Psikopatologiako

Hiztegia

(H-M)

Blas Erkizia Amilibia 

(Beasaingo Osasun Mentaleko, 2002)

 

H

 

 

Haluzinogenoa:

Haluzinazio ekoizpenerainokoak izan daitezkeen ikusmenezko, entzumenezko, ukimenezko eta propiozeptibo hautemateen aldaketak eragiten dituzten subtantantzia psikotropo natural sintetikoei edo erdisintetikoei deitzen zaie haluzinogeno.

 

Jada paleolito garaian, testuinguru erlijiozko edo xamaniko batean, erabiltzen ziren belar haluzinogeoak. Kuleto faltsoa (Amanita muskaria) edo “euli-hiltzailea” kultu objektua eta baliabidea zen Siberiako xamanentzat. Perretxiko hau, arioen “soma” ziurrenik, aurreneko erlijioen misterioekin lotuta dago: estasi artifizialaren eragilea, goiko potentzienganako bitartekaria zen eta jainkotasuna bera ere atxikitzen zitzaion. Antzinako kultu haluzinogenoek jarraitzen dute oraindik Ertamerikan. Mexikon adibidez, gaur egun, haluzinogeno indartsua den psilozibinaren agariko teonanakalta erritualki erabiltzen da, azteken “jainkoen haragia” denez. Meskalina daukan kaktusen familiakoa den peioteak ere usadio berdina dauka. Harmina eta harmalina Hegoamerikako “yaga” edo “ayawaska”tik lortzen da. Afrikako Gabon-en ibogaina daukan “tabernantha iboga” erabiltzen dute.

 

Haluzinogenoen ardura berriro iratzarri zen alkaloide eragingarrien eta, batez ere, produktu sintetikoen eta semisintetikoen aurkikuntzarekin. L.S.D.25 (Dietilamidaren Azido Lisergikoa) da adibide onena. L.S.D.ak eta antzeko substantziek itxaropen handiak piztu zituzten ikerlanaren eta gaitz mentalen tratamenduaren alorrean. Itxaropenak ez dira bete halere. 1960ko hamarkadan, Psikodelismoaren garaian, Iparramerikako gaztediaren mugimendu inkorformistaren barruan azido lisergikoaren erabilera asko zabaldu zen.

 

Bizipen haluzinogenoa, “trip” esperientzia, sarritan deskribatua izan da, gehienbat L. S. D. erabileraren ondorengoa. Bidaia substantzia hartu eta ordu erdi batetara hasten da eta 6-12 ordu irauten du. Trip-aren bizipena aurreko esperientzien, testuinguruaren, nortasunaren eta hartzen duen itxaropenaren araberakoa da. Honek nolabaiteko burujabetasuna gordetzen du trip-ak irauten duen bitartean eta kontrola mantentzen saiatzen da. Esperientziak midriasia, dardarak eta, batzuetan, trakestasun motorea ditu lagun.

 

Hautematearen aldakuntzak lehenengo mailan daude. Zenestesia eta ukimena aldatuta daude (arintasunaren edo astuntasunaren bizipena, sorgortzearena, gorputzaren mugen galerarena, eta abar). Haluzinaziozko ikusmenezko aztoramenek (desitxuraketak, kolore aldaketak, eta abar) benetako haluzinazioei utzi diezaiekete lekua (itxura sinpletakoak eta koloreztatuak). Doinuen hautematearen aldaketa nekez iristen da entzumenezko haluzinazioetaraino. Sarriak dira sinestesiak: gehienetan doinuek eragindako ikuskariak. Maiz aipatzen dira heautoskopiak edo autoskopiak ere (norberaren irudi zatikatuak eta desitxuratuak); denboraren hautematea aldatuta dago, bizkortasun edo geldotasun aldera; bidaiaren baldintzen artean egon daitezke halaber oroimenaren eta arretaren aztoramenak, ingurugiroko kondizioekiko sugestionagarritasuna eta sentsibilitatea.

 

Batzuetan bidaia hautemateen desitxuraketara mugatzen da eta ez du subjektuaren esperientzia birsortzailea lardaskatzen. Baina bizipen horrek erreferentzi sinboliko guztien galera suposa dezake, benetako trauma psikologiko bat bihurtuz. Batzuek, horrela, esperientzia arkaikoak, azpi-hitzezkoak jasaten dituzte, munduaren eta norberaren kontzeptuak zalantzan ezarriz. Era honetako “analisi basatiak” norberarekiko ezagutarazte (revelación) txundigarriak ekarriko lituzke, bidai txarretara bideratuz (Bad trip), ekintzetara eramanez. Trip-ak eskainitako ezagutaraztea bizi daiteke “esperientzia mistikoaren”gisa: sentimendu hauen maiztasunak sustatu zuen “sinesmen psikodelikoen” erlijio berria. Beraz substantzia haluzigenoei darien arriskua droga toxikomanogenoi dagokionetik guztiz desberdina da.

 

Ez dago menpekotasun fisikorik eta ohiturazkorik ere ez kasik. Gaindosia ere teoria hutsa da, zeren dosi eragingarria dosi toxikotik urrun dago. Haluzinogenoen erabilera olgetarakoa eta iragankorra izaten da maizenik, oso gutxitan iristen da ohiturara. Arrisku handiena eta sarriena “bidaia txarrean” datza: batzuetan erantzun larri soilean geratzen dena edota ingurugiroari eta kontrol galerari itsatsitako izuan; baina, beste batzuetan, benetako erreakzio psikotikoa izateraino iristen da, eskizofrenia baten aldi oparoaren itxura guztiarekin. Aztoramen hauek erantzun ona eskaintzen die lasaigarriei eta neuroleptikoei. Hala ere substantzia haluzinogenoek eragindako psikosi kronikoen kezkak hor jarraitzen du erantzun garbirik gabe. Zenbaitentzat ezin daiteke izan “bad trip” baten ondorioa. Oso bakanak dira eta jada psikotikoak diren desorekak izango lirateke.

 

 

Haluzinazioa:

Hautematearen esperientzia da, gehienetan erruz hautemandako (zeren objektuari ez dagokio estimulu sentsorialik) objektuari benetako-izatearen sinesmen itsua ezartzen zaionean.

 

Haluzinazioa, orokorrean, bizipen patologikoa da, hau da “hautemateko ez dagoen objektuaren hautematea da” (H. Ey); kanpoaldera jaurtikitako barneko errealitate baten proiekzioa da, eta jaurtiketa kontzientziaren desegituraketa baten ondorioa da. Aztoramen psikosentsorial honetarako bi bereizgarri nagusi behar dira: sentimentasuna (sensorialidad), benetako hautematea egongo balitz legez eta jaurtiketa edo proiekzio espaziala. Nahiz eta dastamenari eta zenestesiei dagokienean ez egon hain garbi, haluzinazioak zentzumenen arabera sailkatzen dira: ukimenarenak (zenestesikoak edo kinestesikoak), usaimenarenak, dastamenarenak, ikusmenarenak eta entzumenarenak. Azkeneko biak dira garrantzitsuenak.

 

Ikuste-haluzinazioak: W. Griesinger-en ustetan maizkoenak ikuste-haluzinazioak ziren baina autore gehienen arabera entzumenezkoak dira sarrienak. J. Baillarger-ek zioenez, berriz, “alienatuetan oso bakanak dira ikuste-haluzinazioak, baina, alderantziz, ugariak izpiritu zuzenekoetan”. Egia da, hala eta guztiz, ikuste-haluzinazioak gehienbat eta oparoen eragiketa psikikoaren aztoramen batzuen barrenean, batik bat nahaste egoeretan, ikusten direla. Klinika psikiatrikoko haluzinazioaren irudikapen osoena eta adierazgarriena onirismoa da. Alkoholismoaren, kokainomaniaren eta psikotropoen toxikapenaren barruan maiz agertzen dira ikuste-haluzinazioak. Akzidentezko toxikapenetan eta esperimentuetan (haxis, peiote, L.S-D) ikuste-haluzinazioen ernetzea irudikatzen duten amets-bulkadak ikusi ohi dira.

 

J. Seglas eta E. Regis-ek ikuste-haluzinazio nabariak edo sinpleak (koloreak, suak, itzalak, fotopsiak, fosfenoak) eta ikuste-haluzinazio konplexuak (irudiak, forma edergarriak) bereizi zituzten. Animalien ikuskapenak (zoopsia) edo giza-itxurako eduki batzuk sarriagoak eta tipikoagoak dira. Irudiak koloreztatuak edo kolora gabeak (grisak, zurbilak) izan daitezke. Tinkoak edo mugikorrak. Maiz “eraldatze” etengabean metamorfizatzen dira (metamorfosiak); batzuetan mugimendu erritmikoak izan ohi dira. Beti eraketa berdina (ikuskari bakarra, estereotipatua) edo aldakorra eduki dezakete. Oroimen zehatz baten irudikapena ere izan ohi dira (haluzinaziozko ekmnesia), ala, alderantziz, irudikapenezko eraikuntza arrotzak, desitxuratuak, bitxiak, neurri espazialen aztoramenak dituztenetakoak (dismegalopsia). Irudion portaera desberdina izan daiteke eurek ikuste-hautemate esparruarekin daukaten harremanean: oraintxe dirudi ez dutela ikusmen esparruan kasik parterik hartzen berari “itsatsiak” soilik egongo bailiran, oraintxe agertzen dira gibel edo atze baten soinean jaurtikita, oraintxe objektuen azalean, oraintxe kanpoaldeko objektuen ikusmira berezi bat osatzen…; bereizi behar dira halaber ikuste-haluzinazio zapalak, zinematografikoak, eta, hesiak zulatuz, irudi sakonak erakusten dituztenak. Eta beste eratako sentsazioekiko elkartzeari dagokionean sinestesiak aipatu behar dira (ikuste usaintsuak, soinudunak, ukimenezkoak, eta abar). “Haluzinazio-krisietan”, hain zuzen, anitzak izan ohi dira aztoramen psikosentsorialak. Subjektuaren atzera begirako eldarnio iharduerak goraipatzen ditu, batez ere, mota honetako haluzinazioak.

 

Entzute-haluzinazioak: Antzeko bereizgarriak dauzkate. Sinpleak izan daitezke: hotsak, doinu bereiztezinak, bibrazio soinodun erregularra. Baina, maizago, eldarnioak jotakoak, entzute-hitzezko haluzinazioetaz kexatzen dira. Ahots hauekiko arrangura erakusten dute jarraituak sentitzen direnek. Belarrira hitz egin diezaiokete, bai atzetik, bai gainetik, nola hesiaren bestaldetik, airetik. Ezagunak edo ezezagunak. Batzuetan sonoritate bitxia daukate (politxinelarena, sabeliztunarena, irrati edo telebistarena, elektrofonoarena, xirula-antzekoarena). Batzuetan, oso gutxitan, abestuak izaten dira. Alderantziz, maiz dira erritmikoak (moldatuak, modulatuak, eta abar). Ahots bakarra eta iraunkorra entzun ahal da edo anitz eta aldakorrak ere bai, haluzinatuarekin ala euren artean dihardutenekin.

 

Edukia beti berdina izan daiteke: ziria, parrastada, leloa, eslogana. Edo, alderantziz, diskurtsoa luzea, korapilatsua, ñabartua, elkarrizketatua gerta daiteke. Pentsakeraren eta irakurketaren oihartzunak maiz entzuten dira, idazkerarena eta eginkizunen iruzkinarenak gutxiagotan. Hitzak, batzuetan, ulertezinak dira, hizkuntza ezezagunekoak, sibilarenak, zentzurik gabekoak. Eta maizago, iragarkiak, informazioak, berriak entzuten dira. Ahotsei intonazio eta mintzamen (irainak, lizunkeriak, laudorioak aholkuak) desberdinekin adierazten diren sentipenak darizkie. Iraupenari dagokionean, noizbehinkakoak, egoera jakin batzuetakoak, gauekoak, egunekoak, arretaren unekoak edo arretarik ezarenekoak izan daitezke. Gehienetan desgaraikoak izaten dira eta, batzuetan, pazientea beraren bila ibili ohi da.

 

Hitzezko haluzinazio psikikoak: Bereizgarri sentsorialik ez daukaten fenomenoetatik gertu daude eta “haluzinazio psikikoa” edo “pseudohaluzinazioa” deitzen zaie. Lehenbizi, J. Baillarger-ek erakutsi zituen: zenbait hitzezko haluzinazio-fenomeno tinbrerik, sonoritaterik gabe agertzen dira; ahots xuxurlatuak, pentsakizun ahoratuak, iradokitako ideiak, igorritako pentsakizunak, barneko solasaldiak (doinurik gabeko hitzen gisakoak, eta abar) dira. Bigarren bereizgarri bat ere badaukate haluzinazio psikiko hauek: ez dira mundu objektibora jaurtikitzen, ez daukate kokapenaren seinale espazialik (ez goran, ez beheran, ez alboan, eta abar), ez dira esperimentatuak izaten , belarriek ez dituzte kanpoaldetik entzuten. Noski, entzute-haluzinazioei dagozkien adierazpen guztiekin hornitzen direla: ahots iraingarriak, aholkulariak, jazarleak, aldekoak, ulertezinak, eldarniozko informatzaileak, pentsaeraren oihartzunezkoak, ekimenen iruzkinezkoak, eta abar. Fenomeno guzti hauen multzoak eraginaren sindromea, pentsaeran bat etortzearen sindromea osatzen du (sarria da izpiritu-eldarnioetan, deabrutze eldarnioetan eta eldarnio mistikoetan) eta bat dator G. Gatian de Clérambault-ek deskribatutako automatismo mentalarekin: eldarnioz eta haluzinazioz jositako benetako psikosi kronikoen aurretik ezartzen den sindrome berezia (ikusi Gatian de Cléranbault).

 

Zeren, haluzinazioa eldarnioaren mekanismo bakarra ez izan arren (interpretazioa eta intuizioa ere garrantzitsuak dira), bere laguntzaile ohikoena da eta, haluzinaziozko psikosi kronikoetan, nagusi izatera iristen da (G. Ballet, 1911).

Haluzinazio-fenomenoen elkartze anitzak: Fenomeno hauek era desberdin askotakoak izanik eta, gaitz mental anitzekin elkartzen direnez, eldarniozko bufada laburrenetik hasi eta psikosi kroniko luzeenarainokoekin, ezin dira argitu modu bakar batean soilik. Ikusi dugu nola, bere sorreran, kontzientziaren desegituraketa eta jagoletzaren beherapena egon daitezkeela. Baina baita ere atzera botatako desira edo gogo baten haluzinaziozko ordainketa izan daiteke eragile nagusia, Freud-ek argi asko erakutsi zuen bezala Th Meynert-en amentziaz ihardun zuenean. Edo, eskizofrenian ikusten den legez, nortasunaren desegituraketa sakona izango da, mekanismo jaurtikitzaileak ekoiztuz, haluzinazioen eragilea. Zenbait toxikapenek ere haluzinazio iragankorretara bideratzen du. Toxiko desberdinak erabili ohi izan dira esperimentalki honelako egoerak sortzeko (J. Delay, G. De Morsier); erabateko isolamendu sentsorialak ere gisa berdineko egoerara darama: subjektuak likido antzeko kaxoi baten sartzen dira, grabitaterik gabe, erabateko isiltasunean eta iluntasun osoan; ordu batzuetara era guztietako haluzinazioen menpean daude isolamendutik irten arte. Dirudienez suspertze sentsoriala falta denean arreta eta tonu zerebrala jaitsi egiten dira, haluzinaziozko nerbio-ekintza autonomoa sortaraziz. Oraindik zehaztu gabe dagoen tankera honetako jaitsiera zerebrala aurkitu da psikosi eskizofreniko batzuetan.

 

Psikopatologia: Haluzinazioak era dialektikoan ulertu behar dira, bai hautematearen faltsifikazio gisa (pazienteek guretzako existitzen ez diren gauzak hautematen dituzte), nahiz behaketa psikiatrikoak baino zehatzagoak diren bizipen primitiboak bezala. Gaixoek materialki hautematen dituzte bere barruan gertatzen diren katastrofeak; fisikoki jasaten dute hurkoarekiko haustura dakarren bere bizitzako berezitasun hori.

 

Beren haluzinazioak deskribatzen dituzten itxuragabeko bitxitasunaren, eldarniozko atmosferaren, metamorfosi hilkorraren identitate materialaren irudikapena dira. Prozesu aztoratzaileok gorpuzkerara (somatikora) iritsi behar dute: Ni-ak galdutako norberatasuna ideiazko esperientzia sentsorialeko proiektu batekin irudikatzearren. Psikopatologoari errealitearen alderaketak ezer gutxi esaten dio gaixoaren errealitatetaz; beraz hobe izango du “hautematearen faltsifikazioa” neurri batean alboan uztea. Paziente batek amaren “usaia” hautematen badu, bere pentsakizunez solido gisan ohartzen bada eta guk ez ditugula gauza berdinak sentitzen konturatzen denean, oso gutxi aurreratzen dugu beraren ulermenean; baina askoz hobeto ulertuko dugu amarekiko daukan sinbiosi sakonarekin ohartzen ba gara, edo erradikalizazio fisikoarekin jakinarazi nahi duen harritzeko moduko desbitalizazio baten erasana jasan izanarekin konturatzen ba gara. Aipatzen ari garen bizipenen alde antropologiko hau funtsezkoa da; haluzinazioak, sintoma akzesorioak izatetik, existentziaren ezaugarri funtsezkoenak izatera daramatzake. Horrela gertatzen da K. Scheneider-ek aurreneko mailako sintoma gisa aipatu zituen gogoeta sonorizatuekin. Gaixoak haluzinazio eran nabaritzen ditu bere gogoetak errepikatzen, igartzen, aurresaten edo zelula fotoelektrikoekin erregistratzen dituzten ahotsak, aurresanak. Erregistratuak, errepikatuak izatea ez da garrantzizkoa; gaixoaren funtsezko esperientzia, darion derrigorrezko eta geroz eta handiagoko introspekzioa da alde batetik eta, bestetik, pentsakizunen alienazioak dakarren intimitatearen, bizitza pribatuaren, duintasun koalitatearen, propietate pertsonalaren eta sekretuaren galera. Horrela objektibatutako gogoetak, kupidagabeko introspekzioak pertsonaren jario normaletik ateratakoak, irudi sinplekoak edo konplexukoak izan daitezke. Introspekzioaren eszenatokian txotxongilo bihurtzen da gaixoa, beti proiektore batzuen begiradapean dagoelarik. Jada ez da bere buruaren jabe. Pertsona normalak mundutik bereizten dituen subjektu-objektu banaketak, gaixoa beregandik banatzen du, eta, alderantziz, kanpoko esparrutik bereiztea ez du lortzen. Ekintza psikikoen Ni-aren mugetatik aldentze hau oso urrutiraino iritsi daiteke, proiekzioetaraino eta trantsitibismoraino (ikusi proiekzio eta trantsitibismo); horrela, prozesu intrapsikikoak norberaren hautematearen erdigunean kokatzen dira ( gogoetak entzungarriak bihurtzen dira), zeren guztiz berarenak ez dira jada. Subjektuaren osotasunetik erauzitako pentsakizunak bere subjektibotasunaren nahigabeko erreflexu gisa agertzen zaizkio. Subjektuaren objetibotasun behartua subjektuaren disoziazioaren (spaltung) aurreneko seinalea da; erauzitakoa ez da oraindik bikoitza, beste Ni bat, baina bai besteek hautatutako nortasun bat.

 

Esperientzia hau hain gogorra eta ezohikoa izanez gero, ez da introspekzioaren objektu bihurtzen osoki. Paradoxa hor kokatzen da: derrigorrezko objektibotasun introspektiboak prozesua osotasunean eta objektiboki intrapsiko bezala hartzeko ezgaitzen du; gaixo hauek zera esaten digute, azalpenak ahotsez ematerakoan behatu egiten ditugula. Argi dago, beraz, gogoeten erretiratze bizipena eldarniozko eta haluzinaziozko tankera hartzera behartuta dagoela, esperientziari osoko Ni bat falta zaiolako. Haluzinazioa, orduan, norberaren disoziazioaren derrigorrezko erreflexu autista da, eta izatearen aldakuntza osoarekin adierazten da, gaixoak berezia eta partekatu ezina bezala hartzen duen munduaren aldakuntza autistarekin.

 

 

 

Haluzinaziozko psikosi iraunkorra:

Automatismo mental erako hasierak, haluzinaziozko eragiketa aberatsak, bilakaera kronikoak eta, maiz, aldez aurretiko paranoiarako joera ezak bereizten duten eldarniozko psikosia da. G. Ballet-ek deskribatu zuen 1911-1912 urteetan, (Ch. Lasègue eta V. Magnan-en eldarnio kronikoen multzotik abiatu zen, non jada aipatzen zen P. Serieux eta J. Capgras-en interpretaziozko eldarnioa, antzina erotasun sentsoriala edo haluzinaziozko paranoia deiturikoa), eta bere berezitasun haluzinazioen garrantziari itsatsi zion. Zentzumen desberdinei dagozkie aztoramen psikosentsorial hauek eta eldarniozko interpretazioak eta intuizioak baino garrantzitsuagoak dira, nahiz eta eldarnioa ondo egituratua eta sistematizatua egon.

 

Ch. Nodet, 1932an, hiru eratan sailkatzen saiatu zen, paranoiari loturiko era paranoikoa, parafreniari zerion era parafrenikoa eta eskizofreniari zegokion era paranoidea. Baina ingeles kulturako psikiatren multzoak eskizofreniari atxikitzen dio psikosi mota hau. Hala ere, DSM-aren (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) azkeneko sailkapenetan berriro txoko bat eskaintzen zaie paranoiazko eldarnio kronikoei.

 

 

Haluzinosia:

Irudi koloreztatuekin agertzen den ikuste-haluzinazioetatik gertu dagoen objektu gabeko hautematea da haluzinosia. Afektibitatearen partaidetzarik ez edukitzeak bereizten du ikuste-haluzinaziotik. Subjektua aztoramen patologikoa pairatzen ari dela ohartzen da eta haluzinosia ez dago osatuta eldarniozko sistema batean.

 

Batzuetan, garunaren esparru mesodientzefalikoaren zauriak eragiten du eta, orduan, haluzinosi pedunkularra deitzen zaio (J. Lhermitte, 1922). Subjektuak atseginez ikusten ditu bere aurretik igarotzen diren animaliak, pertsonaiak eta gauza koloreztatuak. Badaki ez direla errealak eta ez ditu eldarniozko sistema baten partaide bihurtzen. Horrek bereizten ditu haluzinazioetatik. Haluzinosi pedunkularrak, gehienbat, krepuskulu uneetan agertzen dira, askotan kontzientziaren nolabaiteko aztoramenen laguntzarekin.

 

 

Handikapa:

Gaitz mentalari darion desabantaila, gutxiagotasun soziala edo profesionala da.

 

Handicap hitza zorizko jokoak izendatzeko erabiltzen zuten britainiarrek, eta baita beste zaldien aukerak orekatzearren zaldi bizkorrenek eraman behar zuten zama adierazteko ere. Jatorri horretatik hartu du giza-medikuntza arautegiak gutxiagotutako langileen berkokapen edo bersailkapenerako: “handikap-a daukan langiletzat hartzen da, kapazitateen urritasun edo gutxitze baten ondorioz, lanpostu bat lortzeko edo gordetzeko ahalmen gutxiago dauzkana”.

