Psikopatologiako Hiztegia (N-P) Blas Erkizia Amilibia (Beasaingo Osasun Mentaleko, 2002) |
|
![]()
|
N |
Nabarmenkeria:
Maiz egiazaletasunik eta berezkotasunik gabe egiten den egoera emozionalen gehiegizko adierazpenari deitzen zaio nabarmenkeria.
Labilitate afektiboarekin, sentimenduen erasanekin eta jarrera erakargarritasunekin batera, sarri, nortasun histerikoaren osagaietako bat izan ohi da. Ingurugiro xarmangarria edo dramatikoa lortzeko egitasmoa dago nabarmenkeriaren atzean eta, batzuetan, ohiko hutsunearekin eta sentimen txirotasunarekin kontrajarria den hizkera superlatiboa erabiltzen da.
Nahasketa:
Kontzientziaren itsukeriak, desorientazio espazio-tenporalak, haluzinaziozko eldarnio onirikoak, oroimenaren erasanak eta honi guztiari darion ondorengo amnesia lakunarrak bereizten duten egoera psikiko patologikoa da.
Itsukeria arretaren eta jagoletzaren aztoramenekin lotuta dago eta gogozko eta sintesirako eragiketa psikikoen desegituraketa dakar. Erasana neurri desberdinetakoa izan daiteke, adimenaren nolabaiteko eraginkortasuna gordetzen uzten duenetik hasi eta harridurazko, mututasunezko, akinesiazko pseudodementziarainokoa. Zalantzazko larritasuna izaten du lagun gehienetan.
Desorientazio espazio-tenporala ere garrantzi desberdinekoa izan ohi da. Ohiko lekuen aurkikuntza eragozten duen eta alderrai ibiltzera bideratzen duen antzemate topografikoa galtzen da, gutxienez. Bere etxera itzultzeko gai ez den amnesiko nahasiaren ihesa da.
Oroimenaren erasana finkapenezko amnesiarena da, hau da, desorientazioa ondo argitzen duen eta nahaste ondorengo amnesia dakarren gertatu berrien ahaztea.
Eldarnio onirikoa, berriz, ametsa loaldiari itsasten zaion antzeko gisan barneratzen zaio nahasketari. Nahaste-onirikozko egoera da: hautemate sentsorial arruntak sorgortu eta desitxuratu egiten dira, sentimen faltsuek ilusioak sortzen dituzte, ikusmenezko haluzinazioak ezartzen dira eta, batzuetan, baita entzumenezkoak, dastamen-usaimenezkoak eta zenestesikoak ere. Arazook sortzen duten eldarnioa eduki fantastikoekin eta profesionalekin ornitzen da: hondamendiak, eguneroko ihardueran sartzen diren animalia izugarrien ikusmenak (gidoi baten barrenean gertatuko balira, gaixoa erabat edo neurri batean soilik menperatuz).
Horrek argitzen du, batzuetan eta estimulu sendo bat ezarriz, nola atera daitekeen pazientea bere eldarniotik. Baina berehala berrerortzen da eta, bilakaera, larritasun iraunkor baten soinean igarotzen da, izualdiekin, mehatxuzko eta bat-bateko heriotzaren bizipen fobiko orokorrean.
Nahasketaren eragileak: Bilakaera eragilearen araberakoa da. Infekziozko jatorrikoa izan daiteke: tifoideak, paludismoak, gripeak, bruzelosiek, entzefalitisek sortarazten dituztenek eldarniotik gehiago eduki ohi dute harriduratik baino. Eragilea, sarriagotan, toxikoa izan ohi da: alkoholismoari darion “delirium tremens-a” denen gainetik, baina baita ere hashis-ak, kokainak eta, batez ere, sendagai anitzek (anfetaminek, barbiturikoek, benzodiazepinek, antidepresiboek eta neuroleptikoek) eragindakoak. Psikotropo guztiek, neurriz kanpo erabiliz, sor dezakete nahasketa. Aztoramen metabolikoak (hipoglizemia, hiponatremia, hiper edo hipokaltzemia, deshidratazioa ala hiperhidratazioa, hiperazotemia) eta gaitz endokrino batzuek ere (hipokortizismoa, mixedema, Basedov) aipatu beharrekoak dira.
Garun-eragile zuzenekoak ere ugariak dira: Lehenengo mailan epilepsia, bere krisi-ondorengo eta “gaitz-egoerako” nahasketarekin; eta hurrengo mailan dementzia-egoeretako hastapen nahasiak, tumoreak, infartuak, garun-meningeetako odol-jarioak, traumatismoen ondorengo hematoma subdural eta extraduralak. Aipamen berezia sor zaio nahasketa kronikoa lekarkeen Korsakov-en psikosi sindromeari. Azkenik, eragilea psikogenesi hutsezkoa izan daiteke: nortasun hauskorra edo aldez aurretiko jarrera daukatenengan, trauma psikiko latz batek sortutako emozioak nahasketa-egoera ezarri dezake.
Sailkapenaren zailtasunak: Esandako guztiarengatik, ezin daiteke nahasketa sorrera neurobiologikoko psikosi akutu bezala hartu, soilik. Batzuetan, eldarniozko bufadatik oso gertu dago edota eskizofreniaren barneko aldi katatoniko larrietatik. Horretaz, tamalgarria da gaur egun dagoen sindrome mental hutsera bihurtzeko joera (DSM). Egiaz, izaera nosografiko berezia dauka: L. Delasiauve-k eman zion izena, “nahasketa mentala”, 1851ean; “Ph. Chaslin-ek sindrome psikiatrikoaren mailara eraman zuen (Nahasketa mental primitiboa, 1895); eta E. Minkowski-k azterketa fenomenologiko sotila erantsi zion, “nahasia” eta lausoa edo zehaztugabea argi bereiziz eta, horrenbestez, eskizofreniatik bananduz; H. Ey-k leku berezi bat eskaini zion kontzientziaren desegituraren hierarkian; eta G. Daumézon-ek histerikoen fase gatazkatsu bateko portaera atzeragarri baten gisa ulertu zuen.
Nahaste onirikoa:
Jagoletzaren gutxiagotzearekin eta kontzientziaren aztoramenarekin agertzen den nahasketa mentala alde batetik eta, bestetik, ametsa gogorarazten duen eldarnioa batzen dituen egoera psikiko morbidoa da.
Eldarnioari ikusmenezko haluzinazio izugarriak gehitu ohi zaizkio, bizipen handikoak, iratzarrean jasandako amesgaiztoak bailiran. Nahaste oniriko egoeraren aitzindaria alkoholzaleen “delirium tremens-a” da.
Nahimena:
Gogoak eginkizun determinatzailea daukan gizakiaren edozein eragiketa da eta, horrenbestez, baita helburu bat lortzekotan, bere jakinduriaren eta kemenaren ahalmenak erabiliz, gizakiak abiadan ipintzen duen edozein portaera ere (J. Sutter).
Irrika eta automatiko portaeren antipodetan, gogozko ekimenak aldez aurretiko ideia bat, hausnarketa bat eta engaiamendu bat suposatzen ditu. Beraz, lehenengoz, egitasmo bat egongo litzateke, gero barru aldeko deliberazioa (helburuari dagokion aukera egokiena aukeratzeko), ondoren erabakia eta, azkenean, ekimenaren gauzatzea, hori guztia kontzientziaren menpean betetzen delarik. Hala ere, eskema honi, zenbait determinatzaile eta baldintzen ńabardura erantsi behar zaizkio, inkontzienteak eta sozialak batez ere, zeren erabateko “hautamen askea”, zenbaitetan, ilusio hutsa da. Baina horrek ez du eragozten engaiamenduaren eta gogozko ekimenaren benekotasuna. Borondatearen aztoramenak neurosietan adierazten dira, obsesibozkoetan eta psikastenikoetan gehienbat, abuliaren, inhibizoaren eta berezkotasunaren galeraren itxura hartuz. Malenkoniazko depresioetan harriduraraino iritsi daitezke. Bereziki larriak diren eskizofrenia batzuk negatibismoz eta apraxiaz janzten dira, pazientea klinofiliara (ohean denbora lar igarotzea) eta axolagabekeriara bideratuz.
Narkoanalisia:
Eragin azkarreko barbiturikoarekin, benabarnez injektatuz, sortarazten den logura profitatuz egiten den azterketa psikologikoari deitzen zaio narkoanalisi.
Metodoa eta hitza Horsley-k sortu zituen, 1930ean. Barbiturikoari (amital sodikoari) metilanfetamina bat gehituz gero, pazientearen mintzamena erraztearen helburua daukan anfetaminazko azpinarkosia eragiten da. Metodo hauek bi helbururekin erabili daitezke: Helburu diagnostikoa, mututasunean, mesfidantzan, amnesian eta psikosi atipikoan adibidez; Helburu terapeutikoa, pazienteak eskainitako osagaien berregituraketarako (narkosintesia), trauma ondorengo eta histeri neurosien abreakziorako, eta abar. Etikoki oso eztabaidagarria izanik, jada ez da erabiltzen.
Narkolepsia:
Lo hartzeko gehiegizko joera da eta bat-bateko loaldi eutsiezinekin adierazten da. Sindromea XIX. mendearen bukaeran deskribatu zen (C. Westphal, 1877 eta J. B. Gelineau, 1880). Lau sintoma nagusi dauzka: bat-bateko loaldi errepikatuak, kataplexia (ustekabeko gihar-tonuaren galera), fenomeno hignagogikoak (lotaratze uneko ikusmenezko edo entzumenezko ilusio edota haluzinazioak) eta loaren paralisia (lo hartzeko eta esnatze garaiko mugituezina). REM faseko (lo paradoxikoa) anomalia da. (ikusi Loa).
Narkoterapia:
Psikiatrian erabiltzen den baliagarri terapeutikoa da eta psikotropo lasaigarrien eta isolamenduaren bitartez lortutako lo etenean eta luzean datza. “Lo-sendaketa” ere deitzen zaio.
Neurofisiologoen arabera, nerbio-egituraketa nagusien atseden ordaingarritik, isolamendu sentsorialetik eta eragiketa onirikotik dartorkio onura. Ikusmira psikologikotik, erregresioari, ametsei eta abreakzioari darie eragin psikoterapeutikoa. Neurosi-krisi desberdinetan, toxiko batzuen “kentzeetan” eta psikosi batzuetan erabiltzen da.
Narkotikoa:
Lasaitasuna eta anestesia eragiten duen substantzia da. Estupefazientearen baliokide gisa erabiltzen da.
Narriadura mentala:
Eragile kognitiboen erasana, adinari edo orokorrean itzuliezina den dementziazko prozesu bati loturikoa.
Mentalki narriatutako subjektuak, eskuarki, bizitzako adimen esparruetako gaitasunak (hitzezko adierazpena, giza eta profesio-automatismoak) maila onean gordetzen ditu; baina, ohiko ihardueratik at eta gauza berrientzako egokitzapenari dagokionean, gutxiagotuta aurkitzen da. Beraz, hitzezko adimenaren baino gehiago “lorpen-adimenaren” erasana da. Desberdintasun honetan oinarritu zen H. Babcok, 1930ean, bere neurketa psikometrikoa osatzeko, “kristalizatutako” adimenaren (hitzezko test-ek neurtzen dutena) eta adimen “jariakorra” (ez-hitzezko test-ek neurtzen dutena) bereiziz. Narriadurak kristalizatutako adimena errespetatu egiten du, ez ordea “jariakorra”. Narriaduraren eskala, beraz, lorpenen test batekin alderatzen den hiztegiko test batean oinarritu daiteke. Bien arteko desberdintasunak narriaduraren portzentaia erakutsiko luke. Gogoan eduki behar da, bestalde, adimenaren eraginkortasuna, berez, 25 urte ondoren gutxiagotu egiten dela. Honi narriadura fisiologikoa deitzen zaio eta adinarekin batera handiagotzen joaten da. Neurriz kanpokoa denean soilik iristen da patologikoa izatera. Garunaren erasan baten hasierako adierazlea izan ohi da, dementziarena hain zuzen.
Nartzisismoa:
Norbere buruarenganako maitasuna da; sexu-irrikak Ni-a hartzen du objektu gisa.
Lehandabizikoz, Alfred Binet psikologo frantziarrak erabili zuen hitza 1887an; fetitxismoaren era bat izendatu nahi zuen, norberak bere gorputza sexu-objetu gisa hartzearena hain zuzen. 1898an, Havelock Ellis-ek Nartzisoren mitoarekin zerikusia zeukan portaeraren perbertsioa deskribatu zuen hitz honekin. Eta,1899an, Paul Näcke kriminologoak alemaniar hizkuntzan sarrarazi zuen. 1910etik aurrera agertu zen S. Freud-en hiztegian.
Greziako tradizioan norbere buruarekiko maitasuna izendatzen zuen nartzisismoak. Ovidio-ren Metamorfosien III. liburuak bihurtu zituen ospetsu Nartzisoren elezaharra eta pertsonaia. Zefiso jainkoaren eta Liriope ninfaren semea zen. Paregabeko edertasunaren jabe zen. Ninfa anitzen maitasuna bereganatu zuen, errefusatu zuen Eko-rena tartean zelarik. Eko, etsita, gaixotu egin zen eta Nemesi-ri mendekatu zezala eskatu zion. Behin, ehizean zebilela, ur gardeneko iturri baten ondoan geratu zen: bere irudiaren erreflexuak erabat txunditu zuelarik. Beste izaki baten aurrean zegoela sinestu zuen eta, harrituta, ez zuen lortzen berea zen aurpegitik begirada kentzea. Bere buruaz maiteminduta zegoen. Orduan besoak uretan murgildu zituen heldu ezinezko irudia besarkatzeko ahaleginetan. Beteezinezko desiraren torturapean, negarrez, bere maitasunaren objektu izateaz ohartu zen. Orduan, bere pertsonarengandik banantzen saiatu zen eta odoltzeraino egurtu zuen bere burua eta, zorigaiztoko ispilua agurtuz, zendu egin zen. Dolu gisa bere arreba naiadeek eta driadek euren ileak ebaki zituzten. Eta Nartzisoren korputza erre nahian, lore bihurtu zela ohartu ziren.
1914an eskaini zuen Freud-ek nartzisismoaren egiturazko definizioa: nartzisismoa ez da, jada, autoerotismoaren eta objektuzko maitasunaren artean legokeen sexu-bilakaeraren aldietako bat, baizik eta libidoaren estasi edo geldialdi bat, Ni-an finkatuko litzatekeena egituraketak irauten duen bitartean.
Bi motatako nartzisismoak ikustatu zituen Freud-ek: Lehen mailako nartzisismoa, kanpoko inongo objektu aukeraketaren aurretikoa, haurtzaroko aldi ahalguztiduna deiturikoa, non bere maitasun objektua haurra bera den; bigarren mailako nartzisismoa, bigarren aldi bati dagokiona, non libidoaren objektua Ni-arenganako berrisurketan dagoen. Bigarren mailako nartzisismo honetaz baliatu zen Freud zenbait egoera patologiko argitzeko, neurosi nartzisisten artean sailkatzen zuen malenkonia adibidez.
Lehen mailako Nartzisismoari dagokionean ikusmolde desberdinak daude eta, denak, objektu-eraketaren inguruan osatzen dira. Freud-ek, bere bigarren moldaketan, Ni-a instantzia bat legez definitu zuen, hots instantzia desberdinek osatutako sistema bat bezala, objektu-gabeko egoera gisa, umetoki-barneko bizitzaren edo loaren gertukoa, azken finean; beraz, lehen mailako nartzisismoa autoerotismoarekin nahastuko litzateke. M. Klein-en arabera, berriz, bizitzaren sorreran abiatzen dira objektu-harremanak eta, barneratutako objektuekiko libidoaren berrisurketak egoera nartzisista iraunkor bat mantenduko luke. Lacan-en ustetan, ostera, “ispilu-aldiak” argituko luke aurreneko eraketa nartzisista hau: nartzisismoa Ni ideiala da eta, bertan, bestearen irudia, hurkoarena, ispilu batean somatzen du haurrak, poza sortzen diolarik. Bigarren mailako nartzisismoa NI-ideialaren ezarpen iraunkorreko geroagoko aldia izango litzateke.
Nazka:
Higuina edo jangurarik eza da (elikagaien aurrean adibidez) eta egoera okaztagarritik gertu dagoen sentimen deseroso batekin batera agertzen da.
