekuen baliagarritasuna zalantzan ipintzen dute, toxikomania giza-izurrite gisa ikusten duten bitartean. Gizaki indibidualista baten barruan, subjektuak lehenbailehen arduraraztea, euren aukeretarako eta arriskuak hartzeko aske uztea litzateke egokiena. Drogen abusuaren prebentzioaren bitartez, kulturaren, heziketaren, gizabanakoak taldearekin dauzkan harremanen kontzepzio oro ezartzen dira zalantzan.
Toxikopatia:
Ekoizpen psikotropoen erabilerak sortarazitako egoera psikopatologikoen multzoa da.
Deitura honen menpean toxikomaniak eta alkoholmenpekotasuna bildu daitezke. Erasan hauek, euren berezitasun kliniko eta iharduera desberdinetatik at, funtsezkoa den menpekotasunaren fenomenoa daukate amankomunean.
Trabestismoa:
Subjektu batzuek eduki ohi duten beste sexuari dagozkion jantziak erabiltzeko usadioa da, ohitura, batzuetan, derrigorrezkoa suertatzen delarik sexu asebetetzea lortzeko.
Aurrenekoz Havelock Ellis-ek deskribatu zuen gizonezkoetan eonismo deiturarekin (ikusi Eonismo). Emakumezkoetan ere agertzen da, oso gutxitan izan arren. Ez da soilik, XX. mende hasierako sexologoek pentsatzen zuten bezala, sexu-alderanzketaren maila txikiago bat. A. Hesnard psikoanalistak (1886-1969) nabarmenki erakutsi zuen nola gizon trabestiarren sexu-irrika aldi berean desiratua eta mehatxaria zen eta, horrenbestez, urrundu beharreko emakumezkoarengana zuzentzen zen. Sexu-ekimen zail baten bitartez bereganatzeko ahaleginen porrotean (inpotentzia eta eiakulazio goiztiarra sarriak dira honelakoetan), trabestien bere partaideaz jabetzen da, bere uste sinboliko eta irudikapenezkoan dagokion alderdi onenaz jabetuz: jantziez eta giza-ekimenaz (ahal izanez gero). Trabestituz, beraz, ez da beste gizonezko baten sexu-objektu bihurtuko, baizik eta berarentzako soilik, egoera nartzisista batean. Beste autore batzuek trabestismoaren alderdi fetitxistak azpimarratu dituzte, batez ere sexu-atsedena beste sexuari dagozkion jantzien erabilerarekin bakarrik lortu daitekeenean.
Transexualismoa:
Subjektu baten naturak emandako sexua ez baizik eta alderantzizkoa edukiko lukeen uste osoa da, kasik eldarniotsua, etengabe beste sexua desiratzera bultzatzen duena eta, bere nahia betetzeko, baliabide guztiak erabiltzera bideratzen duena (batez ere endokrinologikoak eta kirurgikoak).
E. Esquirol-ek, jada, deskribatu zuen “26 urteko gizasemea, garapen bikain eta ederrekoa, itxura politekoa, emakumezkoen soinekoak jaztea gogoko zuena…, eta bere emakumezko izaeraz konbentzituta zegoena, eta, horrenbestez, izaera horretaz bere sendia eta ingurugiro osoa limurtzen saiatzen zena” (1838). Halere, 1950 geroztik sarriagotu zen sindrome honen deskribapena, bestaldetik gainontzeko aztoramen mentalik adierazten ez zuen populazioan. DSM-ak (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) honako kriterio diagnostikoak proposatzen ditu:
bere sexu anatomikoarekiko deserosotasun eta desegokitasun sentimendua ;
bere genital organoenganako enbarazu sentipena, eta beste sexuko subjektua bezala bizitzearren euretatik libratzeko gogoa;
aztoramenaren gutxieneko bi urteko iraupena;
sexu-anbiguitate eta anormaltasun genetiko eza;
eskizofrenia bezalako beste arazo bati lotugabea.
Gizonezkoen eta emakumezkoen transexualismoa bereizi behar dira. 5-6 aldiz sarriagoa den aurrenekoan pubertaroko jokaera homosexualak naroak izaten dira; profesio jakin batzuetarako zaletasuna eta ingurugiro berezi batzuetarako joera ohikoak dira; geroago etortzen den hormona-tratamendua giza-egoera anbiguo eta marjinal baten adierazlea izaten da, maiz oso luzea, azkenean ebakuntzen bitartez aldakuntza anatomikoetara bidera dezakeena.