 

Urritasunetik (deficiencia) eta moldatu ezinatik (inadaptación) bereizi behar da. Urritasunak edo defizit funtzionalak prozesu morbidoaren edo traumatologikoaren erasanak eragindako zuzeneko ondorio anatomofisiologikoa adierazten du. Moldatu ezinak prozesu horrek subjektuaren autonomian eta eguneroko bilakaera familiar eta sozialean daukan eragina erakusten du. Handikapa, bere aldetik, benetako desabantaila soziala da, hau da prozesuaren aurretik zeuzkan edo zegozkion giza-ihardueren eta profesionalen murrizketa. Handikapa, beraz, gizarte bera partaide den giza-eginkizunen arabera ulertu behar da, mentala denean hain zuzen. Horregatik.ez da neurtu daitekeen ezgaitasun bat. Egoera baten egon daiteke, eta beste batean ez. Handikapa ez da konstante bat; aldakorra da. Horregatik, gaur egun, handikapa jasaten duten pertsonen mesedetan arauak eratzen dira.

 

 

.

Handiki-eldarnioa:

Gaixoak bere buruari ahalmen eta neurriz kanpoko ezaugarriak, mugagabeko dirutza eta zenbatezinezko ondareak egoztaraztea bideratzen duen eldarnioa da. Handiki-eldarnioa zahartzaroko eldarnio kronikoetan, parafrenietan eta paralisi orokorretan agertu ohi da.

 

 

Harridura (estupor):

Inhibizioaren eta geldotasun psikomotorearen agerpen guztiz larria da. Subjektua erabat sorgortuta dago edota gelditasun orokorrean gogortuta, erreakziorik gabe, ingurugirotik at, aurpegian ezaxolatasunaren eta txundiduraren adierazpen mimiko mugiezina duelarik.

 

Elikagaien errefusarekin eta negatibismoarekin batera hiru gaitz mentalen bilakaeran agertu daiteke: depresio handienetan: “harridura malenkoniatsua” deitzen den geldotasun psikomotorearen muturreko adierazpena da, orduan; eskizofrenian: maizko samarra da era hebefreno-katatonikoetan (“harridura katatonikoa”); nahaste mentalean: gehienbat mota infekziosoetan azaltzen da (sukar tifoideko thufos, adibidez) eta larritasunezko zalantzarekin adierazten da (estupor confusional edo perplejidad ansiosa). Jatorri epileptikoko egoera krepuskularretan ere agertzen da.

 

 

Hartzailea:

Neurobitartekarien ezagutza espezifikorako balio duen sinapsiaren atzeko mintzean kokatuta dagoen izaera proteikoko antzemate-egituraketa da hartzailea.

 

Elkarrekintza honen bitartez hartzailearen osaketa aldatu egiten da. Aldakuntzak sinapsi-atzeko edo sinapsi-aurreko mintzaren oreka ionikoa baldintzatzen du, bai eragina igorriz, bai neuronen ekintza biokimikoki erregulatuz.

 

Hartzailearen arabera, neurobitartekariaren eta hartzailearen arteko elkarrekintzak hiru motatako aldaketak lekartzake: 1- hartzaileak loturarako lekuaz gain, erdiko ioi bat garraiatzeko gai den ioi-eramaile kanala dauka, horrela sinapsi-atzeko oreka ionikoaren aldaketa bultza dezakeelarik. 2- Hartzaileak izaera proteikoa daukan transduktore batekin egiten du lana, transduktoreak, bere aldetik, kanal ionikoei eragiten dielarik. 3- Hartzaileak kanal ionikoen aldaketak dakartzan bigarren mezulari bat ere jartzen du jokoan. Ioi hau sodioa, kaltzioa edo kloroa izan daiteke. Neurobitartekari bakoitzak sinapsi aurreko edo atzeko hartzaile ugari dauzka. Sinapsi-atze esparruan hartzaileak eraginaren igorpena ahalbidetzen du; sinapsi-aurre arloan, berriz, neurobitartekariaren eta hartzailearen loturak neurobitartekariaren biosintesia gutxitu dezake (katekolaminena adibidez). Sinapsi-atzeko autohartzaile hauek nerbio-bukaeretan kokatzen dira eta neurobitartekarien isurketan ere eragina daukate. Substantzia farmakologiko anitzek neurobitartekariekiko eragin agonista daukate, beren ekintza errepika dezaketelarik; eta, alderantziz, badaude halaber eragin farmakologikoa eragozten duten antagonistak, neurobitartekaria hartzailearen soinean finkatuz. Neuroleptikoek, adibidez, sinapsi-aurreko hartzaile dopaminergikoa blokeatzen dute, dopaminak bere sintesiaren inhibizioarako daukan eragina ezabatuz eta, bide batez, arinduz. Era desberdinetako hartzaileen, sistemen eta elkarrekintzazko substantzien zehazpenak kartografien eraketa zorrotza ahalbidetu du, garuneko neurobitartekari zentralen bide desberdinen prozedura autorradiografikoa erabiliz.

 

Alfa hartzailea: Zelulen mintzean dagoen molekula proteiko sendoa da eta loturarako kokapen bat eduki ohi du adrenalina edo noradrenalina molekularen finkapen estereoespezifikorako. Alfa hartzaileak hartzaile adrenergikoak (edo noradrenergikoak) dira. Bi motatako hartzaileak argitu dira: alfa hartzaileak eta beta hartzaileak.

 

Hartzaile sentsoriala: Estimulu baten ekintzari, berarekiko sentikorra izanik, nerbio-mezu batekin erantzuteko gai den zelula berezitua da hartzaile sentsoriala. Estimulu eraginkorraren arabera sailkatu daitezke hartzaile sentsorialak: estimulu argitsuentzat foto-hartzaileak, kimikoentzak kimio-hartzaileak, termikoentzat termo-hartzaileak, mekanikoentzat mekano-hartzaileak. C. S. Sherrington-ek (1906), egoeran eta eginkizunean oinarrituz, hiru kategoriatako hartzaileak bereizi zituen: Kanpoko-hartzaileak (Esterohartzaileak), gorputzaren azalean kokatuta daude eta kanpoko eraginentzako sentikortasuna daukate; Bere-hartzaileak (Propiohartzaileak), giharretan, tendoietan eta artikulazioetan daude eta organismoaren lekualdaketei erantzuten diete; Barne-hartzaileak edo Errai-hartzaileak (Interohartzaileak) erraietan daude, barneko estimuluei ihardetsiz.

 

Hartzaile sentsorialen eginkizuna, jasaten dituzten estimuluei erantzunez, nerbio-sistema zentralari informazio eskeintzean datza. Horretarako estimuluak eragin bihurtu beharko du: transdukzio prozesua da. Estimuluaren intentsitatea bulkaden maiztasunaren araberakoa da. Sentipenaren kalitatea, berriz, hartzailearen eta ezarritako “sistemaren” menpean dago; nerbio-optikoaren estimulu mekanikoak edo elektrikoak eragindako sentipenak beti edukiko du osagarri “argitsu” bat.

 

Iraupenaren arabera ere bereizten dira estimuluak. Iraupen luzeko estimulua ezartzen denean “egokitasun bizkorreko” “hartzaile fasikoak” estimuluaren instalazioaren ondoren (edo bukatuz gero) soilik erantzungo dute. “Egokitasun Geldoko” “hartzaile tonikoak” estimuluak irauten duen denbora osoan eskaintzen dute erantzuna. Bi eratako hartzaile sentsorialak egon daitezke batera modalitate sentsorial batean. Beraz, hartzaile sentsorialak transduktore-kodifikatzaileak dira eta, beren eginkizuna, nerbio-sistema zentralarentzak mezuak era ulergarrian garraiatzea da.

 

 

Haur Basatia:

Inolako giza-ingurugiro gabeko umea da eta, animalia basatien antzeko erreakzioak eduki ohi dituenez, haur-otso, haur-hartz, haur-leopardo ere deitzen zaiona.

 

Haur-basati izendapena, lehendabizi, Guiraud eta Constant de Saint-Estève-k erabili zuten eurek egindako polizi txostenetan aurreneko eta bigarrengo “Aveyron-go basatiaren” harrapaketa deskribatzeko (“inolaz zibilizatu gabeko” kasu entzutetsuarena). Haur basatiek, psikologia arloan, bi eztabaida elikatu dituzte: izatasun-kulturarena bat, eta, zertxobait desberdina den determinismo ontogenesiko goiztiarrarena bestea.

 

XIV. mendetik gaur egunera arte 50 gizaki inguruk igaro dute haurtzaroa bere bizikideekiko isolamendu osoan, animalia basatien ingurugiroan eta, batzuetan, kidetasunean. Zenbakiak gehiegizkoa dirudi, aipamenak bigarren edo hirugarren eskukoak, erabat ezohikoak, xehetasun sinesgaitzezkoak, harrigarrizkoak eta guztiz irudikapenezkoak direnez. Harrapaketa egin eta gero euren kargu egondakoek kontatutako 5-6 kasu dira sinesgarriak. Aipagarrienetakoa J. Itard-ek Victor, Aveyron-go basatiaz eginiko txostena da (F. Truffaut-en Enfant sauvage filma bertan oinarritu zen oso fidelki, entzutetsu bihurtuz). Ospetsuak dira halaber Singh agurgarriak eta Sarbadhicari doktoreak bi neskato-otsoetaz utzitako dokumentuak.

 

Ume bakan hauen izaera basatiaren aurreneko lekukoa harrapatze unean erakusten duten lauhankako ibilera da; baita euren elikadura ere: begetarianoa Hesse-n haur-hartzarena eta haragijalea Victor-ena, Amala-rena eta Kamala-rena (otsokumeen hormazulo batean aurkituak); halaber berezkoaz dituzten biltze eta ehizarako ekintzak; eta niktalopia (argia gutxiagotzen den neurrian hobeto ikustea), jagoletza-loaren zikloa, apatia-asalduraren txandaketa, hizkuntza eza, giza-hizkuntzen ulertezintasuna, gizakiekiko ikara: inor ez da, bere kabuz, gizakiengana gerturatu.

 

Talde berezia osatzen duten bahitutako umeak, maiz, haur-basatiekin parekatu dira: euren isolamendua haur-basatiena baino sakonagoa izan ahal da, bizidun guztietatik, animalia edo gizakia, aldenduz. Kategoria hau, hala ere, heteroklitoa da: denok jason izan dute ekarpen kultural bat; zenbait jantzita egon dira; beste batzuei egositako elikadurak eman zaizkie ontzietan; eta beste batzuek koilara eta aiztoa, edo orrazia erabiltzen dakite. Kaspard Hausen-ena da kasu ospetsuena (nahiz eta zalantzagarria izan); berak idatzi zuen suposatutako bere izena poliziaren erregistroan Nurenberg-era iritsi zenean. Balantzaka baina bi hankaren gainean ibiltzen zen.

 

Bergizarteratze ondorengo etorkizunak, euren bilakaera “arruntereko” ahalmenak pizten dute psikologoen ardura. Subjektuoi eskainitako heziketak normaltasunera zuzendutakoak izan dira. Bai arrazoituak, koherenteak, planifikatuak (Itard-ena bezalakoak), bai intuitiboak eta zalantzazkoak (Singh-erena) etekin eskasekoak izan dira: Haur basatiak beste umeek adin gutxiagorekin lortzen dituzten gaitasun batzuetara soilik iristen dira. Basatiak ez diren adin berdineko umeekin alderatuz desberdintasunak nabariak dira hautemate diskriminatzaileari, motore iaiotasunari eta koordinaziori dagokienean; gauza berdina gertatzen da hitz ekoizpen arloan, arrazoiketa eragingarrian, kontzeptuen ulermenean eta sozio-emoziozko erregulazioan: gizarteratzea oso motz geratzen da, baita hezitzaileen esparruari dagokionean ere. Tarteak hain handiak izanik, oligofrenikoak dirudite.

 

Hala eta guztiz, bilakaeraren ebaluazioa indibidualki eginez gero, alderaketarik gabe, Itard-ek berak eta, geroago, Gesell eta Kellog-ek egin zuten legez, aldaketa garrantzitsuak eta aurrerapen nabarmenak aurkitu daitezke. Baina aldakuntzak eta aurrerapenak derrigortze neurrien, hezieraren ondorioak dira eta ez darie “aldaketarako dinamika” bat. Beraz, aurretiko jarrera eta ahalmenak ezagutzen ez diren pertsonon bilakaera larriki, erabat kasik, eragotzia aurkitzen da goiz jasandako gabezien ondoren.

 

 

Haurdunaldi Fantasma:

Haurdunaldia gogoratuz, ernari ez dagoen emakumezko batean agertzen den ezaugarri fisikoen multzo bat da. Eragite inkontzienteak dauzkan ilusio hau haurdunaldiko sintomekin hornitzen da (amenorrea, goragaleak, sabelaren etengabeko handitzea) eta, maiz, ume baten gose diren andere antzuetan ikusi ohi da. Zenbait prozesu histerikoetan eta eldarnio kroniko batzuetan ere agertu ohi da, eldarnio hipokondriako bat osatuz.

 

 

Haur psikiatria:

Haurrek eta nerabeek jasaten dituzten aztoramen psikikoen prebentzioa, detektatzea eta zainketa bereganatzen dituen espezialitatea da. XIX. mendearen bukaeraren eta XX.aren hasierako historia da. Baina, lehenik, gogora dezagun haurtzaroaren kondaira.

 

Haurrak ondasuna zireneko garaia: umea ondasun higiezinaren, etxeko tresnaren antzekoa zen eta berarekin zernahi egin zezaketen gurasoek edota agintariek. Alfonso X. Jakintsuaren “Partidas” liburuan baimena ematen zaio aitari ez bakarrik umea saltzeko, baizik eta, beharturik egonez gero, setio egoera batean adibidez, haurra jateko ere bai. Espartarrek, Likurgo-ren garaian, akatsekin jaiotako umeak amildu egiten zituzten. Seneca-k berak ere ume elbarrrituen eta desitxuratuen deuseztapena onartu zuen. Umea, orduan, “behartsu” bat soilik zen, helduak ustiatu zezakeen objektu hutsa (gorputzadar bat moztuz eskaletasunean erabili zezakeena). Erromatar gainbeherarekin hasi ziren agertzen jarrera honen aurkako erreakzioak (Horazio, Kintiliano). “Haurtzaintza”ren (umea zainketa berezien subjektu gisa hartzen duena) aro goiztiar honetan haurrenganako jarrera bikoitza, kontrajarria zen: umea jainkoari eskaini dakioke sakrifikatuz (Abrahanek egin zuen bezala bere seme Isaakekin); bestalde, enperadore batzuek, haur-hilketa debekatu eta zigortu egin zuten, eta Krisostomo eta Basilio santuek umeentzako aurreneko babesetxeak eraiki zituzten.

 

Kristautasunaren etorrerarekin batera umea jaraunzpenez eta egituraz “deabrutu” gisan hartu zen, jatorrizko bekatuaren hartzailea zenez. Umeak faltan sortzen ziren eta bidegabekeriaren eramaileak ziren. Kultura honen barruan Juan Vives, Huarte de San Juan, Ponce de León eta Bonet-en jokaera babesleak eta hezitzaileak salbuespenak izan ziren. Umea, garai luze horretan, ez zen eguneroko bizitzatik aldendua izaten, baina berez “marjinala” zen eta haur-heziketan zigor korporala ohikoa zen.

 

Haurraren libratze garaia: Aro hau XVIII. mendearekin batera iritsi zen. Frantziako iraultzak zapalduen askapena ekarri zuen: txiroena, esklaboena, eroena, umeena. 1791ko irailaren 3ko Giza Eskubideen Aitorpenak, jada, utzitako umeak nazioaren kontura heziak izango zirela erabaki zuen eta, horretarako, hospizio nazionalen sorkuntza agindu zuen. Eta Iraultzako Zuzenbidean (1793) garbi geratu zen gurasoek, bere seme-alabei zegokienean, betekizunak soilik zeuzkatela eta eurei babesa eskaintzera derrigortuta zeudela. Zoritxarrez, erabaki hauek asmo hutsetan geratu ziren.

 

XVIII-XIX. mendeetako iraultza industrial ingelesean gauza oso desberdina gertatu zen: ume “txiroek” eleizaren laguntza jasotzen zuten, eta 21 urte bete artean elizaren ondasuna ziren. Gehienak hil egiten ziren. Bizirauten zutenekin zeregin ez zekitenez, fabrika berrien eskulan eskasiak ekarri zuen irtenbidea: fabriketako jabeei eskaintzen zizkien kasik hutsaren truk, hamasei ordurainoko lanaldietan erabiliz. Ume “libreak”, berriz, bere gurasoen aginduz iharduten zuten era berdineko lanetan (ikatz mehatzetan eta algodoi fabriketan) 5-6 urtetik aurrera. Patroi batzuk (Peel, Owen) filantropo bihurtu ziren eta 1802an “ikasleen osasunaren eta moralaren legea” defendatu zuten parlamentuan (Owen). 1819an debekatu egin zuten 9 urte baino gutxiagoko umeen lana. Eta 1870-1891 arteko “heziketarako legeak” agindu zuen 12 urterainoko derrigorrezko eskolaratzea.

 

Frantzian umeen askatzeak beste bide bat hartu zuen J. M. Garpard Itard-en eskutik: Victor haur basatiren berreziketa bere gain hartu zuen (ikusi haur basatia) eta bere ahaleginek (alferrikakoak Pinel-en ustetan) eragina eduki zuten publikoaren sentikortasunean eta ondorioak ekarri zituen, batez era beraren ikasle zen Seguin-en bitartez. Autore honen iritzirako ume atzeratuak (idiotak) berrezigarriak ziren. Bere dotrina, 1850etik aurrera, Estatu batuetan zabaldu zen, non zentro asko ireki ziren atzeratuentzat, itsuentzat eta gorrentzat. Ildo berdintsua jarraitu zuten Maria Montessori-k Italian, J. H. Pestalozzi-k Suitzan, Pablo Montesinos-ek Espainian. Eta Froebbel-ek Alemanian. Honenbestez, mugimendu naturalista eta izpiritualista bat zabaldu zen, umea barneratuz eta neurriz gain babestuz. Umeak karrika galdu zuen eta, bide batez, sexuarekiko, erasokortasunarekiko eta heriotzarekiko zuzeneko harremana ere bai.

 

Haurrarenganako garai zientifikoa: XIX. Mendeko bigarren zatian arlo guztietako ikerketa gailendu zen, arloetako bat haurra izan zelarik. Darwin-ek, 1940an, bere semeetako baten behaketa egin zuen, 1877an argitaratuz. Preyer-ek Umearen arima idatzi zuen, Hall-i “umearen mentalitatea” aztertzeko galdeketa bururatu zitzaion. Binet eta Simon-ek osatu zuten sendagile-hezitzaile aurreneko bikotea eta 1899-1900 hasi ziren adimenaren neurketarako probak egiten (ikusi Binet-Simon eskala). Umea laborategiko objektu gisa aztertzen hasia zen eta laster etorri ziren Institutu pedagogikoak eta psikologikoak, aurrenekoa Vienakoa izan zelarik eta ospetsuena Claparède-k Geneban fundatutako “Jean-Jacques Rousseau Institutua”, geroagoko “Heziketarako Zientzien Institutua”. Bertan sortu zen lehendabiziko Zerbitzu Mediku-pedagogikoa.

 

Umearen berezitasun psikologikoaren eta nortasunaren kontzeptuak lantzen hasiak ziren, baita bilakaeraren jarraitasunarena ere. Zentzu honetan oso baliagarriak suertatu ziren test-ak, zeren kuantifikazioari ezker, adimen bilakaeraren maila progresiboen ezarpena ahalbidetu zuten, idioziatik normaltasuneraino dagoen jarraitasuna erakutsiz. Joera honen aurreneko korolarioa “etapismoa” izan zen: haurrak, bata bestearen atzetik, bilakaerako fase desberdinak igaro behar ditu heldutasun psikologikoa lortzearren eta, aldi horietako batean geratuz gero finkatzea (fijación) letorke, hurrengo lorpenak eragotziz. Bilakaera-genetikoaren aitzindaria Jean Piaget psikologo suitzarra izan zen, bere lanari 1936an idatzitako Adimenaren jaiotza liburuarekin hasiera emanez. Afektibitate arloari dagokionez Freud-ek deskribatu zituen, aurrenez, bilakaera-faseak.

 

Haurtzaroko prebentzioaren eta higiene mentalaren garaia: XX. mendeari dagokio eta Mannheimer izan zen aurrenekoa “Haur-psikiatriaz” hitz egiten. XIX. mendean agertutako psikiatriako tratatu handietan umeen aipamenik ez dago. Esquirol-ek, esate baterako, bere Psiquiatria tratatuan 1.500 orrietatik bakarra eskaini zien “haur-psikosi funtzionalei”. Eta zerbait aipatzekotan helduen erreferentziarekin egiten zen, haurtzaroa heldutasunaren garaiaren kopia txiki bat izango balitz bezala. Gainera eta beti sustapen organiko bati lotzen zitzaizkion ezaugarri psikikoak. Adibideak Emminghauss alemaniarraren idazlanak (Haurtzaroko aztoramen psikikoak), Moreau de Tours-en Haurren erotasuna, Ireland britainiararen idazlanak dira.

 

Geroago, Mannheimer-ek Précis de psychiatrie infantile liburuarekin irekitako ildoari jarraituz Sancte de Sanctis italiarraren Neuropsichiatria infantile, patologica e diagnostica (1925) eta Hamburger-en Haur-psikopatologia agertu ziren. 1935ean argitaratu zuen Leo Kanner-ek bere Haur psikiatria ospetsua. Ondoren, ilaran, Tramer-en Lehrbuch der allgemeinen kinderpsychiatria, E. Benjamin-en Haur psikopatologia, Jakob Lutz-en Kinderpsychiatrie eta, azkenik, 1970ean, Julian de Ajuriagerra euskaldunaren Haur-psikiatriako eskuliburua etorri ziren.

 

1937an, Heuyer-en gidaritzapean, aurreneko haur psikiatriako nazioarteko Kongresuaren ondoren, haur psikiatriako nazioarteko komitea eratu zen, geroago haur psikiatriako nazioarteko asoziazioa bihurtu zelarik. Harrezkero Londresen (1948), Toronton (1952), Lisboan (1958), Scheveningenen (Holanda,1962) , eta abar burutu dira nazioarteko biltzarrak. Haur-psikiatria, geroztik, era desberdinetan egituratu da nazioen arabera, gehientsuenetan psikiatriako unitate berezia eta autonomoa osatzen duelarik.

 

Urte berean, hau da 1899an, sortu zen baita ere umeentzako aurreneko auzitegia Chicagon Benjamin Lindsey epailearen eraginpean. Adin txikikoen auzitegi erakundeek ekarri zuten umeen eta gazteen delinkuentziarekiko ikusmira berria. Autore nagusia Healy izan zen bere The individual delincuent idatziarekin, non sen praktiko eta klinikoarekin biltzen den 800 kasuren deskribapen gogoetatsua. Gaizkilea ez zen, jada, egiturazko gaiztoa (perverso) baizik baldintza psiko-sozialen ondorioa. Epaileek portaera okerren zergatia jakin nahi zuten; horregatik, 1909an, Healy-k gazte-institutu psikopatiko bat eratu zuen, geroagoko haur-orientabide zentroen hazia ezarriz.

 

Bestalde, garai berdinean, “pediatria berria” jaio zen. West-ek argitaratu zuen 1854an Haurtzaroko gaitzen irakurketak eta André Collin pediatra frantsesa izan zen lehendabizikoa umearen garapen neuropsikikoa sistematikoki aztertu zuena. Berak asmatu zuen “paidopsikiatria” hitza eta berak osatu zuen lehenengo kontsulta paidopsikiatrikoa. Beraz, haur-psikiatriaren bigarren osagaia, hau da osagai pediatrikoa, argitu zen. Baina psikiatria aldetik begiratuz -haur-psikiatria- edo pediatria aldetik ikustatuz -paidopsikiatria-, bi noziook desabantaila bat daukate, bere erotasunezko konnotazio adierazgarriarena, haurtzaroko gaitz mentalarena hain zuzen, eta hori ez dator bat errealitatearekin. 1914ko nazioarteko gudaren ondoren egin zuten topo pediatrek beren gurasoengandik aldendutako umeek erakusten zuten gabezia afektiboarekin. Orduan deskribatu ziren gabezia afektiboaren eta ospitalismoaren sindromeak. Pediatria eta psikoanalisia Winnicot eta Spitz bezalako pertsonetan batu ziren.