Munduko II. Gerraren hasieraren ondoren alkoholismoaren tratamenduan “nazkazko osaketa” sarrarazi zen. Gaixoari droga okagarri bat ematen zaio eta, alkohola irentsiz gero, goragaleak eta okak jasango lituzke. Desbaldintzapen metodo bat da eta, ezarri aurretik, gaixoari helburuak argitu egin behar zaizkio, onar ditzan. Teknika, taldeka ere erabili daiteke. Metodoak medikuntza eta etika arloko eztabaidak sortu ditu. Teknika honetara beste eratako hurbilketek porrot egiten dutenean jotzen da.
Nefalismoa:
Edozein alkohol edarirekiko abstentzioa da, erabatekoa eta baldintza gabekoa.
Greziar jatorrizko hitza da: abstenitzen ziren taldeek, antzina, izugarrizko festekin, “Nefalidekin”, ospatzen zuten euren portaera.
Aurretik edaleak izandakoak izendatzen ditu “nefalista” hitzak (batez ere Frantzian).
Negatibismoa:
Hurkoak eginiko eskaerekiko eta iradokizunekiko ukapenezko eta aurkakotasunezko portaera da.
Batzuetan, ingurugiroan sortutako eskakizun guztien aurkako jokaera iraunkorra izaten da. Gaixoaren jarrera ezkorra pasiboki (luzatutako eskua ez du estutzen) eta aktiboki (mugiarazi nahi denean zurrundu egiten da, elikatu nahi denean maxilarrak estutzen ditu) adierazten da. Aurkakotasun honi hitz egiteko ukapena eta mututasuna ere gehitzen zaizkio. Ezaugarriok jazarpenezko eldarnioetan, tolestura autistikoan eta eskizofreniaren era katatonikoetan agertu ohi dira (fetu-jarrerako egoera zurrunak dira muturreko adierazleak)
Neologismoa:
Eldarnioa edo eskizofrenia jasaten duen gaixo batek, fonemak desitxuratuz, ordezkatuz, alderantzikatuz edo asmatuz sortzen duen hitz berria da.
Zientziaren, argotaren eta teknikaren arloan kizkuntza biribiltzeko eraikitzen diren neologismoen egitasmoa ingurugiro baten harremanen aberastasunean datza. Neologismo patologikoak, alderantziz, gaixoaren erabilerara soilik mugatzen dira eta fonemen desbideraketa anitzez baliatzen da. Batzuetan, ez daukate inongo zentzurik, hitzezko jolas hutsean geratzen dira; beste batzuetan badaukate, baina pazientearentzat bakarrik: ez ezagutzeko sortzen ditu edo, bestela, eldarnioaren ihardueraren logika koherentean eta ezkutukoan egon ohi dira.
Afasia sentsoriala jasaten duten gaixo batzuek ere hain bitxiak ez diren zenbait neologismo erabiltzen dituzte ahantzitako hitzen ordezkari gisa.
Nerbio-anorexia:
(Ikusi anorexia.)
Neurastenia:
Akidura eta astenia fisiko eta intelektualezko egoera kronikoa da, depresio erako bilakaera eduki ohi du eta, orokorrean, oinaze somatiko anitz izaten ditu lagun. 1880an deskribatu zuen G.M. Beard neurologo estatubatuarrak eta XX. mendearen erdirarte indarrean egon zen mendebaleko burukideen artean. Gehientsuenetan distonia neurobegetatiboekin eta gaitz organikoa iradokitzen zuten arrangura organikoekin ornitutako era apaleko depresioa estaltzen zuen (gaur egungo depresio “mozorrotuen” baliokidea). Duela gutxi antzeko sindrome bat isladatu du Y. Lecrubier-ek, dopaminergiko sistemaren gutxiagoko funtzionamenduari loturiko timastenia hain zuzen.
Neuroendokrinologia:
Nerbio-sistema zentralaren eta endokrino-sistemaren arteko elkarrekintzen azterketa da.
Garuna organo jariatzailea da eta bere hormonak dira organismoaren eragiketa endokrinoak zuzentzen dituztenak, hipotalamo-hipofiso giltzurrungaineko ardatzaren bitartez bereziki. Hormona hauetako batzuk “peptidergiko” deituriko neurobitartekariak dira, eta, monoaminergiko neurobitartekariek egiten duten legez, garunaren eragiketetan parte hartzen dute. Hormonek, feto-bizitzan zehar, zerikusia daukate garunaren heltzean. Neuroendokrinologiaren adarra den “psiko-endokrinologia” egoera psikiko normalen eta patologikoen ihardueraz arduratu da. Adibidez, hipotalamo-muin-giltzurrungaineko ardatzaren gehiegizko eragiketari darion estresaz. Psikopatologiaren arloan, egoera depresiboetan bat aipatzekotan, erasan endokrinoak bihur daitezke gaitzen iturri: depresioaren sorreran hipotiroidismoa edota hipertiroidismoa egon daitezke; baita ere giltzurrungaineko kortiko gaitza (Addison-en gaitza), hiper-kortizismoa (Cushing), hipo edo hiper-paratiroidea, hipofisiaren gaitzak (gutxiagoko jarioa edo, alderantziz, GH deituriko hazte hormonaren gehiegizkoa). Sexu-hormonen gutxiagotzeari lotutako menopausia garaiko joera depresiboak ere ezagunak dira.
Halere, psikiatren arreta gaitz mentalen erakusle biologikoak izan daitezkeen hormonen neurketara zuzendu da. Neurketok estatikoak dira batzuetan, adibidez plasman dagoen kortisola neurtuz; bestetan, dinamikoak: ardatz endokrinoak artifizialki eragindako aztoramenari emandako erantzuna neurtuz (mg 1 dexametasona ezartzen da eta, gero, kortisolak plasman jasaten duen bilakaera neurtzen da, hau da Dexametasona Ezabatze-Testa edo DST, Dexamethasone Suppression Test). Test hau, lehendabiziz, Cushing gaitzaren hiperkortizismoa nabaritzeko erabili zen; gero, depresioak jotako gaixoek ez zutela dexametasona ezabatzen ohartu ondoren, indarrean jarri zen: pertsona arruntetan gertatzen denarekin alderatuz, kortisola ez da gutxitzen dexametasona ezarriz gero; beraz, ikerketa lanetan, milaka eta milaka test egin ziren; zoritxarrez, depresioaren neurketarako erabiltezina egiaztatu zen, zeren espezifikoa ez izanik beste aztoramen mental askotan ere positiboa suertatzen zen. Hala eta guztiz ere, DST-ak, orain beste esparruetan aztertzen den depresioetako hipotalamo-hipofiso-giltzurrungaineko ardatzaren nahasmendua egiaztatu zuen. Gaur egun, psikiatriako sindrome handien erakusle edo markadore biologiko zehatzik ez egon arren, badaude portaera patologiko trans-nosologikoak diren susmagarri biologikoak.
Neurohizkuntzalaritza:
Ezkerreko garun-azaleko, hau da hizkuntzaren esparruko zatikako edo osoko zauri fokalak eragindako hizkuntza aztoramenen azterketa da.
Aztoramenon ikerketarako hizkuntzalaritza eta neurologia erabili ziren eta euren elkargunetik sortu zen neurohizkuntzalaritza. Eta definizioa hizkuntzaren lorpenak aztoratzen dituen garun azaleko zauri mota guztietara zabaltzen da. Hizkuntzalaritzari ere, beraz, zuzenean dagokio, zeren patologiak, zauriaren bitartez, hizkuntzaren osagaiak zehazki esperimentatzeko aukera eskaintzen dio. Elkargune honen gauzatzea, halere, luze joan zen.
Hitza bera ez zen agertu 1960 inguru arte. Orduan idatzi zuen R. Jakobson-ek: “Afasia gertakizunen sailkapenerako hizkuntzalarien kriterioen erabilera oso baliagarria izanen da eta, gainera, hizkuntzalaritza bera ere asko aberastuko da, baldin eta hizkuntzalariek, emaitza patologikoen azterketetan, euren zientziarako erabiltzen duten arreta berdinez jokatzen badute” (1963).
Hizkuntza eta afasiak: Neurologoak berehala aurkitu ziren hizkuntzaren arazoarekin; nerbio-sistema zentralaren zauriaren eta hizkuntzaren arazoaren artean lotura baitago. XIX. mendeko azken berrogei urteetan, P. Broca-ren gidaritzapean, afasia mota handiak identifikatu ziren. 1861-1863 urteeetan Broca-ren afasia deskribatu zen: ezkerreko garunaren esparru frontalaren hirugarrengo zinkunboluzioko oinaren zauriari dagokio; “motore-afasia” da: gaixoak ondo hautematen ditu doinuak eta zuzen ulertzen ditu esaldiak, baina hotsen artikulazio eta osatze fonetikorako zailtasunak dauzka.
1874an, C. Wernicke-k, beste muturreko afasia aurkitu zuen, afasia sentsoriala den Wernicke-ren afasia hain zuzen: zauriak ezkerreko zirkunboluzio tenporalaren gaineko aldea suntsitzen du; hizkuntzaren hotsak ez dira ondo hautematen eta gaixoak ezin du ulertu entzuten duena eta, nahiz eta ahalmen fonologikoak osotasunean jarraitu, komunikaziorako gaitasuna galtzen du (Parafasia). Wernicke-k afasiaren hirugarren mota bat ere aurkeztu zuen, “errepikapenezko afasia” edo “eramatearen afasia”: azal-tenporala eta azal-frontala batzen dituen faszikuku kakotuaren zauriak eragiten du; zaurituak entzundako doinuak ezin ditu zuzen errepikatu, hizkuntzaren ahalmen fonologiko motoreak eta sentsorialak osorik gorde arren; beraz, esparru semantikoak ez du erasanik jasaten.
Hala ere, neurologoen hizkuntzarekiko arreta bi guneen arteko egiaztapenera mugatu zen. H. Hécaen izan zen, aurrenekoz, neurologoen eta hizkuntzalarien ikerketak batu zituena. 1972an, “afasien neurohizkuntzalaritzazko deskribapena” aurkeztu zuen. Horrela, Adierazpeneko afasiak proposatu zituen: hizkuntzazko unitate gutxiagotasun unitateen arabera “eragiketa fonematikoaren afasia”, “eragiketa sintaktikoaren afasia” (agramatismoa), “esaldien programatze afasia”, “afasia amnesikoak”eta “afasia sentsorialak” bereizi zituen.
Hizkuntzalaritzaren ereduak: generatibismoa: neurohizkuntzalaritzak, tipologiatik haratago, hizkuntzazko ekimenen sorreran ipintzen diren mekanismoen funtzionamenduen frogaketa egin nahi du. Eredu generatibistak deskribapen linguistikoaren eta hizkuntza funtzionamenduaren isomorfismoa suposatzen du. P. Marcie-k hipotesi hau frogatu nahi izan zuen. Horretarako prozesu linguistikoa, esaldi baten anbiguotasuna aztertu zuten kokatzen den mailaren arabera, hau da lexiko mailaren, azaleko egituraketaren edo sakoneko eraketaren erara. Hipotesiak zailtasunaren arabera antolatzen zuen hierarkia, ambiguotasuna tratatzeko ahaleginean: lexiko mailak azaleko anbiguotasunak baino baliabide kognitibo gutxiago behar ditu, eta azalekoak sakonekoak baino gutxiago oraindik. Anbiguotasunaren eredu hau hitzen ulermenaren arazoak erakusten dituzten afasia sentsorialei atxiki zien. Hipotesia, ordea, ez zen egiaztatu, zeren gramatikaren arloko hierarkiak nekez estrapolatu daitezke arlo psikologikora.
Zauri lausotuek, fokalekin alderatuz, desegituraketa oso desberdina eragiten dute. Zauri fokalek hizkuntza bere “instrumentaltasunean” (K. Goldstein) aztoratzen dute: fonologian, sintaxian, esaldien sorreran, lexikoan. Zehaztugabeko zauriek, alderantziz, hizkuntzaren diskurtso semantikoa desegituratzen dute, ordezkatzeko bitartekoak ere eragotziz (hizkuntza idatzia, prosodia, imintzioa).
Afasiekin egiten den legez, hizkuntzazko adierazpenaren desegituraketa dementzialaren neurohizkuntzalarien hurbilketa ere egin daiteke. L. Irigarai-k, 1973an, dementeen hizkuntzaren erredundantzia ihardueraren bi muturretan kokatu zuen: edo segmentu batetik bestera gehiegi errepikatzen da informazio berririk eman gabe, edo, alderantziz, erredundantzia gutxiegi da, zentzua eman dezakeen segmentoen arteko loturarik gabekoa. P. Marcie-ren ustetan, dementeen “hutsune semantikoa” bera “informaziorako unitate egokiak” deituriko gutxiagotzean legoke (urrun dago oraindik unitateon argibidea).
Neuroigorlea:
Neuronek sintetizatzen eta askatzen duten molekula da, nerbio-eragin kimikoaren igorpena ahalbidetzen duena.
Fenomeno hau neurona sinapsietan gertatzen da, hau da sinopsi-aurreko eta sinapsi-atzeko neuronen artean. Sinapsi-aurreko neuronak neuroigorlea dauka eta sinapsi-atzeko neuronak, bere azalean, neuroigorlea ezagutzen duen eta eragina igortzen duen hartzaileak dauzka. Neurona batek neuroigorle desberdinak eduki ditzake eta, orduan, transmisio kimikoa jokoan dagoen neuroigorlearen eta sinapsi-atzeko hartzailearen araberakoa izango da. Funtsezko sei printzipioak bete behar ditu molekula batek neuroigorle izateko:
1-: sinapsi-aurreko osagaiak molekularen aitzindariak eta bere sintesirako behar diren entzimak edukiko ditu derrigorrez.
2-: neuroigorlea garunaren leku berezietan aurkitu daitekeenez, kartografia zehatza eraiki daiteke; nerbio-zelularen luzera osoan dago eta pilaketa axoizko bukaeran suertatzen da.
3-: Depolarizazioa gertatzen denean, nerbio-bukaeran pilatutako neuroigorlea sinapsira isurtzen da.
4-: Askatutako molekulak sinapsi-atzeko hartzailearekiko eragin berezia dauka.
5-: Sinapsien arteko esparruan neuroigorlearen entzima eta mekanismo desaktibatzaileak nabaritzen dira.
6-: Substantzia farmakologiko batzuek ekimen berezia eduki dezakete igorpenaren eragitean.
Hiru motatako molekulek betetzen dituzte kriterio hauek guztiak: aminak, aminozko azidoak eta neuropeptidoak. Aminak dira hobekien ezagutzen diren neuroigorleak. Garrantzitsuenak azetilkolina, serotonina, dopamina, noradrenalina eta adrenalina dira (azkeneko hirurak katekolaminak dira). Aminozko azidoak pisu molekular gutxikoak dira eta euren artean gamma-aminobutiriko azidoa, azido glutamikoa, azido aspartikoa eta taurina daude. Pisu molekular handiagoa daukate Neuropeptidoek eta segidan itsatsitako (3-30) aminozko azidoz osaturik daude. Bere ekimen fisiologikoa ez da ondo ezagutzen. Neuroigorle batzuek, gainera, hormona lana ere burutzen dute liseri aparailuan (P sustantzia, kolezistokinina). Eta endorfina deituriko zenbait peptidok egite morfinomimetikoa daukate (metentzefalina, leukoentzefalina eta betaendorfina). Neuroigorle hauek guztiek ondorio desberdinak eta elkar-aurkariak eduki ditzakete nerbio-sistema zentralean eta, neurona baten soinean, bi eratako neuroigorleak egon eta askatu daitezke: dopamina, kolezistokinina eta P sustantzia, adibidez.
Neuroleptikoa:
Psikosien tratamendurako erabiltzen den substantzia psikotropoa da.
Neuroleptikoen eraginkortasunak erabat eraldatu zuen psikosi kronikoekiko, batez ere eskizofreniarekiko ohiko hurbilketa. 1952 arte, hau da, klorpromazinaren aurkikuntza arte (J. Delay eta P. Deniker) psikosi kronikoen aurkako sendagai eraginkorrik ez zegoen. Betiko ospitaleratzetik gaixo asko libratu dituzte neuroleptikoek. Gainera hazpegi psikikoan eta sozialetan oinarritutako sendabide osagarriak ere ahalbideratu dituzte.