Emakumezkoetan, androgenoek erraztu ditzakete alderanzketak eta egon daitezke eraldatze anatomikoaren eskakizunak, baina inoiz ez marjinaltasunik; alderantziz, gizonaren giza-jokaera eta profesionala bereganatuz, erantzunkizun soziala eta ohitura maskulinoa hartuz, sarri gizarteratze profesional ona lortzen dute.
Bere bizitzan zehar kasik inoiz ez da transexualaren ardura hartzen: haurtzaroko portaerek ez dute arreta pizten, ezta pubertarokoak ere. Geroagoko hormona tratamendua etapa huts bat izan ohi da, maizenik bere kabuz egindakoa. Eraldaketa anatomikoa ez da konstantea eta sarritan ebakuntza txikiekin pixkanaka burututakoa izan ohi da, maiz bikotearen laguntzarekin. Azkenean egoera zibilaren aldaketera jotzen dute eta oso gutxitan eskantzen dute laguntza terapeutikoa. Berriki, egoera zibilaren aldaera baimendu egin da. Hori, hala ere, gutxitan gertatzen da eta gehientsuenek isolatuta jarraitzen dute, marjinalitatean. Benetako ukapen subjektiboak, agian, oinarri biologikoa eduki dezake. Azken ikerketen arabera emakumezkoen eta gizonezkoen garuna oso goiz bereizten dira funtzionamenduari dagokionean (F. Hartmann). Hala eta guztiz ere, aldaketa juridikoa talde interdisziplinar baten iritziaren ondoren soilik burutuko da.
Transferentzia:
Sigmund Freud-ek eta Sandor Ferenczi-k pixkanaka sarrarazi zuten hitza da (1900-1909); sendatze psikoanalitikoaren prozesu osagarri bat izendatzen du, bere baliabidez analizatuaren kanpoko objektuei dagozkien desira inkontzienteak, harreman analitikoaren esparruan, objektu desberdin horien egoeran kokatuto analistaren pertsonan errepěkatzen direlarik.
Historikoki, transferentziaren nozioak bere osoko esanahia psikoanalisiak hipnosiarenaren, sujestioarenaren eta katarsiarenaren uztearekin batera lortu zuen.
Trantsitibismoa:
Eskizofrenian ikusten den mekanismo eldarniotsu bat da; bere bitartez, gaixoak, berea den zati bat beste pertsona batengana edo kanpoko objektu baten soinera jaurtikitzen du.
Pazienteak bere gogapenak, bere ekimenak, bere haluzinazioak beste batek bizi izandakoak bailiran hartzen ditu. Beraz, trantsitibismoa “jabetze”aren (apropiación) alderantzizkoa da. Jabetze mekanismoaren bitartez pazienteak kanpoaldetik datorrena bere baitan barneratzen du. Adibidez, gaixoak, alfonbra bat astintzen ikusiz gero, bera astintzen ari diren arrangura agertzen du (jabetze). Beste batek itzal bal ikusten du, beldurturik garrasi egiten du; gero itzalak botatako garrasiarekin harritu egiten da (trantsitibismo).
Trauma (traumatismo psikikoa):
Subjektu batek gertakizun bat pairatu ondoren jasaten duen afektuzko eta emoziozko erasan bizia da, egokitasun psikologikoa kulunkan jartzen duena eta, maiz, era psikotikoko ala neurotikoko desoreka edota somatizazio desberdinak lekarzkeena.
Neurosi traumatikoaz baliatu zen Freud, lehendabizikoz, helduak haurrarekiko burutzen zuen sexu-sedukzioaren teoriarekin batera, histeriaren eta neurosi fobikoaren eredu psikogenetikoa egituratzeko. Gaur egun, hitza, istripuen, eraso bortitzen, katastrofeen ondorio zuzenak diren erasan neurotikoentzako edo psikosomatikoentzako gordetzen da. Trauma psikikoari, bereziki, medikuntza-legalari dagokion jasandako kalteen ordainketaren arazoa dario.
Traumek, txikiak baina errepikatuak direnean, estres egoera sor dezakete. Traumatismo psikikoaren era berezi bat, eraginak suertatu izan zirenetik berandura agertzen direnekoa da: kasu, batez ere dolu edo banantze batek sorturiko egoera depresiboa.