 

Haurtzaroaren babesa eta haurraren nazioarteko urtea: ikusi dugu nola izan zen Britainia Handia lehendabizikoa umearen babeserako urratsak ematen. 1874ko Infant Life Protection legeari 1889ko Haur Ingelesen Gutunak jarraitu zion, non, lehendabizikoz historian zehar, umeak ere eskubideen subjektuak zirela onartzen zen. 1908an Haurraren Legea Ingalaterran ezarri zen indarrean: aurrerantzean Estatuak aukera edukiko zuen gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetan parte hartzeko eta, beharra egonez gero, gurasoak ordezkatzeko. Hala ere oraindik ez zen umearen nortasuna aitortzen. Berdin gertatu zen, sasoi berdinean beste nazioetan garatu ziren lege eta akordioekin. Nazioarteko lehenengo gudak sortutako hondamenaren ostean (%50 ume hiltzen ziren gosez eta gaixotasunez) Nazioarteko Gurutz Gorria soilik mugitu zen eta, Elizaren babesarekin, Nazioen Sozietatea bultzatu zuen, 1924an, Genebako Deklarazioa egitera, non kristautasun ongintza tankerako ukitu nabariarekin haurtzaroaren oinarriko bost eskubide aldarrikatzen ziren.

 

Nazioarteko bigarren Guda bukatu bezain laster Umearen eskubideen Gutun berri baten beharra ikusi zen, baina hamar urte igaro ziren ONUko batzar orokorrak, 1959ko azaroaren 20an, ezartzea lortu zuen arte. 1979, Gutunaren 20. ospakizunean, Haurraren Nazioarteko Urtea (nerabezaroa ahantziz) izendatu zen. Ez zen berritu 1959an onartutako haur eskubideen dekalogoa. Nahiago izan zen lanerako talde desberdinen eraketa osatzea. Estatuak baino gehiago Haur Babeserako Nazioarteko Antolaketa (U.I.P.E) edo U.N.I.C.E.F.en antzeko egituraketa ez gubernutarrak inplikatu ziren eta emaitzen artean, itxarotakoak baino txiroagoak izan arren, azpimarragarrienak honako hauek izan ziren: tratu txarrak jasandako umeen babesa eta umeen suizidioaren dibulgazioa, umeen lanerako erabileraren salaketa, hirugarren mundua deituriko umeen egoera, ume errefuxiatuen baldintzen ezaguera, haurraren eskubideen aldarrikapena eta, azkenik, sexu erritualezko ebaketen (batez ere neskato eta emakumezkoetan) gaitzespena.

 

Paidopsikiatriaren eragin eratzaileak: gaur eguneko Haur-psikiatriaren eraketaren eragile nagusiak, horrenbestez, honako hauek dira.

 

1-: Tratamendu “morala” deitua izan zen Pedagogia espezializatua, hasieran adimen urriko eta akats organikoak zeuzkaten umeen berreziketarako erabilia izan zena. Korronte honek itxaropen bat ekarri zion haur psikiatriari: okerren eta zaurien gainetik, teknika egokiak erabiliz gero eta lana ondo eginez gero, berreskuratze ahalmena baitago.

 

2-: Testen aroak espezialitate berri baten sorrera ekarri zuen: psikologiarena. Hasieran, etapismoa deskribatzerakoan aipatu dugun legez, erabat psikometrikoa izan zen; geroago, test proiektiboen agerpenak, haur-nortasunaren azterketaren objektibotasuna ahalbidetu zuen. Haur-psikiatriarentzako garrantzitsua izan zen psikologiaren eragina, dinamizazioa suposatu zuelako hain zuzen, hau da, umearen irudi eta nortasun espezifikoaren aurkikuntzan lagundu zuelako

 

3-: Haur-psikiatriaren ama izan beharko lukeen psikiatria orokorra, alderantziz, paidopsikiatriaren bilakaeraren oztopo bihurtu zen bere jarrera organizizta eta neurologikoarekin, bere haurraren atzerapen mentalen ikusmira erredukzionistarekin, haur-psikiatriaren garapena eta autonomia atzeratuz.

 

4-: Psikoanalisiak pisu handia eduki du haur-psikiatriaren identitatean: umearen bizitza afektiboaren ikuspegi sakona ezarri dio, bizipen afektiboa izanik aztoramen psikologikoen eta harremanetako arazoen eragile funtsezkoena. Alor honetan erakargarrienak Melania Klein (1932an argitaratu zuen bere Haurraren psikoanalisia liburu ospetsua) eta aitarekin batera 1938an Londresera iritsi zen Anna Freud izan ziren.

 

5-: Pediatria modernoa ere erabakigarria izan da: haurtzaroko arazo somatikoen tratamendurako sortutako haur-ospitaleek eta umeei zuzendutako teknika bereziek (geroz eta zehatzagoak eta sofistikatuagoak) Haur-psikosomatika erakarri dute haur-psikiatriari kapitulu berri bat erantsiz. Haurrek, txikienek bereziki, gorputza erabiltzen dute tentsioak eta arazoak adierazteko; adierazpenok osatzen dute haur-psikosomatika

6-: Haurtzaroaren babeserako sortutako giza-mugimenduak ere eragingarriak izan dira haur-psikiatriarentzako. Populazioa orokorrean sentsibilizatu dute, ez bakarrik behar fisikoei dagokienez baizik eta baita ere psikologikoei, emozionalei eta giza-ingurugiroari dagokienean ere.

 

 

Haurtzaro desegokia:

Gehiengoarentzat erabiltzen diren neurriak baliogarriak ez direnean neurri bereziak hartzera derrigortzen duen ume multzoari deitzen zaio haurtzaro desegokia. Desegokitasuna haurrari (eragozpen motorea edo sentsoriala, adimenaren atzerapena, arazo afektiboak) edota giza-ingurugiroari dario ( kasu “sozialak” deiturikoak, arriskuan dauden adin txikikoak, eta abar)

 

 

Hebefrenia:

Eskizofreniaren era kliniko handietako bat da. Nerabezaroko hasiera goiztiarrak, adimenaren hazpegi defizitarioak, psikomotorezko geldotasunak, negatibismoak eta maiz bereganako edo hurkoarenganako erasokortasun oldarkorrekin agertzen diren ezohiko aztoramen timikoek bereizten dute.

 

Hecker-ek deskribatu zuenean, 1871an, gaitz autonomo bat osatzen zuen. E. Kraepelin-ek, ordea, dementzia goiztiarren multzoan sartu zuen, gaitz mota hauen gaztaroko era kliniko nagusia bihurtuz. Eta, une berean, K. Kahlbaum-ek 1874an deskribatutako mota katatonikoarekin lotu zuen, agerpen “hebefreno-katatonikoa” eratuz.

 

 

Heldutasunik eza:

Heldutasuna burutu ez duen organismo baten egoera da, edo baita ere organismo baten, egituraketa batzuen eta euren funtzioen bilakaeraren atzerapena.

 

Heldutasunaren eza egoera heldu, egonkor, bukatu baten arabera balioztatzen da. Heldutasunik-ez biologikoaren lekukoak osotasun anatomiko eza eta mugatze funtzionalak dira. Nerbio-heldutasun ezaren bereizgarriak ez dira zehazki ezagutzen; pluri-inerbazioa, zelulen ugaritasun eta konexioen txirotasuna izan daitezke bere adierazgarriak. Hizkuntza arrunteko heldutasunik-ez psikikoa alde askoko kriterio multzo desberdinen araberakoa da: helduarekiko gaztearen autonomia ezari, mugimenduen emozioen kontrol ezari legokioke; edo, hurbiltze esperimentalek diotenez, desberdintasun kualitatiboagoei lotu beharko litzaieke: heldutasunik gabeko nerbio-sistemen plastizitatea eta portaeren antolaketa ez lirateke berdinak izango hilabete gutxiko umean eta gizaki heldu batean.

 

Analogikoki heldutasunik ez afektiboaz hitz egiten da, subjektuak bere adin heldura hedatzea lortzen ez duenean. Funsgabeko portaerak eta hauskortasun emozionalak bereizten du egoera hau. Gehienetan atzeratze mentala izaten du lagun eta desegokitze neurotikoetarako eta psikotikoetarako erraztasuna dauka.

 

 

Hemiplegia:

Alde bateko bide motore piramidalaren erasanaren ondorioa da. Dagokion motore urritasunarekin batera erreflexu batzuen galera (kutaneo-abdominala, gehienbat) eta tankera Jacksonianoko askatze-seinale batzuk dakartza: oinazpia narritatuz gero, hatzak haizemaile gisan hedatzea (Babinski-ren seinalea), sinkinesiak, erreflexu osteo-tendinosoaren eta tonuaren gehiegikeria. Nerbio-bal (haz) piramidala gurutzatu egiten denez, paralisia zauria jasandako bestaldean kokatzen da eta, maiz, erasandakoa hemisferio dominantea denean, afasia- motorea izan ohi du lagun. Zauriaren jatorria baskularra suertatzen da gehienetan, baina trauma, tumore edo infekzio baten (garun abszesua) ondorioa ere izan daiteke.

 

 

Heroina:

Estupefaziente bezala sailkatutako morfinaren deribatu erdisintetikoari edo diazetil-morfinari deitzen zaio heroina. Dresser-ek, kimikari berlindarrak, esperimentatu zuen 1898an. Tuberkulosoen eztularen aurkako eragin handia erakutsi zuen lehenik eta, gero, minaren aurkakoa. Morfinomaniaren eta kokainamaniaren sasoi betean agertu zen heroina eta, urteetan, heroina morfinomaniaren aurkako mirarizko tratamendu gisa erabili zen. Baina, berehala, morfinomania bera baino toxikomania handiago baten sortzaile bihurtu zen. 1960tik gaur egunera arte heroinak sorturikoa izan da menpekotasun handiena (azken urteotan, beharbada, kokainarenak gainditu du). Droga nagusiena da eta, marihuanarekin batera, bera da izen desberdin gehienak dauzkana drogazaleen argotean: “hero”, “horse”, “saldi”, “junk”, “hauts”; eta jatorriaren arabera “irakiarra”, “pakistandarra”, “tailandiarra”; eta itxurari dagokionean “zuri”, “arrosa”, “grisa”, “brown sugar”. Era askotan moztuta egoten da eta, kaleko heroinak, produktu eragilearen % 3-10 soilik eduki ohi du. Trafikatzaile nagusietatik hasi eta karrikako trapitxero txikienek ere manitolarekin, glukosarekin, aspirinarekin, estrikninarekin nahasi ohi dute. Erre daiteke Ekialdean eta Afrikako zenbait tokietan egiten den gisa, baina, gure artean, esnifatu eta benabarnetik xiringatu ohi da, gehienbat.

 

Heroinaren egitea: Bere ekintza morfinarena baino sendoagoa eta iraupen laburragokoa da (dosi baten eragina 3-8 ordu tartekoa da). Laster dario beste opiazeoekin alderanzgarria den menpekotasuna: menpekotasun psikiko sakona, tolerantzia (dosiak handiagotzea behartzen duen ohitura) eta, batez ere, menpekotasun fisikoa.

 

Menpekotasun honen kentze-sindromea berezia da: larritasuna, urduritasuna eta aharrausiak; 6-8 ordura rinorrea, malkotan izatea, midriasia, dardarizoak, bero bulkadak; gero, giharretako minak, batez ere gerrialdean eta gorputzadarretan, karranpa abdominala; gainetik nazkak eta okadak; azkenik, beherakoak. 2-3 egunean iristen da gailurrera sindromea eta, astebeterako, desagertu egiten da. Kentze bukaera aldea subjektua ahul eta guztiz sentikor aurkitzen da, bai afektiboki bai sentsorialki.

 

Gaindosi arriskutik at, menpekotasun honen galzoriak injekzioaren erabilerari, txuteari lotuta daude. Menpekotasunaren sakontasunak subjektua drogarentzako soilik biziaraztera darama, giza-egokitzearen eta harreman afektiboen gainetik, gorputzarekiko eta osasunarekiko mesprezu osoko itxurarekin.

 

Farmako-menpekotasuna, opiazeoez gain, ehundaka substantziek sor dezaketenez, zergatik dago hain indarrean heroina? Azalpena, beharbada, produktuaren ezkutuko zabaltzean, fabrikazio samurrean eta trafikatzaileen neurriz kanpoko irabazietan egon daiteke. Baina, bestalde, benetako mitoa da, eta toxikomanoak aurkitu nahi duenari heroinak ematen dio erantzun zuzenena eta egokiena. Xiringatzeari darion flax-ak plazer sakonaren sentipena dakar. Plazer kontrolatuan, gozamen menperatuan datza toxikomanoaren gogo hedonikoa. Anestesiko indartsua da eta, subjektua, kanpoaldeko hautemateetatik babesten du, estres-iturri guztietatik bakartzen du. Larritasuna, fantasmak, ametsak gutxiarazten ditu: toxikapen aldietan ametsik ez dago. Kentze-sindromearen garaian itzultzen dira “amets-mozkor gisan”, droga, desira guztiak baino indartsuago, bizitzako gauza beharrezkoena balitz bezala. Isolamenduaren, bakardadearen, nagusitasunaren droga ere bai da heroina (kokaina, alderantziz, ekintza eta iratzartzekoa da). Bere erabilera, beraz, bat dator toxikomano batzuen aszetismo eta bakardade joerarekin. Debekatuta dagoenez, eta arriskutsua denez, bere lorpenak ekintza hausleetara bideratu dezake; garestia izanik eta eguneroko dosia beharrezkoa denez, delinkuentziarako bidea erraz irekitzen du. Gainera, erabilera bera ere hauste bat da, ohiko arauenganako erronka bat. Produktu arriskutsua da halaber, zeren inoiz ez da jakiten ziur bere edukia, zoriaren droga da: xiringatze bakoitzean heriotzarekin jokatzen da. Heroinomania da, horretaz, toxikomania paradigmatikoena, menpekotasunaren eta askapenaren, erronkaren eta men egitearen paradoxak bereganatzen dituelarik.

 

 

Hersturagatiko neurosia: (ikusi antsietatea)

 

 

Heziketa berezia:

Irakaskuntzaren ingurugiro arrunt batean legokien ikasketaren, gizarteratzearen eta gainerantzeko arloen maila normala lortzen ez dutenei edota, seguruenik, lortuko ez dutenei zuzendutako heziketa da.

 

Handikapak eragotzitako umeei eskaintzen zaie eta legez araututa dago.

 

 

Hiperestesia:

Edozein estimulu sentsorialerako gehiegizko sentikortasuna da. Gehienbat ukipenaren esparruan agertzen da eta, orduan, erasan polineuritikoetan eta talamikoetan gertatzen den legez, sentimen mingarriak izan ohi ditu lagun.

 

 

Hiperfagia:

Behar baino neurri handiagoan jatera bultzatzen duen elikaduraren portaera da hiperfagia. Bulimiarekin alderatuz ez da elikaduraren aztoramen bat baizik eta gehiegizko jangura. Ondorioa, noski, erregimen batekin txukundu daitekeen obesitatea da.

 

 

Hipermnesia:

Oroimenaren asaldura eta zorroztasun guztiz biziari deitzen zaio hipermnesia. Egoera arriskutsu batzuetan (bizitza osoaren ikuskizun panoramikoa) eta aldi maniakoetan agertzen da. Buru ahul batzuek, kalkulatzaile miresgarriek eta zenbatezinezko zerrenden errepikatzaileek eduki dezaketen jarrera txundigarria ere bada. Kasu hauek gaitasun intelektual instrumentalak gorde ahal izan dituzten antzinako haur psikotikoak izan ohi dira.

 

 

 

Hipersomnia:

Lotarako joeraren gehiegikeria patologikoa da. Egoera hipniko luze eta kontrolik gabekoekin edo loaldi paroxistikoekin (Gelineau-ren sindromea) adierazten da. (ikusi narkolepsia)

 

 

Hipnosia:

Beste pertsona batek, hipnotizatzaileak, eragindako kontzientziaren egoera aldatua, iragankorra eta artifiziala da. Hipnotizatzailearen eraginarekiko suszeptibilitatearen handiagotzeak eta gainerakoekikoaren gutxitzeak bereizten du.

 

Kontzientziaren eta oroimenaren aldakuntzarekin batera neurri batean hipnotizatzaileak iradokiak dituen ideia eta erreakzio ezohikoak agertzen dira. Egoera honetan, subjektuaren borondatetik at dauden letargia, anestesia, paralisia, giharren uzkurtasuna, batzuetan oso kokapen zehatz eta berezikoak diren aldakuntza basomotoreen gisako fenomenoak sorrarazi, iraunarazi edo desagertarazi daitezke. A. M. J. Chastenet-ek, Puysegur-ko markesaren ikasleak, deskribatu zuen lehenengoz “animalia-magnetismoak” sortutako “sonanbulismo eragina”. Eta Manchester-eko J. Braid dentistak erabili zuen aurrenez “lo artifiziala” pazienteak anestesiatzeko metodo gisa (1843). Berak ezarri zion “hipnosi” hitza eta berak eraiki zuen lehenengoz “hipnotismoaren “ teoria. Geroago A. Liebault eta H. Bernheim-ek sugestioaren garrantzia azpimarratu zuten. Garai berdinean J. M. Charcot-ek, Paris-en, histeriarekin asimilatu zuen (neurriz kanpo zalantzarik gabe). Freud-ek frogatu zuen, aurrenekoz, hipnosiaren gaitasuna inkontzientearen adierazpenerako eta bere erabileran abiatu zen psikoanalisiaren aurkikuntza. J. Hilgard-en iritziz histerikoek daukate hipnosiarekiko eragingarritasun handiena, baina baita irudikapen handiko eta gaitasun sortzaileak dauzkatenek ere eta erlijio sineskortasunezko pertsonek ere. Alderantziz, zientzilariak eta kirolariak, hau da lehiaketari jokaera daukatenak dira tematienak.

 

Hipnotismoa: hipnosia osatzen duten prozesuen eta tekniken multzoari hipnotismo deitzen zaio. Eta, zentzu zabalean, hipnosiarekin zerikusia daukaten gauza guztiei ere bai: hazpegi teorikoei eta praktikoei, erabilera terapeutikoei, medikuntza judizialei, erlijiozkoei eta ikuskizunekoei.

 

Egoera hipnoidea: iluntasunak eta hautemate sentsorialen gutxitzeak bereizten duen kontzientziaren aztoramen histerikoa da. J- Breuer eta S. Freud-ek sarrarazi zuten nozioa euren paziente histerikoetan aurkitzen zuten kontzientziaren disoziazioa edo klibajea izendatzeko. Elkar ezagutzen ez duten kontzientzia maila desberdinak suposatzen ditu aztoramen honek eta, batzuetan, jasandako esperientzia traumatikoen haluzinazio erako berpizte gaitasuna ere bai. 1906tik aurrera, ordea, Freud-ek deitura hau baztertu egin zuen, “defentsa-mekanismoa”rena erabiliz.

 

Hipnotikoa: dosi terapeutikoan erabiliz gero, nerbio-sistema zentrala baretzen duen sendagaia, lo fisiologikotik gertu dagoen loa erakarriz eta iraunaraziz. Hipnotiko idealak absortzio eta desagertze azkarrak eduki behar ditu, bere kopuru plasmatikoa gauez soilik izanik eragingarria. Tolerantzia, menpekotasuna eta toxikotasuna dira bere egite zitalak.

 

 

 

 

Hipoestesia:

Sentitze-estimuluen hautematearen gutxitzeari darion hautemate sentsorialen aztoramen koantitatiboari deitzen zaio hipoestesia. Sentikortasuna era orokorrean erasan dezake hipoestesiak eta, baita modu berezian ere (minarekiko hipoestesia, hipoestesia propiozeptiboa, ikumen-hipoestesia, hipoestesia termikoa)

 

 

Hipokondria:

Subjektuak bere osasunarekiko erakusten duen gehiegizko ardura da. Gorputzarekiko sinesmen eta jarrera irrazionalak, gaitz bat edukitzearen beldurrak eta sendagilearenganako erronkazko harremanak (ahalmen handia atxikitzen dion une berean porrot terapeutikora derrigortzen duelarik) bereizten dute.

 

Hipokrates-ek lehenengoz eta Diokles-ek eta Galeno-k geroago malenkoniaren mota batekin lotu zuten eta jatorria diafragmaren azpiko esparruan, hipokondrioan, ezarri zuten. Orduan, bareari behazun-beltz gehiegia leporatzen zitzaion eta hesteei eta barrunbe gastrikoari, berriz, humore atrabiliarioaren beratzea eta usteltzea. XVIII. menderaino ez zitzaion ezarri sorrera zerebrala: Th. Sydenhan-en ustetan garunean sortzen da hipokondria eta histeriaren baliokidea litzateke, zeren histeriak gehienbat emakumezkoak jotzen dituen bezala, hipokondriak gizonezkoak erasotzen ditu bereziki.

 

Sarritan agertzen da “formulazio hipokondriako” deituriko depresio kronikoetan, “nosofobiko” erako neurosietan eta, psikosi batzuetan, eldarnioaren kategoria hartzeraino iristen da. Orduan, despertsonalizaziozko eldarnio paranoide eskizofrenikoen, jazarpenezko eldarnio kronikoen eta, batez ere, organoen deuseztapen, kondenazio eta hilezkortasunezko parafrenia fantastikoaren (Ikusi Cotard sindromea) laguna izan daiteke.

 

 

Hipomania:

Asaldura maniakoaren adierazpen arina da. Gehienetan aldi maniakoaren iragarlea izan ohi da. Batzuetan, ingurukoentzat berarentzat baino nekagarriagoa den azpi-asalduraren egoera iraunkorra izan daiteke (ikusi psikosi maniako-depresiboa).

 

 

Hipotonia:

Luzapen pasiboari giharrak eskaintzen dion erresistentziaren gutxitzeak bereizten duen gihar-tonuaren gutxiagotzeari deitzen zaio hipotonia. Jaioberriaren hipotonia elikapen eskasaren eta gaitz kronikoen ondorioa izan ohi da funtsean eta, oihartzun gisa, kardiopatiak eta entzefalopatiak lekartzake.

 

 

Histeria:

Ideia, irudi eta emozio inkontzienteen gehiegizko adierazpenak bereizten duen neurosia da.

 

Sintoma psiko-motoreekin, sentsorialekin eta begetatiboekin agertzen dira dagozkion fenomeno konbertsiboak. Sugestionagarritasunean, antzerki-jitean eta sexu-aztoramenetan sustatzen da bere azpi-nortasuna.

 

Egipto-ko antzinako testu batzuetan zenbait egoera patologiko umetokiaren migrazioari itsasten zitzaion, organo hau histeria hitz greziarraren etimologian berraurkitzen delarik. XVIII. menderaino aztoramenen lehendabiziko jatorria sexu-kontinentziari eta substantzien gainezkatzeak gorputzari eragiten zion anabasari atxikitzen zitzaion. Nerbio-zuntzen sentikortasunaren eta suminkortasunaren nozio berriek P. Pinel eta ondorengoak histeria tratamendu morala behar duten gaitz mentalen artean sailkatzera bideratu zuten.