Neuroleptikoen aurkikuntza: Klorpromazina, aurrenekoz, H. Laborit-ek erabili zuen anestesiarako, 1952an. Prometazina eta peptidinarekin batera “hibernazio artifiziala” eragiten zuen. 1952 urtean zehar Delay eta Deniker-ek klorpromazinak psikosietan eduki ditzakeen eraginak argitaratu zituzten, gehienbat gaixoen asalduran eduki zezakeena azpimarratuz: sendagaiaren egiteari psikomotorezko axolagabetasun sindromea zerion. 1955eko nazioarteko batzarrean baieztatu zen neuroleptikoek psikosietan zeukaten eraginkortasuna; bide batez, itsasten zitzaien Parkinson tankerako sindromea ere nabarmendu zen. Substantzion eredua klorpromazina da eta, bere ildoan, produktu asko aurkeztu dira.
Delay eta Deniker-ek, 1957an, Neuroleptiko hitza asmatu zuten konposatuon eragin neurologiko extrapiramidalak adierazteko asmoarekin; zenbait autorerentzat ezaugarri antipsikotikoak eta extrapiramidalak zuzenki proportzionalak izango lirateke. Antipsikotiko eta Lasaigarri nagusi hitz baliokideak dira. Klorpromazina eta Reserpinarekin eginiko behaketen ondoren eragiketa neuroleptikoaren bost kriterio ezarri ziren:
1-: psikomotorezko axolagabetasun egoeraren indukzioa;
2-: asaldura eta erasokortasunarekiko eraginkortasuna;
3-: aztoramen psikotiko akutuen eta kronikoen mailakako gutxiagotzea;
4-: sindrome extrapiramidalen (animalien katalepsiaren baliokidea) eta begetatiboen agerpena;
5-: garunaren kortex-azpiko egituraketetan eragiten dute nagusiki.
Mekanismo biologikoak: Neuroleptiko guztiak sinapsi-atzeko hartzaile dopaminergiko ororen blokeatzaileak dira; horregatik sortzen dituzte alderanzgarriak diren Parkinson tankerako bigarren mailako eraginak; eta hor sustatzen da halaber eskizofrenia gehiegizko funtzionamendu dopaminergikoari atxikitzen zaion hipotesia. Substantzia erradiaktiboekin markatutako neuroleptikoen bitartez fenomeno blokeatzaile honen ikustapena lortu da. “Positoien kamera” gisako imajinagintzako teknikak (PET Scan) erabiliz gero, hartzaile dopaminergikoen finkapen eta desfinkapen maila neurtu daiteke. Hartzaileen blokeatzea dopaminaren sintesiaren handiagotzerarekin orekatzen da, ondoren dopaminaren tasak gutxiagotu egin direlarik, tolerantziaren fenomenoa adieraziz. Tolerantzia, ordea, ez da kortex frontalean suertatzen, estriatu-sisteman baizik. Neuroleptikoen eraginkortasuna “meso-kortex”ean gertatuko litzateke eta, bigarren mailako eragin neurologikoak, sistema-estriatuaren erantzuna lirateke. Positoien kamerak argi erakutsi du nola neuroleptikoek egun batzuetan soilik irauten duten hartzaileetan finkatuta, eragin klinikoek, alderantziz, luzaroan irauten duten bitartean. Beraz, hartzaile dopaminergikoez gain, badaude bestelako egituraketak ere jokoan. Hala eta guztiz ere, positoien kamerak eskizofrenia gehiegizko funtzionamendu dopaminergikoari atxikitzen dion hipotesiak beharko lukeen derrigorrezko baldintza ez du zehazki argitu, hots pazienteok, tratamenduaren aurretik, hartzaileon kopurua handiagotuta edukiko luketena.
Neuroleptikoen sailkapena: aurrenekoa P. Lambert eta L. Révol-ek sortu zuten (1960): neuroleptiko “baregarriak”, orokorrean bigarren mailako eragin neurobegetatiboak zerizkienak (logurea, astenia, hipotentsioa); eta neuroleptiko “ziztatzaileak”, ekoizpenezko ezaugarriak gutxiagotzen zituztenak (haluzinazioak, eldarnioak), bigarren mailako eragin neurologikoak zerizkielarik.
Deniker-ek (1977), arlo klinikoan, polo baregarria eta polo desinhibitzailea bereizi zituen eta bien artean banandu zituen neuroleptikoen familia desberdinak. Sailkapen honetan balioanitzeko neuroleptikoak, aldi berean baregarriak, psikosiaurkariak eta desinhibitzaileak dira. Desinhibitzaile hitza afektuen sorgortzera daraman emozioen esparruari dagokio, zuzenki. Zenbait neuroleptiko eldarnioaren aurkaria litzateke neurri txikian emanez gero, eta desinhibitzailea dosi handiagoetan (sulpiridea, flufenazina, pimozida, trifluoperazina, tioproperazina, pipotiazina). Arlo kimikoan familia desberdinak daude:
Fenotiazinak: aitzindaria klorpromazina da. Ondoren, asko etorri ziren eta hiru taldetan banantzen dira alboko kate kimikoaren arabera: 1. Lerrozuzeneko katea (alifatikoa): klorpromazina bera eta beste konposatu baregarriak (levomepromazina, azepromazina); eragin neurologiko gutxi dagozkie, baina bai neurobegetatiboak (hipotentsioa). 2. Alboko katean nukleo piperazinikoa dauka: proklorperazina izan zen aurrenekoa (okaden aurkari bezala erabilitakoa) eta tioproperazina da ezagunena; desinhibitzaile indartsuak dira baina Parkinson tankerako eragin neurologikoak eta diskinesiak dagozkie. 3. Nukleo piperidinikoa daramate: tioridazina da eredua; ondorio neurologiko gutxiagokoak dira baina psikosi aurkari ahulagoak ere bai.
Reserpinikoa: Tolerantzia txarra daukatenez, berehala utziak izan ziren. Reserpina Rauwoilfia serpentinaren alkaloidea da, lehendabizikoz hipertentsioaren aurka erabili zen. Dosi handietan eragin neuroleptiko baregarria dauka.
Butirofenonak: Analgesiko batetik, dextromoramida edo palfium-etik datoz eta aitzindaria haloperidola da. Oso eraginkorra da haluzinazioetan, baina aurkitzaileek “neuro-disleptiko” izendatu zituzten parkinsoniar eta diskinesiazko ondorioak dagozkio. Badaude beste butirofenonak, baina haloperidolak jarraitzen du talde burua izaten.
Neuroleptiko berriak: Aurreneko hamabi urteetan neuroleptiko guztiak aipatutako hiru taldetakoak izan ziren. Geroztik egituraketa berriak aurkitu ziren:
Konposatu triziklikoak: fenotiazinen antzera nukleo triziklikoa daukate; tioxantenoak (flupentixol) talde honetakoak dira, baita dibenzoazepinatuak ere (loxapina).
Difenil-piperidinak: butirofenonaren gertukoak dira (pimozida.)
Benzamida ordezkatuak: talde burua sulpiridea da; azkenekoa, berriz, desinhibitzailea den amisulpridea.
Konposatu mistoak: karpiprapinak antidepresioen antzeko egituraketa triziklikokoa eta butirofenonen pareko eraketa dauzka; klinikoki desinhibitzailea da. Talde honetakoa da antidepresiboa eta neuroleptikoa den amoxapina ere.
Dibenzodiazepinak: klozapina da aipagarriena; eragin piramidal oso gutxikoa izan arren agranulozitosiak sortu ditzake; eskizofrenia erresistenteetan lorpen onak erakutsi ditu.
Neuroleptiko berri atipikoak: azken hamarkadan neuroleptiko berriak agertzen ari dira. Risperidona benzioxazola da eta dopaminaren D2 hartzaileak blokeatzeaz gain lan bera egiten du serotoninaren 5-HT2 hartzaileekin ere; beste neuroleptikoekin alderatuz bigarren mailako eragin gutxiago dauzka eta desinhibitzaile ona da. Olanzapina tienobenzodiazepinikoa, hau da klozapinaren lorratzekoa, serotoninergikoa, dopaminergikoa eta adrenergikoa da, eta bigarren mailako ondorio gutxiko neuroleptiko baregarri gisa nabarmentzen da. Ketiapina dibenzotiazepinatik dator eta, hau ere, hartzaile desberdinen blokeatzailea izateaz gain, bigarren mailako eragin gutxiko neuroleptiko on bat bezala egiaztatzen da.
Retard neuroleptikoak: haloperidol eta flufenazinaren antzeko substantziek lehen mailako alkoholen funtzioa daukate eta, azido batekin lotuz gero, “ester” bat osatzen dute; esterraren mailakako hidrolisiak asteetan irauten duen eragina suposatzen du: horrela osatzen dira eragin luzeko retard-neuroleptikoak.
Neuroleptikoen erabilera: neuroleptikoak psikosi akutuetan, batez ere bufadazko eldarnioetan, aldi maniakoetan, psikosi kronikoetan (eskizofrenia izan edo ez izan) erabiltzen dira; larritasunezko eta eldarniozko malenkonietan (antidepresiboekin batera), zenbait konpultsio-obsesiozko aztoramenetan, egoera psikosomatiko batzuetan, min bihurrietan eta koreetan ere bai.
Bigarren mailako eraginak: eragin neurologikoak antiparkinsoniar medikamenduek kontrola ditzakete, hasierako sindrome extrapiramidala (diskinesia, akinesia, akineto-hipertoniko sindromea, hiperkinesia) eta bilakaera aleatorioko diskinesia berantiarrak dira. Diskinesia berantiarrok, funtsean, aho-mingain esparruan suertatzen dira eta urteetako tratamenduaren ondoren agertzen dira. Arazo honek, atzeraezina izan daitekeenez eta benetako tratamendu eraginkorrik ez daukanez ( E-vitaminak gutxiagotzea lortzen du zenbaitetan), kontu handia eskatzen du neuroleptikoen erabileraren garaian.
Eragin neurobegetatiboen artean kardio-baskularrak (fenotiazinei loturiko takikardia eta hipotentsioa), liserigarriak (ahoko lehortasuna, idorreria), metabolikoak (pisu irabaztea, hilekoaren atzerapena, sexu-arazoak) eta, gutxiagotan, alergikoak eta toxikoak (fotosentikortasuna eta klorpromazinari darion ikterizia) daude. Okerrena “sindrome gaiztoa” (síndrome maligno) da; oso gutxitan gertatzen da eta sukarrarekin eta aztoramen neurobegetatiboarekin agertzen da; batzuetan hilkorra da.
Bigarrengo eragin organikoekin batera ondorio psikikoak ere badaude; batzuetan, tratamendura bultzatu duten sintometatik bereiztea ez da erraza: axolagabekeria, konposatu desinhibitzaile batek sortutako larrialdia eta, askoz ere gutxiagotan, nahaste egoerak.
Hau guztia horrela izan da neuroleptiko klasikoekin. Baina aipatutako azken hamarkadako neuroleptiko berri atipikoekin bigarren mailako eraginak neurri handian leundu dira. Klozapinaren ildotik ikertutako neuroleptikoak ez dira dopamina hartzaileen blokeatzaile hain indartsuak eta, euren lana, zehatzago zuzentzen dute hartzaile espezifikoagoetara (D1 eta D2 bereziki) eta sistema serotoninergikora. Abian daude halaber dopamina-sistema baino goragoko glutamato eta glizina sistemetara zuzendutako ikerketak: jada neuroleptiko klasikoen alternatibaz hitz egin daiteke.
Neuropatia:
Nortasunaren neurri gutxiko aztoramenen multzo aldakorrari deitzen zaio neuropatia, neurosiaren eta, gutxiagotan, psikosiaren esparrukoa izan daitekeelarik. Gaitz mentala osatzera ez da iristen.
Deitura ez da jada erabiltzen. Literaturan aurkitu daiteke, neurri bateko izaera neurotikoa edo psikotikoa daukaten pertsona bitxien deskribapenetan.
Neuropsikiatria:
Psikiatria, derrigorrez neurologiarekin lotuz, nerbio-sistema zentralaren patologia gisa hartzen denean, neuropsikiatriaren baliokidea da.
Neuropsikiatria hitzak, luzaroan, psikiatria izendatu du; 1975.eko urte ingururaino neurologoak eta psikiatrak espezialitate bakar batean biltzen ziren. Egia da aztoramen neurologiko eta psikiatriko batzuk elkarrekin korapilatzen direla: Parkinson gaitza daukatenek, maiz, depresioa ere jasaten dute, adibidez. Neuropsikiatria ulertu daiteke halaber “psikiatria organikoa” deitutakoaren zati bat bezala: arazo psikiatrikoak patologia somatiko zehatz bati lotuta daude. Psikoanalisiaren tankerako korronteetatik bereizi behar da, non ezaguerak ez diren eratzen funtsezki nerbio-sistema zentralaren inguruan, nahiz eta bere eragina ez den ukatzen. Neuropsikiatria, beraz, gaitz mentalen hazpegi somatikoak azpimarratzen eta aztertzen dituen bilakaerak definitzen du zehazki.
Neuropsikologia:
Prozesu psikologiko nagusien eta garunaren funtzionamenduaren arteko harremana ulertzen saiatzen den zientzia da.
Gizakien neuropsikologia garun zauri baten ondoren ezartzen diren anabasen azterketetan oinarritzen da; animalien neuropsikologia, bere aldetik, esperimentazioan (ablazioak, estimulu elektrikoak, aldaketa farmakologikoak eta abar) sustatzen da.
Neuropsikologia, horrela, bi talde handiren bidegurutzean aurkitzen da: garunaren eragiketa logikoak, eraikin fisikoak eta mekanismo biologikoak aztertzen dituzten neurozientziak, alde batetik eta, bestetik, eragiketa mentalen eta portaeraren ulermen logikoa eta eraketaren ulermena ikertzen duen psikologia. Gaur egun, neuropsikologiaren ulermen ahaleginetan eta ikerkuntzan eragin handia daukate bai psikologia kognitiboak, bai psikohizkuntzalaritzak, bai adimen artifizialak.
Bere soinean bi azpi-disziplina aipagarri daude: garunaren heltze eta seneszentzia fenomenoen eta portaeren bilakaeraren arteko harremana xede duen “bilakaerazko-neuropsikologia” bata; garun erasanen ondorio elbarrigarrien osaketa helburu duen “berrezitzeko-neuropsikologia” bestea.
Neurologiari eta psikologiari inmunologiako osagaia gehitzen bazaio “Neuropsiko-inmunologia” aurkitzen da: egoera psikologikoetako eta psikopatologikoetako inmunitate-sistemaren eta nerbio-sistemaren harremana aztertzen du.
Neurosia:
Kontzientzia samingarriarekin jasaten den gaitz mentala da eta, bertan, nortasunaren aztoramenak agertzen dira, baina funtsezko funtzioak sakonki erasan gabe.
Neurosi arazoak oso ohikoak dira (populazioaren % 12) eta bost kategoria handitan banatzen dira:
Larritasunezko, izuzko eta fobiazko aztoramenak (larritasunezko izualdia, fobia sinpleak eta giza-fobiak).
Obsesio-konpultsiozko aztoramenak (T.O.C, erderetan.)
Histeriazko aztoramenak (konbertsio somatikoekin.)
Aztoramen somatoformeak (konbertsiozkoak izan ezik) eta hipokondria.
Depresiozko aztoramenak eta estres erreakzioak.
Kontzeptuaren historia: Neurosi hitzak, pixkanaka, bere jatorrizko esanahia galdu du. W. Cullen-ek, Edinburgo-ko medikuntzako irakasleak sortu zuen 1769an, nerbio gaitzak definitzeko, euren sorrera organikoa azpimarratuz. Pixkanaka, ordea, jatorri psikologikoa zeukaten erasan mentalak estali zituen: lehenengo besania edo erotasun deiturikoak, eta geroago, psikosiak eta psikoneurosietatik banandutako histeriak eta obsesiozko neurosiak.
P. Pinel, Cullen-en itzultzailea, izan zen bere Nosografia filosofikoan (1797) komazko erasanak eta garun apoplexia tankerako gaitz neurologikoak, “hipokondriazko, malenkoniazko erasanak eta mania bera bezalako” eragite moraleko gaixotasunak, histeria eta sonambulismoa bildu zituena, aurrenekoz, neurosi deituraren barrenean. Baina, XIX. mendearen erdialdean, medikuntza anatomopatologikoaren aurrerakuntzen bitartez, banandu ziren neurosietatik paralisi asaldatuaren gisako (geroago Parkinson gaitza deiturikoa) edo alboko esklerosi amiotrofiko tankerako erasan neurologikoak.