Trauma osteko epilepsia:
Burezur-trauma baten inguruan agertzen den epilepsia da, inkubazio-aldi baten ondoren ezartzen dena eta, berez, traumak eragindako zauriari zor zaiona.
Trauma gertatu eta minutu, ordu edo egun gutxira azaleratzen diren krisi epileptikoak ez dira trauma osteko epilepsia; krisiok aztoramen fisiko-kimikoei loturikoak dira. Trauma osteko epilepsiak, soilik, zauri fokuaren inguruan pixkanaka eratzen den orbain eskleroglialari dagozkion krisi berantiarrak dira. Krisiok, arrunki, seigarren hilabetetik bi urterainoko tartean agertzen dira. Burezur-trauma onberak inoiz ez dira epileptogenoak izaten. Trauma larriei dagokienean, berriz, zenbait eragileren bildumak handitzen du epilepsia baten agerpenaren arriskua: trauma itxia, parenkimaren kontusioarekin edota burezur barneko hematomarekin; burezur-garuneko zauria; hondoratzea edo oztopoa dakartzan burezur gangaren hausturak; motorezko, sentsitibozko, hizkuntzazko ondorioak; elektroentzefalogramaren anormaltasunen iraupenak edo okertzeak.
Trauma osteko epilepsiak prebentzioaren galdera dakar. Zenbaitek trauma larri ororen ostean tratamendu prebentiboa ezartzen dute. Diagnostikoa ez da erraza, batez ere auzian kalte-ordainak daudenean, zeren erasan desberdin ugariri dagozkie konbultsioak darizkien konortearen galerak.Gainera epilepsiaren arduradun izan daitezkeen bestelako eragile anitz baztertu behar dira. Beraz, diagnostikora eliminazioaren bitartez iristen da. Bilakaera aldakorra izan ohi da; baina, % 50 bost urteren barruan osatzen dira.
Trikotilomania:
Ileak, bekainetakoak barne, errotik ateratzeko bulkada da.
Subjektuak, mania honen aurka, nekez borrokatzen du eta, atseden aldietan batez ere, benetako obsesio bihurtzen da. Bere sorreran, batzuetan, buru-azalaren arazoren bat egon daiteke, baina dezagertuz gero ere, jarraitu egiten du. Ilez biluztutato esparruek alopezia gogorarazten dute.
Triziklikoa:
Eragin antidepresiboak dauzkan substantzia kimikoa da, itxitako hiru katezko (alboan bi fenilikoak eta erdian zikloheptadieno bat) nukleoak bereizten duena.
R. Kuhn psikiatra suitzarrak aurkitu zituen 1957an aurreneko trizikliko sintetizatuaren, hau da imipraminaren, eragin antidepresiboak (imipraminaren erdiko zikloa amino funtzioan bukatzen den alboko kate heteroatomo azotikoa daukan zazpi gailurrek osatzen dute). Geroago beste triziklikoak etorri ziren: erdiko ziklo asea daukaten amitriptilina, butriptilina eta nortriptilina; erdiko ziklo asegabea daukan protriptilina; heteroatomo bakarreko desipramina eta doxepina; era desberdineko heteroatomoak dauzkaten dibenzepina eta amoxapina.
Substantzia guzti hauek neurobitartekari sistemetan iharduten dute, euren desegokitasunarekiko erantzuna izango bailirateke umorearen aztoramenak. Batez ere neurobitartekaritza serotoninergikoa handiagotzen dute alde batetik eta, bestetik, sinapsien mailako serotoninaren berrartzea eragozten dute.
Tutoretza:
Txikien edota euren ahalmenen aztoramenengatik handien babeserako hartzen den neurria da, bizitza zibileko ekimenetan ordezkatzeko. Pertsona batzuek ez daukate bere ardurak defendatzeko eta bizitza zibileko oinarrizko betekizunak burutzeko gaitasunik. Hala gertatzen da gaixo mentalak edo gutxiagotze organikoak jasaten dituzten zenbaitekin. Gaitzok euren nahiaren adierazpena eta gauzen bereizpena eragozten dute.
Tutoretza kode zibilaren erreformako 199tik 214rainoko artikuluetan araututa dago. Legea printzipio orokor batean oinarritzen da. Izpirituaren erotasunari ekimen juridikoen baliogabetzea dario eta hiru motatako babesa dagokio: salbagoardia, kuratela eta tutoretza. Salbagoardia larrialdirako neurria da; kuratela, berriz, ezgaitasun partzialerakoa.