 

XIX. mende bukaeran J. M. Charcot histeria neurologiarekin lotzen saiatu zen, baina inongo zauriren aurkikuntzarik ez zuen lortu. Hala ere histeria eraketaren ulermenerako ekarpena zor zaio: hipnosiaren eraginpean histeriaren guztiz antzekoak diren sintomak (paralisia adibidez) erreproduzitu daitezke. J. Breuer-ek gaixo histeriko batekin erabilitako tratamendu katartikoak, hipnosipean hitz eginaraziz, S. Freud histeriaren etiologiaren ikerketa berrartzera bultzatu zuen. Sexu izaerako trauma psikikoa aurkitu zuen haurtzaroan eta, sintomaren jatorrian, trauma horren oroigarriak (reminiscencias) egongo lirateke. “Konbertsio” nozioa sarrarazi zuen, “psikikoak inerbazio somatikora egiten duen jauzia”, hitzaren eta sintomaren nolabaiteko elkarrekikotasuna barne duena eta Konbertsiozko histeria deitu zuena. Gibeleratutako, errefusatutako (refoulés) irudikapenek sintomen bitartez hitz egiten dute; sintomak desira inkontzienteen gauzatzearen eta aurka egiten dieten defentsa-prozesuen arteko konpromisoa dira. Konbertsioa “bere sintoma somatikoetan (paralisia adibidez) edo sentipenezkoetan (anestesiak edo min mugatu eta zehatz kokatuak) arazo psikiko baten transposizioa eta konponbide ahalegina da”. Esparru klinikoan bi hazpegi dira azpimarragarrienak: nortasun histerikoa eta konbertsiozko histeria.

 

Nortasun histerikoa: sexu-aztoramenen artean bereziena hoztasun klasikoa da, jasaten duen emakumezkoa bere bikotea baino gutxiago kexatzen delarik. Guztiz bestelakoak diren jarrera liluragarriekin eta hiperradierazpen erotikoekin batera agertzen da hoztasuna, bikotea erabat izutuz. Maiz, uko egiten die harreman sexualei, aitzakia desberdinak erabiliz (migrainak, hileko luzeak, kontrazepzioarako zailtasunak). Idealizatutako bikotearekiko ameskeri eragiketak nahiago ditu. Gizonezko histerikoak sarritan emakume adiskidantzak lantzen ditu; emakumearen gozamenaren beldur izanik, eiakulazio goiztiarrarekin aurrea hartu ohi du. Ameskeriara eta masturbaziora jotzen du halaber. Gizontasun ezaugarrien bilaketak eta pasiozko gizon adiskidetasunak identitate sexualaren aztoramenen, homosexualitatearena barne, adierazleak dira. Antzerki-jiteak, dramatizazioak eta, batzuetan, mitomaniak giza-harremanak ondorioztatzen ditu. Histerikoa eredu ospetsu baten bila ibiltzen da. Sugestionagarritasunak, naturaltasun ezak, hurkoaren arretaren behar amaiezinak higuina sortarazten dute, sendagileena batez ere (gaizki eraman ohi dute akatsak eta desirak azaltzeko hain trebea den histerikoaren erasokortasun inkontzientea).

 

Konbertsiozko histeria: Histerietan gatazka inkontzientea gorputzera igarotzen da eta urrats hori gaitz organikoen antzeko arazoekin adierazten da. Charcot-ek deskribatutako “krisi handia”ren gisako aztoramen paroxistikoa izan daiteke: “eztarriko pilota” batekin haziz ikusmen-aztoramenak agertzen dira; gero konortea galtzen da, zurruntasuna iristen da epileptiko erako konbultsioekin batera. Suspertzerakoan antzerti eta pasio-jarrerak hartzen dira. Askotan espasmofiliatik gertu dagoen konbultsio-krisi hutsa izan ohi da. Sinkope isolatu soila ere agertu ohi da, gehienbat pertsona esanguratsu bat aurrean egonez gero. Aztoramenok, maiz, fantasmen mimoak dira, jarrera orgasmikoekin eginikoak batzuetan.. Noizbehinka kutsakorrak izaten dira eta isolamenduarekin desagertzen dira. Anestesia eta paralisi histerikoak iraunkorragoak dira. Ez dute antolaketa anatomikoa errespetatzen eta gertakizunekiko sentikortasuna daukate. Kontrakturak, espasmoak eta dardarak iristen dira, baina aztoramen sentsorialak nagusitzen dira (ikus-entzunezkoak). Errai-adierazpenak iruzur bihurtu daitezke sendagileentzat: arazo ginekologikoak (haurdunaldi fantasma), goragaleak (elikadura anarkikoari loturikoak edo ez).

 

Gizonezko histerikoetan sarria da lehenengo gerraren garaian deskribatu zen konbertsio histeriko eran nabaritzen zen traumatismo ondorengo neurosia, nahiz eta gaur egun lan edo kotxe istripuaren ondorengoa den. Edema baten edo akats zirkulatorio erresistente baten antzeko arazo mugatuak gaixoa eta bere sendagilea giltzaperatu ditzake gaixotasun baten barruan, azterketa eta ospitaleratze amaigabeetan, aldarrikapenean eta paranoian bukatuz.

 

Histerikoaren depresioek batzuetan burutzen diren bere buruaz beste ekintzetara bideratu dezakete. Gaitzak neurotikoari ematen dizkion itxurazko abantailei uko egitera bideratu daiteke ahalegin terapeutikoen helmuga. Zentzu horretan doaz terapia psikoanalitikoak. Psikoanalisiaren gogoa subjektuaren egiaren zati batera heltzean datza, eta luzea eta gogorra izan daitekeen prozesurako gaixoaren eta psikoanalistaren engaiamendua derrigorrezkoa du. Erlaxazio eta psikodrama gisako metodoak ere erabiltzen dira. DSMaren (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) sailkapenean histeriak ez dauka lekurik neurosi bezala, nortasun histeriko eta aztoramen somatomorfo gisa zatikatzen duelarik.

 

Ikusmira psikoanalitikoa: jatorri etimologiko greziarra (hystera -umetoki-) daukan “histeria” neurosia koadro kliniko desberdinek osatzen dute. Bere originaltasuna honetan datza: bertan gatazka psikiko inkontzienteak antzerki eran eta era sinbolizatuetan adierazten dira, sintoma korporal paroxistikoak (epilepsia tankerako erasan konbultsiboak) edo iraunkorrak (paralisiak, kontrakturak, itsualdiak) erabiliz.

 

Sintoma nagusitzat fobia daukan Larritasun-histeria, eta sexuzko irudikapen erreprimituak gorputza erabiliz adierazten dituen Konbertsio-histeria teorizatu zituen Sigmund Freud-ek. Histeriak beste bi era freudiar ere badauzka: afektu desatseginen aurka eratzen den defentsa-histeria eta afektuen adierazpena, “abreakzioa” erabiliz (hustuketa emozionalaren prozesua: trauma baten oroimenari loturiko afektua askatuz beraren eragin patologikoak baliogabetzen ditu), lortzen ez duen atxikitze-histeria (histeria de retención). Histeria hipnoidea ere Freud eta Josef Breuer-en hiztegikoa da; P.J. Moebius psikiatra alemaniarrak ere erabili zuen: bizipen psikikoaren barnean disoziazioa eragiten duen hipnosiaz induzitutako egoera bat adierazten du. Trauma-histeria J. M. Charcot-en hiztegi klinikotik hartuta dago eta trikimailu fisiko baten ondorengo histeriari dagokio.

 

 

Histeria-anorexia:

Aztoramen histerikoak eta anorexikoak batzen dituen sindromea da. Ch. Lasègue-k deskribatu zuen 1873an: “zenbait histerikok higuina sentitzen du elikagai batzuen aurrean…, beste batzuei edozein janarik nazka eragiten die”. Janariarekiko gorrotoa bulimiarekin eta etilismoarekin batera ager daiteke. Anorexia histerikoak emakuzmekoak erasaten ditu gehienbat, batez ere nolabaiteko erregimena egitera behartuta ikusten diren emakumezkoak; erregimenak anorexiaren aukera sintomatikoa erraztu dezake. Bestalde, onartuta dago, anorexia ez litzatekela egituraketa zehatz bat izango baizik eta antolaketa desberdinetan azaleratzen den adierazle bat, batez ere amakumezko gazteetan. Autore batzuk “ama-alabaren” bategitea aipatzen dute aztoramenaren argiketaren ahaleginetan eta, beste batzuk gorputzaren “falo-bihurtze”aren (falicización) antzeko zerbait, ahalguztitasun psikologikoa erakustearren (subjektuak, itxuraz nekerik gabe, eragiketa frenetikoa eduki dezake). Beste zenbaitek Histeri-anorexia menpekotasunari gerturatu diote. Arrisku handiena ahidurazko heriotzean legoke.

 

Histeria-eroaldia:

Arazo histeriko larriek dakarten ezaugarri klinikoen multzoak osatzen du histeria-eroaldia.

 

Autoreen eta aroen arabera, hitz honek ilusioak, ikusmen-haluzinazioak, nahastea edo izpirituaren sorgortzea, eldarnioak, gezur patologikoak, asperkizun mota batzuk eta ameskeria, egoera hipnoidea, alboko erantzunak, amets-egoera, konbertsio somatiko anitzak, paralisiak eta estigma histerikoak barne, mututasun era batzuk, nortasun anizkunak, sugestibilitatea, zenbait deabrutze mota eta erotasun mistiko ugari batzen ditu. Egoera polimorfo hau engainagarria suertatu daiteke, ebakuntza kirurgiko askotara bideratuz. Amets-egoera, hizkuntza hurbiltzeak eta egoera hipnoidea nagusitzen direnean histeria krepuskularraz hitz egiten da. Populazio batek eldarnio histerikoa bereganatzen duenean, ostera, histeria kolektiboaz.

 

Historikoki, eskizofreniaren eta histeria-eroaldiaren muga guztiz ezegonkorra izan da. E. Bleuler-ek histeria-eroaldiaren zati bat eskizofreniari itsatsi zion. C. J. Jung-ek Hélène Smitz “medium”ari dementzia goiztiar diagnostikoa ezarri zion, T. Flounoy-k hizteriarena eransten zion bitartean. K. Abraham izan zen, nartzizismo kontzeptuan oinarrituz, zehazki berezi zituena: “dementzia goiztiarrak transferentzia sexualarekiko, maitasun objektualarekiko gaitasuna suntsitzen du”. Bere iritzirako “dementzia eta histeria autoerotismoak bereizten ditu; hemen libidoaren aldentzea dago, han objektua gehiegi kargatzen (investisement) da; hemen sublimatze gaitasuna galtzen da, han gehiegizkoa dago”. J- Lacan-i beste berezitasun kliniko bat zor zaio: histeria-eroaldian eldarnioak ez du hizkuntza suntsitzen (errealaren, irudizkoaren, erregistro sinbolikoaren eraispena), eskizofrenian bai.

 

Histrionismoa:

Egoera emozionalen gehiegizko adierazgarritasunerako joera da, maiz naturaltasunik eta zintzotasunik gabekoa. Sarritan, labilitate afektiboarekin, sentimenduen itxurapenarekin eta jarrera seduzitzailearekin batera, nortasun histerikoaren hazpegi bat izan ohi da. Bere inguruan giro xarmangarria edo hunkigarria sortzen eta mantentzen ahalegintzen da subjektua eta, batzuetan, superlatiboz jositako hizkuntza erabiltzen du, bere bizitza arrunteko hustasunarekin erabat kontrajarria dena bestalde.

 

 

 

Hizkuntza aztoramena:

Hizkuntzaren erabileran eta komunikazioan agertzen diren disfuntzio eta adierazpen patologikoak dira hizkuntza aztoramenak.

 

Aztoramen batzuk, afasiak adibidez, jatorri organikoa daukate baina beste batzuek gaitz mentalen barruan agertzen dira. Bigarren multzo honetan bereizi behar dira: 1-: komunikazioaren ihardueraren aztoramena erakusten duten ahozko hizkuntzaren arazoak (berborrea, berbigerazioa, mututasuna), hizkuntzaren egituraketaren aztoramenak (ahots jarioaren arazoak: hizmoteltasuna, butxadura, bradifemia, takifemia) eta aztoramen semantikoak (eskizofasia adibidez); 2-: idatzizko hizkuntzaren aztoramenak, maiz ahozko hizkuntzaren paraleloak izaten direnak, alderdi grafikoa, semantikoa eta idazketaren bizkortasuna erasotzen dutelarik; 3-: mental automatismo sindromean agertzen diren barreneko hizkuntzaren aztoramenak, pentsamendua errepikaraziz, inposatuz eta abar (gaixoaren portaeran ahotsak entzuteko jarrerarekin, eurekin solasean iharduteko itxurarekin, ezpainen mugimenduarekin, monologoekin eta mimika adierazgarriekin nabaritzen dira).

 

Umeari dagokionean hizkuntza aztoramena artikulazioaren arazoekin (fonema batzuk ahoskatzeko zailtasuna), hitzaren atzerapenarekin, segida fonetikoaren egituraketa okerrarekin (ahoskatze zuzena inbertituz, kutsatuz, sinplifikatuz) eta hizkuntzaren atzerapenarekin azaleratzen da; edota aztoramen fonetikoarekin batera ager daitekeen hitz jarioaren egituraketaren arazoarekin (adimenaren defizit gabekoa, nortasunaren gaitzik gabekoa). Sarriak dira, baita ere, hizkuntza idatziaren ikasketaren atzerapenak (dislexia, disortografia) eta hizmoteltasuna. Haur psikosietan oso larriak izaten dira hizkuntzaren aztoramenak (objektuenganako harremanen perturbazioa adieraziz).

 

 

Hizmoteltasuna:

Hitzaren jarioaren zailtasunak bereizten duen kizkuntzaren aztoramena da. Hitz jarioa zalantzaz, erritmoaren arazoz, etenaldiz eta, batzuetan, arnaserako eta fonaziorako giharren espasmoz josita dago.

 

Hizmoteltasuna hizkuntzaren ikasketaren aztoramenen barruan kokatu behar da eta eragile somatikoekin, psikikoekin eta giza-kulturalekin lotuta dago. Klasikoki bi eratako hizmoteltasunak aipatzen dira, tonikoa eta klonikoa. Aurrenekoan hitzak itxura espasmodikoa hartzen du, esaldiaren hasierako edo tarteko blokeatze eta etenaldiekin. Bigarrena silaba baten edo silaba multzo baten errepikapenarekin nabaritzen da. Lehendabiziz G. Van Riper-ek proposaturiko portaera-teknikak erabiltzen dira hizmoteltasunaren tratamenduan: erlaxazioa, eginkizun-jokoa (rol-jokoa), metodo kognitiboak, asertziozkoak.

 

 

 

Homeostasia:

Organismo bizidunek euren bizi-baldintzak era iraunkorrean mantentzeko daukaten joerari deitzen zaio homeostasia.

 

W. B. Cannon-i (1926) zor zaio kontzeptua: homeostasiak barne-esparruko egoera orekatua ahalbidetzen duen mekanismoen multzoa izendatzen du. Ingurugiroaren eta organismoaren arteko elkarrekintzek organismoaren aldaketa dakarte; baina organismoaren biziraupenak behar-beharrezkoak ditu muga zehatzen barruan gordetzea bere propietate fisiologikoak; muga hauen gainditze arriskuak berehala abiarazten ditu etendako oreka berrezartzeko mekanismo bereziak. Autoerregulatze fisiologikoko prozesua den homeostasiaren kontzeptua C. P. Richter-ek psikologiara zabaldu zuen eta K. Lorenz-ek etologiara.

 

Gaur egun, homeostasiaren printzipioa zalantzan jartzen ez den arren, kronobiologoek argi erakutsi dute barne esparrua ez dela “konstantea” zentzu zehatzean, baizik eta muturreko neurri batzuen artean fluktuatzen duela periodikoki eta erritmikoki. Neurrion gainditzeak abiarazten ditu mekanismo homeostatikoak.

 

Psikiatria arloan familia-terapeuta sistemikoak hasi ziren homeostasiaren kontzeptua erabiltzen. Hitzak familia guztiek aldaketarako erakusten duten erresistentzia izendatzen du, “aldaketa zuzendu edo geldiarazi beharreko okerra” izango balitz legez. Homeostasi gehiegizko erantzuna maiz ikusten da funtzionamendu okerreko edo zurrunegiak diren familietan.

 

 

Hondar-eskizofrenia:

(Ikusi Eskizofrenia, Conrad)

 

 

Hoztasuna:

Emakumezko batek sexu-atsegina lortzeko daukan ezintasuna da hoztasuna.

 

Batzuetan erabatekoa da eta ez dago ez gogorik ez gozamenik. Anafrodisia deitzen zaio. Aztoramen sakona da, baina ondo jasaten da gehienetan eta emakume gutxi bideratzen ditu kontsultetara. Alderantzizkoa gertatzen da hoztasun partzialarekin, non nolabaiteko atsegina egoten den, osatu gabea izan arren. Harreman sexualei legokien orgasmoaren faltan edo urritasunean datza eta orgasmo-aurretiko atsegin sexual guztiak asegarriak izaten dira. Berdin gertatzen da hoztasun mingarrietan edo dispareunietan (ikusi Baginismoa).

 

Agerpenaren arabera lehen eta bigarren mailako hoztasunak daude. Aurrenekoa sarritan ikusten da emakume ezkonberrietan eta berez desagertu ohi da bikoteak harreman kuttunetan trebetasuna hartzen duen neurrian. Bigarren mailakoa, berriz, bizipen sexual atsegingarri luze baten ondoren ezartzen da. Bere jatorrian erasan organiko bat egon daiteke (orokorreko gaitz endokrinoa edo neurologikoa; kokapen bereziko gaitzak, umetokikoak, baginakoak, perineokoak, bulbakoak). Halere, maizenik, afektiboa izan ohi da eragilea (bikotearekiko gatazka, adulterioa, abortua, arazo neurotiko desberdinak).

 

Tratamendua, jakinez gero, eragilearengana zuzenduko da. Oinarri afektiboetako hoztasunean mesedegarria izan daiteke psikoanalisi tankerako terapia, azpian dagoen gatazka aurkitzearren (zikiratze-larritasun sakona, aitarengan finkatutako Edipo-konplexua, ezkutuko joera homosexualak). Baina, gehienetan, kontrazepzioari dagokion edo bikotearenganako portaerarako aholku sinple bat aski izango da. Berreziketa psikosexualari zuzendutako teknikak ere lagungarriak dira (W. H. Masters eta V. E. Jonhson).

 

 

I

 

 

Iatrogenia.

Botikek, sendagaiek, sendatze ahaleginek edota ebakuntzek eta medikuntza-jarrera desegokiek eta inkontrolatuek eragindako aztoramenen eta gaitzen ekoizpenari deitzen zaio iatrogenia.

 

Beraz, osasun egoera bat hobetzearren edota osatzearren egindako diagnostiko eta tratamendu ahaleginei darien ondorio paradoxikoa eta kaltegarria da.

 

Adibidez: medikamentu baten erabileran sortutako arazoak, ebakuntza larrien ondorioak, oker bideratutako psikoanalisi batek gaizkiagotutako neurosia, ospitaleratze luze batek sortarazitako aztoramen psikiko berriak (ospitalismoa), sintoma bati soilik zuzendutako psikoterapia batek eragindako desoreka psikotikoa. Zerrenda oso luzea izanik, sendagilea zuhurra eta umila izatera derrigortzen du.

 

Iatrogenoa: ekintza mediku ezkorrak eragiten duen guztiari deitzen zaio iatrogenoa. Sendatze edota hobetze ahalegin ezkorrei bakarrik ezartzen zaie kalifikatzaile hau. Horrenbestez, medikuntzaren aurrerapen handiek kobratzen duten nolabaiteko zerga da: egunez egun zorrotzagoak eta eragingarriagoak diren teknikei geroz eta arrisku handiagoak darizkie.

 

 

Ideiagintza:

Ideien eraketa eta lotura da.

 

Aldi maniakoetan ideiagintza aztoratu egiten da, azkarregia bihurtuz: ideia-ihesa. Narriadura mentalean, alderantziz, geldotu eta gutxiagotu egiten da, behin eta berriz gai berdinen errepikapenera bideratuz: pertseberazioa.

 

 

Idiozia:

Atzerapen mental sakonaren era handiagoa, 30 baino gutxiagoko A. K.a (Adimen Kozientea) daukana. E. Esquirol-ek proposatu zuen hitza, aurretik erabiltzen zen idiotismoarena ordezkatzeko. Berarentzat, adimenaren ez-garapen handienaren maila izendatzen zuen eta dementziarenarekin alderatzen zuen, non lortutako gaitasunen galera dagoen. (ikusi atzerapen mentala.)

 

 

Igurtzismoa:

Onespena eman ez duen pertsona bat ukitzeak edo igurtzitzeak sortarazten duen plazerraren bilaketara bultzatzen duen sexu-arazoa da. DSMak parafilietan sailkatzen du eta, bere diagnostikorako, oldarkortasuna, irudikapen fantastikoen laguntza eta gutxienez sei hilabetako iraupena ezinbestekoak dira.

Ihesaldia:

Eguneroko bizilekutik ihes egitera daraman ezohiko eta ezusteko portaera da. Ihesaldira jotzen duenaren arazo psikikoak jite ezusteko eta irrazionalak erakusten ditu. Alderrai ibiltzetik (bizitzeko era) bereizi behar da. XIX. mendeaz gero alienistak ihesaldia arazo mentalekin lotzen saiatu dira; horrela, ihesaldi epileptikoak, osoko edo zatikako amnesia dagokien nortasunaren bigarren mailako egoera batean egindako ihesaldi histerikoak aipatu dira. Gaur egun, alde batetik patologia neuropsikiatrikoaren sintoma diren ihesaldiak, hain zuzen buru nahaste eta eskizofreniari dagozkienak eta, bestetik, portaera oldartsuekin (zeinen esanahia zehaztu behar den) loturikoak bereizten dira. Ihes egindakoaren egoera fisikoa (deshidratatua, nekatua, nahasia) eta ihesaldiaren bilakaeraren azterketa dira ahalegin honetan ondoen laguntzen dutenak. Ihesaldiaren aurretiko denboraldiak prestaketak eta giza-familia eta giza-ingurua erakuts ditzake (langabezia, aldatzea, marjinazioa). Gogoetatik ekintzarainoko urratsa (paso al acto) batzuetan oldartsua, eutsiezina edo zalantzazkoa izan ohi da. Aldizka kontzientziaren aldakuntzak atxikitzen zaizkio. Ihelsaldiaren kontaketa bera, sarritan, zehaztugabea edo fidatzekoa ez dena izaten da eta, zenbaitetan, bestelako portaera patologikoak aurkiarazten ditu (ekintza antisoziala, jateko egindako lapurketak, prostituzioa, eta abar). Ihesaldia bukatu beharrak eragindakoa edo beste norbaitek iradokitakoa izan daiteke. Subjektuak une horretan daukan egoera psikologikoa adierazgarria izango da, adinaren arabera, arazo mental larriei (malenkonia, eskizofrenia, desoreka psikikoa), pertsonalitatearen patologiari edo patologia erreaktiboari dagokionean. Umeetan, 6-7 urte baino lehenago, ezin daiteke ihesaldiaz hitz egin. Hauek, orokorrean, laburrak izan ohi dira eta familiaren ingurutik (maiz disoziatua, oreka afektibo eskasekoa) edo eskolatik (piper egin) aldentzearren eginikoak. Eskola-fobia sarria da eta haurrak amarengandik aldentzeak sortutako larritasuna adierazten du eta, nerabezaroan ere, esanahi neurotikoa dauka. Haur psikotikoek, arrazoi jakinik gabe, ihes egin dezakete (autista noraezean); edota ihesak berak ezagutarazten du psikosia.

 

Nerabeak, familia-gatazka bati aurre eginez, ihesaldi bakartira jo dezake; baina bere buruarengandik aldentzeko ere bai, barne gatazkak erakutsiz (berberatasunaren aztoramena, talde baten onespenaren bilaketa, marjinazioaren babesa); batzuetan depresio larria edo eskizofreniaren hasiera erakus dezake.