Alabaina, aurkikuntza hauek mugatuak izan ziren eta, neurosiaren multzo nahaspilatsua, ez zuten lar txirotu. Garai hartan neurosiak, gehienbat, bere ezaugarri ezkorrek bereizten zituzten: ohi denez, sukarrik, zauri zehatzik, aldakuntza sakon eta nabarmenik gabe eta bilakaera aurreikusiezinarekin agertutako egoera morbidoak ziren. Bertan, adimenaren, sentikortasunaren, higikortasunaren erasana osagabea, partziala eta iheskorra zen. A. Axenfeld-ek honela definitu zuen 1867an: "Neurosien maila osoa kontzeptualizazio ezkor batean sustatu da; gaitzen sorrera organoen aztoramenekin argitu behar zuen anatomia patologikoari zenbait egoera morbidoren argiketek ihes egin ziotenean, orduan jaio zen neurosia”. Anatomia patologikoaren porrotaren aurrean, tentagarria suertatzen zen funtzionala soilik izan zitekeen erasana. A. Foville-k, jada, ez anatomikoa baizik eta fisiologia hutsezko izan zitekeen “kokapena” aurreratu zuen. Baina, histeriaren arazo funtzionalen zehazpenean, Charcot saiatu zen gehien eta, bere porrotaren ondoren, F. Raymond eta P. Janet neurosien eragite psikologikorantz zuzendu ziren. Psikoneurosi hitza eurekin agertu zen; orduan, konpzeptuak itzuli erabakigarria hartu zuen eta, Freud-ek eta bere jarraitzaileek, neurosiaren sorrera gatazka intrapsikikoan ezarri zuten.
Neurosi kontzeptuaren bilakaera: bilakaera honen lekuko da Raymond; bere ustetan, neurosiak “zauri ezezagunen gaitzak dira”; baina, anatomopatologikoki ongi ezagutzen diren gaixotasunetatik desberdinak diren “dinamiko” edo “funtzional” deitutako erasanek ere izaera kimikozko eta, agian fisikozko, garun aldaketetan eduki dezakete bere sorrera. Onartzen du, hala ere, alor klinikoan, funtsean, esparru psikikoari dagozkiola eta, sintomek ere, ekimen psikikoak erasaten dituztela: “neurosi handietan osagai psikikoa nagusitzen da”. Klinikoki onartutako psikogenesi honetan oinarrituz izen aldaketa proposatu zuen, “psikoneurosi” deitura egokiago iruditzen zitzaiolako. Alemaniarren nosologiatik hartu zuen hitza (R. Krafft-Ebing): alemaniarrentzak, kontzeptu oso zabala zen psikoneurosia, psikosi guztiak ere besarkatzen zituen, hots, erotasunaren baliokidea zen. Raymond-entzat, berriz: “psikoneurosiek, batzuetan, erotasunetik gertu egon arren, desberdintasun garrantzitsuak dauzkate. Sintoma psikikoek neurosi txikietakoek baino bilakaera handiagoa eduki arren, ez daukate erotasunean eduki ohi duten sakontasuna eta iraunkortasuna; eldarnioa, adibidez, erotasunarekin alderatuz, salbuespenekoa eta iragankorra da”.
Bi talde morbidoen bereizketaren ahaleginak, hala ere, ez zuen lortu nahasketaren erabateko ezabaketa. Egia esan, “psiko” aurrizkiari psikologiazko patogenia dario. Baina, bestaldetik, larritasun, sakontasun, eldarnio, kronizitate nozioak iradokitzen ditu. Horregatik, Raymond-en lankidea zen P. Janet-ek deitura hori uztea erabaki zuen.
Neurosi zaharra berrartuz, alor patogenikoan eta klinikoan definitu zuen. Neurosien bi kategoria handiak bereizi zituen: histeria eta neurastenia (honek, Freud-ek banandutako obsesiozko neurosia ere besarkatzen zuen). Funtzio hierarkikoen arabera, aztoramen mental batzuen ondoren “tentsio psikologikoen jaitsiera” gertatzen denean, subjektuaren errealitaerarekiko egokitze ahalmenak erasaten dira aurrenekoz. Aldi berean, kontzientzia-esparrua estutu egiten da eta neurosi desberdinei dagozkien funtsezko aztoramen psikikoak agertzen dira. Azaleratzen diren lehen mailako larritasun sentipenek eta gatazka intrapsikikoek garrantzi berezia daukate: “giza-portaerek inhibitzen dituzten psike-barneko gatazkek bereizten dituzten nortasunaren gaitzak dira”.
Psikoanalisiaren ekarpena: patogenia estatiko honen aurrean beste bat dinamikoagoa deskribatu zuen S. Freud-ek. Psike-barneko gatazkari eduki osoa eskaini zion, kontziente eta inkontzientearen artean kokatu zuen eta atzera botatzea (refoulement) funtsezko mekanismoaren inguruan eratu zuen.
Psikoanalisia, hain zuzen, gatazka intrapsikikoa pribilegiatzen duen psikologia dinamiko bat bezala aukezten da: portaera guztiak, azken finean, gatazka baten adierazleak dira, gizabanakoaren eta ingurugiroaren artekoa edo barne-esparrukoa izan daitekeena. Horrela, irrika-afektibitatearen bilakaerak gizabanakoak gainditu behar dituen gatazka guztien aztarna edukiko du; zeren gatazken irtenbideek, bilakaeraren aro desberdin bakoitzean, objektuekiko gutxi gora-beherako orientazio iraunkorra edukiko duen berregituraketa bat bideratuko dute.
Gatazka hauek freudiar bi printzipio handien arteko aurkakotasunean laburbiltzen dira: plazerraren printzipioa eta errealitatearen printzipioa. Aurrenekoak jaioberriaren bizitza zuzentzen du. Umearen beharra asetzeko objektua (ama) ez dagoenean, haurrak, errealitatea ezabatzen duen haluzinazioaren bitartez, desiraren haluzinaziozko asetzeaz disposatzen du. Horrela, aparailu psikikoaren funtzionamenduan, errealitatearen printzipioak behin eta berriz egiten dio aurre plazerraren printzipioari. Aparailu psikikoak, beraz, eredu topologiko baten arabera iharduten du: plazerraren printzipioari men egiten dion alor “inkontzientea” eta errealitatearen printzipioaren menpean dagoen alor “kontzientea” (psikoanalisiaren 1.go topikoa edo moldaketa).
1920. urtetik aurrera 2.go topikoa eskaini zuen, bere barruan hiru sistema deskribatzen zituelarik: Zera (antzinako inkontzientearen zatia, plazer-printzipioaren agindupean dagoen irrika-sistema), NI-a (kontzientea, errealitate-printzipioa), Superni-a (Ni-tik sortutako inkontzientea, NI-ak, errealitatearen bultzadaren aurrean, atzera botatako osagaiez betea). Atzeratze edo erreprimitze mekanismoak funtsezkoa izaten jarraitzen zuen. Eta ikusmira honetan kokatzen du Freud-ek neurosia, egoera libidinalaren finkapen batekin lotuz: obsesiozko neurosia uzki-aroarekin, neurosi fobikoa Edipoaurreko aro genitalarekin. Neurosioi izaera-neurosiak (izaera neurotikoki egituratzen da, irrika-afektibo desoreka handi batekin batera) eta gertakizun batek sortarazitako erreakziozko neurosi traumatikoak (maiz, estalian zeuden egituraketa neurotikoen susperraldiak direnak) gehitu behar zaizkie. Neurosien arlo klinikoa “sintoma neurotikoek” eta “Ni-aren izaera neurotikoak” definitzen dute. Sintoma neurotikoak “larritasunaren aurkako defentsa adierazten duten portaeren, sentimenduen eta ideien aztoramenak dira, eta barne gatazka honekiko engaiamendua suposatzen dute, subjektuak egoera neurotikoari nolabaiteko etekina ateratzen diolarik (neurosiaren bigarren mailako onurak)” (Ch. Brisset). Ni-aren izaera neurotikoaren berezitasuna honetan datza: “Ni-ak berari dagokion nortasunaren identifikazioan ez ditu aurkitzen ez hurkoarenganako harreman egokiak, ezta berarenganako barne-oreka ere”, baina horrek errealitatearekiko harremann kasik normalak ez dizkio eragozten, psikosietan gertatzen den legez, non eldarnioa errealitatearekin nahasten den.
Neurosi esperimentala: Ikusmira freudiar zabaldu honetaz gain, I. P. Pavlov-ek XX. mendearen hasieran Errusian, geroago J. Massermann-ek Estatu Batuetan eta H. Eysenck-ek Ingalaterran sarrarazitako “neurosi esperimetalaren” nozioa ere onartu beharrekoa da. Ondorioz, portaera-terapiak geroz eta gehiago erabili dira. Pavlov-ek erakutsi zuen, lehenengoz, seinale kontraesankorren eta gaizki bereiztuen baldintzapenean sortu daitezkeela “neurosi esperimentalak”. Eisenck-ek, Masserman-ek eta J. Wolpe-k, ikasketaren aztoramenetan oinarrituz, neurosia “estimuluen eta dagozkien erantzunen arteko desegokitasunaren” gisa definitu zuten. J. Cain-ek ere, bere aldetik, gutxiagoko baldintzapenean aurkitu zuen “neurosi zati” batzuen sorrera, desbaldintzapen egoki batekin desagertu egiten direnez. Lorratz honetan, gaur egun, gero eta gehiago erabiltzen dira portaera-terapiak, eta ez soilik sexu-arazoetan, drogazaletasunetan edo alkoholmenpekotasunean, baita portaera antisozialetan ere, batzuetan oso erasokor diren teknikak erabiliz, S. Kubrik-en Laranja mekanikoa filmeak erakusten duen bezala. Ildo berean, bereizketa terapeutikoa dagozkion ikasketaren aztoramen gisa hartzen ditu zenbaitek neurosi klasikoak.
Eskola kulturalista: Ikusmira oso desberdin batetik, eskola kulturalistak, G. Róheim, R. Benedict, eta K. Horney-rekin, giza-presioetan aurkitzen ditu neurosiaren eragileak eta, zenbait mota kliniko, gizabanako neurotikoarenak baino gehiago kultura zehatz baten adierazgarri iruditu zaizkio.
Neurosiaren etorkizuna: Gaur egun neurosi hitzaren egonkortasuna bera ere zalantzan dago. Hain zuzen, DSM IIIarekin (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua), 1980an, Estatu Batuetako elkarte psikiatrikoak bere sailkapenetik atera zuen. Erredakzioaren arduradunetako batek, R. Spitzer-ek, honela argitu zuen : “Neurosi hitza nomenklatura honetatik baztertua izan da, zeren sailkapena testuinguru etiologiko “ateoriko” batean eratzea nahi izan da, psikiatriaren hazpegi desberdinen adiskidetzea egin beharra ez edukitzearren. Alabaina Neurosia psikoanalisiaren dotrinaz blai dago, psike-barneko gatazka inkontzienteen eragina dario berari eta, defentsa-mekanismo inkontzienteetan oinarritutako patologia dauka sintomatologia hain desberdina daukaten larritasun-neurosia, depresio neurotikoa, konbertsiozko histeri-neurosiak “neurosi” soilean izenpetzeko sustapena”.
Amerikar diagnostikotik desagertu dira, beraz, eta “aztoramen afektiboek”, “larritasunezko aztoramenak”, “aztoramen somatoformeak” ordezkatu dute. Nosologikogi hil ote? Oraindik ez. Amerikar psikiatra anitzek protestatu zuten. J. Talbott-ek konpromisozko irteera bat eskaini zuen eta, sailkapenean, parentesi artean agertzen dira neurosi desberdinak. Egiaz, neurosiak psikiatria beraren ildoa jarraitu du: hurrenez hurrengo teoria desberdinek eta kontrajarriek bereganatu dute, ideologien borroka jasan dute eta geroz eta pragmatismo eta erredukzionismo handiagoaren menpean daude.
Neurosi desoreka:
Ikusmolde psikodinamikoan neurosia era orekatuan daraman pertsona batek, egoera afektibo berri larritsu edo arriskutsu baten aurrean, emozionalki aurre egin ezinean, jasaten duen defentsa neurotikoen hondoratze aldiaren jasankizunari neurosi desoreka deitzen zaio.
Y. Pelicier-ek definitu zuen 1971an: “Gutxi gora-behera akutua den portaeraren aztoramena da eta espezifikoak ez diren sintomekin agertzen da”. Hain zuzen, objektu batetik bestera igarotzen den larritasun lausotuarekin agertzen den muturreko fobia orokortuaren paroxismoarekin (pantofobia); edo nahaste egoera batekin; edo baita gehienetan erreaktiboa eta iragankorra den egoera psikotikoarekin ere. Gutxiagotan, pazientea oso zaurgarria izanez gero, psikosi kronikoaren ate bihur daiteke. Batzuetan, neurosia ordezkatzen duten gaitz psikosomatikoen jatorria izan ohi da.
Neurosi esperimentala:
Ikasketarako balditntza zehatz batzuetan ipinitako animalietan ikusi daitekeen portaeraren aztoramen iraunkorra baina, gehienetan alderanzgarria, da. I. Pavlov-ek asmatu zuen deitura. Baldintzapen ekimen batean, animaliari janaria (estimulu ez-baldintzatua) iragartzen duen zirkulu (estimulu baldintzatua) bat erakusten zaionean, listu-jariatzezko erantzun baldintzatua ematera bultzatzen da; honen bidez, azalera berdineko zirkulu eta elipse baten arteko bereizketa erakutsi dakioke: zirkulua erakusten zaion bakoitzean estimulu ez-baldintzatu bat ezartzen bazaio, baina ez elipsea erakusterakoan, desberdintzen ikasten du (elipseari eskainitako listu-jariatzea pixkanaka itzali egiten da). Orduan, bereizketarako ahalmenen azterketa egitearren, elipsearen irudia aldatu daiteke zirkuloarekikoa gerturatuz. Hala ere, elipsearen eta zirkuluaren arteko desberdinketa gehiegi txikiagotuz gero, animaliak bi estimuluen arteko bereizketa galtzen du eta bere portaera zakarki aldatzen da: urduritasuna, aienak, erasokortasunak, asaldura orokorreko edo axolagabekeriazko emoziozko erreakzioak. Portaeraren arazo hauekin batera ezaugarri psikosomatikoak azaleratzen dira: takikardia, ultzera gastrikoa, eta abar. Neurosi esperimentalaren adierazpenek antzekotasun nabarmenak dauzkate gizakien neurosiekin; horrenbestez, bere bilakaeraren oinarria baldintzapena izango litzatekeen ustetan, saiakera ugari egin dira neurosiak baldintzapenezko prozedurekin tratatzeko. Hala eta guztiz ere, neurosien sakoneko izaera sinbolikoak nekez onartarazten du animalietan ikertutako neurosi esperimentalarekiko erredukzio sinple hau.
Neurozientziak:
Nerbio-sistemaren inguruan soilik biltzen diren disziplinek osatzen dituzte neurozientziak.
Neurozientzia deitura 1960. hamarkadan sarrarazi zen. Nerbio-sistemako maila molekularraren, biokimikoaren, zelularraren azterketa izendatzen du, bai funtzionamendu alorrean bai bere egituraketa garaienen motei dagokienean (hizkuntza, arazoen zuzenketa, ezagueren eskuratzea, eta abar). Neurozientzien bitartez erabat trenkatuta zeuden disziplinen elkarrekintza lortu da. Duela gutxi elkarrekiko eskaintza oparoa egin dute neurozientziek eta zientzia kognitiboek, Neurotzientzia kognitiboen disziplina eratzerainokoa.
Neurritasuna:
Edari alkoholikoen erabilera neurtua da eta, helburua, gizabanakakoarenganako eta gizartearenganako eragin gaiztoak ekiditean datza.
Nozioak anbiguotasuna dauka, zeren gizabanakoen alkoholarekiko zaurgarritasuna desberdina da batetik bestera. Neurritasun (templanza, tempérance) deitura, beraz, nahiz eta alkolarenganako mesfidatiak izan, edatea erabat debekatzen ez duten taldeeentzat gordetzen da.
Ninfomania:
Emakumezkoek jasaten duten gehiegizko sexu-desira da, mendebaldeko gizartean emakumeei ohikoa ez zaizkien jarrera seduzitzaileetara eta probokatzaileetara bideratzen duena.