Tutoretza epaileak erabakitzen du, sendiko edo gertuko eskakizunari erantzunez; epaileak, ofizioz, hirugarrengo baten errekerimenduz ere ezarri dezake. Prozeduran interesatua eta familia entzuten ditu, sendagile espezializatuaren iritzia jasotzen du. Tutoretza irekitzerakoan, edo ondorengo aginduen bitartez, epaileak zehaztu dezake zerrenda bat pertsonak gaitasuna zein ekimenetarako gordetzen duen argituz (pertsonak berak bakarrik edo tutorearen ala tutore-ordekoaren laguntzarekin). Tutorea ezkontidea, sendiko bat, edo erakunde apropos bat izan daiteke. Orokorreko tutoretzan tutore-ordekoa (protutor) eta familiako-kontseilua ere izendatzen dira. Tutoretzan dagoen helduak bere gaitasun zibilak eta eskubide hiritarrak eta politikoak galtzen ditu. Epaiaren ondorengo ekintza guztiak, zuzenbidez, baliogabeak dira; epaiaren aurretikoak, baldintza batzuen arabera, bailogabegarriak dira. Ezkontza, dibortzioa, dohaintzak familia-kontseiluaren adostasunarekin eta sendagile arduraduranen iritziarekin soilik burutu ditzakete. Tutoretza erabakitzen duen edo eragozten duen aginduaren aurkako errekurtzoa aurkeztu daiteke goragoko instantzia baten aurrean.
Tutoretza, bideratu zuten eragileekin batera, irekitzeko urrats berdinak jarraitzen dituen kentze prozedura baten bitartez amaitu daiteke. Kasu batzuetan epaileak, tutoretza itxiz, kuratela bat ireki dezake.
Txotxatasuna:
Gorputz, elikadura, esfinter-garbitasunaren galera da
Aurreratutako dementziazko egoeretan eta muturreko zahardadean agertzen den osoko esfinter-inkontinentzia da.
|
U |
Uhin moteleko loa:
Uhin moteleko loa edo lo geldoa eragiketa elektroentzefaliko geldoak eta zabaltzasun handiakoak (delta uhinak) bereizten dituen loaren aldietako bat da, 3 eta 4 fasean agertzen dena. Erruz, fase honi eransten zaio lo paradoxikoa ez den guztia. Lo mota hau, funtsean, gaueko aurreneko erdialdekoa da. Beraren helburu nagusia berriztapen metabolikoan datza. Bere eraginpean proteinen sintesia bultzatuko duen hazkuntzarako hormona askatzen da. (ikusi loa).
Ume basatia:
(ikusi haur basatia).
Ume karakteriala:
Deitura hau, maizenik, benetako gaitz mentalik edukitzeke, portaera aztoratua eta ingurugiroarekiko egokitzapenerako zailtasunak erakusten dituen umeari atxikitzen zaio.
Izaeraren aztoramen hau, batzuetan, konstituzionala izan ohi da. Baina, gehienetan, egituraketa neurotiko baten afektu eta harreman arazoekin loturikoa da. Arazo hauek ekintzen anabasarekin eta portaera erasokorrekin adierazten dira. Aurrenekoak ezinegon psikomotorearen uherdurarekin, asaldurarekin, imintzioekin, gau-ikarekin eta, batez ere, ikasketen emaitza txirotzen duen arretaren barreiatze egonkorrarekin adierazten dira. Berarekin batera imintzioaren esterotipia batzuk ere (tik, onikofagia) ager daitezke. Bigarrengoei dagokienean, aurkariak diren erreakzioekin, suntsiketaraino iritsi daitezkeen haserrearen eztandekin, bulkada krisiekin azaleratzen dira; baina, baita ezkutuko aurkaritzarekin ere: inertziaren indarra edo aginduen betetze geldoa, gehiegizko iraupenak eta errepikapenak bereizten duen muturtze arraroa eta areriotasun estalia. Batzuetan delinkuentziarekin mugatzen duten portaerak izan ohi dira, karakteriala psikopata bihurtuz.