 

Gehienetan, adimenaren ahuleziak zaharra ihesaldira darama, baina baita bizitzaren baldintza jasanezinek ere. Batzuetan, helduen ihesaldiak, giza-portaera gatazkatia erakusten du (etxe uztea, iruzurra, identitate aldaketa). Antzeko esanahia eduki dezakete militarren eta atxilotuen ihesaldiek. Maiz, ihesaldiak korapilatu egiten dira. Larriena, ihesaldian, bere buruaz beste egitearena da. Beraz, ihesaldia, alarma adierazlea da eta, derrigorrez, neurriak hartzera bideratzen du, giza-familiako, heziketako eta psikologia arloko baldintzak egokitzearren eta errepikapenak ekiditearren. Batzuetan ospitaleratzera behartzen du, batez ere iheslariaren egoera mentala berarentzat edota hurkoarentzat arriskutsua denean.

 

 

Ikuskatze faltsua:

Hautemate identifikazioaren aztoramena da eta honako berezitasunak dauzka: subjektuak bere hautemate-esparruan dauden pertsonak ezagutzen dituela sinesten du, pertsona horiei ez dagokien identitatea atxikiz; edo, beste era batera esanda, aurrean dauzkan pertsona arrotzak pertsona ezagunekin nahasten ditu. Kasu honetan paramnesiaren antzekoa da. (Ikusi Paramnesia.) Gehienetan, hala ere, nahaste egoera kronikoaren eragina izan ohi da, batzuetan, oroimenaren aztoramenei lotzen delarik, Korsakov psikosian gertatzen den bezala. Beste kasu batzuetan ikuskatze faltsuak eldarnio izaera dauka eta lau era desberdinetan agertzen da: J. Capgras-ek deskribatutako “irudikapen bikoitza”rena (ikusi Irudi Bikoitza); Fregoli-ren sindromea, non pazienteak bere jazarlea ikusten duen aurkitzen dituen pertsona desberdinetan; intermetamorfosi sindromea, non pertsona arrotza gaixoaren gertuko pertsona batengan eraldatzen den; eta bikoitzaren eldarnioa, subjektuak bere irudi espekulatuaren jazarpena jasaten duelarik.

 

 

IMAO:

Horrela deitzen zaio antidepresibo batzuek osatzen duten taldeari, denek amankomunean daukatelako MAO (Mono-Amino-Oxidasa) entzimaren eragiketaren inhibizioa (Mono-Amino-Oxidasa-Inhibitzaileak)

 

1952an, jada, J. F. Buisson Isoniazida-k tuberkulosiak jotako gaixoengan eragiten zuen euforiaz ohartu zen. Baino aurreneko benetako IMAOa, Iproniazida, N. Kline-k aurkitu zuen 1957an.

 

IMAOek katekolamina zerebralen kopurua handiagotzen dute bere degradazioa eragiten duen entzima inhibituz. Eragiketa hau depresioa monoamino zentralen eskasian ikusten duen teoriarekin erabat ados dago. Triziklikoen (beste antidepresibo multzo handia) antzera eragin bereziak sortzen ditu animalietan, batez ere Reserpina-ren eragite farmakologikoa antagonizatuz.

 

Triziklikoekin eta antidepresibo berriekin alderatuz, indikazio gutxiago dauzkate IMAOek. Zeren, bere bigarren mailako eraginengatik (arriskutsuak dira beste zenbait medikamentu eta janari batzuekin), behaketa kliniko zorrotz batera behartzen dute. Gainera, kanporatze oso luzea daukatenez, tratamenduaren gelditzea zaildu egiten dute eta ordezkoa ipintzeko denbora luzea itxaron behar izaten da.

 

IMAOen erabilera: Gehien erabiliak iproniazida, nialamida eta fenelzina izan dira. Iproniazida: triziklikoak baino gehiago erasaten dio malenkoniari, nahiz eta bere etekina ezegonkorragoa den. Neurosi psikastenikoetan ere, kemen emailea izanik, mesedegarria izan daiteke.

 

Nialamida: Maiz, iproniazida baina hobeto toleratzen da eta erabilera berdinak dauzka.

 

Fenelzina: era batzuetako larritasunetan, batez ere izu-ikaretan erabilia izan ohi da.

 

Dagozkien eragin toxikoen artean aipagarrienak honakoak dira: hipotentsio garrantzitsua edo, alderantziz, hipertentsio paroxistikoa; hartzaile katekolaminergikoenganako hipersentiberatasuna ekoizten dutenez, simpatikomimetikoekin elkartezinak dira. Hepatitis toxikoa sortu dezakete. Noizbehinka, beheko gorputzadarren istripu neurologikoak, polineuritisaren antzekoak, eragin ditzakete.

 

Tratamendua eta arretak: IMAOak erabiltzekotan kontutan hartu beharrekoak dira: beste edozein botikarekin elkartu aurretik balizko elkartezinak ondo aztertu; bere kanporaketa luzea dela eta, antidepresibo ordezkatzailea ipini aurretik gutxienez bi aste itxaron; tiramina-n (hipertentsiboa) txiroa den erregimena ezarri: gazta hartzituak, legamia, alkohol-edariak, babak eta bananak kendu. Hori dela eta oso gutxitan erabiltzen dira, soilik beste eratako tratamendu antidepresiboek huts egiten dutenean. Hala ere, IMAO berrien garapenak (MAOa era alderanzgarrian inhibitzen dutenak -tolotaxona-, A motako MAOA bakarrik inhibitzen dutenak -moklobemida-) berriro suspertu dezake IMAOen erabilera (antidepresibo onak eta bigarren mailako eragin oso txikikoak lirateke).

 

 

Inafektibitatea:

Sentimenduen eta bizipen emozionalaren gabezia da. Gehienetan, beti ez esatearren, errealitatea baino gehiago itxura da. Beraz, hitza guztiz desegokia da, zeren, sentimendurik gabeko edo emoziozko erantzun afektibo gabeko gizakirik ez dago.

 

Horrenbestez, ezaxolatasun afektiboaz hitz egitea egokiagoa da: kanpo aldeko munduarekin galdutako loturak sortarazten duen harreman afektiboen desegituraketa litzateke, eskizofrenia eta egoera autistetan ikusten den legez.

 

 

Inboluzioa:

Orokorrean edozein organoren eta, bereziki, garunaren zahartzeari deitzen zaio inboluzioa.

 

Fisikotasunaren analogian psikismoari ere ezartzen zaio inboluzioa. Depresibo tankerako inboluziozko psikosiak (J. Capgras), eldarniozko paranoia inbolutiboak (K. Kleist) aipatu dira. Psikosiok zahartzaro aurretikoak dira.

 

 

Indarkeria:

Izaki batek besteari ezartzen dion indar izugarria da, behartzeraino, beldurrarazteraino eta izu-ikararaino iritsi daitekeena.

 

Indarkeria hitzak fisikoki edo moralki sendoago den subjektu batek beste bati jasanarazten dizkion jokaera erasokorrak ere adierazten ditu: tratu txarrak, ankerkeriak, bortxaketak, hilketak. Beraz, indarkeriazko portaerak delinkuentziaren eta arriskugarritasunaren esparrura zabaltzen dira. Horrela, jakina da bortitza izatera iritsi daitekeen gaixo mentala arriskugarri gisan hartua izango dela, eta bere indarkeria nabaria edo (maizago) potentziala argudio bezala erabiliko dela bere barneratzea justifikatzearren. Tankera honetako burutazioak ekarri zituen, R. Laing, D. Cooper eta F. Basaglia-ren eskutik, 1960 urteetako mugimendu antipsikiatrikoak: psikiatra gizartearen mandatari bat izango litzateke eta bere ekintza terapeutikoen helburua gaixoak gizartearen baldintzetara (indarkeriazko baldintzak) egokitzean egongo litzateke.

 

Gaixo mentalen indarkeria krisi egoeretan agertu daiteke gehienbat. Batzuetan, bat-batekoa izaten da, batez ere, nahaste-desegituraketa egoeretan eta gabezia egoeretan (alkoholarena edo beste substantzia toxikoena); orduan, lasaigarriak mesedegarriak izan ohi dira. Besteetan, eragindakoa izaten da indarkeria: ingurugiroaren intolerantziak edota erasoak suspertzen dute krisia eta, indarkeria eragoztekotan, ezinbestekoa izango da egoera ongi aztertzea.

 

 

N. B:

Etimologiako esparruari heltzen badiogu, argi dago, euskarari dagokionean, indarkeriari darion konnotazio ezkorra, “indar” hitzari gaitza adierazten duen “keria” atzizkia gehitzen baitzaio. Inguruko erdara hizkuntzetan, batez ere latinetik datozen erromanikoetan, ez da berdin gertatzen: “violence”, “violencia” eta abar latineko Violentiatik datoz; Violentia bera sexu esanahi oso kontingentea daukan Violo aditzetik dator; lehenbiziko adibidea eta agerpena sarritan aipatutako Zizeron-en esaldia da: Violare vitam patris; Zizeron ez zen sexu-indarkeriaz, bortxaketaz ari, benetako bizitzarako borroka batez baizik. Bestalde, Violo aditza “Bi” erradikal greziarretik dator; erradikal honek bi hitz eman ditu “Bia” (= violentia) eta “Bios” (= vita). Beraz, “violentia” honek, etimologikoki (gure kulturaren inkontziente kolektiboaren funtsezko hizkuntzan), gure bizitzaren sorreran bertan dagoen “bizitzarako indarra, kemena” adierazten du. Gisa honetako “funtsezko violentia” eransten zitzaien Herakles eta Eteokles (Edipo-ren semea) bezalako pertsonaia mitikoei, bizi ahal izateko borroka burutu zezaten. Funtsezko violentia honetaz hitz egin du Bergeret-ek bere “la violence fondamentale. L´inèpuisable Oedipe” liburuan.

 

 

Inedia:

Elikatze portaera bat da: subjektuak elikagaien murriztapena ahal duen neurri handieneraino darama. Anorexiatik eta gose grebatik bereizi behar da. Gisa honetako portaerak kristautasunaren hasieran ikusi ziren gehienbat, leizeetan edo zutabeetan (estilitak) isolatuta eta erabateko egoera aszetiko eta mistizismo sakonean bizi ziren ermitauengan. Gaur egun, eskizofrenia kasu batzuetan, eldarnio mistikoetan eta neurosi bereziki larrietan aurkitu daiteke.

 

 

Infantilismoa:

Heldutasunaren adinean haurtzaroko berezitasunak gordetzen jarraitzen duen egoerari deitzen zaio infantilismoa.

 

Berezitasunak fisiologikoak edo psikologikoak izan daitezke. Eragileak anitzak dira: genetikoak, endokrinoak, eta abar. Puerilismotik bereizi behar da: puerilismoa portaeraren mota atzeragarria eta erreaktiboa da.

 

 

Inhibizioa:

Subjektu batek emoziozko eragitean jasaten duen blokeatzeari deitzen zaio inhibizioa: gogoz kontra, eta batzuetan oinazez, ezin du ez erreakzionatu, ez ekimenik eduki ere.

 

Naroa da inhibizoa lotsatietan, psikastenikoetan, baldintza bereziak pairatzen dituzten (azterketetan, antzerkigintzan) sentiberetan, baina, batez ere, depresio egoeretan aurkitzen den portaera da, D. Widlöcher-ek deskribatutako geldotasunaren sindromea osatuz. Era larrietan malenkoniazko harriduraraino iritsi daiteke.

 

 

Inkubazioa:

Haur baten jaiotzaren inguruan, ama ordezkatzearren, aitak hartzen duen portaerari deitzen zaio inkubazioa. Oso antzinatik ezagutzen den portaera da eta, psikiatriaren alorrean, gizonezkoak bere emaztearen haurdunaldian jasaten dituen ezaugarri psikopatologikoen adierazlea da. Beraz, gizonezkoaren puerperioaren aztoramen mentalei loturikoa da.

 

Maizenik larritasun eta depresio sintoma sinpleen erakuslea da, puerperioa gogoratzen duten seinale psikosomatikoak erabiliz: anorexia eta bulimiaren arteko alderanzketak, goragaleak eta okadak, sabeleko minak eta hanturak, gernu egite sarriak eta, batez ere, hortz gaitzak (haurdunaldiak hortzak hondatzen dituen antzinako sinesmenari itsatsiak).

 

Aitaren amarekiko bat egite hau identitate galeraraino iritsi daiteke, erditzeari eldarniozko krisi erreaktiboz erantzunez. Puerperioko psikosi maskulino hauek sexu-identitate ahula daukaten gizonezkoengan agertzen dira, aitaren eginkizuna betetzeko gaitasunaren ezean. Gizonok “emakumezko gaitasunaren inbidia”, umeak egitearena, daukate. Bat egiten dute erdi-hurren dagoenarekin eta, bere eldarnioan, ugalketaren fantasma anitz erakusten dituzte, bilakaera ona izanik hala ere.

 

Eldarniozko gertaldiek, tratamenduari dagokionean, neuroleptikoen erabilera eskatzen dute. Aztoramen txikiagoetan antsiolitikoak eta antidepresiboak nahikoak izaten dira. Psikoanalitiko tankerako psikoterapia mesedegarria bihurtu daiteke.

 

 

Inpotentzia:

Sexu-ekintza era normalean burutu ezina dakarren sexu disfuntzioa da inpotentzia.

 

Gizonezkoengan erekzioaren maiztasunaren eta intentsitatearen gutxitzearekin adierazten da. Lehen mailako inpotentzian, subjektua inoiz ez da koitora iritsi; bigarren mailakoan, berriz, behar bezalako sexu ihardueraren ondoren ezartzen da. Maiz, beste era bateko arazoekin lotuta agertzen da, gertakizun eta gatazka afektiboekin zerikusia edukiz. Fisiologikoa edo iatrogenikoa ez izanik, nekez iristen da erabatekoa izateraino eta erantzun ona eskaintzen die teknika psikologikoei, adibidez W. H. Masters eta V. E. Johnson-en desentsibilizaziozko portaera metodoei: porrot berriaren aurretiko larritasunaren gutxiagotzean oinarritzen dira.

 

 

Instituzio-neurosia:

Bi urte baino gehiagoko ospitaleratze psikiatrikoak dakarren aztoramen neurotiko (edo psikotiko) multzoa da. R. Barton-ek deskribatu zuen 1950. hamarkadan eta psikiatra britainiarren Asylum dementiaren eta frantsesen Asilismearen baliokidea da: barneratutako eskizofrenikoei ospitaleratzeak berak gehitzen dizkien sintoma desberdinen multzoa.

 

 

 

 

 

Instituzio-terapia:

Helburua lortzeko onartu duen instituzioaren giza-egituraketan arituz, gaitz mentalak jotakoen tratamendura eta berregokitzera zuzendutako metodo terapeutikoa da.

 

Era honetako terapia anitz daude: Ospitale psikiatriko berberean zentratutakoa izan daiteke, zaindu beharreko benetako gaitz kutsakorra, F. Tosquelles-en arabera; P. Sivadon-en eta F. Basaglia-ren ustetan arkaikoa den instituzioa izango litzateke suntsitu beharrekoa; eta beste psikoterapien eta farmakoterapien laguntza soila izango litzatekeen teknika sozio-psikologikoa, antolatzaileen laguntzarekin erabilpen trebeetara zunzentzen dena.

 

Berez, deitura hau G. Daumézon eta P. Koechlin-ek erabili zuten “ikusmira psikoterapeutikorako pazientea bizi den inguruko bitartekarien laguntza lortzeko antolatzen diren neurri multzoaren erabilera” izendatzeko. Daumézon-en ustetan, instituzioa ez zen ospitalera mugatzen, sendagilea bera ere instituzioaren partaidea da.

 

Hala ere, aurreneko esperientzia, Frantzian babestuta zegoen F. Tosquelles psikiatra katalanarren eskutik etorri zen Saint-Alban ospitalera, alemaniarren okupazioaren garaian. Ospitalearen nekazaritza ingurugiroa eta bertako lankide guztien onespena eta partaidetza profitatuz, garai hartan biztanleek biziraupenerako asmatzen zituzten teknika berberak erabili zituzten. Arriskuei aurre egiteko jartzen ziren solidaritate eta truke portaerek, elkartasun eta engaimendu neurriek populazioaren egoera mentala hobetzen zutenez, antzeko jokaeren ezarpenean oinarritu eta sustatu beharko zen psikoterapia instituzionalaren jaiotza.

 

Teoria hau Tosquelle-k H. Simon psikiatra alemaniarrarengandik jaso zuen: “pabilioiko gaitza” zen tratatu beharrekoa, zainduaren eta zaintzailearen arteko benetako komunikazioa eta harremana berrezarriz, hemen eta gaurkotasun zehatzetara mugatutako (hic et nunc) “partehartze interpretatiboak” ahalbidetuko zituzkeen kokaleku pribilegiatuak eratuz.

 

1965 inguruan, G. Michaud, J. Oury eta P. Rappard-ek bultzaturik, beste norabide bat hartu zuen, bileretan, klubetan, solasaldi taldeetan, ergoterapietan zentratuz. Horretarako printzipio batzuk ezinbestekoak ziren: zirkulaziorako askatasuna; ondo antolatutako leku zehatzen eraiketa; berrikusi daitezkeen kontratuen ezarpena; girgilu sinbolikoek soilik eta bitartekaritzak edukiko luketen harrera iraunkorra. Hurrengo bi hamarkadetan hau guztia sektore-psikiatriko barruan disolbatzen joan zen, bertan eskuhartze intrakomunitarioa indartzen zelarik, ospitaleratzea egoera larrietako eta epe motzetarako soilik mantenduz.

 

 

Integrazioa:

Subjektuaren ekintzaren bateratzea ahalbidetzen duen Nerbio-sistema zentralaren eragiketa prozesuari deitzen zaio integrazioa.

 

Motrizitateak osaketa sentsorialean daukan eraginaren hipotesia C. S. Sherrington-ek emititu zuen aurrenekoz 1906an. Erabiltzen diren hautemate sentsorialen eragiketen berdintasunak motrizitatearen bitartekaritza lana iradokitzen du.

 

Interpretaziozko eldarnioa:

Eldarnio kronikoaren era sistematizatu bat da. Gehienetan jazarpenezko edukia dauka eta, bere eraketa, interpretaziorako joerak eta sare-hedapenak bereizten dute

 

P. Serieux et J. Capgras-ek Erotasun arrazoitua izena eman zioten (1909) eldarnio kronikoaren (Laségue eta Magnan), haluzinaziozko psikosiaren (Ballet), pasiozko eldarnioaren (Clérambault) edota irudikapenezko eldarnioaren (Dupré) era kliniko bat bereizteko. Beraz, eldarnioaren ekoizpenaren mekanismoetako bat azpimarratzen du, interpretazioarena, mota kliniko bat definituz. Serieux eta Capgras-entzat eldarniozko interpretazioaren definizioa hau da: “abiadura benetako sentipen batean hartuz, gertaera jakin batean oinarritutako arrazoiketa faltsua da…eta gezurrezko indukzioak eta dedukzioak erabiliz gaixoarekiko esanahi pertsonala hartuz, gertatzen den guztia berarekin lotzeko joera ekidin ezina” (ideia gailendua= idée prévalente). Ideia horretatik abiatuz teorian interpretazio hutsezkoa izango litzatekeen eldarnioa hedatzen da. Egia esan, eldarnio eragiketak beste mekanismoetara ere jotzen du, batez ere haluzinazioezkotara, interpretazio hutsezko eldarnioa oso gutxitan ikusten delarik. Mota honetako eldarnioek egituraketa paranoikoa edukitzen dutenez, gaur egun paranoiaren esparruan sailkatzen dira.

 

 

Introiekzioa:

1909an sarrarazi zuen hitza Sandor Ferenczi-k, proiekzioaren edo jaurtiketaren eta introbertsioaren edo barnerakoitasunaren (tolestura autoerotikoa) mekanismoaren simetrian, subjektuak kanpo aldeko gauzak barneratzeko daukan modu fantasmatikoa izendatzeko.

 

Ferenczi-k Transferentzia eta barnerakoitasuna izeneko artikulu batean psikotikoaren eta neurotikoaren psikismoa konparatu zuen: “…paranoikoak neketsu bihurtu diren emozioak kanpo aldera jaurtikitzen dituen bitartean, neurotikoa ingurugiroko ahal duen guztia bere ardurako esparrura ekartzen saiatzen da, fantasma kontziente eta inkontzienteen objektu bihurtuz… Proiekzioaren alderantzizko prozesu honentzat Introiekzio hitza proposatzen dut.”

 

Sigmund Freud-ek, bere eranste (incorporación) kontzeptutik gertu zegoenez, onartu egin zuen, baina Melania Klein eta bere taldekoak izan ziren objektu-harremanaren mekanismoak deskribatzekotan erabat bereganatu zutenak, trilogia bat osatuz: introiekzioa, proiekzioa, objektuen berrintroiekzioa, identifikazio proiektiboa.

 

 

Intsulina-osabidea:

(Ikusi Konbultsio tratamendua)

 

 

Intzestua:

Legezko ezkontza debekatuta duten gertuko ahaideen arteko sexu-harremanari deitzen zaio intzestua, adibidez aita eta alabaren, ama eta semearen, arreba eta nebaren, osaba eta ilobaren, izeba eta ilobaren artekoa.

 

Eragile batzuek erraztu dezakete gertakizuna: bakartze moralak edo geografikoak, promiskuitateak, alkoholismoak, adimen edo kultura eskasiak. Legediak debekatu egiten du eta hogei urterainoko zigorra jaso dezake egileak. Ezkontideak eta gainontzeko senideek maiz ezkutatu egin ohi duten bortxaketa honi aztoramen asko darizkio.

 

Intzestuaren debekua unibertsala da eta berak gizarte guztietan ezkontzako harremanak erregulatzen ditu. Edipo-konplexuaren oinarria da.

 

Freud-en ustetan intzestua beti inkontzienteki desiratzen da. Bere galarazpenak gizakiaren funtsezko bi jokaera ekiditen ditu: aita hiltzea, amarekin ezkontzea. Okzidenteko gizarteetan aitak, amak, eta umeek osatutako triangelura mugatzen da psikoanalitikoki bere esparrua. Freud-ek Totem eta Tabu idazlanean (1912), kulturaren eta gizateriaren hasiera sinatzen duen debekuaren barneratzea argitzearren, aitaren hilketaren jatorrizko mitoa sarrarazi zuen, eta ondoren darion semearen ordaintzearena (expiación).

 

C. Levi-Strauss-ek ihardetsi egin zion ikusmolde honi eta, ikusmira estrukturalean oinarrituz, intzestuaren debekua natura-kulturak osatzen duten bereizketan artikulatu zuen. Debekua ez da beti benetako ahaidetasunaren araberakoa, giza-harremanek banako batzuei ezarri dizkion aita, ama, seme, alaba, eta abar kategorien araberakoa baizik. Horrela, debekuaren jatorria naturan dago unibertsaltasunari dagokionean, baina hizkuntzak egituratutako kulturan dauka oinarria. J. Lacan bat dator tesi honekin eta, bere ustetan, umea ezin daiteke sinbolikoaren esparrura iritsi intzestuaren debekuak adierazten duen aitak ezarritako legearen laguntzaz ez baldin bada.

 

 

Iraunkortasuna (pertseberazioa):

Portaera mota bat edo erantzun mota berdina mantentzeko eta errepikatzeko joera desegokia da, egoeraren edo galderaren aldaketa gogoan hartzen ez duena.

 

Atzerapen mentaletan, eskizofrenia katatonikoetan, buru nahasteetan eta era guztietako dementziaren hasieran aurkitu ohi da. Pick gaitzaren ezaugarri patognomonikoa da (gaitza definitzen duen adierazle berezia). Batzuetan jarreren iraunkortasuna (katatonikoa, adibidez, edo histerikoa) eta orokorragoko iraunkortasun mentala bereizten dira. Azkeneko honekin azaleratzen dira zenbait afasia eta apraxia, ahozko eta imintziozko erantzun errepikakorrak emanez.