D. T. De Bienville sendagileak deskribatu zuen, 1772an, “benetako sexu-gaitz” bezala, “uteroko grina” (fureur utérine) gisa, “ahalkearen uztarri itzela eta loriatsua astintzea” bideratzen zuena, “aurpegi argiro lizunarekin” eta “ahots kriminal bezain doilorrarekin aurrean suertatutako edozeini bere lizunkeria aseezinei erantzuna eskatzera” bultzatzen zuena. Gizonezkoen Satiriasiarekin alderatzen da eta erasan fisiko edo mentalarekin baino gehiago diagnostiko moralarekin dauka zerikusia, nahiz eta batzuetan aztoramen endokrinoekin (hiperrobarismoa) lotura eduki dezakeen.
Norbera:
Psikoanalisian: M. Klein-entzat: Ni-ak nortasunaren egituraketa izendatzen duen bezala, Norbera-k nortasun osoaren sentimenduen eta irriken multzoa adierazi nahi du. Objektua on eta txar aldera banantzen denean, Norbera-ri ere berdin gertatzen zaio eta bi zatien arteko gatazka sortzen da.
Terapian: Palo Alto-ko eskolarentzat: gizabanakoaren Ni-a bere identitateak eta baloreez eta ez-baloreez ornitzen den autonomiak bereizten dute. Familia-ekosisteman Norbera familia-mitoaren erreferentzian eraikitzen da eta, Murray Bowen-en ustetan, Norberaren desberdintze-prozesuan.
Norbera faltsua:
Egiazko self/Self faltsu bereizketa egin zuen D. W. Winnicot-ek umearen bilakaera desbribatzerakoan. Bere ustetan, irriken esigentziek haurraren Ni-a ingurugiroarenak ez baizik Norberarenak (Self) izango litzakeen egoerara bideratzen dute.
Winnicot-ek paraleloa ezarri zuen egiazko norberaren eta norbera faltsuaren artean: Freud-ek pultsioen edo genital aurretiko eta genital sexualiatatea gobernatzen duen Ni-aren zati zentralaren eta Ni-aren kanpo alderantz zuzendutako zatiaren artean eginiko bereizketa berrartu zuen Winnicot-ek: Norbera faltsua ongi hezitako giza-arretaren, modu onen eta nolabaiteko zuhurtasunaren egituraketak adierazten du. Egiazko Norbera berezkoa da eta, nahiko ona den amaren eraginez, inguruko gertakizun eta berezkotasunarekin bat dator.
Norberatasun bereizketa:
Familiako funtsezko ez-desberdintzean abiatuz, gizabanakotasun afektiboaren eta adimentsuaren mailaren arabera, pertsona baten Ni-ak lortzen duen desberdintzeari deitzen zaio norberatasun bereizketa (Murray Bowen).
Nozio honek gizabanakoaren emoziozko alderdiaren sortzezko loturen amaiezina azpimarratzen du. Hala eta guztiz ere, familiako partaide bakoitzak neurri desberdineko norberatasun bereizketa eduki ohi du.
Nortasun arazoak:
Norberaren kontzientziaren arazoak dira, “denboran zehar identitate bera edukitze sentimenduaren” (K. Jaspers) erasanak edo galerak bereizten dituztenak.
Nortasun arazoak despertsonalizazio sindromearen osagaiak dira (ikusi despertsonalizazioa) eta autonomiarako sentimenduen, berezkotasunaren eta Ni-aren batasunaren (bitan banatzea) galerarekin batera ager daitezke. P. Janet-ek deskribatu zituen aurrenekoz psikastenia aztertu zuenean. Larritasun egoera eta errealitatearekiko loturaren galera izan ohi ditu lagun. Despertsonalizazioaren azpian sakoneko larritasuna egon ohi da, hau da norberaren errealitatearekiko eta inguruarekiko zalantza.
Krepuskulu eta oniroide egoeretan aurkitzen dira eta baita eskizofreniaren hasierako era pseudoneurotikoetan ere. Zenbait esperientzia psikodisleptikotan ere (toxikoen, meskalinaren, L.S.D.aren, kannabisaren eta abarren erabileran) ager daitezke.
Nosografia:
Medikuntzako taxonomiara bideratu dezakeen gaitzen deskribapena eta sailkapena da. Etnografia etnologiatik bezala, nosologiatik bereizten da.
Nosologia:
Teoria patogenikoetara eta, batzuetan, orokorreko sistema patologikoetara daraman gaitzen orotariko zientzia da.
Maiz, nosografiarekin nahasten da, orduan gaitzen sailkapenerako metodo huts gisa hartzen delarik. Arriskua, beti bezala eta psikiatrian batez ere, honetan datza: eragile eta prozesu etiologikoko sailkapen bati sindrome klinikoen beste sailkapen bat itsastean. Oztopo hori ekiditearren eratu dira DSM deituriko Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua eta 10.go Gaitzen Nazioarteko Sailkapena (CIE-10). Bestalde, nosologiaren aurkako psikiatra asko daude, “medikuntza-gaitza”ren analogoa litzatekeen “gaitz-mentala”ren nozioa errefusatuz, erasan psikikoen kontzepzio bateratua defendatzen dutenak.
|
O |
Objektua:
Nozioak 1945etik aurrera hartu zuen indarra, psikoanalisian ordurarte erabilitako objektuaren nozioa birmoldatu zenean; Winnicott eta Lacan bertatik aldendu ziren, iragaiteezko objektuarekin bata eta, objektu txikiarekin bestea.
Karl Abraham-ek libidoaren aldiez eginiko hausnarketatik abiatuz, Melania Klein-ek hitzaldi bakarrean Depresiozko jarreraren eta Objektuaren (ona eta txarra) kontzeptuak sarrarazi zituen. Freud bere pultsioen eta aldien teoriaren barnean soilik arduratu zen objektuaz, eta klibajea (banantzea) Ni-arentzat gorde zuen. Abraham-ek, klinika psikoanalitikoa aztoramen mentaletara zabaltzeko egitasmoarekin, freudiar kontzeptuak berraztertu zituen eta umearen eta ingurugiroaren harreman arkaikoak deskribatzen saiatu zen, egoera psikotikoen jatorri goiztiarra ulertzearren. Horretarako objektuaren eta aldiaren nozio klasikoak suntsitu zituen, osoko objektua objektu partzialarekin ordezkatuz. Freud-ek berrikuntza zehaztasun batekin onartu zuen, hots, ez daude objektu partzialak, pultsio partzialak baizik. Bere iritziz, pultsioek gorputzaren edo gorputzetik askatutako zenbait zati hartzen dituzte objektu bezala: bularra, gorozkiak, fetitxea bera ere bai.
Objektu ona eta gaiztoa: 1934an Melania Klein-ek klibajea objektuan sartu zuen, objektua onean eta txarrean zatikatuz. Objektu partziala (bularra adibidez), orduan, umearen desiraren objektua (objektu ona) den bular idealean eta gorrotoaren eta izuaren objektua den bular jazarlean klibatzen edo banantzen da, zatikatu gisan antzemanez.
Terminologia honek errealitate psikikoaren inguruko hausnarketa berri bat ekarri zuen, ondo erakutsiz nola, larritasunez, izuz, gorrotoz eta idealizazioz jositako umeen mundu fantasmatikoa, psikosietan berraurkitzen den (subjektuak ez du lortzen ama osoko objektu bezala hautematea, baizik eta, klibaje ereduaren arabera, objektu ona eta gaiztoa bezala); baina ez psikosietan soilik, bilakaera arrunt eta normalean ere bai, zeren subjektu orok amaren galera partzialari darion jazarpenezko egoeratik irtetzeko, derrigorrez, jarrera depresibotik igaro beharra dauka (Ikusi Melania Klein).
Objektu (txikia): Jacques Lacan-ek sarrarazi zuen esaera 1960an. Subjektuak desiratu arren ihes egiten dion objetua izendatu nahi du; ihes egiten dionez ezin du irudikatu eta sinbolizatu ezinezko ondar bihurtzen da. Horrela “izakiaren gabezia” bat bezala agertzen da, edo gorputzetik banandutako lau objektu partzialen itxura lehertuaren gisa: zurgapeneko objektua den bularra; hustuketako objektuak diren gorozkiak, desira beraren objektuak diren ahotsa eta begirada.
Objektu-harremana: Freud-en ondorengoan erabiltzen duten esaera da. Subjektuak kanpoko munduarekin dauzkan harremanaren era fantasmatikoak adierazten ditu; subjektuak objektuekiko eginiko aukeraren arabera azaleratzen dira.
Iragaitezko objektua (objeto transicional): Edozein gurasok euren haurraren behaketan ikuskatzen duten errealitate baten kontzeptualizazio aipagarria da: ume txikiak, urteetan zehar, berarekin gordetzen du kutunen duen objektu bat eta, maiz, uzteari uko egiten dio. Behaketa hau objektu-harremanaren egituraketa teorikoan osatu zuten kleiniarrek Winnicott-en gidaritzapean.
Iragaitezko objektua ilusioaren eta jolasaren esparruan kokatu zuen. Haurrak, bularraren ordezko “daukan arren”, ez du onartzen kanpoko gauza bat izango balitz legez: “bere Nia-ez den aurreneko ondasuna” da. Bigarren helburua Ni-aren eta ez-Ni-aren arteko bereizketa prozesuari dagokion banantze-larritasunetik babestea du. Umearen igarotze bat adierazten duelako da iragaitezko objektua: amaren gorputzarekin bategite egoeratik, ama berarengandik desberdin bezala antzemanez banantzea onartzen duen egoerarainokoa, hain zuzen. Iragaite bat dago: fusiozko harreman (ez-Ni) batetik objektuzko errealitatearen (Ni) sinbolizazio batera.
Kultur kristauaren irakurketa fenomenologiko batean oinarritu zuen kontzepzio hau, hau da, transubstantziazioaren eztabaidan. Winnicott-en ustetan, ogia eta ardoaren eraldaketa Jesus-en gorputz eta odolean, iragaitezko fenomenoa da.
Obsesioa:
Aztoramen psikikoa da eta bere ezaugarri nagusia honetan datza: subjektuaren pentsamenduan, morbidoa izan arren, bere eragiketa psikikoaren ekoizpena den ideia edo sentimendu bat sartzen da eta, bere gogo kontzientearen aurka, bertan irauten du denbora ezjakin batean, ezabaketarako ahalegin guztiak alferrikakoak suertatzen direlarik.
J. P. Falret-ek sarrarazi zuen hitza eta latinezko Obsidere (setiatu) hitzaz baliatu zen pazientearen kontzientzia benetan setiatzen dituzten ideia patologikoen izaera azpimarratzeko. Gaixoek, euretatik libratzeko ahalmenik ez zeukatenez, luzaroan borondatearen gaitz bezala hartu zen. Freud-ek, errepresio, isladatze, baliogabetze eta uzki-aldirainoko atzeratze nozioak erabiliz, esanahi psikoanalitikoa ezarri zion.
Gogo kontzientearen aurkako ekimenera bultzatzen duen konpultsioarekin lotzen da ohi denez. Gainera, alemanieraz, hitz berak obsesioa eta konpultsioa izendatzen ditu: Zwangvorstellung = obsesiozko irudikapena, Zwanghandlung = konpultsiozko ekimena).
Obsesiozko fenomeno hauek arrunt samarrak dira (populazio orokorreko %2k jasaten ditu). Klinikoki fobiazko, ideien alorreko eta erritoz ekiditen diren bulkadazko (konpultsioa) obsesioak bereizten dira. Obsesiozko egituraketak, “obsesiozko ardura hutsaren” eta baliogabea suertatzen den “erasan sakonaren” artean, maila asko eduki ditzake. Aztoramenok, pazienteen herenean, 15 urterako agertzen dira. Umeen arazo obsesiboak ohikoagoak izaten dira gizonezkoetan eta, sarri, arazo neurologikoak eta psikopatologikoak gehitzen zaizkie. Haurtzaroan arazo obsesiboak gutxitan diagnostikatzen dira, nekez eragozten baitute ekimen eskolarra.
Tratamenduak desberdinak eta osagarriak dira: psikoanalisia, banakako psikoterapia, portaerazko terapia kognitiboak (esposiziozko teknika batik-bat) eta, azkenik, kimioterapiak. Berriki, serotoninaren berrartzaileen inhibitzaileen aurkikuntzak eta erabilerak etekin onak eskaini ditu.
Aztoramenok, orokorrean, gogorrak eta iraunkorrak direnez, sendatze lanak luze joan ohi dira, psikoanalisia aukeratuz gero, batez ere.
Obsesio-neurosia:
Bere aparailu psikikoaren kontzepzioari esker Freud-ek isladatutako entitate klinikoa da: ordurarte “zalantzaren erotasuna”, “ukimenaren fobia”, “obsesioa”, “konpultsioa” deiturikoak, obsesiozko ideiak atzera botatako (represión, refoulement) desiren adierazpena zirelako interpretazioa erabiliz, neurosi bihurtu zituen.
Kasu aitzindaria 1909an argitaratu zuen, “Arratoien Gizona”, hain zuzen (Bost psikoanalisi). Bere iritzirako obsesio-neurosiak, kutsu somatikorik ez daukanez, histeriak baino ulergarriagoa izan beharko luke. Obsesiozko sintomak mentalak soilik izan arren, hala ere, ilunagoak suertatzen zaizkigu. Hurbiltzearen zailtasuna, ziurrenik, obsesio-neurosiak eragiketa psikikoarekiko daukan gertutasunari zor zaio; normalean, adibidez, prozedura logiko batez argitu nahi izaten da. Bestalde, egituraketa mental honek, gure harreman gatazkatsuenetakoa sartzen du jokoan, aitarekin lotzen gaituena hain justu ere.
Klinika: hasteko, histeriatik bereizten duten bi ezaugarri nagusi dauzka: gizonezkoenganako hautazko afinitatea, esklusiboa ez izan arren; pazienteak gaitza onartzeko eta jakinarazteko daukan erreparoa (maiz hirugarrengo batek bultzatzen du kontsultara).
Neurosi honek gizonezkoenganako daukan makurdura adierazgarria da: Edipo-konplexuaren garrantzia erakusten du, non sexu psikikoa bere lekuan kokatzen den (ulermena zailtzen zuen ezkutuko eragilea). Gaitzaren onartzeari dagokionean berriz, agerian geratzen da gaitza “huts moral” gisa jasaten dela, ez patologia bat bezala.
Obsesiozko ideiek, bulkadazko ekimenekin batera eta hauek kontrolatzeko defentsako engaiamenduek osatzen dute sintomatologia nagusia.
Aipagarria da obsesioen izaera sakrilegoa: errespetoa, omenaldia, ospea eskatzen duten egoerek “ideia iraingarriak”, lizunak, eskatologikoak, kriminalak esnarazten dituzte. Kanpotik ezarritako ideia gisa aurkeztu arren, subjektuak bere gogoaren adierazle bezala hartzen ditu, txundituta, izututa. Beraz eta egiaz ez dira inoiz sorrera arrotzeko gisa onartzen, nahiz eta batzuetan kasik haluzinazio bezala “entzuten” diren. Orduan, ordain-ideiez osaturiko borroka hasten da, egun osoko iharduera mentala bereganatzen duena, aurkako neurri hauek ere infiltratuak direla ohartzen den arterainokoa. Horrela gotorleku setiatuaren irudia inposatzen da, su eta gar eraikitako hesiak erasotzailearen aginduetara igarotzen direlarik behin eta berriz. Honek guztiak amesgaiztoa gogoratzen du, baina komikotik ere badauka. Egiaztatzeetan eta ordainetan egiten diren bulkadazko ekimenak anbiguotasun ikutua daukate eta eurak ere, nahi gabe, lizun edo sakrilego kausitu daitezke.
Eztabaida hau kezka giroan igarotzen da eta ez da inongo ziurtasunera iristen. Zalantza honetan galdeketa gorri bat nagusitzen da, egiaztatze errepikatuetara bideratzen duena; egiaztatzeek ez dituzte asebetetzen inoiz (adibidez, ohartzeke norbait hil ote dut autoarekin? Bira hartu eta atzean utzitako bidegurutzeraino itzuliko da; ez dago inor hilda; baino bitartean, agian, anbulantzia batek jasoko zuen…) Azpimarratzekoak dira tankera honetako sintomak, ekimena eta zalantza elkartzen baitituzte; obsesionatuak ez dauka oker bat egiteko beldurra soilik, oharkabean egingo zuelakoarena ere badauka.