Umorea:
Gizabanakoaren bizipen afektiboa eta emoziozko erreakzioak menderatzen dituen funtsezko egoera timikoa da. Hizkuntza arruntak umore on eta txarra erabiltzen ditu afektibitatearen eta izaeraren antolaera deskribatzeko. Psikiatrian, umoreak, bi norabidetarantz aztoratu daitekeen oinarriko tonu timikoa adierazten du: euforiaren, hedakortasunaren, asalduraren aldera, egoera maniakoetan gertatzen den legez; eta gutxiagoatzearen, atzeratzearen, depresioaren aldera egoera depresibo edo malenkoniatsuetan. Beraz, “umorezko” esanahitik libratuz (likido organikoak), Hipokrate-ren antzinako kontzeptuaren berrerabilera da, izaera edo tenperamentua gorputzeko lau umore handien nahasketaren emaitza denarena hain zuzen: odola, linfa, behazun horia eta behazun beltza (atrabilis). Azken honen gehiegizkoari zor zitzaion malenkonia.
Umore egonkortzailea:
Umorearen gehiegizko gorabeberak mugatzeko erabiltzen den osagaia da. Garrantzitsuena, ezbairik gabe, litioa da (ikusi litioa). Antikonbultsiboak diren karbamazepina (tegretol) oxkarbazepina (trileptal), dipropilazetamida eta azido balproikoa (depakine) ere erabiltzen dira.
Untzinata krisia:
Fokua hipokanpoko birako gakoan daukan tenporal epilepsiaren mota bat da. Klinikoki tankera onirikoko kontzientziaren sorgortzearekin batera, ilusio anitz, usaimen haluzinazioekin eta jada-ikusitakoaren sentimenekin adierazten da.
Urrikoa (defizitarioa):
Adimenaren gutxiagotzea jasaten duen pertsonari deitzen zaio urrikoa. Urritasuna atzerapenaren edo dementziazko erasanaren ondorioa izan daiteke.
Urritasun mentala:
Gutxiegitasun psikiko orori deitzen zaio urritasun mentala, nahiz eskuratua nahiz sortzezkoa izan. Baina hitza, bereziki, adimen atzerapenen urritasunarentzako erabiltzen da. Gaur egun, M. Bury eta P. Minaire-ren arabera, hiru maila bereizten dira: Urritasuna, gaitz mentalak eta euren aztoramenak adierazten dituena; Ezgaitasuna, urritasunaren ondorio dena eta ondorio morbido funtzionalak definitzen dituena (ordain ekonomikoa lortzearren neurtu daikeena); eragozpena, urritasunaren ondorio sozio-profesionalei dagokiena (neurtezina eta egoeraren arabera epaitzen dena)
|
W |
Wernicke-ren entzefalopatia:
Alkohol toxikapen sendoari dario dakiokeen gabezia baten erasana da (B1 abitaminosia).
Anatomo-patologikoki mamilar tuberkuluen eta III eta IV. bentrikuluen inguruko substantzia grisaren zauriekin agertzen da.
Klinikoki, hasiera kontzientziaren aztoramenak (sorgortzea, ideien geldotasuna, desorientazioa, logalea) ematen dio eta, geroago, orekaren arazoak eta paralisi okulomotoreak ezartzen dira.
Bilakaera, ez baldin bada bitaminazko eta proteinazko tratamendua agintzen, kakexiara eta heriotzera bideratzen da. Entzefalopatia hau Korsakov-en psikosia bihurtu daiteke, kronifikatuz.
Winnicott (Donald Woods):
Neurrizkanpoko talentu klinikoaz ornitutako pediatra handi hau, lankideen artean ume-ikaragarritzat harturikoa, izan zen Britania handiko haur-psikoanalisiaren sortzailea (Melania Klein Londres-era iritsi aurretik). Egoera paradoxikoa berea, historia freudiarrrean betekizun hori emakumezkoena izan denez. Bere ekimenagatik eta bere egiteko tankerengatik, alde batetik kleiniarrei eta bestetik anafreudiarrei aurre eginez, independenteen taldekoa zen eta funtsezko jaraunspen kontzeptuala utzi zuen, nahiz eta ez zuen eskolarik edo korronterik sortu.
Donal Woods Winnicot Plymouth-en jaio zen 1896ko apirilaren 7an, Ingalaterra mendebaldeko kostako inguru inkonformista batean. Sir Frederick Winnicott, bi aldiz alkate izandako merkatari aberats nobletuaren hiru ondorengoen arteko seme bakarra zen. Ume mimatua, aldameneko etxean bizi ziren eta bere jolaskide onenak ziren bost lehengusinaz inguraturik hazi zen emakumez beteriko unibertso batean. Bere heziketan amak, amonak, inudeak, etxe-irakasle andereinoak eta beraren bi arreba nagusiagoek bete zuten lan garrantzitsuena, aitaren lekua hutsik geratzen zen bitartean. Bere egitekotan eta lanetan murgilduz etxekoentzako denborarik ez zeukan aitaz honela idatzi zuen: “Nire aitak erlijiozko sinesmen sinple bat zeukan. Egun batean, amaigabeko eztabaida luze batera eraman giztzakeen galdera bat egin nionean, erantzun honekin kontentatu zen: ´irakur ezazu Biblia, eta han aurkituko duzu erantzun ona`”.