 

Garapenaren arloan egoera batean egokia izandako jarrera edo erantzun baten iraupena da, nahiz eta egoeraren aldaketak desegokia eta ez eraginkorra bihurtu duen (iraunkortasunaren nozioa malgutasunaren aurkakoa da). Iraunkortasunak adimenaren eskasia erakusten du, berritasunari egokitu ezina. Gizabanakoaren portaerak sistematikoki erasaten dituenean, erritualizazio zurrunetara bideratuz, ahuleziaren adierazlea da. Subjektu normaletan ere agertzen da: pertsona bat mota bateko arazoak mekanismo jakin batekin zuzentzera ohitzen denean, problema berrien aurrean ere konponbide berdina erabil dezake. Eguneroko bizitzan, jokaera askok iraunkortasunaren kutsadura daramate.

 

 

Ispiluko haluzinazioa:

Ikusmen-haluzinazioa da, non gaixoak bere irudia ikusten duen bere aurrean, batzuetan, pertsona arrotz batena balitz bezala.

 

“Haluzinazio autoskopikoa” (M. Lemaire), “kanpoko autoskopia” (P. Sollier) eta “Heautoskopia” (J. Lhermitte) deitzen zaion bizipen hau loak hartzerakoan gertatu daiteke (egoera hipnagogikoa), edo aldi hipnoideen barruan edota benetako nahaste-oniriko uneetan. Batzuetan, arroztasun kezkagarri baten sentipenarekin batera agertzen da (S. Freud), haluzinazio heautoskopiko negatiboa bihur daitekeelarik, hau da, subjektuak ispiluak bidaltzen duen irudia berezkotzat hartzen ez duelarik.

 

Dementzien bilakaeran ispilu-irudiaren ezagutzaren mailakako galera deskribatu da; bertan irudi hori, une berean, arrotz eta jazarle bezala hartzen da, eta, azkenean, ez da inola ere ezagutzen.

 

 

Ispiluko seinale:

Ispiluko irudiaren alienazioa darion aztoramen eskizofrenikoa da. Psikosiaren sasoi oparoan (eskizofrenian batez ere), ispiluko irudia arrotza bihurtzen da subjektuarentzat, ez du bere irudia ezagutzen. Batzuetan, maiteminduen arteko solasaldiak edo ezkontideen tirabirak ikusten dira. Zenbait eskizofrenikok, egoera honetaz hitz egiterakoan, ispiluan dagoenak laguntza eskaintzen diela esaten dute; eta, beste batzuek, harreman berezia mantentzen dute ispiluarekin, diskrezioa gordez. Eskizofreniaren “seinale txiki” hau H. Wallon-en lanen eta J. Lacan-en “ispilu-aldiaren” alderantzizko (a contrario) froga izango litzateke. Ispiluko fenomeno hau, hain zuzen, ispilu-aldiaz haratagoko atzerakada izango litzateke; pertsona-egituraketaren sasoian “Ni”aren batasuna ez litzateke lortuko edo desegin egingo litzateke. Seinale honen funtsa ispilu irudiaren alienazioan datza; baina “ikusteko bulkadaren” adierazlea ere bada: gaixoak egun osoa igaro dezake buru-belarri irudikapenezko beste baten kontenplazioan. Horrela, “ispiluko seinalea” eta “ispilu-aldia” enpirismo psikiatrikoaren eta teoria psikologiko handien topagunea izango litzateke.

 

 

J

 

 

Jargonafasia:

Hitz desitxuratuak eta ulertezinak erabiltzera bideratzen duen hizkuntzaren desegituraketa sakona da. Askotan erasan afasikoaren ezaugarria da, alexia eta agrafiarekin batera eta J. Ajuriagerrak deskribatutako Alzheimer-aren afaso-agnoso-apraxiko aldiaren (III) osagaia da.

 

 

Jaspers (Karl):

Psikiatra eta filosofo alemaniarra (Oldenburg 1883-Bâle 1969). Heidelberg eta Bâle-ko unibertsitateetan Psikopatologia eta Filosofia irakatsi zituen.

 

Friburg-en zuzenbide ikasketak egin ondoren Berlin, Göttingen eta Heidelberg-en medikuntza ikasi zuen. Heidelberg-eko klinika psikiatrikoan ihardun ondoren, norabidez aldatuz, bertako unibertsitateko psikologia eta filosofiako irakasle bihurtu zen (1921). Gertrud Mayer-ekin ezkondu zen eta, 1937an, naziek katedra kendu zioten. Munduko II. Gudaren ondoren berreskuratu zuen. Bâle-ko unibertsitatean bukatu zuen bere filosofiako irakasle eta idazle ibilbidea.

 

Inspirazio fenomenologikoko filosofiako eta politikagintzako idazlanetatik at (Erruduntasun alemaniarra, 1946; Historiaren jatorria eta zentzua, 1949; Bonba atomika eta gizakiaren etorkizuna, 1958) bere Psikopatologia Orokorra monumentalarengatik da ezaguna (1913). Karl Jaspers-ek W. Dilthey-ren eragin handia jaso zuen (Psikologia deskriptiboari eta analitikoari dagozkien ideiak) eta bere proposamen garrantzitsuenetakoa honako hau izan zen: psikopatologiaren arloan ondo bereizi behar dira argibide kausal naturalistaren eta ulergarritasunaren esparrua; azkeneko hau analisi psikologikoari soilik, fenomenologikoari zehazki, dagokio. Beraz, fenomeno psikiatriko batzuk ulergarriak izango dira bai bere hazpegi fenomenologiko eta estatiko zehatzean, bai bere alderdi genetikoan eta dinamikoan; horrek eginkizunen kateatzea kontuan harrarazten du eta gaitz aurretiko pertsonalitatearen bilakaeratik abiatuz eratzen den eldarnioa ulertarazten du; subjektuarentzat bereziki dramatikoa den gertakizun batean oinarrituz osatzen den psikosi erreaktiboa ere erakusten du. Alderantziz, argiketa naturalistaren esparruan geratuko dira “organikotzat” jotzen diren gaitz mental batzuk, dementzien eta eskizofrenien tankerakoak hain zuzen. Eskizofrenietan, hala ere, aldi prozesual ulertezinak bigarren mailako egokitze psikopatologikoetatik bereizi behar dira, fenomenologiaren aldetik ulergarriak direlako. Mota honetako hurbiltze psikopatologikoak, pazientea orokorrean ikustatuz (sinkronikoki eta diakronikoki), gaurkotasun osoa gordetzen du eta, oraindik, asko erabiltzen da.

 

 

Jazarpen eldarnioa:

Subjektu batek benetako edo irudikapenezko pertsonen erasoen eta jazarpenen helburua izateaz daukan sinesmen patologikoa da.

 

Eldarniozko egoeretan, bai larrietan bai kronikoetan, sarri agertzen den gaia da. Horregatik, hasierako alienistek, eldarnio kronikoak banan banan argitzeko saiakeran, jazarpenezko edukieran zentratu zuten deskribapena. Magnan-ek, adibidez, jazarpen eldarnioaren bilakaerari lau aro atxiki zizkion: zalantza eta larritasuna, adierazitako jazarpena, megalomania eta azkeneko dementzia eroa (“bilakaera sistematikoko eldarnio kronikoa”). Ondorengo autoreek ikusmira hori utziz, mekanismoen, antolaketaren, estrukturaren arabera sailkatu zituzten eldarnioak eta, Bleuler-en ondoren, eskizofreniaren barruan agertzearen edo ez agertzearen arabera.

 

 

 

Joga:

Gure aroaren mende batzuen aurretik Indian jaio zen konzentrazio mentalerako teknika bat da.

 

Jogiek, filosofoek eta aszetek erabiltzen zuten kanpoko mundutik aske sentitzeko helburuarekin, euren bizi-funtzioak menperatuz, arnasketarena edo bihotzarena adibidez, batzuetan (zenbait monje) funtzioon geldotasun harrigarrira iritsiz.

 

Eskola desberdinen artean honakoak bereizten dira: Hatha yoga, organoen oreka mantentzearren gorputzarengana zuzentzen dena eta ehun bat postura dauzkana; eta Karma yoga, ingurugiroaren eta gizakiaren elkarrekintzetaz arduratzen dena eta, mendebaleko ikusmoldetik, sistema filosofiko baten tankerak dauzkana.

 

Gaur egun, gihar atsedenerako eta atseden mentalerako ekimen bat bezala aurkezten da, baretasuna eta norberaren nagusitasuna ahalbidetuz.

 

Meditazio transzendentala bezala (ikusi meditazio transzendentala) instituzio, medikuntza edo esparru terapeutiko orotik at burutzen da. Teknika irakasle baten agindupean lortzen da. Ikasleek taldeko jarraipena jasotzen dute, jarrerak eta arnas mugimenduak ikasi behar dituzte, mailaka, ahalegin indartsurik gabe, gehiengo baretasunera heltzearren. Ikasketa luzea da eta hilabeteak edo urteak igarotzen dira etekin ongarrietara iritsi aurretik. Hauek psikismoaren eta emozioaren egoeran nabaritzen dira eta yogazaleak harro sentitzen dira euren arazo neurotikoekiko eta psikofisiologikoekiko lorturiko emaitzekin.

 

 

Junkia:

Bena barneko injekzioa erabiltzen duen toxikomano nabariari, bereziki heroinomanoari deitzen zaio junki.

 

Deituraren mesprezuzko ñabardurari erronka eta isekaren usaia dario. Nerabe batzuek, bere etsipen megalomanoan, euren buruari hondakin, zabor edo “punk” deitzen dioten era berean.

 

 

 

K

 

 

Kakofagia:

Elikagai kontsumorako ezegokiak diren substantziak jatera bultzatzen duen portaera patologikoa da. Hitz honek jada kasik erabiltzen ez den Pika hitza ordezkatzen du.

 

 

Kantzerofobia:

Minbizi edo kantzer bat edukitzearen edota minbizia daukan pertsona batekin kontaktuan egotearen oinarri gabeko beldur obsesiboa da.

 

Ez da norberak minbizia edukitzearen beldurra soilik baita ingurukoei kutsatzearena ere, susmagarria den norbaitekin harremana edukiz gero sortutakoa.

 

Nosofobiekin gertatzen den legez, negatibo suertatzen diren azterketei darien baretasuna iragankorra izan ohi da. Orduan, fobiak tankera obsesiboa hartzen du eta, kantzerraren beldurretik libratzeko, era guztietako garbitze eta kutsadurak ekiditeko neurrietara jotzen da.

 

 

Kartzelako psikosia:

Neurri bateko kartzelaratzeari dagozkion itxialdiak eta isolamenduak sorrarazten duten eldarnio eta nahaste-psikosi subakutu erreaktiboa da.

 

Maiz, atxiloketak eragindako eldarnio bufada edo nahaste-krisia izan ohi da (batzuetan Ganser sindromearen itxurarekin). Kartzelaratzeak bere buruaz beste egiteko eta jazarpenezko ideiez osaturiko depresio luzeak ere eragiten ditu.

 

Tankera honetako arazo mentalak aldez aurretiko nortasun hauskorretan agertzen dira, batez ere psikopatiaren, alkoholismoaren eta toxikomanien ukitua daukatenetan.

 

 

Katalepsia:

Giharren zurruntasun bereziak, “plastiko” deiturikoak, adierazten duen egoera da. Antzinako autoreek egoera hau argizarizko malgutasuna (flexibilitas caerea) bezala deskribatzen zuten, Kataleptikoak, berez geldirik, argizari malguaren gisa, aurka egiten dio mobilizazio pasiboari. Epe luzean gorde ditzake harrarazi zaizkion jarrerak. Ba daude, halaber, malgutasunik gabeko katalepsia zurrunak.

 

Sindrome organiko infekzioso (sukar tifoidearen katalepto-katatonia) eta neurologiko (zerebeloaren patologia) batzuei loturik egon arren, katalepsia arazo psikiatrikoa izaten da gehienetan: eskizofrenia, konbertsiozko histeria, hipnosiak eragindako katalepsia. Farmakologiaren arloan katalepsia eragiteko ahalmenak bereizten ditu neuroleptikoak (horrek desberdintzen ditu lasaigarrien gisako beste psikoleptikoetatik).

 

 

Kataplexia:

Bat-bateko gihar-tonuaren galera da, gehienetan ahulezia eta eutsiezinezko logurarekin batera agertzen dena.

 

Gorputzadarretako eta enborreko giharrak erasan ohi ditu. Loaren aztoramen baten osagarrria da katalepsia: Gelineau gaitzaren berezko narkolepsiarena, hain zuzen. Emozio biziek abiarazten dute (harridurak, barreak, negarrak). Kimioterapiak logurari dagokionean soilik eduki dezake eragina.

 

 

Katartiko (metodoa):

Emozio-krisia eragitea helburutzat daukan edozein neurri terapeutikori deitzen zaio katartiko metodoa: adierazpen kritiko honek irtenbidea eskaintzen dio berbiziarazten duen arazoari.

 

Aristoteles-ek tragediaren ardatz bihurtu zuen “katarsia”: funtzio tragikoak, ekimen bertutetsuen eta zintzoen irudikapena erabiliz, pasio txarren (ikara, errukia) arazketarako balio dezake. J. Breuer eta S. Freud-ek bereganatu egin zuten nozioa euren aurreneko metodo psikoanalitikoa izendatzeko: egoera traumatiko baten berbizipenak “ahantzitako” afektua askatuko luke eta, honek, subjektua bere pasioen mugikortasunean berrezarriko luke. Freud-ek, bere ihardueran, hipnosiarekin lotu zuen katarsia. Hori frogatzen du, transferentziaren eta asoziazio askearen kontzeptuak eratu zituenean, hipnosiarenarekin batera katarsiarena ere baztertua izateak. Geroago onartu zuenez, katarsi kontzeptuari dagokion paradoxaz ohartu zenean gertatu zen uzte hori: eszenaren berbizipen bakoitzak garbiketa bat eragiten badu, hurrengo berbizipen errepikatuei, zergatik ez darie geroz eta hobekuntza nabarmenagoa? Bestalde, ez da ondo ulertzen nolatan ezabatu dezakeen berbizipenak esperientziaren kaltegarritasuna. Beraz transferentzia, ziur aski, ez da antzinako eszena baten berbizipena. Katarsi kontzeptuaren uztearekin batera analisian barneratu zen Freud.

 

Lacan-ek ikustarazi zuen Aristoteles-ek berak ere ez zuela argitu nola berbizipenek balio dezaketen pasio kaltegarrien ezabaketarako. Lacan-en iritzirako katarsiak Aristoteles-entzat baino zentzu ezkutuagoa dauka: pasio tragikoaren subjektua (Antigona, Edipo), patu baten bitartez, neurriz kanpoko oinazera kondenatuta dago eta, tragediak, jolas bat erabiliz, pasarte hori erakusten du. Orduan, tragediaren eragin katartikoak beste zentzu bat hartzen du: tragediak, muga horretatik honantz dauden sentimenak iratzartzen ditu, zeren ikuslea esparru horren alde honetako ertzean geratzen da, bertan sartu gabe. Tragedia, beraz, mugaren bestaldearekin eginiko jolasa da.

 

 

Katatonia:

Berezkotasunaren eta ekimen motoreen galerak, gogogabetasunak eta negatibismoak bereizten duten psikomotrizitatearen egoera patologikoa da.

 

Ingurugiroaren estimuluei erantzunik eskaintzen ez dien motore-portaera egonkorra da eta, maiz, bulkadekin eta imintzio estereotipatuekin (manierismoak, kulunkak) batera agertzen da, baita katalepsiarekin ere (jarrera zurrun egonkorra, argizarizko malgutasuna). Mota malenkoniatsuak, aldizkakoak eta eskizofrenikoak bereizten dira. Azkeneko hauetan katatonia, supituki, asaldura oldartsu bihur daiteke.

 

Lehenengoz, K. Kahlbaum-ek deskribatu zuen 1874an Tentsiozko erotasun gisa. Lau fasetako bilakaera aurkitu zion, malenkoniatsua, maniakoa, nahaste-harridurakoa eta dementziazkoa. E. Kraepelin-ek, 1899an, dementzia goiztiarraren barruan integratu zuen katatonia, dementziaren era katatonikoa osatuz. Mota hau, maiz, depresio-aldi iraunkor eta negatibismo luzearekin batera agertzen denez, geroago E. Bleuler-ek bere eskizofreniaren deskribapenean onartu zuen mota hebefreniko-katatonikoaz ere hitz egin zen. P. Chaslin-entzat katatonia “motore tipoko erotasun diskordantea” zen.. H. Baruch eta De Jong-ek “Katatonia esperimentalak”, toxikoak (bulbokapnina) eta infekziosoak (kolibaziloak) aipatu zituzten. Droga haluzinatzaile batzuek ere farmako-katatonia eragin dezakete (L.S.D. Kannabis). Baina katatonia, gehienbat, eskizofreniaren era klinikoetako bat da. Psikiatra askoren ustetan, batez ere Chicago-ko eskola dinamikoarentzat, katatonia aldi psikoafektibo eta psikomotore oso arkaikoaren adierazlea da (sarriak dira fetu-jarrerak katatonikoetan).

 

 

Katexia:

Aparatu psikikoak bulkada indarrari (energia pulsional) eragiten dion mobilizazioa eta eraldaketa da; ondorioz, irudikapen inkontziente bati edo anitzi ezartzen zaie indar hori (Investissement hitza erabiltzen dute frantsesek).

 

Hiztegi militarretik hartu zuen hitza Freud-ek 1895ean (Psikologia zientifiko baten egitasmoa) eta, nerbio-sistemaren barruan gertatzen den neurri bateko indarraren lekualdaketa (zentzu mekanikoan) izendatzeko erabili zuen. Baina, geroago (Ametsen interpretazioa) aparatu psikikoaren nozioak zalantzan ipini zuen deskribapen hau: aparatu psikikoan “instantzien” barrenean banatzen eta alderatzen da indarraren kantitatea. Aparatu psikikoarekiko bere bigarren teorian argitu zuen katexia-indar honen izaera: aparatu psikikoaren indar-bulkadaren iturria “zera”n (ello, ça) dago. Gaur egun katexiaren esanahia zabalagoa da: Objektu baten (fantasmatikoa edo benetakoa), norberaren gorputzaren, gorputzaren zati baten katexiaz (edo inbestiduraz) hitz egiten da.

 

 

Kentzea:

Toxikomano batek, gogoz edo akzidentalki eginiko droga uzteari darion sindromeari deitzen zaio kentze-sindromea.

 

Kentze-sindromea droga uzteari lotutako ezaugarri fisikoek eta psikikoek osatzen dute. Adierazpenok desberdinak izaten dira hartzen den drogaren arabera.

 

Sindromea drogaren eraginekiko gorputzak burutu duen egokitzapenaren korolarioa da. Eta bere ezaugarriak, hain zuzen, jokoan dagoen substantziaren guztiz alderantzizkoak dira. Adibidez, opiazeoekiko kentzeak, lasaigarriak eta anestesikoak direnez, larritasun sakona, minak eta abar izango dira.

 

 

 

 

Kerulantzia (auzizaletasuna):

Irudikapenezko tankera daukaten kalteen eta injustizien ordaina aldarrikatzeko joera patologikoa da. Adierazpen mota soilean edota amaigabeko prozedura administratiboak eta judizialak ipintze eran, jokaera hau, benetako eldarnio bihur daiteke. Orduan, aldarrikapen-eldarnioa osatzen du

 

 

Kidetze-eldarnioa:

Familia ospetsu baten edo erregeren ondorengo izatearen eldarniozko sinesmen patologikoa da. Megalomaniaren mota berezi bat da eta eskizofrenia paranoideetan eta pasiozko psikosi batzuetan agertzen da.

 

 

Klastikoa (suntsitzailea):

Gauzak haustera bideratzen duen krisi edo haserre bortitzari deitzen zaio horrela.

 

Egoera larri hauek asaldura eta erasokortasun aldietan agertzen dira; baita epilepsiaren (egoera krepuskularretan), maniaren eta katatoniaren bilakaera batzuetan ere. Oso sarritan ikusten dira, halaber, psikopaten eta histerikoen egoera erreaktiboetan.

 

 

Klaustrofobia:

Leku itxi batean sartuta egoteko beldurra da. Klaustrofobikoaren beldurra irteeren itxieran datza, behartuta aurkituz gero, ezin irekiko dituelakoan. Eta izua ez dagokio berehalako irteera eskatzen duten kanpoko gertakizunei (sutea, adibidez) soilik, baita berehalako laguntzaren bila bultzatzen duten barne sentimenei ere (itotze inpresioari, adibidez). Hori dela eta, klaustrofobiko batzuek, nahiz eta ikuskari-aretoak ez ekidin irteeretatik oso gertuan geratzen dira; beste batzuek ezin dituzte jasan talde-garraioak (lurrekoak, itsasokoak, airekoak); beste batzuek ezin dute gelako atea itxi edo igogailuak hartu. Klaustrofobia larritasun arazoa da eta, onbera motan, adin guztietako pertsonetan agertzen da. Era larrienetan, subjektuak ezin du bere etxean bakarrik iraun.

 

 

Klaustromania:

Subjektu batek bere buruari ezartzen dion itxiera iraunkorra edo errepikakorra.

 

Maizenik, eskizofrenikoen eta psikotiko kronikoen isolamendurako eta tolestura autistikorako joerarekin batera agertzen den gizatasunaren aurkako erreakzioa izan ohi da. Psikopaten eta histerikoen erreakzioetan ere sarri agertzen da.

 

Klein, Melania, (jatorriz Reizes (1882-1960):

Melania Klein izan zen psikoanalisiaren bigarren belaunaldiaren gidari intelektual garrantzitsuena. Freudismoaren korronte handietako baten iturburua bera izan zen eta, Ingalaterrara eraman zuen Ernest Jones-i esker, psikoanalisi-eskola ingelesaren hedatzaile oparoenetakoa bihurtu zen. Dotrina freudiar klasikoa sakonki eraldatu zuen eta, haur-psikoanalisia sortzeaz gain, osatze teknika eta analisi didaktiko berri bat asmatu zituen, (eskola-buru bihurtuz). Bere idazlana, berrogeita hamar inguru artikuluk eta liburu batek (Haurren psikoanalisia) osaturikoa, hamabost hizkuntzatara itzulia izan da. Argitaratu gabeko autobiografia eta korrespondentzia anitza gehitu behar zaio. Hannah Segal izan da bere iruzkingile nagusienetakoa.

 

Vienan jaio zen 1882ngo martxoaren 30ean; bere aita, Galitzia, jatorri poloniarreko judua zen eta, bere guraso tradizionalistekin hautsiz, sendagile egin zen; ama, eslovakiar judua, emakumezkoek menperatutako familia jakitun eta kulturazale bateko partaidea zen. Melania, gaizki elkartzen zen bikote honen laugarren kimu ez desiratua izan zen. Berak ere ama bihurtu zenean, pertsonaia agintzaile, posesiboa eta suntsitzailea zen ama Libussa-ren intrusioak jasaten jarraitu zuen.

 

Melaniaren gaztaroa dolu sorta batek markatu zuen, ziur aski bere idazlanetan aurkitzen diren errudun sentipen aztarnen erantzulea izan zena.

 

Melaniak lau urte zeuzkan bere ahizpa Sidonie tuberkulosiak jota zortzi urterekin hil zenean; hamazortzi zeuzkan, aspalditik erabat ahulduta zegoen, aita desagertu zenean, amaren aurrean bakar bakarrik utziz; azkenik, hogei urte zituenean, berarengan eragin handia eta intzestu ñabardurako harremanak zeuzkan neba Emmanuel zendu zen, drogek eta etsipenak janda. Heriotza honen errudun sentitu zen Melania (Phyllis Grosskurth biografoaren ustetan “hori zen, ziurrenik, Emmanuel-en egitasmoa”) eta, denbora gutxira, ezkondu egin zen.