Arratoien gizona: 1905ean Freud-en kontsultan agertu zen Ernst Lanzer: adimentsua, ausarta, jatorra, baina oso gaixoa. Bere sintoma nagusia soldadutzan azaldu zitzaion, postari bati zor ziona ordaindu ezinean aurkitu zenean; gertakizun horren inguruan korapilo handia eraiki zen, tartean gupidagabeko kapitain bat zelarik (gorputz-zigorren zalea, bere menpean zeudenei Ekialdeko tormentu bat kontatu zien: gizon biluz bat barruan arratoiak zeuzkan ontzi batean eseri ohi zuten loturik; arratoiak, gosez, uzkitik gora …) Bitartekari batez baliatuz ordainketarako agindu zorrotzak neurrigabeko kezka eta beldurrak sortu zizkion: bere sendikoei gauza ikaragarriak gertatuko zitzaizkiekelakoan..., aitari batez ere. Freud Lanzer-ek bere aitarekiko (pixka bat lehenago hil zena) zeukan erreprimitutako gorrotoa onartarazten saiatu zen; erakustarazten nola genitalitateko uko batek bideratu dezakeen libidoaren uzki-aldiko atzerapeneraino: hau suntsiketaren desira bihurtzen delarik. Ernst asko ondu omen zen; hobekuntza 1914ko gudarekin bukatu zen.
Psikoanalisiaren aurkariek “pansexualismoaz” salatu zuten Freud. Honek, 1907-1926 urteen artean, obsesio-neurosiaren teoria birmoldatu egin zuen. Bere iritzian arratoien gizonaren eta obsesiboaren sexu-eraketan uzki-erotismoa nagusitzen da, “hariketa erlijiosoetan” gertatzen den legez. Erlijioaren (zeinen erritoek zentzua daukaten) eta obsesio-zeremoniaren (non erritoek esanahi neurotikoa daukaten) arteko analogia egiaztatuz, Freud-ek neurosia gizabanakoaren erlijio gisa karakterizatzen du, eta erlijioa obsesio unibertsala bezala.
1913an, Totem eta tabu liburuan, honela idatzi zuen: “neurosiek, alde batetik, era harrigarrian eta sakonean bat datoz artearen, erlijioaren eta filosofiaren ekoizpen sozialekin; bestalde, eurak distortsio gisa agertzen dira. Ausartu gintezke histeria sortze baten distortsioa dela esatera; bulkadazko neurosia erlijio baten irudi desitxuratua dela, eta eldarnio paranoikoa filosofiako sistema baten irudi eraldatua dela”. Obsesioak hala ere, eta horrez gain, sexu-bizitzaren uzkialdiranoiko atzeratzea ere izaten jarraitzen zuen eta baita honi dagokion korolarioa ere: gizaki eraikuntzaren berezko gorrotoa. Zeren, Freud-en ustetan, maitasunaren aurretik gorrotoak egituratzen ditu gizakien harremanak, eta horrek derrigortzen du defentsazko moral baten eraikuntzara.
1926an, Inhibizioa, Sintoma eta angustia liburuan, bere bigarren topikoek (Zera, Ni-a, Super-Nia) eta “hil-irrika” nozioek teoria berrikustera bultzatu zuten. Obsesio-neurosia, orduan, Ni-ak Super-Ni-ak zigortua izatearen daukan beldurrean sortuko litzateke. Super-Ni-ak Nia-rengan epaile zorrotz eta zurrun baten gisan iharduten duen bitartean, Ni-a Zera-ren irrika suntsitzaileei eustera derrigortuta dago, horretarako eskrupuluen, garbiketaren, erruduntasunezko eta errukizko sentimenduen tankerako eraketa erreaktiboak garatzen dituelarik. Horrenbestez irteera gabeko infernu baten sartzen da.
Baina infernu hau instituzio patriarkal baten bertsio patologikoa besterik ez da, judukristauarena hain zuzen, Freud-ek, halaber, bere alderdi ahulak eta merituzkoak aipatzen dituelarik. Patriarkatuari itsatsi zizkion zientziaren eta arrazoiaren aurrerapenak. Freudismoa bera zientzia horren adierazpena da, familia eta aitaren egitea deseustatze saiakeretatik defendituko lukeena. 1938an, Moises eta erlijio monoteistan, azkenik, erlijioaren eta egituraketa obsesiboaren hausnarketa paraleloan jarraituz, aitarenganako harremanaren adierazle diren maitasunaren eta gorrotoaren anbibalentzia aipatu zituen.
Beraz, obsesio-neurosia txundigarria izan zen beti Freud-entzat, batez ere harreman edipikoaren funtsa eszenaratzen zuelako. 1907an, Jung-i idatzitako eskutitz batean, bere burua obsesiboaren hazpegiekin marraztu zuen: “zu, gizon osasuntsu hori, eredu histerikoaren kategoriako partaidea bazara, nik niretzak obsesiboarena aldarrikatzen dut”. Edipo-ren historia ere obsesio-neurosi bezala aurkeztu zuen.
Odolberotasuna:
Bat-bateko eta eutsiezineko ekimenerako joera da, gogoaren aginteari ihes egiten diona eta, hasiz gero, kasik automatikoki eta ezinbestean burutzen dena.
Oinarrizko garrasia:
A. Janov-ek 1967an Estatu Batuetan eratu zuen teknika psikoterapeutikoa da, eta trauma fisiko edo psikiko baten arlo psikologikoko berbizipen dramatiko zorrotzean oinarritzen da.
Janov-en pentsaera “Humanistic Psychology” korrontean sustatzen da. Janov-en arabera Ni-a Ni errealak (organismoaren egiazko eta funtsezko sentimenak, hots oinarrizko beharrak) eta Ni irrealak (egiazko beharrak behar neurotikoetan edo sinbolikoetan bihurtzen dituena; egiazko asebetetzeak ere asebetetze sinboliko bihurtzen dituena) osatzen dute. Ni irrealaren bilakaera “oinarrizko” (primales) eszenetan abiatzen da, non umearen benetako behar eta sentimenduak ez diren asetzen; horrek oinaze jasanezina eragiten duenez, beharrak eta sentimenak ukatzen eta atzera botatzen dituen babes sistema bat eratzen da. Neurosia bi Ni hauen sintesia izango litzateke, eta euren arteko gatazka amaigabeak gizakiaren tentsio iraunkorra eragiten du. “Oinarrizko terapiaren” helburua gaixoa pertsona erreal bihurtzean datza, bere Ni erreala berraurkituz, defentsa eta tentsio orotik libratuz. Horretarako, Janov-en ustetan, oinarrizko egoera traumatikoetan zeuden beharren frustrazioek eragindako sentimendu orokorra berbizi behar da; berbizipenak askatzen duen oinazea garrasiarekin adierazten da (oinarrizko garrasia), eragin eta ondorio den babes sistema suntsituz eta, bide batez, baita Ni irreala ere. Oinarrizko garrasiaren sendatze saioak babarka edo taldeka egin daitezke.
Olgetako erabiltzailea:
Norberarentzat, ingurugiroarentzat eta gizakiarentzat kalterik gabe noizbehinka drogetara jotzen duenari deitzen zaio olgetako erabiltzailea.
Usadioa 1970ko hamarkadan zabaldu zen. Nerabeak eta ikasleak hasi ziren lehendabizikoz droga leunak, kannabisa gehienbat eta baita ere psikodeliko deiturikoak, bizikidetasunezko taldeetan kontsumitzen. Laster, ordea, ohitura droga gogorretara ere igaro zen. Noizbehinkako eta ez-menpekotasun honetan oinarrituz zenbaitek droga leunen legalizazioa eskatu zuten, eta batzuek (T. Szasz, N. Zinberg, Peele) baita gogorrena ere. Eztabaidak, gaur egun ere jarraitzen du.
Oligofrenia:
Sortze organikoko gabezia mental orokorra da.
Zenbait garun malformazioek eta dismetaboliek gisa honetako gabezia psikikozko bilakaera dakarte. Adibidez, Guthrie-ren test-ak detektatzen dituen jaraunspenezko oligofreniak. Deitura, hala ere, gero eta gutxiago erabiltzen da mental atzerapenaren mesedetan.
Oniroidea:
Ametsetako pentsaerarekin antza daukan nahasterik gabeko eldarniozko egoera bati deitzen zaio horrela.
Nahiz eta biak subakutuak izan Deliriumeko nahaste onirikoetik bereizi behar da. Luzeak direnean ere eldarnio alderanzgarriak izan ohi dira eta “kontzientzia galtze egoera” honi ez dario nortasunaren erasan sakonik, ez mental disoziaziorik ere, eskizofrenian gertatzen den legez. Aitzitik, psikosi histerikoen edo psikosi maniako-depresiboen eldarniozko mota batzuen taldean sar daiteke.
Opiazeoa:
Opioan edo substantzia natural batean oinarrituta prestatzen den sustantzia sintetikoa edo semisintetikoa da eta opioaren antzeko eragina dauka.
Zalantzarik gabe opioa da sendagai zaharrena. Galeno-ren ondoren prestaketa farmazeutiko anitz egin dira opioan sustatuz: Sydenham-en laudanoa (XVII. Mendean), elixir paregorikoa, eta abar. Opioaren alkaloide eraginkor garrantzitsuena morfina da; kodeina, eztularen aurkako ekintzagatik, asko erabiltzen da; psikotropo eta analgesikoa ere bada; drogazaleentzat heroinaren ordezkoa da; tebaina ere alkaloide psiko-eraginkorra da. Eraginkortasun hau gabeko alkaloideak dira papaberina, nartzeina eta noskapina. Deribatu semisintetiko garrantzitsuena diazetil-morfina edo heroína da. Produktu idealaren, hau da menpekotasunik sortu gabe morfinaren eragin sendagarriak edukiko lituzkeenaren bila, opiazeo anitz sintetizatu dira, baina denak estupefaziente eta toxikomanogenoen artean sailkatu dira: drogazaleek ongi ezagutzen dituzten pertidina eta dextromoramida; zertxobait ahulagoak diren pentazozina eta dextropropoxifeno; fentanil, kirurgi anestesian erabiltzen dena. Metadonak aipamen berezia merezi du: eragin berdineko opiazeoa da eta neurri berdineko menpekotasuna sortarazten du, baina egite luzea dario (24 ordutik gorakoa). Horregatik mantenuko tratamendu gisa erabiltzen da.
Analgesia da opiazeoen eragin psikotropo garrantzitsuena: mota guztietako minak, kronikoak batik bat, kentzen edo gutxiagotzen dituzte. Ondorio honen garrantzia eta iraunkortasuna substantzien eta nola ematen diren araberakoa da. Paraleloki anestesia ere agertzen da (mingarri ez diren hautemateen gutxiagotzea). Euforia, baretasuna, eragin “narkotikoa” analgesiko ekimenarekin estuki lotuita daude.
Alor fisikoan bere eragina miosiarekin, goragale eta okadekin, idorreriarekin eta arnasketako depresioarekin (neurri txikienean eztularen aurkakoa, handienean arnasketaren geratzea eta koma sortzen dituena) agertzen da. Tolerantzia (organismoaren ohitura) indartsua da, dosi hilgarriarentzakoa ere bai: menpean daudenek beste edozeinentzat hilgarriak liratekeen dosiak hartzen dituzte. Kentze-sindromearekin adierazten den menpekotasun psikiko eta fisiko oso larria sortzen dute (ikusi heroina).
1970-1980 geroztik opiazoen ekimen mekanismoaren ulermenean aurkikuntza handiak egon dira: lehenengo, produktu hauen esparru hartzaileak aurkitu ziren nerbio-sistema zentralean, geroago, neuronetako hartzaile bereziak eta, azkenik, substantzia endogeno batzuk isladatu eta identifikatu ziren, hartzaile berezietan kokatzen diren endorfinak hain zuzen. Endorfinok izango lirateke minaren modulatzaileak, plazerrarenak alegia (erregulazio bihurtuko litzatekeen “plazer-printzipioaren” baieztapen neurofisiologikoa izango litzateke). Opiazeoek, kokaleku hartzaileak betetzen dituztenean, mina kentzen dute eta plazerra ezarri. Neuronetan gertarazten duten egokitzapena euren eraginen mailakako gutxiagotzearekin adierazten da. Opiazeoen hartzea geratzen denean, ohiko zelular mekanismoen berreskuratzearen aurretik, alderantzizko ekimena suertatzen da: gabezia, dagokion oinazezko jarraigoarekin. Zenbait farmakologoren ustetan toxikomanien giltza endorfinetan legoke (endorfinen defizitean, edo hartzaileen eskasian, eta abar). Egokiagoa dirudi, soilik, datu klinikoen eta kanpotik datorren gozamen toxikoaren errealitatearen egiaztatzea ikustea. Opiazeoekiko antagonistak diren eta bere eraginak deusestatzen dituzten molekulak ere badaude. Naloxona, adibidez, gaindosiek sortutako komatan erabiltzen dena. Eta batzuek “antabus” alkoholikoetan erabiltzen den legez, drogazaleetan naloxona erabiltzea proposatu dute (ikusi abertsio tratamendua). Gaur egungo ikerketak bide batez agonista eta antagonista diren egite mistoko substantzietara zuzentzen dira: eragin opiazeoa daukate baina, aldi berean, hartzaileak blokeatzen dituzte beste morfinikoen egitea eragotziz (buprenorfinak, adibidez). Substantziok ere minaren tratamendua hobetu arren gehiegikeria toxikomanora bideratzen dute.
Opio:
Lo-belarraren alkaloideetan aberatsa den zukua da (Papaver somniferum albumi). Opio gordina lo-belarraren koagulatutako latex-aren kapsula da. Medikuntzarako prestatutako beste mota batzuetan ere aurkezten da.
Opioaren gaitasun psikotropoen lehendabiziko aipamena gure aroaren lau mila urte aurreko Uruk hiri sumeriarreko aztarna kuneiformetan aurkitzen da. Mesopotamian, Txinan, Egipton eta Grezian lo-belarra baregarri, antalgiko eta somnifero gisa erabilitako sendagaia izan zen. Odisean aipatzen den “nepenthes”, ahanzturaren droga, lo-belarra izango zen ziurrenik. Hipokrates-en ondoren Andromacus-ek (Neron-en sendagilea) osagarri bezala agintzen zuen, baita II. mendeko Galenok ere: theriaqueren bultzatzailea izan zen, hau da XX. menderaino iraun zuen opioan oinarritutako prestaketa oso konplexu batena. Aurrenetariko opiomanoa Marko Aurelio izan omen zen.
Opioaren mito erromantikoa beste prestakuntza batean ere sustatu zen; Th. Sydenham sendagile britaniarraren “laudanoan” hain zuzen (XVII. Mendean.)
XIX. mendean Indian eginiko lo-belarraren laborantzek ekoizpen oparoak eman zizkieten ingelesei. Txina-ri saltzen zioten gehienbat eta txinatarrek osasun publikoko babes neurriak hartzera behartu zituzten. Victoria erreginaren agindupean opioaren gudak burutu ziren, txinatarrak opioaren merkataritzara derrigortu nahian.
XX. mendearen hasieran txinatar etorkinen opio erabilera kanpotik eratorritako menpekotasun gaiztoena bihurtu zen Estatu Batuetan. Nazioarteko bileren ondoren aurreneko debekuak iritsi ziren, estupefaziente bezala sailkatuz.
S. T. Coleridge-rekin batera Th. De Quincey-k eratu zuen opioaren mitoa: droga ahalguztiduna, satanikoa, panazea eta inongo ondorio patogenorik gabekoa (Droga jale baten aitorpenak,1822). Quincey-k bezala Baudelaire-k laudano-ra jo zuen, helburu terapeutikoarekin lehendabizikoz. Drogekiko lilura eta ambibalentzia argi asko azaleratu zituen bere Paradisu artifizial liburuan. XIX. mende bukaerako “dekadentistek” opioan suspergarri bat aurkitu zuten: opioa literaturako objektu erromantikoa bihurtu zen, droga modernoen mitoari hasiera emanez. “Terapeutiko” deituriko opiomaniari exotismoa gehitu zitzaion eta marinelek ekialdetik ekarritako “erretokiak” eraiki ziren. C. Farrére eta P. Loti lekukoak izan ziren. Beste psikotropoei bezala opioari euforia, anestesia eta menpekotasun fisikoa eta psikikoa darizkio. Gaur eguneko drogazaleen artean ez dauka leku handirik. Begikoagoak dituzte heroinaren tankerako opiazeo kontzentratuagoak eta indartsuagoak.