13 urterekin Cambridge-ra bidali zuten ikasle pentsionista gisa. Bere oroitzapenetan banantzeak zekarren herrimina gogoratzen zuen, baina baita bizi berrirako egokiera erraztu zion lasaitasuna ere. Laster biologia darwiniarrarekin biziki arduratu zen, eta klabikula hautsi ondoren, medikuntza ikastea erabaki zuen. Cambridge-ko Jesus Kolegioan biologiako ikasketak ere burutu zituen. Munduko aurreneko gerran zirujau laguntzaile bezala ihardun zuen destruktore batean.
1923an psikiatria eta psikoanalisira zuzendu zen. Urte berean Padington Green Children`s ospitaleko sendagile laguntzaile izendatu zuten, postu horretan berrogei urte iraun zituelarik, hirurogei mila umetik gora tratatuz. Halaber 1923an hasi zuen sei urte iraungo zuen bere “sendatze analitikoa” James Strachey-rekin. Alice Taylor, eltzegile eta zeramista bezala ohore xumea lortu zuen artistarekin ezkondu zen. James eta Alix Strachey-ren artean elkartrukeko postan ikus daitekeenez, “Winnie-k” sexu-arazoak jasan zituen eta, dirudienez, ez zuen lortu ezkontza burutzea. Winnicott-en bizitza korapilotsuan Alice Taylor-ek beteriko lekuari ez zaio ardura gehiegirik eskaini, baina jakinaren gainekoa da behin baino gehiagotan ospitale psikiatrikoetan barneratua izan zela.
1951, dibortziatu eta bi urte geroago, Clare Britton, bigarren gerra mundialean hirietatik ateratako umeen kokapenez arduratu zen gizarte langilearekin ezkondu zen. Bera ere, Clare Winnicott izenarekin, psikoanalista bihurtu zen (aldi berean ospe handiko irakaslea izan zen Londres-eko Ekonomia Eskolan eta Kanpo Arazoetako ministeritzan). Winnicott-ek ez zuen seme-alabarik eduki.
Winnicott-ek bere heziketa psikoanalitikoari hasiera eman zionean, 1913an, Ernest Jones-ek fundatutako Britania Eskola Psikoanalitikoa (BPS) krisian zegoen. Anna Freud eta Melania Klein partaideen arteko gatazka gogorrak zeuden indarrean, haur psikoanalisiari zegokionean batez ere. 1926an, Jones-en eskaerari erantzunez, M. Klein Londres-en instalatu zen. Anna Freud-en aurka, zeinek haur-psikoanalisiaren kontzepzio pedagogiko batean ezarrita jarraitzen zuen, M. Klein-ek jolasaren teknikan eta haur-psikosien miaketan oinarritutato irakaskuntza bat bilakatu zuen. 1930 inguruan, teorikoa zen gatazka instituzionala izatera igaro zen. Melania Klein-ek jarrera tiranikoa hartu zuen eta, Edwuard Glover-ekin analizatzen zen Melitta Schmideberg bere alaba zena ere aurka jarri zitzaion.
Familia-korapilo honen erdigunean Winnicott-ek bere independentzia gorde zuen. Nahiz eta M. Klein miresten zuen (Strachey-ren aholkuz bere gainbegiraketa jaso zuen 1935etik 1941era) ez zen bere exijentzietara makurtu. Melaniak bere semea zen Erik analisian hartzera behartu nahi izan zuenean, berak gainbegiratzearren, analisian onartu zuen baina Klein-en kontrol eta gainbegirada orori uko eginez. Halere bere heziketa psikoanalitikoaren garapena kleiniar eskolan burutzen jarraitu zuen. Horretarako Joan Riviere-kin berranalizatu zen (1933-1938). Clare Winnicott. Bere aldetik, M. Klein-ekin analizatu zen.
Eztabaida handien garaian independenteen bidea aukeratu zuen, bere egoera dotrinalarekin ondo z