 

Aitaren heriotzari zerion estuasun ekonomikoak psikiatra izateko asmoarekin egin nahi zituen medikuntza ikasketak eragotzi zizkion. Urritasunak berak argitzen du halaber Arthur Klein-ekin, bi urte lehenago ezagututako injineru mesfidatiarekin, burutako presazko ezkontza (1903). 1922an dibortziatu ziren. 1910ean, amaren intrusioak bikotean ekiditeko jada gaizki eramaten zen bikotea, kronikoko depresioak jotako Melaniaren erabakiz, Budapest-en finkatu zen. 1914an ama hil zen eta, geroago Melaniak analizatuko zuen hirugarren semea, Erich Klein, jaio zen (Hans eta Melitta, anaia-arreba zaharrenak ere analizatu zituen). Urte berean, 1914an, irakurri zuen aurreneko aldiz S. Freud-en testu bat, Ametsez, eta urte horretan sartu zen, lehendabizikoz, analisiaren esparruan Sandor Ferenczi-ren eskutik.

 

Laster hasi zen Melania Klein Budapest-eko elkarte psikoanalitikoaren ekimenetan parte hartzen eta, 1919an, taldeko partaide bihurtu zen. Lehenago, 1918an Karl Abraham-ek zuzendutako IPA-ren (International Psychoanalitic Association) V. Munduarteko Kongresuan lehenbizikoz ikusi ahal izan zuen S. Freud: Freud-ek bere ekarpena irakurri zuen "“Terapia psikoanalitikoaren bide berriak” Melania sakonki txundituz. Orduan piztu zitzaion psikoanalisirako gogoa. 1919an, Ferenczi-k bultzaturik, bere aurreneko lana aurkitu zuen, bost urtetako ume baten psikoanalisia erakutsiz, egiaz bere seme Erich-ena hain zuzen. Aurkezpenaren bertsio berri bat, umea Fritz izenarekin mozorrotuz, izan zen Melaniaren aurreneko argitalpena: “umea, Fritz, oso gertu bizi ziren nere senitarteko batzuen semea da. Horrek, naturalki sarritan ikusteko aukera eskaini dit. Gainera, amak nere gomendio guztiak betetzen dituenez, bere heziketan eragin handia eduki dezaket”.

 

Budapest-era iritsi zen antisemitismoaren oldarrak hiria uztera eta erbesteratzera behartu zituen Kleindarrak. 1920an IPAren nazioarteko kongresuan parte hartu zuen. Han ezagutu zuen Karl Abraham. Honek, Max Eitingon-en laguntzarekin, Institutu Psikoanalitiko Berlindarreko Poliklinika fundatuta zeukan jada eta, bertan, gerrak traumatizatutako paziente asko ikusten zituen. Bere nortasunak sakon erakarri zuenez, Berlin-era aldatzea erabaki zuen Melaniak (1921). Urte bat geroago Alemaniar Talde Psikoanalitikoko kide izatea lortu zuen eta, 1922ko irailean, IPAren VII. kongresura joan zen, eta Karen Horney-k tesi freudiarrei eginiko inpugnazioaren ondoren, emakumezko sexualitatearen gainean izandako aurreneko liskarretan ere parte hartu zuen.

 

1924ko hasieran bere bigarren analisiari ekin zion Karl Abraham-ekin eta honen ideia batzuk bereganatuz, sexu-bilakaeraren ikusmira berria eta pertsonala eraikitzen hasi zen. Salzburgo-n igaro zen IPAren VIII. Kongresuan guztiz eztabaidatua izan zen komunikazio bat aurkeztu zuen, non Edipo-konplexuaren zenbait alderdi zalantzan ipintzen zituen. Abraham eta Ernets Jones-en sustapena eduki zuen; azken honek, itxura heretikoa zeukaten adierazpenak kontuan hartzeko eskatu zion Freud-i. Urte bereko abenduaren 17an Berlin-en bertan irakurri zuen haurren psikoanalisiarekiko bere ekarpena, Anna Freud-i nabarmenki aurka eginez. Orduan ireki zen, erabat, haur-psikoanalisiaren izaeraren eztabaida: Anna Freud-ek pedagogiaren mota berritua eta hobetua defendatzen zuen eta, Melania Klein-ek, jaiotzatikako funtzionamendu psikikoaren miaketa psikoanalitikoaren leku baten gisa proposatzen zuen haur-psikoanalisia.

 

Berlin-en, Abraha-ekin psikoanalizatzen zen Alix Strachey-rekin adiskidetu zen. Londres-en geratuta zegoen Alix-en senarraren laguntzarekin Melania elkarte psikoanalitiko britainiarrean sartu zen. Ernest Jones-en sostenguarekin hitzaldi batzuk eman ahal izan zituen Londres-en 1925eko uztailean. Atsegingarria gertatu zitzaionez, Abraham hil ondoren, 1926ko irailean, Londres-en finkatu zen. Honek eman zien hasiera vienar eta ingeles eskolen arteko liskarrei: tesi kleindarrak Freud-en tesien logikaren barruan zeudela erakutsarazten saiatu zen Jones, baina, Freud, bere alaba Anna babestearren, geroz eta haserre handiagoa erakusten ari zen.

 

Londres-en, bere teoriak esperimentatu zituen kide batzuen semeak analisian hartu zituen: adibidez Jones-en semea eta alaba. Bere nortasun inbaditzaileak pasioak eta gaitzespenak pizten zituen. 1927an, Berlin-en, Anna Freud-ek lan bat irakurri zuen: egiaz, haur-analisiari dagokionean kleindar tesien aurkako eraso zuzena zen. Maiatzean, haur-psikoanalisiaren sinposium baten barruan, Anna-ren ideiak eztabaidatu ziren. Kritikak aurkeztu ziren eta Freud erabat haserretu zen. Bi emakumezkoen arteko desadostasuna sakontzen joan zen; batez ere haur-psikoanalisiaren egokierari zegokionean: Melaniaren ustetan haur guztien heziketa orokorraren osagaia izan behar zuen eta, Annaren ustetan berriz, soilik neurosi bat agertzen zenean egin behar zen. Gainera, analisia gurasoen egonezinari mugatu behar zitzaion (Anna); ez, umea autonomiko bihurtu egin behar zen, bai eskakizunean bai sendaketan (Melania).

 

1927.eko irailean, Innsbruck-en antolatutako nazioarteko X. Kongresuan gatazka sumindu egin zen: “Edipo-konplexuaren aldi-goiztiarren” ekarpenean, Klein-ek Freud-ekiko desadostasunak erakutsi zituen Edipo-konplexuaren garaiaren kokapenari, osagaiei eta mutil eta nesken garapen psikosexual desberdinduari zegokienean. Urrian, Jones-en sustapen eta laguntzarekin, Berlin-go talde psikoanalitikoan onartua izan zen Melania.

 

1929.eko urtarrilean Dick deitu zuen Berlingo taldeko kide baten lau urteko seme autista hartu zuen analisian. Berehala ohartu zen ezagutzen ez zituen sintomak zeuzkala Dick-ek. Ez zuen emozio adierazpenik erakusten, ez zeukan inongo atxikimendurik eta jolasak ez zuen batere axolatzen. Berarekin harremanetan sartzekotan tren bi ipini zituen elkarren ondoan eta, handienari “tren-aita” deitu zion eta “tren-Dick” txikienari. Dick-ek bere deitura zeukan trena irristarazi zuen eta “ebaki” esan zion Melaniari. Orduan, Melaniak ikatzaren bagoneta askatu zuen eta umeak kaxoi batean sartu zuen “joan da” esanez. Historia hau ospetsu bihurtu zen, batez ere erakusten zuelako psikoanalistek beraiek ere gai zirela bere umeari dagokion maitasuna ez eskaintzeko.

 

Dick-ek analisian jarraitu zuen, II. Munduko gerraren etenaldiarekin, 1946ra arte. Phyllis Grosskurth-ek, Melaniaren biografoak, ezagutu zuenean 50 urte zeuzkan eta ez zeukan zerikusirik antzina berarengan tolestutako umearekin, aitzitik erabat berritsu agertzen zen.

 

1932an Melania Klein-ek bere lanaren aurreneko sintesia argitaratu zuen bere Haurren psikoanalisian, non aurreratu zuen bere garapen teorikoen funtsezko egitura, batik bat “jarrera”rena (posición) (jarrera eskizoparanoidea/jarrera depresiboa) eta “hil-irrika”ren ikuskera handiagotuarena. Baina, atsedenerako aproposa zirudien urte horretan bertan, bere bizitza pribatua geroago zerikusi profesionala edukiko zuten gatazkez aztoratua suertatu zen. Bere alaba Melitta Schmideberg, Freud-en eta Ferencziren senitartekoa zen Walter Schmideberg-ekin ezkondua, analista egin zen. Konturatzeke, Melaniak berarekin Libussa-k edukitako portaera berdina errepikatu zuen bere alabarekin. Melitta, Edward Glover-ekin analizatzen zen bitartean, amarengandik urruntzen joan zen. Bere analistak sostengua eskaini zion eta egoera profitatu zuen bere jarrera teorikoak Melaniarenaren aurka indartzeko.

 

1933az geroztik, Melitta eta Glover-en etengabeko erasoak jasaten zituen Melania Klein erabat izutu zen Viena eta Berlin-etik zetozen analisten etorrerarekin. Donald Winnicott-i aitortu zion bezala, gehienak etsai ziren etorrerak hondamen bat iragartzen zion. Freud-tarrak heldu eta hilabete gutxira areriotasunak eztanda egin zuen. 1942ko uztailean Berlin-go psikoanalisten taldeko tentsioa eutsiezinezkoa zen. Londres bonbardaketa jasaten ari zen bitartean desadostasun zientifikoa eta klinikoa eztabaidatzeko bilerak egitea erabaki zen. Horrela eman zitzaion hastapena “Eztabaida Handien” aroari, abiada Edward Glover-ek kleindarren teoria eta praktikaren aurka zuzendutako eraso bortitzak eman ziolarik. Ernest Jones, Melaniaren ustetan bere aliatu sutsua zena, maiz, eklipsatu zen antzezleak gehienbat emakumezkoak ziren eszenategitik, batzuk Anna-ren aldekoak, Melaniarenak besteak. Istiluak oso neurri gogorrera iritsi ziren; behin batean, Melaniaren partaide zen Donald Woods Winnicott-ek eztabaida eten beharra izan zuen bonbardaketa baten barruan zeudela gogorarazteko eta derrigorrezkoa zitzaiela berehala babesleku batera erretiratzea esateko.

 

1946ko azaroan, Glover-ek uko egin ondoren, “andere arteko akordio” batera iritsi ziren -beti errespetatua izan ez zena- eta taldea hiru zatiz osatua geratu zen, kleindarrena, annafreudiarrena eta independenteena.

 

1955ean, bere indar eta erasokortasunik galdu gabe, Melania Klein-ek berriro zalapartatsu hartu zuen parte Genoa-ko IPAren kongresuan “Bekaizkeriaz eta eskertasunaz estudio bat” aurkeztuz, non bekaizkeriaren kontzeptua garatzen zuen, hil-irrikaren hedapen gisa artikulatuz, oinarri konstituzionala atxikitzen ziolarik. Horrela lotura bat ezarri zuen Karl Abraham betiko bere maisuarekin. Eta eztabaida berri bat abian jarri zuen, ez antzinakoena bezain larria, baina Winnicott eta Paula Heimann-ekiko (Glover-en aurkari sutsuen eta basatiena) haustura ekarri zuena.

 

Ez zen inoiz berradiskidetu bere alaba Melittarekin, eta aukerako autobiografia zatikatu bat bukatu gabean, Londres-en zendu zen 1960ko irailaren 22an koloneko minbizi batek erasanda.

 

 

Kleptomania:

Inongo beharrik ezean eta objektuaren gogo kontziente barik edukitzen den lapurketarako irrika obsesiboa da.

 

Subjektuak, bere kontzientzia moralaren eta benetako irrika-obsesiboaren arteko borroka latza mantendu arren, eutsiezinezko behar irrazionalari men egiten dio. Portaera kleptomaniakoa errepikakorra izan ohi da eta, epe luzera, arazo judizialak eta mediku-legalak dakartza. Psikoanalisten ulermenez, lapurtutako objektuak, sinbolikoki, eduki erotiko handia dauka eta, lapurketak, pazienteak inkontzienteki jasaten duen dolu edo banantze baten ordaina suposatuko luke. Egia da klinikoki kleptomania, sarritan, inpotentziarekin batera agertzen dela.

 

 

Klinefelter sindromea:

Kariotipo formula XXY daukan aberrazio kromosomikoa da. 1,5/1000 mutikoetan agertzen da.

 

Akats kromosomiko honek (disgonosomia) adimenaren atzerapen arina, garaiera handia eta hipogonadismoa (antzu bihurtzen duen testikuluen atrofia) eragin ditzake. Batzuetan sindrome honekin batera arazo psikopatikoak eta eskizofrenikoak ikusi ohi dira, baina adierazpen hauek disgonosomiarekin lotu ditzakeen frogarik ez dago.

 

 

Klinofilia:

Lotako orduetatik at ohean jarraitzeko (era amaigabean batzuetan) portaerari deitzen zaio klinofilia.

 

Giza-inguruarekiko erretiratze erreakzioa da eta egunerokotasunarekiko eta profesionaltasunarekiko ezaxolakeria erakusten du. Sarritan eskizofrenikoaren apragmatismo eta tolestura autistikoarekin, psikoastenikoaren arazoen aurka egiteko beldurrarekin, hipokondrikoaren gaitz berriak jasateko grinarekin eta neurotikoaren larritasunarekin eta nosofobiarekin batera agertzen da.

 

 

Kognitiboa (terapia):

Pazienteak duen bere bizitzako gertakizun okerren ulermenean eta jasate distortsionatuaren kontzientzia hartzean datza terapia labur honen ardatza.

 

Teknika psikologiko bat erabiliz afektu larrien eta depresiboen kentzea edo gelditzea dauka helburutzat; pazienteari bere pentsamenduen egokitasunaren hausnarketa berri bat errazten dio eta, bide batez, positiboagoekin ordezkatzeko aukera eskaintzen dio. Terapia kognitiboa aipatutako afektuok subjektuaren jarrera ez-errealistak sortuko eta handiagotuko lituzkeen hipotesitik abiatzen da; edo baita jasotako informazioen alderdi ezkorra azpimarratzen duen eta barne bakarrizketa desegoki batek iraunarazten duen hautemate desitxuratutik ere. A. T. Beck sendagile amerikarraren ustetan deprimituak bere buruarekiko, munduarekiko eta etorkizunarekiko ikusmira okerra eta ezkorra dauka. Disfuntzionamendu kognitiboa izango litzatekeen aztoramen honi heltzeko, terapeutak subjektuak bere buruari esaten diona aldatzen saiatu beharko du nolabait, barneko asmo errealistagoak eduki ditzan. Eta hori guztia gaixoak esaten diona kritikatu gabe. Jokaera honek zerikusi handia dauka Sokrates-en “maieutika”rekin (galderak egiteko trebetasuna, galdetuak berak erantzun zuzena aurkitu dezan). Hala ere, eragin terapeutiko handiagoa atxikitzekotan, portaera-metodoetara ere jotzen da berregitura kognitiboa eratzearren. Orduan, alderdi kognitiboak azpimarratzen dituen portaerako terapia kognitiboaz hitz egiten da.

 

 

 

Kokaina:

Kokaren hostoetatik lortzen den alkaloide psikotropoa da, euforia eta asaldura eragiten dituena.

 

Historia: Koka (Eritoxilum koka) hostoen mastekatzea milaka urteko ohitura da Hegoamerikako indigenen artean. Ohitura zabal honek eginkizun anitz dauzka: suspergarria izanik analgesikoa eta soziala suertatzen da, nekearen eta gosearen sentipena kentzen du eta, gainera, betekizun erlijiosoa ere badauka. Festarako objektua zelako, hildakoei eta jainkoei ofrendak egiteko balio zuelako konkistatzaile kristauek deabruzko landaretzat hartu zuten.

 

Baina kokainaren historia, droga berri bat bezala, bere isladapenarerin (C. Niemann, 1859) eta aurreneko esperientzia klinikoekin hasten da (Freud-ek argitaratu zuen 1884an bere “Über Coca”). “Monografia botanica” honetan kokaina substantziaren jatorria eta ezaugarri suspergarriak eta antidepresiboak ikertu zituen. Ernatu zion berotasuna zabaltzen ahalegindu zen eta morfinomaniaren aurkako sendatze lanetarako gomendatu zuen. Morfinomanoa zen E. Von Fleichl bere laguna kokainarekin tratatu zuen. Honen heriotzak eta kokaina droga arriskugarrien artean sailkatzeak (L. Lewin eta R. Erlenmayer) bortizki astindu zuen Freud-en biziaro hura. Kokaina garrantzitsua izan zen Freud-en bizitzan eta lanean. Urte berean, 1884an, kokainaren eragin anestesikoak aurkitu zituen C. Koller-ek.

 

XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, lehendabizikoz Amerikako Estatu Batuetan eta gero Europan, zabalkuntza handia eduki zuen kokainomaniak. 1924an 80.000 kokainomano kopurua omen zegoen Paris-en. Kokan oinarritutako Mariani ardoa ere modan egon zen eta, geroago, Koka-kolarekin ere antzeko zerbait gertatu zen.

 

Kokainomania: Gaur egun berriro indarrean dago kokainomania. Hego Amerikako zenbait lurretan kokaina ugari ekoizten da (Bolivia, Peru, Kolonbia). Trafikoa Mendebaldera zabaltzen da, Estatu Batuetara gehienbat. 1980 urteetan droga nagusi bihurtu zen. Kerosenotan beratuz eta azido sulfurikoarekin tratatu ondoren kokaren hostoak lortzen dira, la pasta deiturikoak: kokaz nahiko aberatsa izanik, Hegoamerikako usadio zabalari jarraituz, substantzia hau erre daiteke. Bikarbonatoarekin landuz gero, Krack-a lortzen da, Estatu Batuetan erabiltzen den substantzia kristalinoa. Beste era bateko eradalketatik Kokainaren klorohidratoa lortzen da, Hauts zuria: “elurra” edo “coke” deitua. Harantzagoko maneiuek oinarrizko kokaina lortarazten dute. Ikus daitekeenez kokainak era asko dauzka eta mota desberdinetan erabil daiteke: hautsa esnifatu egiten da, maizenik lasto txiki baten bitartez (ilara, erraila); injektatuz, txutatuz, Flash-a eragiten du; heroinarekin edo lasaigarriekin nahasiz “spead ball-a” (berehalako eragina) dario; crack-aren usadioak efektu azkarreko erretze mota jarri du modan; inhalazioari “free basing” deitzen zaio.

 

Kokainaren eraginak: Heroina bezala kokaina euforizatzailea da eta, estupefazientea izanik, laster jaso zuen debekua; anfetaminen gisa psikotropo estimulatzailea da, droga ernatzailea. Horrek argitzen ditu bere irudi magikoa eta inguru batzuetan daukan zabalkundea: luxuzko produktu suspergarria den “coke”a baliagarria suertatzen zaie artistei, kazetariei, idazleei egunetan iratzarririk irauteko, buru-argitasuna eta eraginkortasuna mantenduz. Bizitasun egoera honi eragin anorexigenoa gehitzen zaio eta, arlo fisikoan, midriasia, takikardia eta hipertentsioa. Arnasaren eta bihotzaren aztoramenekin adierazten den gaindosia lekarke.

 

Baina kokainaren arrisku garrantzitsuenak, anfetaminarekin parekatuz, darion menpekotasun bereziarekin lotuta daude. Kokainaren eragina oso laburra da; horregatik oso arraroa da kokaina monotoxikomania bezala. Litekeena da eguneroko 10 gramoko kontsumoraino heltzea (medikuntzan miligramoka agintzen zen), tolerantzia fisikoa ez sortu arren. Olgetarako eta noizbehinka erabiliz gero, munta eskaseko estimulatzailea izan daiteke. Baina erabilera trinkoak psikosi anfetaminikoetatik gertu dagoen haluzinaziozko psikosira bideratu dezake, paranoide jazarpenezko bizipenekin batera. Bufada oniroideko egoeraren antzera ukimenezko haluzinazioak gehitzen zaizkie, azalaren azpian parasitoak inurritzen baleuzka bezala.

 

Menpekotasun psikologikoa kentze unean nabaritzen da, jaisteko zailtasunarekin: atsekabeak larritasuna, depresioa eta nahas-aldia biltzen ditu. Jaitsiera honen ondoren benetako egoera depresiboa finkatu daiteke. Menpekotasunaren kentze ahaleginetan baliagarriak izan ohi dira lasaigarriak eta hipnotizatzaileak.

 

 

Konbertsio-histeria: (ikusi Histeria)

 

 

Konbultsioa:

Nahigabekoa, kokatua edo gorputz guztira orokortutako gihar-uzkurdura da konbultsioa.

 

Uzkurdurari tonikoa deitzen zaio etengabea eta giharren tarteko askapenik gabekoa denean (nahiz eta kontrakturarekin alderatuz iragankorrak izan). Astinaldiekin agertzen dena, berriz, klonikoa da; astinaldien intentsitatea eta erregulartasuna aldakorra izan ohi da. Konbultsioez hitz egiten denean gehienbat era klonikoaz ihardun ohi da: uzkurdura bat tarte laburrean errepikatzen denean, edo uzkurdura luze bat askatze laburrekin tartekatzen denean.

 

Batzuetan jatorri medularra eduki dezakete baina, gehienetan, hipertermia bati (batez ere haur txikietan), anoxia bati (sinkope luze baten ondorioz), toxikapen bati (estrikninaren pozoidura), entzefalitis bati, kaskezurreko hipertentsioari (tumorea) edo neurosi-histeria bati loturiko oinarri zerebrala eduki ohi dute. Hala eta guztiz, konbultsioen eragile nagusia epilepsia da.

 

Konbultsiboa: Pertsona heldu batean, gehienetan aldez aurretiko jarrera duenean, neurri terapeutikoan hartuz gero, konbultsioak eragiteko gai den substantzia da.

 

Medikamentu desberdinen gaindosiak konbultsio ekoizleak dira. Anitzak dira egileak (egite neuro-ernagarria, gamma-amino-butirikoaren eraginak sortutako desoreka ionikoa, asfixia). Pentetrazola eta estriknina arnasketaren suspertzaile zentralak izanik bulboan eta muinean gertarazten duten asaldurari ezker, konbultsio orokortuen ekoizleak dira. Estriknina da barbiturikoek sortutako intoxikazio larriaren antidotoa, eta alderantziz. Pentetrazola epilepsiaren diagnostikorako lagungarria bezala erabilia izan ohi da.

 

Konbultsio-tratamendua: Psikosien tratamendurako erabiltzen diren txoke-teknikek osatzen dute Konbultsio-terapia.

 

Deiturak, teknika hauek sortarazten dituzten konbultsio epileptikoak aipatzen dituen arren, esanahi zabalagoa dauka. Gaur egun, kimioterapiak lortu dituen emaitzen aurrean, ez dira jada kasik erabiltzen, elektroshocka izan ezik.