Ordezkaria:
Egintza-juridikoetan beste bat ordezkatzeko kargudun pertsonari deitzen zaio ordezkari.
Hiru babes motako ekimen zibilak daude: tutoretza, zaintza (kuratela) eta justiziaren salbagoarda. Azkeneko hau eskubide guztiak heldu baten arabera uzten dituen premiazko eta behin-behineko neurria da. Hala ere, arduradunak bere ondasunak kudeatzeko aurretik ordezkari bat izendatuko balu, hau egiaztatu egiten da bai salbagoardan ipini aurretik, bai ondoren. Behar izanez gero, tutoretzako epaileak izenda dezake ordezkari berezi bat ekimen jakin batzuetarako. Mandamendu ezean, negozioen kudeaketako ohiko arautegira jo behar da.
Organogenesia:
Arazo psikiatrikoak orokorrean eragin organiko bati itsasten dion kontzepzio etiologikoa da.
1840tik aurrera jarri zen indarrean Ph. Pinel eta É. Esquirol-ek defendatzen zuten sorrera psikogenetikoaren aurka. F. Leuret-en tratamendu moral praktikoa izan zen aitzindaria (erasozko eta indarrezko gehiegikeria eta guzti). Gaixo mentala medikuntzako beste edozein gaitzak erasandakoa bezala tratatu behar zen ideian oinarrituz, F. Ferrus eta J. Moreau de Tours-en lorratzean, ikerketak garunaren eri anatomiko eta biologikoetara zuzentzen ziren, erotasunaren mota desberdinen agerpena argitzearren. 1845ean Moreau de Tours-ek lan bat argitaratu zuen hashis-aren eragin toxikoak gaitz mentalarenarekin alderatuz eta, zalantzarik gabe azkarregi, aztoramen psikiko guztiak sortze organikokoak zirela baieztatu zuen. A. J. Bayle-n tesia gogoratzen zen (1822), non “araknitisa” deskribatzen zen: meningeen hantura kronikoa, dementziara eta mailakako paralisia bilakatzen zen eldarnioa zeriona ( Requin-ek “mailakako paralisi orokorra” deitura ezarri zion). Meningitis kroniko hau, orduan, meningeen eta garunaren erasanek sorturiko gaitz mentalen eredu bihurtu zen. Beraz, “erotasun sintomatiko” soiletik “funtsezko erotasunerainoko” urratsa eman zen, bertan “berezko erotasuna” ikusiz.
Urte batzuk geroago, medikuntzan gaitzak bereiztea ahalbidetzen duten bilakaerazko izaeretan oinarrituz, J. P. Falret-ek “erotasun zirkularrari” estatutu nosologiko zehatza ezarri zion. E. Kraepelin-ek, baieztatuz, “psikosi maniako-depresiboaren “ izena atxiki zion. Honek ere erasan mentalen bereizketa, psikosiena batez ere, eragite organikoa edukiko lukeen bilakaerako irizpidean oinarritu zuen. Garunaren zauri zehatzen aurkikuntza ezean, eragin somatiko “endogenoa” aipatzen zen. “Psikiatriako Delfos-eko orakulua” deitu zion, burlaz, K. Kolle-k. Henri Ey-ren ustetan ere “Gordiar korapilo” hau hausteko ausardiaren beharra zegoen eta, organogenesiari dimentsio dinamikoa erantsiz, gaitz mentalen “organodinamismozko” teoria eratu zuen, neojaksonismoan oinarrituz. Horrela kokapenzale eta erredukzionista zen organogenesiaren organomekanizismotik urrundu zen. Egiaz, alderdi psikodinamikoak funtzionalak soilik ziren organizismotik irtetea ez zuen lortzen. Baina, ordurako, Freud-ek eta psikoanalisiak, XX. mendearen hasieran, berrindartuta zeukaten gaitz mentalen psikogenesia; eta soziogenesiarekin psikiatriaren hazpegi dinamikoenak eta psikoterapia era gehientsuenak suspertu zituzten.
Hala ere, organogenesiak gaurkotasuna mantentzen du, batez ere psikiatria biologikoa deiturikoari, neuropsikiatriari, psikofarmakologiari eta gaiz mentalen diagnostikora eta tratamendura zuzendutako neurozientziei esker. (ikusi neuroigorlea, neuropeptidoa, neuropsikiatria, neuropsikologia, neurozientziak.) Oraingoz, hamaika psikiatren gustuko litzatekeen bakartasunezko teoria soilean sustatzeko egiazko arrazoirik ez dago.
Oroimen-hutsunea:
Aldi bateko edo aldi zehatz batzuetako ahazteari, iraganeko oroipenaren zulo bati deitzen zaio oroimen-hutsunea. Garezurreko traumaren, iktus mnesiko edo nahaste aldi baten ondoren ezarritako eta ondo mugatutako oroimenaren gabezia eta oroitzapenen finkapen eza izan ohi da.
Neuropsikiatrian, sindrome pseudobulbarraren gisako garun biguntzeek sortutako aztoramen neurlogikoek uzten duten ahulezia psikiko egoerari dagokio.
Ortofonia:
Adina eta eragilea kontutan hartu gabe, hizkuntzaren, hitzaren eta ahotsaren aztoramenen ikerketara eta sendaketara zuzentzen den paramedikuntzako espezialitatea da.
Orokorrean, ortofonistaren ekimena sendagilearen erabakiaren osteko izan ohi da. Ortofonistari medikuntzako espezialitate anitzeko egoera patologikoak dagozkio: otorrinolaringologikoak, neurologikoak eta psikologikoak. Haurrengan, garun erasan motoreak eragindako eragozpen sentsorialak detektatu beharko dituzte (gortasuna, itsutasuna) berreziketa goiztiar ortofonikoa ipintzearren. Eragozpen sentsorialik gabeko hizkuntza atzerapenetan ere badaukate zer eskaini ortofonistek hizkuntzaren ulermen eta eragiketa arazoetan.
Helduengan ortofonistaren lana afasia jasandakoen eta laringektomizatuen berreziketara zuzentzen da. Zahartzaroan, ortofonistaren iharduerak, entzumenaren, ahotsaren eta hizkuntzaren arazoen diagnostikoa eta tratamendua errazten eta hobetzen ditu.
Osasun mentala:
Psikeak era orekatuan, erosoan eta eraginkorrean funtzionatzeko eta egoera zailei modu egokian eta bizkor erantzuteko daukan ahalmena da.
Orokorragoa den osasun kontzeptuaren osagaia da: “ez soilik gaitzik edo urritasunik eza, baizik eta osoko ongizate sozialaren, mentalaren era fisikoaren edukiera” (Nazioarteko Osasun Erakundea).
Ikus daitekeenez, definizio honetan garrantzi handia dauka ingurugiroarekiko egokitzapenak, batez ere dagokigun “ongizate mentalarentzat”. Osasun mental ona daukana ingurugiroarekin ondo moldatzen da, familian eta gizartean egoki sustatzen da. Bestalde, behar bezalako oreka mentala dauka; beraz barne eta kanpoko gatazkei irtenbide zuzena eskaintzen die eta bizitzako ekidinezinezko frustrazioak ganoraz jasaten ditu. Hau guztia lortzen ez duenak ez dauka osasun mental egokia eta konpondu gabeko gatazkak neurosiekin eta, batzuetan, errealitatetik at, psikosiekin adierazten dira.
Horregatik, gizartean higiene mentaleko politikak eta gaitz psikiatrikoen neurri prebentiboak eratu dira. Neurriok, garestiak izan daitezkeelakoz, osasun mentaleko beharren ezaguera eskatzen dute. Epidemiologiaren lana da hori (ikusi epidemiologia.) Azterketa epidemiologikoaren arabera, H. Hafner-ek 1979an definitutako osasun mentalaren xedeen lorpenera iritsi behar da:
aurretiko erakunde guztiak ongi erabili;
prebentziorako edo zainketarako egituraketa berriak razionalki antolatu;
lehentasunak zehaztu: honek beharren ezaguera eta premiazko beharren bilakaeraren azterketa suposatzen du, herrien eta kulturen araberakoa.
Azken batean, osasun mentaleko politika egoera ekonomikoek, kulturalek eta sozialek baldintzatzen dute, eta baita gizarteak erotasunarekiko eta gaitz mentalekiko dauzkan jarrera eta irizpide kolektiboek ere.
Osatze psikikoa:
Subjektu batek erasan mental batetik osasun mentaleko egoera egokira egiten duen itzulera da.
Gaitz somatikoetan, orokorki, sendatzeak eragile gaiztoaren desagerketa eta aurretiko osoko egoeran berrezartzea suposatzen du (restitutio ad integrum). Osatze psikikoa, alderantziz, bilakaera psikoafektiboaren aldi eta egoera berri bat da gehienetan. Eta, ikusmira honetan, gaitzak eginkizun baikorra betetzen du eta, batzuetan, nortasunaren aurreratze bat dakar. Baikor ez diren beste kasuetan, berriz, gutxiagotzea eta egonkortzea soilik lortzen da eta, ondorio gisa, iharduera mentalaren urritasuna edota eragozpena ezartzen da.
Ospitalismoa:
R. Spitz-en ustetan, instituzioetan kokatutako haurrengan, gabezia afektiboaren eraginez, mailaka ezartzen den egoera fisikoaren aztoramen sakona da.
Amarekiko banantzea jaiotzatik sei hilabetera suertatzen denean, haur-amaren harremana ezarrita dagoenean, nahiz eta irudi egonkorrarekiko identifikatzea osokoa ez egon, darion larritasunezko inhibizioa, kanpoko munduarekiko ezaxolakeria (depresio anaklitikoa) dasagertu daitezke amarenganako itzulerarekin. Gabezia afektiboa osokoa eta goiztiarra denean, berriz, aztoramenak akidurara (marasmo) bideratzen dute eta, batzuetan, heriotzaraino. Ospitalismoaz eginiko ikerketak aldakuntza handiak ekarri ditu haur txikien ospitaleratzean.
Oztopoa:
Gaitz mental bati darion desabantaila edo giza-gutxiagotasuna da. Handikap hitza ere erabiltzen da. Zorizko jokoa izendatzen zuen handicap hitza zaldi lasterketara eraman zuten ingelesek: zaldi bizkorrenei, makalagoen aukerak orekatzearren, pisu bat ezartzen zitzaien, handicap-a edo oztopoa hain zuzen.
Nozioa giza-medikuntzako hiztegira igaro da: “gabezia edo gutxiagotze fisiko edo mental baten ondorioz, lanerako aukeren eta baldintzen murrizketa jasaten duen oro oztopatua da”.
Hiru nozio dira ongi bereizi beharrekoak: Gutxiagotzea: erasan anatomofisiologikoak sortzen duen prozesu morbido edo traumatikoa, alde batetik; Moldatu ezina: prozesuak subjektuaren autonomian eta baliabideetan eragiten duten ondorioa, beste alde batetik; eta, azkenik, Oztopoa: benetako giza desabantaila, lan eta giza iharduerako aukerak eta baldintzak aldatzen dituena. Azkeneko hau ez da, beraz, erraz neurtu daitekeen ezgaitasun bat, baizik eta oztopatuaren eta bere ingurugiroaren arteko elkarrekiko harremanen ondorioa. Hau guztia kontutan harturik, euren babeserako geroz eta legeria gehiago egituratzen ari da.
|
P |
Palilalia:
Batzuetan abiada oso bizian egiten den eta takifemia gogorarazten duen hitzen, silaben eta onomatopeien errepikapena da.
Dementzietan eta eskifroneniaren egoera katatonikoetan agertu ohi da, maiz ekopraxia eta ekolaliarekin (zenbaitentzat palilalia autoekolalia da) batera. Parkinson-ean ere ikus daiteke. Orduan ezaugarri neurologikoa izaten da, kortex-azpiko aztoramenaren adierarazlea hain zuzen.
Papez-zirkuitua:
Emoziozko bizipenean zeregin handia daukan neuronek osatutako zirkuitua da.
J. Papez neuroanatomista iparramerikarrak aurkitu zuen 1937an. Informazioak bira “zingularrean” abiatuz hipokanpoaren zirkunboluziora iristen dira eta, gero, “zinguloaren” bidea erabiliz, hipokanpora igarotzen dira. Hipokanpoko zuntzek, bere aldetik eta kortexaren bitartez, hipotalamoaren nukleo batera bidaltzen ditu, gorputz mamilarrera. Gorputz mamilarretik talamoaren aurreko nukleoraino iristen den zuntz sorta bat (Vicq d´Azyr sorta) irteten da. Azkenik, informazioak bira zingularrera itzultzen dira. Parieto-tenporo-okzipital eta prefrontal elkartze-esparruek Papez-zirkuituarekiko modulaziozko eragina daukate. Gizakiengan, bi alboetako hipokanpo eta gorputz mamilarren mailan etenak eginez gero, oroimenaren aztoramenak sortzen dira.
Parafasia:
Ahozko hizkuntzan egiten den hitz eta fonema desegokien eta desitxuratuen erabilerari deitzen zaio parafasia. Zenbait afasiaren osagarria da. Hitzaren parafasia eta fonemaren parafasia bereizi behar dira: aurrenekoan, hitz egokiaren ordez beste bat erabiltzen da, maila semantikoa aztoratuz; bigarrenean fonemak oker eta era nahasian erabiltzen dira hitza osatzerakoan, maila fonemikoa asaldatuz.
Parafilia:
Sexuaren anormaltasuna edo perbertsioa da eta bereizgarri nagusia honakoa da: kitzikapen genitala eta sexu-plazerra eginkizun hori eduki ez ohi duen subjektuan edo objektuan aurkitu nahia, edota ohizkanpoko egoera bitxi batean.
Subjektuak, bere inguruaren arabera, garbi dauka daraman portaeraren desbideraketa. Parafilia hitzaren barruan sartzen dira pedofilia, zoofilia, igurtzismoa eta baita fetitxismoa, masokismoa, sadismoa, eonismo edo trabestismoa, exhibizionismoa eta boyeurismoa ere.
Parafrenia:
Gehienbat haluzinaziozko eta irudikapenezko mekanismoak dauzkan eldarniozko psikosi kronikoa da.
Parafreniaren gaiek, maiz, izaera fantastikoa eduhi ohi dute eta eraketa, bere hedadura neurrigabearen barruan, logika eta kohesio aldetik nahiko ondo lotuta egoten da; bilakaeran ez da disoziaziorik aurkitzen, nortasunaren desegituraketa sakonik ere ez, (eskizofrenian gertatzen den legez); beraz, errealitatearekin harreman on samarra mantentzen du parafrenikoak.
E. Kraepelin-ek 1909 eta 1913aren artean osatu zuen talde nosologiko honek era paranoideko dementzia goiztiarraren eta paranoiaren artean kokatzen diren eldarnio kronikoak izendatzen ditu. Klinikoki lau motatakoak bereizten dira:
1: G. Ballet-en haluzinaziozko psikosi kronikoari dagokion era sistematikoa;
2: Eldarnio kosmiko aberatsa eta neurriz kanpokoa daukan era fantastikoa;
3: Mania kronikoetara hurbiltzen den era hedakorra;
4: E.Dupré-ren irudikapenezko eldarnioen antzeko era azpikaria (fantastikoaren gertukoa).
Paralisia (orokorra):
Sortze sifilitikoa daukan mailakako dementzia da, sarri hedakortasunarekin eta handitasunezko eldarnioarekin adierazten dena.
Treponema Pallidum hedapenaren hirugarren fasean ezartzen den meningo-entzefalitis hau oso larria da, baina gaur egun, tratamendu antiobiotiko goiztiarrari ezker, jada ez da ikusten. Garrantzitsua izan da psikiatriaren historian; 1822ko Bayle-ren tesiaren bitartez, erotasunaren organogenesiaren baieztapeneko eredu bihurtu zen.
Paramnesia:
Berehalako oroimenaren erasana da, ezagutze faltsuak, jada ikusiaren eta bizi izanaren irudipenak bereizten duena. Kontzientziaren egoera aldatuetan agertzen da, sarri, harridura eta irrealtasun sentimenduarekin batera; Korsakov sindromearen hasieran ere ikusten da.
Paranoia:
Orokorrean ondo eraikitako eta egituratutako eldarnioak bereizten duen psikosi kronikoa da, zentzutasunaren eta hautematearen aztoramenarekin batera agertu arren, adimenaren eta eginkizunerako ahalmenen narriadurarik gabekoa.
Paranoiaren deskripzioen historia: Lehendabizikoz, paranoia C. Lasčgue-ren jazarpenezko eldarnioaren baliokidea izan zen. Entitate nosologiko hau, malenkoniaren mota batzuetan edo P. Pinel-en eldarnio partzialetan oinarrituz, 1852an agertu zen eta E. Esquirol-en monomanien koadroa osatu zuen: horrela malenkonia edo lipemania (eldarnio goibela) ondo bereiziko zen eldarnio monomaniakoetatik, batez ere arruntena izan ohi zen jazarpenezko eldarnioetatik. F. Leuret-ek, 1834an jada, ondo banandu zituen “loturarik gabeko” eldarnioak jotakoak eta eldarnio koherenteak eta era logikoan eratutakoaren menpeko “oro-konpontzaileak” (arrangeur). Geroago V. Magnan-ek, bilakaera sistematikoko eldarnioaren ezaugarri zehatzak eta endekatuen gaizki eraikitako eldarnioak argitu zituen. 1909an P. Serieux eta J. Capgras-ek bere izena ipini zioten interpretaziozko eldarnio edo erotasun arrazoituari. Une berean, Alemanian, E. Kraepelin-ek paranoia Verrücktheit hitzarekin sailkatu zuen. W. Griesinger-ek berdin bataiatu zuen, bere izaera primitiboa, kanpoko eragileekiko menpegabetasuna azpimarratuz. K. Kahlbaum-ek , 1863an idatzitako tratatuan paranoia deitura berrartu zuen vekordia-k deskribatzeko (erasan psikiko partziala daukaten gaitz mentalak; erasan orokorrekoak vesania izango ziren, eta disfrenia erasan iragankorrekoak), hau da adimenaren aztoramenak. Paranoiaren ondoan leku bat eskaini zion distimiari, hots, esparru afektiboaren kalteari, eta beste bat diastrefiari edo gogoaren erasanari. Ikusmira honetan, beraz, paranoia zentzumenaren eta adimenaren eginkizunen gaitza legez agertzen zen, emozioen eta sentimenduen gaitzaren aurrez aurre ezarriz; hortaz, emoziozko edo psiko-afektuzko eragilea guztiz baztertua geratzen zen.
R. Krafft-Ebing-ek deskribatu zuen subjektu gaztearen paranoia primitiboa, ongi eraikitako eldarnioak bereizten zuena; paranoia berantiarrak oker egituratutakoak izango ziren, eta horregatik “paranoideak” deitu zituen. Kraepelin-ek ere, bere tratatuaren argitalpen berrietan, paranoia gero eta gehiago gerturatu zuen psikoneurositik, dementzia goiztiarretik urrunduz, ondo eratutako eta inongo dementziazko galerarik gabeko eldarnioetara mugatuz, batez ere interpretaziozkoetara.
Horrela, paranoia koadroaren murrizketak dementzia goiztiarraren gehikuntza ekarri zuen, kasik psikosi kroniko guztiak biltzen zituen E. Bleuler-en eskizofreniarena hain zuzen. Joera hau asko zabaldu zen, batez ere alemanian eta herri anglosaxoniarretan. Frantzian, H. Claude eta Henri Ey-ren eraginpean eldarnio kronikoak beti bereizi izan dituzte dementzia goiztiarretik. Eta bere antolakuntzaren, eraiketaren eta egituraketaren arabera eldarnio kronikoaren hiru mota aipatzen dira: egituraketa paranoidezko eldarnioak (loturarik gabeko eldarnio sistematizatu gabeak, eskizofrenien eldarniozko dementzia paranoideen gertukoak); antolakuntza parafrenikozko eldarnioak (eldarnio fantastiko hedakorrak, kaotikoak); eraikuntza paranoikozko eldarnioak (jazarpenezko drama baten bilakaera sitematizatuak eta ondo antolatuak, argudiaketa menperaezinak, argiak, agian kutsakorrak bereizten dituztenak; eldarnio hauek pasiozko, interpretaziozko eta eraginezko eldarnioak biltzen dituzte). Eraketa berezi hauek bi eraikuntza klinikotan banatzen dira: gailentzen den ideiaren pasio-eldarnioak, eta sarean hedatzen diren interpretazio-eldarnioak.
Paranoiaren bi mota handiak: Pasio-eldarnioak: erotomaniak, bekaizkeriazko eta aldarrikapenezko eldarnioak nagusitzen dira talde honetan:
Erotomania: G. G. de Clérambault-ek deskribatu zuen, pertsona batek maitatua izatearen ilusio bezala, gehienetan pertsona hori lortezina delarik. Hiru aldiko bilakaera dauka: itxaropen aldia, luzeena, non gaixoa “maitalearen aitorpenaren zain dagoen; hisi edo desengainu aldia, depresioa edo suizidio ideiak dakartzana; gorroto aldia erasokortasunera eta, batzuetan, ekintzara joz maitatuaren hilketara bultzatzen duena. (Ikusi erotomania)
Bekaizkeriazko eldarnioa: maitasun morbidozko bekaizkeria da eta alkoholak eragindako bigarren mailako bekaizkeriazko eldarniotik bereizi behar da.(ikusi bekaizkeria).
Aldarrikapenezko eldarnioa: gizarteak gaixoari onartzen ez dion aldarrikapen baten gailendu beharrak eta gogo menderaezinak bereizten ditu. Multzo honetakoak dira kidetze-eldarnioa, eldarnio mistikoa eta politikoa, asmakizun-eldarnioa eta M. Dide eta P. Guiraud-ek deskribatutako “idealista sutsuak”.
Interpretazio-eldarnioak: maizenik jazarpenezko eldarnioaren itxura hartzen dute eta, interpretazio anitz eginez, sarean hedatzen dira gaixoaren eginkizun guztiak besarkatuz. Batzuetan haluzinazioak izaten dituzte lagun. Maiz, portaera erasokorretara bideratzen dute. E. Kretschmer-ek harreman-eldarnioa edo “paranoia sentsitiboa” aipatu zuen: pertsona sentikor eta lotsakorrak erasaten dituena, bizipenaren atsekabeetan itsatsiz, eldarniozko erreakzio basatietara daramatzazkeena.
Paranoiaren sozio-genesia: Paranoia ez da senaren aztoramen hutsa. Sustraiak, afektibitatearen sortze-tankerako erasan sakon batean dauzka. Halere, inguruak ere eragin gogoangarria dauka eldarniozko paranoien etorkizunean. Nahiz eta sendagaiek eta psikoterapiak bere bilakaeraren zoria asko leundu duten gehienentzat, gizarteak oraindik, bere tolerantzia eta intolerantziak direla medio, esanahi handia dauka euren garapenean. E. Lembert-ek erakutsi duen legez, zenbait kasutan, paranoiaren prozesu patologikoa ez da paranoikoaren nortasunarena soilik, baizik eta baita giza-elkarrekintzen eta harremanen multzo osoarena ere. Nolabait esatearren “paranoikoek badauzkate bere etsaiak”. Inguruak, geroago paranoiko bihurtuko dena, baztertu egiten du, literalki “jazartzen” du, berarenganako jarrera polizial eta “azpikari” bat erabiliz. Gero eta gehiago isolatzen da taldetik, “koarentenan” egongo balitz bezala. Dagozkion portaeraren berezko ezaugarriak zentzu ezkor eta patologiko batean “anplifikatu” eta “interpretatu” ohi dira. Inguruan sortzen den “gezurrezko kiribilak” benetako eldarniora bideratzen du (E. Gofman). Paranoiaren sozio-genesi hau garrantzitsua da. Gizarte totalitaristak, ordurarte ongi egokitutako aurkari bat, benetako paranoikoa izatera bideratu dezake. Eta zer esan besteak paranoiko bihurtarazten dituztenez? Ez ote dira beraiek benetako paranoikoak? R. Laing-ek zioen: “Hitzek asko arduratzen naute, baita ere gauza batzuetarako dauzkagunak eta ez dauzkagunak… Paranoia hitzak adibidez. Arraroa suertatzen zait gisa honetako hitza erabiltzea norbaitek jazarpena sentitzen duela adierazteko, jazarleek horrelakorik ez dela gertatzen pentsaten dutenean. Baino zu, konturatzeke, beste baten jazarlea zarenean, egoera hori bereizi dezakeen hitzik ez dago, nahiz eta egoera aurrekoa bezain larria eta ohikoa izan”
Hitz honen erabilera aspaldikoa eta oso zabala izan da psikiatrian: XIX. mendeko psikiatria alemaniarrean eldarnioen multzo osoa biltzen zen; geroago, Kraepelin-en eraginpean, zehaztu eta mugatu egin zen, adimenaren ahalbideak, gogoa eta ekimena bere osotasunean errespetatzen zituzten eldarniozko sistema iraunkorra eta suntsiezina zeukaten psikosiak soilik izendatuz. Beraz, antzinako monomania eta eldarnio kroniko sistematizatua kontzeptuen baliokidea da eta eskizofrenia edo dementzia goiztiarretik bereizi behar da.
Freud-ek Kraepelin-ek eginiko bereizketa onartu egin zuen eta paranoiaren barnean, jazarpenezko eldarnioaz gain, erotomania, bekaizkeriazko eldarnioa eta handitasunezko eldarnioa bildu zituen. Bleuler-ek, alderantziz, paranoia eskizofrenien taldean sartu zuen, bi gaitz moten oinarria disoziazioan ezarriz. Gaur egun, jatorri psikoanalitikoko eskola iparramerikar psikiatrikoan, azkeneko kontzeptualizazio hau dago indarrean. Hala ere, Freud-ek, beste arrazoi batzuengatik, batez ere ongi egituratutako eldarnioa soilik aski ez delako paranoia bat definitzeko, multzo honi atxikitzen dizkio “paranoideak” deituriko zenbait era. Horrela, Schreber kasuaren tituluan bertan paranoia eta dementzia paranoidea baliokidetzen ditu. Baina psikoanalisiak paranoiari eginiko ekarpen funtsezkoena ez dago sailkapen nosografikoko arazoetan, baizik eta jokoan ipintzen diren mekanismo psikikoen argiketan eta psikogeniari itsasten dion garrantzian.
Schreber kasua: 1911an Freud-ek, Schreber presidente jurista ospetsuak bere bizitzaz idatziriko Neuropata baten oroitzapenak (1903) liburutik abiatuz paranoiazko kasu baten behaketa egin zuen. Schreber-en gaitza apelazio-auzitegiko zuzendaria izendatu ostean agertu zen, era askotako “haluzinaziozko eldarnioaren” itxura hartuz hasieran eta, geroago, paranoia sistematizatuaren eldarnioa osatuz; eldarnio honetatik abiatuz, zaintzen zuen sendagile baten esanetan, “bere bizitza berreraiki zuen” eta “bere eginkizunei zegokien itxura eman ahal izan zuen, arazo bakan batzuetatik aparte”.
Eldarnio horren arabera, Schreber-ek munduaren salbamena obratuko zuen eta, Jainkoaren argiketak, nerbioen hizkuntzaren eta “funtsezko hizkuntza” (Grundsprache) berezi baten bitartez jasoko zituen. Horretarako emakume bihurtuko zen.
Freud-en hasierako hipotesian, adierazpenok, ulergarriak izanen ziren psikoanalisiak psikoneurosien azterketan lortutako ezagueren argipean, zeren bizipen psikikoko prozesu orokorren ondorioak zitezkeen. Horretaz, Schreber-ek bere eldarnioan Jainkoarekin mantentzen dituen harremanetan, Freud-ek “konplexu aitatiar”aren aztarnak berraurkitzen ditu. Pertsonaia jainkotiar honetan Schreber-en aitaren “sinbolo sublimatua” ikusten du: aita sendagile ospetsua, gimnasia terapeutikoko eskola baten sortzailea zen; semeak berarekin, edozein mutikok bezala, begirunezko eta insubordinaziozko harremanak eduki beharrean zegoen. Era berean, Jainko handiagoaren eta Jainko txikiagoaren arteko banaketan, aitaren eta anaia nagusiaren pertsonaiak berraurkitzen ditu.
Nartzisismoa eta homosexualitatea: Freud-ek, bere interpretazioa, bi pertsona hauen harreman erotiko homosexualera zuzentzen du. Paranoiaren mamia hemen dago: Schreber, desira homosexualaren fantasmatik bere burua defenditzearren, jazarpenezko eldarnio baten eraikuntzara behartuta dago; misio jainkotiarrari darion eme-bihurtze eskakizunak horixe adierazten du. Fantasma hau, mutikoaren bilakaera arrunteko osagarria da eta, psikosiaren eragile bihurtuko litzateke soilik, paranoian, hauskortasunaren puntu bat aurkituko litzatekeelako “autoerotismoaren, nartzisismoaren eta homosexualitatearen aldien nonbaitean”.
Nartzisismoaren aipamen hau gehiago zehaztu zuen 1914an, objektuaren libidoa eta libido nartzisista bereizi zituenean, psikosia orokorrean bigarrengoari itsatsi zionean. Eskizofrenikoengan eta paranoikoengan objektuaren libidoa desagertu egingo litzateke Ni-aren inbertsioaren mesedetan eta, eldarnioaren bigarren mailako eginkizuna, libidoa objektura berzuzentzea izango litzateke. Hausnarketa berdina aurtiku daiteke K. Abraham-en lanetan: jazarpenak jatorri erotikoa edukiko luke eta jazarlea, hasieran behintzat, sexu-objektu berbera izango litzateke.
Mekanismo proiektiboa: Freud-ek, tesi hau berrartuz, garapen garrantzitsua eman zion, bere teoriaren funtsezkoenetakoa bihurtzerainokoa hain zuzen: jazarpenezko eldarnioa, erotomaniena eta bekaizkeriarena bezala bestalde, beti proiekzio baten ondorioa izango litzateke eta, lehendabizikoz, ukapen bat eragingo luke: “Nik, gizonezkoa naizen honek, gizonezko bat maite dut; ez, ez dut maitatzen, gorrotatzen dut”; gero pertsonen alderanzketa eragiten du: “gorrotatzen nau”. Proiekzio honen bitartez, barne bizipeneko maitasun legez bizi beharrekoa, kanpo aldetik datorren gorrotoa bezala jasaten da eta, subjektuak horrela, desira homosexualak bere kontzientzian ezartzeak lekarkeen arriskua ekiditen du. Arrisku gogoangarria, zeren gaixo hauek aldi nartzisistan daukaten finkapenak zikiratzearen mehatxua lekarke, hau da Ni-aren suntsipenerako mehatxu larria.
Teoria Freudiarraren garapenak: Nartzisismoraino atzeratzea eta fantasma homosexualen proiekzioa dira, beraz, teoria freudiarraren barruan paranoiaren bi ardatzak. Aurrenekoaren garapen nagusia Melania Klein-en eskutik etorri zen: psikosi oro finkapenezko egoera bat da, edo haurtzaroko lehen mailako aldirainoko erregresioa, non (jaiotza ondoren jada) Ni goiztiarra larritasuna jasateko, defentsa-mekanismoak erabiltzeko eta objektu harremanak ezartzeko gai den (nahiz eta objektua primarioa izan, bularra alegia, bular-ideial eta bular jazarle gisa zatikatzen den bularra). Horrenbestez, Melaniaren ikuspegian, gizakia sortzetik da psikotikoa, paranoikoa batez ere. Jarrera honi jarrera eskizoparanoidea deitu zion.
M. Klein aipatutako bigarren ardatzaz ez zen arduratu. Oso korapilatsua zen, Freud-en jarraitzaileek azpimarratu zuten bezala. J. Lacan-ek berraztertu zuen ondoen:
Aitaren-izenaren forklusioa: Lacan-ek Freud-ek Schreberekiko eginiko irakurketara itzuliz, funtsezko datu bat sarrarazi zuen Freud-ek “konplexu aitatiarra” deitzen zuena ulertzeko (neurotikoa psikotikoengandik bereizten duena “konplexu aitatiarra” da); datu honek paranoikoaren balizko “homosexualitatea” argitzen du eta hauxe da: benetako aitarengandik bereizi behar den funtzio “aitatiar” sinbolikoa edo metafora aitatiarra da, Aitaren Izenaren deiturarekin ere ezagutzera eman zuena; ama batek aitaren pertsona onartzeak eta, batez ere, aitaren hitza eta agintea onartzeak bereizten du benetako aitarengandik, hots, legearen promozioan funtzio aitatia