 

Erabilitako txoke moten artean (Txoke koloidoklasikoa, pneumotxokea) batzuek onarpena lortu zuten: Wagner Von Jaureg-ek Nobel saria irabazi zuen Malaria-terapia sarrarazi zuenean 1918an; paralisi orokor sifilitikoa jasaten zuten gaixoetan paludismoa inokulatuz, aztoramen psikiatrikoen gutxiagotzea lortzen zen. Pireto-terapiak edo sukar-terapiak helburu berdina zeukan, hau da artifizialki sortutako sindromeak sindrome psikiatrikoa murriztuko du. M. Sakel-ek koma hipoglizemikoko egoerak induzitzen zituen intsulinaren bitartez; pazientea, berrazukratuz, komatik ateratzerakoan sortzen zen egoera profitatzen zen harreman psikoterapeutikoa ezartzeko. L. Von Meduna, epileptikoek arazo eskizofrenikoak oso gutxitan jasaten zituztela ohartu zenean, konbultsio-terapia proposatu zuen. Ideia gezurtatua izan zen arren, krisi konbultsiboak ezarri zizkion zenbait gaixori. Nahiz eta terapia mota honek eskizofrenia mota batzuetan nolabaiteko eragina eduki dezakeen, malenkonian lortu ditu emaitza onenak. Elektroshockaren bitartez eragindako konbultsio-terapia U. Cerletti-k eta L. Bini-k sortu zuten.( ikusi Elektroshock-a).

 

 

Konfabulazioa:

Oraingo edo iraganeko oroimenaren hutsunea konpentsatzen duen irudikapenezko kontakizuna da.

 

Gehienbat nahasialdien eta finkapen oroimenaren erasan larrien ondorioa izan ohi da: Korsakov-en psikosietan eta presbiofrenietan konfabulazio errepikatuek tartekatzen dute pazienteen jarioa, oroimenaren hutsuneak betez.

 

 

 

 

 

Konmozio osteko sindromea:

Sintomatologia subjektiboak bereizten duen garezurreko traumatismoaren ondoren ezartzen den sindrome neuropsikiatrikoa da.

 

1916an deskribatu zuen P. Marie-k gerrako antzinako garezur zaurituetan. Luzaroan, zauri somatikorik aurkitzen ez zenez, traumatizatuen sindrome subjektiboaz hitz egiten zen. Gaur egun, egokiago dirudi Konmozio osteko sindromearekin izendatzeak. Egiaz, burezurreko traumatismoa ikusmira bikoitzetik begiratu behar da: txoke fisiko eta txoke psikoafektibo bezala. Txoke fisikoari dagokionez, azterketa anitzek erakutsi dute traumatismoaren ondorengo garun mikrozauriak, sintomatologia kliniko arinaren eragileak direla (erreflexuen, gihar-tonuaren asimetria txikiak, eta abar).

 

Traumatismo psikikoa, bere aldetik, egoerari eskainitako erreakzio sakona da, larriki bizi izandakoa, berehalako heriotzaren irudia dariona.

 

Ikusmolde bikoitz honetan, konmozio osteko sindromea, traumatismoa gertatu zenetik aste batzuetara agertzen den sindrome estereotipatua da: buruko minak, sentipen zorabiagarriak, orekaren aztoramenak, nekadura eta hotsekiko jasanezina ez dira kasik inoiz falta; gainera adimenaren eraginkortasuna, loa, umorea aztoratu egiten dira; hala ere, arazo gehienak, urtea pasa ondoren lausotzen joaten dira eta ez dute bigarrena gainditzen. Bilakaerak, aldez aurretiko izaeran eta zaurituaren eta ingurugiroaren harremanetan oinarrituz, nortasunaren egituraketa neurotiko alderantz ere jo dezake. Jasandako gorputz-kalteen ordainketa egitekotan: edo berehalakoan, aztoramenak finkatu aurretik eman beharko da, neurotizazioa ekiditearren; edo 12-18 hilabete iragan ondoren, kalteak jada finkatuago daudenean, kronifikazioaren arriskua kontutan harturik halere.

 

 

 

Konplexua:

Partzialki edo erabat inkontzienteak diren sentimenduek eta irudikapenek osaturiko multzoa da. Norbanakoaren nortasuna egituratzeko ahalmena dauka, afektuak eta ekimenak zuzenduz.

 

Beste era batera esanda: nortasunetik askatutako zatiak, edo kontzientetik banatutako eduki psikikoko multzoak dira; eta, inkontzientearen barruan, funtzionamendu autonomoa daukate; bertatik eragina eduki dezakete kontzientean.

 

Hitza Theodor Ziehen-ek asmatu zuen, eta E. Bleuler eta C. G. Jung-ek sarrarazi zuten. Psikoterapia eskola desberdinei sinetsiz gero, berrogeita hamar inguru daude. Freud-ek gutxitan erabili zuen, Ediporena eta Zikiratzearena aipatu zituen soilik. Lacan-ek, irudizkoaren aurreneko teorian, “konplexu” hitza “imago”arenarekin lotu zuen eta, bere ustetan, bien artean osatutako antolaketak instituzio familiarraren ulermena errazten du.

 

Zikiratze (Castración) konplexua: Hitza latinezko Castratiotik dator eta XIV. mendearen bukaeran hasi zen erabiltzen gizaki edo animalia baten (ugalketa ekiditeko) guruin genitalen kenketaren ebaketa izendatzeko. Gizonezkoetan testikuluen ablazioa suposatzen du eta emakumezkoetan obuluektomia. S. Freud-ek umeek sexuen desberdintasun anatomikoarekin jabetzen direnean jasaten duten mehatxuzko sentimen inkontzienteari deitu zion Zikiratze konplexua.

 

Edipo konplexua: Zikiratze konplexuarekin, sexu desberdinen izaerarekin, belaunaldiekin korrelatiboa den Edipo konplexuaren nozioa intzestu debekuarena bezain garrantzitsua eta nagusia da psikoanalisiarentzat (gainera, elkarrekiko lotura daukate). S. Freud-ek Öedipuskomplex deiturarekin Sofokles-ek sortutako Edipo pertsonaiari zegokion konplexu bat izendatu zuen.

 

Irudikapen inkontzientea den Edipo konplexuaren bitartez, umeak, beste sexuko gurasoarenganako sexu-irrika eta maitasuna adierazten ditu eta, bide batez, sexu berdinekoarenganako aurkakotasuna. Irudikapen hau alderantzikatu daiteke, sexu bereko gurasoarenganako maitasuna eta bestearenganako gorrotoa erakutsiz. Lehenengoari Edipo deitzen zaio, Edipo alderantzikatua bigarrenari eta Edipo osoa bien konbinazioari. Edipo konplexua 3-5 urte artean agertzen da. Bere gainbeherak sortasunaren (latencia) aldia iragartzen du eta, pubertaroaren ondorengo ebazpenak, mota berriko objektuaren hautaketa adierazten du.

 

Psikoanalisiaren historian “Edipo” hitzak “Edipo-konplexu”arena ordezkatu du. Zentzu honetan Edipoak, aldi berean, Freud-ek definitutako konplexua eta dotrina psikoanalitikoaren funtsezko mitoaren oinarria izendatzen ditu, gizakiak bere sorrerarekin eta familia eta historia genealogikoarekin dauzkan harremanen argitzailea delako.

 

 

Konpultsioa:

Subjektu batek kontzienteki txartzat hartzen duen ekimen bat edo ideia bat egitera eta edukitzera bultzatzen duen aginduzko barne-jokaera da konpultsioa.

 

Eutsiezinezko izaera eduki arren, subjektua jokaeraren aurka egiteko gai da, eta konpultsioa burutu ezean larritasuna handiagotu egiten da. Batzuetan, ekintzara ez pasatzearren, kaltegarri ez diren erritual errepikakorretan eraldatzen da. Inpultsioetan alderantzizkoa gertatzen da, konpultsioaren aurkako borroka larria ez da gai ekimena eragozteko.

 

Kontratransferentzia:

Analistak, analizatuaren transferentziaren eraginez, jasotzen duen afektu inkontzienteen multzoa da (gehienbat analistan bertan zentratuak).

 

Transferenzia pazientearen adierazpen afektibo gisa definitzen bada, pentsa daiteke, itzulpen simetrikoan, analistak ere bere azalpen afektiboak eduki ditzakeela; kontratransferentzia analizatuak analistarengan suspertzen dituen pasioek definituko lukete; eragin hauek zirela eta, luzaroan, ezinbestekotzat jo da analisi didaktikoa: analizatuak piztutako pasioak jasaten jakiteko. Egia da analistak analizatuaren eraginak jasotzen dituela, baino eraginok azaletik soilik dira afektiboak. Eragin hauek psikoanalisiaz daukan jakinminez galdekatzen dute, batik bat, Lacan-ek proposaturiko “analistaren desiraz”.

 

 

 

Koprofagia:

Gorozkien, materia fekalen irenstea da. Eskizofreniaren eta dementziaren egoera guztiz atzeragarrietan eta idioziaren gisako atzerapen finkatuetan aurkitzen den kakofagiaren mota larria da. (ikusi kakofagia).

 

 

Koprofilia:

Materia fekalekiko erakusten den ardura anormala da, kloaka edo uzki esparruko gehiegizko erotizazioarekin eta gorotz-portaerekin loturikoa.

 

 

 

Koprolalia:

Hizkera zikina erabiltzeko joera eutsigaitza da. Iharduera oihes hau, batzuetan, “uzki-ardurak” pairatzen ari diren umeetan, ingurugiroan baieztatzearen beharra daukaten nerabeetan eta zenbait dementetan agertzen da.

 

 

Korea:

Motrizitatearen aztoramen neurologikoa da, mugimendu zakar eta astinduekin, aldakor eta aurretik jakin ezinekin nabarmentzen dena.

 

Bi motako korea dago: Sydenhan-en Korea: edo “San Bito-ren dantza” haurtzaroko gaitza da, sindrome koreiko latza eta orokortuarekin adierazten da, batzuetan asaldurarekin, suminkortasunarekin, nahaste eta, halaber, azpieldarniozko arazoekin eta, aste edo hilabete batzuetan, berez osa daiteke.

 

Huntington-en Korea: bilakaera kronikoa eta mailakakoa dauka, jaraunspenezko eta endekapenezko nukleo gris zentralen eta garun kortexaren erasanak sortzen du eta funtzio kognitiboen narriadura dakar, derrigorrez egoera dementzialera bideratuz eta, hamabost urte barruan, zargaltzeak eta kakexiak eragindako heriotza dakar.

 

 

Koroa:

Sabelalde barnean organo genitalen uzkurtze sentipenarekin adierazten den larritasunezko eta, batzuetan, nahastezko psikosi subakutua da.

 

Sarri samarra da Asiako Hegoekialdean eta, orokorrean, heldutasunik gabeko gizonezko gazteetan agertzen da, sexu-harreman zaila edo etena eduki ostean. Benetako anabasa psikopatologikoa dario eta eldarnio bufadaren pareko bilakaera dauka. Ekialdekoen berezitasuna bezala aipatzen den arren, mendebaldeko gaixo batzuetan ere deskribatu da.

 

 

Korsakov-psikosia:

Aurreranzko amnesiak, konfabulazioak, berrezagutza faltsuak, desorientazio espazio-tenporalak eta beheko gorputz-adarren polineuritisak bereizten duten psikosia da (Korsakov-sindromea ere deitzen zaio).

 

Haurdunaldiak, tuberkulosiak, traumatismoek eta CO2 toxikapenak eragin dezakete. Baina, batez ere, B-bitaminaren gabezia sortzen duen alkohoslimoak dakarren arazoa da. Pezé-ren zirkuituan eta tuberkulu mamilarretan zauri anatomopatologikoak sortzen ditu. Bakarrik azaldu daiteke eta baita oso antzekoa den Gayet-Wernicke entzefalopatiarekin batera ere, orduan honen ondorioa izaten delarik.

 

 

Krack-a: (ikusi kokaina).

 

 

Kretinoa:

Hipotiroidismoari eta bozio endemikoari erantsitako adimen atzerapena erakusten duen umeari deitzen zitzaion kretinoa XIX. mendearen bukaeran.

 

Iodoaren eskasia zegoen eskualdeetan, haran menditsuetan gehienbat, sarri ikusten zen bozioa. Hormona tiroideoaren gabeziak haziera geldiarazten du eta atzerapen psikomotorea dakar. Umeak morfologia berezia erakusten du: Gorputz-adar laburrak, sabel irtena zilborraren herniarekin, tegumentuen infiltrazioari (mixedema) darion aurpegi borobildua eta mingain loditua. Ahots zakarra eta arraroa, larru lehorra eta bikortsua eduki ohi ditu. Garapenaren atzerapena ondo ezagutzen den mekanismoari zor zaio: garun garapenerako, lipido osagarrien sintesirako eta mielinaren egituraketarako ezinbestekoak dira tiroidearen hormonak Hipotiroidismoaren eragilea tiroide guruinaren ez izatea, guruinaren kokatze okerra edota jaraunspen genetiko autosomiko errezesibozko hormonogenesiaren sortzetiko aztoramena izan daiteke.

 

Detekzio goiztiarraren garrantziak jaioberrietako test-ak derrigorrezko bihurtu ditu, dagokion hormona tratamendua ezarriz garun-garapenari berriz ekiteko.

 

 

Kretinismoa:

Ume kretinoa bereizirazten duen Midexema endemikoa da.

 

 

Kronizitatea:

Gaitz mental baten epe luzeko bilakaera etengabea edo mailakakoa, eragiketa psikikoa iraunkorki aztoratuz, izendatzen du kronizitateak.

 

Hori gertatzen da neurosi larri batzuekin, psikosi “kroniko” deiturikoetan, horrela deitutako eldarnioetan eta eskizofrenietan. Antzinako “babes” etxeei eta ospitaleratze psikiatrikoei erantsi nahi izan zaie kronizitatea. Baina, zoritxarrez eta ospitalez kanpoko zainketek eta kargu hartzeek erakutsi duten legez, kronizitatea ez da desagertu. Lekuz aldatu da soilik.

 

 

 

 

 

 

Kurarea:

Giharren uzkurdurak kenduz eragin paralizatzailea daukan begetal jatorrizko pozoia da.

 

Hegoamerikako indiarrek bere gezien muturrean ipintzen zuten ehizakiak eta etsaiak elbarritzeko eta, gaur egun, anestesistek era askotako sintesiko kuraretzaileak erabiltzen dituzte, gaixoaren gihar-uzkurdura ekiditeko.

 

 

Kurua:

Guinea Berri-ko tribu batean antzemandako bilakaera geldoko entzefalitisa da. Birus geldo batek eragiten du, narriadura familiar baten gisa agertzen da eta Kreutzfeld-Jacob-en antzeko dementziazko ezaugarri klinikoak dauzka.

 

 

Kutsatze mentala:

Induktore edo eragile deituriko pertsona batek beste bati edo gehiagori, zuzeneko harremanean, igortzen dion aztoramen mentalen transmisioa da.

 

Fenomeno histerikoen tankerakoak izan daitezke, sendagintza berak bultzaturikoak eta, orduan, sugestioaren eta imintzioaren ekoizpena dira. Kulturaren histeria izango litzateke, Salpêtrière-n gertatu zen legez: J. M. Charcot-ek eta bere ikasleek, konturatzeke, bere gaixo ”histeriko” deituei aztoramenak iradokitzen zizkien. Antzeko zerbait gertatu zen komentu batzuetako konbultsio epidemiekin (ikusi deabrumania).

 

Beste batzuetan eldarnioa pairatzen ari den gaixo batek gertuko beste pertsona pasiboagoari bere eldarnioa igortzen dio (Folie á deux), edo bikoteak eldarniora jotzen du amankomunean. Maiz erraza suertatzen da jakitea eragilea zein den eta eragina jasaten duena nor den, azken hau sugestionagarria, ahula eta heldugabea izaten baita. Baina ez beti, batez ere biak paranoikoak direnean eta elkar elikatzen eta indartzen den eldarnioa dutenenean.

 

Azkenik, aurkitu daitezke eldarniozko talde-portaerak, gidari eldarniotsu batek edo gehiagok gidatutako “jendetzaren psikopatologia” sortuz. Adibide gisa sekta erlijiosoetan burututako “talde-suizidioak” hartu daitezke.

 

 

L

 

 

Labilitatea:

Umorearen izaera egongaitza eta aldakorra da.

 

Bereziki aldi histeriko erreaktiboetan aurkitzen da, frustrazio eta atseginaldiekiko gehiegizko erreakzioei loturiko neurriz kanpoko adierazkortasunarekin batera. Adierazpen afektibo hauek aparteko zabaltasuna daukate: gainezkako pozaren segidan agertzen diren negarraldi ikusgarriak, goibeltasun sakonaren ondorengo eutsiezinezko asaldura euforikoa, eta abar. Gisa honetako labilitatea umore aldaketa azkarra daukaten egoera maniako-depresiboetan ere ikusten da.

 

 

Lacan; Jacques Marie (Paris, 1901-1981):

J. Lacan sendagile eta psikoanalista frantsesak 1932an burutu zuen Psikosi paranoideaz pertsonalitatearenganako harremanetan tesi psikiatrikoa, eta urte berean eman zion hastapena bere psikoanalisiari R. Loewenstein-ekin (beraren “egopsikologia”ko tesiak bortizki kritikatu zituen). Freud-en tesiekin erabat atxiki zen eta, irakastea erabaki zuen egunean (1950), “itzul gaitezen Freud-engana” izan zen bere ikurra. 1936tik aurrera sendoa izan zen psikoanalisiari eskainitako ekarpena eta Marienbad-en burututako nazioarteko kongresuan “Ispilu aldiaren” nozioa sarrarazi zuen. Sainte Anne-n hamar urtetan irakatsi ondoren Ikasketa Garaien Eskola Praktikoko hitzaldien ardura hartu zuen (1963). Han marraztu zituen psikoanalisiaren heziketarako ikusmira pertsonalak, nazioarteko elkartea uztea bideratu zutenak, bere eskola,“Paris-eko eskola freudiarra”, eratuz 1964an. 1980an deuseztatu zuen.

 

Ahozkoa izan zen Lacan-en irakaskuntza. Zati bat 1966ko Idatzietan bilduta dago eta bestea, Séminaire (Mintegia) delakoan, zein 1975ean hasi eta oraindik argitaratzen ari baita bere suhia den J. A Miller-en eskutik. Bere ekarpen teorikoa, funtsean, bi enuntziatu korrelatiboetan datza: “inkontzientea bestearen diskurtsoa da”, eta, “Inkontzientea hizkuntza bat bezala egituratzen da”. Bere pentsakizuna neurtzen duten hiru hitz aurreratu zituen lehen mailara: 1-: Desira bestearen desira da: gizakia bestearen desiran soilik eratzen da eta bere nahiaren objektua, lehendabizikoz, bestearengan hautematen duena da; 2-: esparru Sinbolikoa, hau da gizakiak berezkoa duen arloa, hitzaren erregistrokoa da, ordaindu beharreko zor bezala hartuta; 3-: Desira, beste gauza baten grina denez, inkontzientearen giltzarri bihurtzen da: nahieraren eragilea falta da eta, hasieratik, galduta dago; beraz, desiraren objektua galduta dagoenez, subjektua zikiratzeari esker soilik bizi da: zikiratzeak gabezia berreraikitzen du eta, gabeziari esker, izaera ahalbidetzen du.

 

 

Lasaigarria:

Egituraketa desberdineko substantzia psikotropikoa da eta beraren eragin terapeutikoa larritasunaren adierazpen psikiko eta somatikoetara zuzentzen da.

 

Gaur egun egokiagoa da lasaigarri txikiez hitz egitea neuroleptikoetatik (lasaigarri handiak) bereiztearren. Lasaigarrion zuzeneko helburua larritasuna edo antsietatea izanik, antsiolitiko izena ere ematen zaie.

 

Egiaz, elkarren osagai diren bi eragin terapeutiko dauzkate: eragin lasaigarria edo antsiolitikoa eta eragin baregarria edo sedatzailea. Baten edo bestearen nagusitasunaren arabera sailkatzen dira.

 

Bi motako substantziak dira erabilienak: benzodiazepinak eta karbamatoak. Neuroleptiko batzuk, antihistaminikoak, morfina, beta-blokeatzaileak, eta alkohola bera ere sailkatu daitezke lasaigarrien artean, zeren egia da, maiz, lasaigarri gisa erabiltzen direla.

 

Kimikoki heterogeneoak izan arren, guztiek amankomunean dauzkaten ondorioen artean azpimarragarrienak honakoak dira: dosi handietan eragin baregarria daukate (eragiketa lokomotorea gutxiagotzen dute eta alkohola eta hipnotikoen tankerako nerbio-sistema zentraleko depresoreak indartzen dituzte). Substantzia hauek guztiek, baina benzodiazepinek bereziki, ondorio antikonbultsiboak dauzkate. Dosi txikietan edo neurrizkoetan benzodiazepinek eta, apalago meprobamatoek, eskatzen zaien eragin terapeutikoa ematen dute: animalietan baldintzatutako emoziozko erantzunen ezabapena; animaliek, baldintzapen ikastaro baten barruan, estimulu batek ekidin ezinezko zigorra iragarriz gero, ezin dute bere ekimen normalean jarraitu; baina, lasaigarrien eraginpean bai. Ezabapen portaeraren inhibizioaren test-ak, bere aldetik, beste gauza bat erakusten du: animalia bat egoera gatazkatsuan ipintzen bada (sari baten gogoaren eta zigor baten beldurraren arteko aukera, adibidez), zigorraren beldurrak iharduera ororen geldialdia lekarkioke. Lasaigarrien eraginpean animaliak bere ekimenean jarraitzen du, baina ezin da esan zigorraren gutxiespenagatik edo sariaren gorespenagatik den.

 

 

Laing (Ronald David):

Psikiatra britainiarra (Glasgow 1927 - Saint Tropez 1989)

 

Arrunki antipsikiatriarekin lotzen den fenomenologoa zen eta Stack-Sullivan-en teoria interpertsonalistetatik korronte biologistetatik baino gertuago zegoen.

 

Bere aurreneko lanetan (Ganser Sindromeaz, 1953), jada, nabaritzen zen ez zela eroso sentitzen Bleuler-en tankerako pentsamoldean. 1956-1957 urteetan, Ni zatikatua idaztearekin batera, “ziurtasun-gabezia ontologiko”aren nozioa sarrarazi zuen eta “ikusmira diagnostiko”arekiko haustura burutu zuen. Bi urte geroago E. Minkowski-ren idazlanean murgildu zen eta, bere ustetan, “autore hau izan zen psikiatriaren historian lehendabizikoz lortu zuena gaixoaren esperientzia berreraikitzea”. Aldi berean Norbera eta besteak eta bere aurreneko maisu-lana, Arrazoia eta indarkeria, idatzi zituen. Azkeneko hau D. Cooper-ekin batera idatzi zuen, J- P. Sartre-ren pentsakizuna aztertuz: paradoxikoki, pentsaera frantziarra Sartre-ren ildotik urruntzen eta estrukturalismotik gerturatzen ari zen une berean, Laing eta Aron Esterson ingeles erreboltariak Sartre, E. Minkowski, H. S. Sullivan, L. C. Wynne eta G. Bateson-engana hurbildu ziren, tradiziozko psikiatria estrukturala desmitifikatzeko eta astintzeko ahaleginetan. Eta euren pentsamendua ez zen iritsi Frantzia-ra Sartre-zaleen eskutik baizik eta Lacaniarren bitartez (R. Gentis eta Maud Mannoni).

 

Laing eta Cooper 1967an bildu ziren lacaniar talde batekin elkarren ulermenerako esparru baten bila: Cooper-ek, psikosira bideratzen duen “hiru belaunaldien” nozioa eratu zuen; eta “derrigorrezko hautaketa” honen inguruan marraztu zen oinarrizko akordioa. Sartre-k, Arrazoia eta indarkeriaren hitzaurrean, honela idatzi zuen: “niretzat, -zuentzat bezala-, organismo askearen irtenbidea da gaitz mentala (…), jasanezineko egoera bat pairatzeko asmakuntza”. Azken finean Cooper-en nozioa H. Stack Sullivan-ek egituratutako ideia psikologiko baten oroimena da; Laing-en idazlana Sullivan-en ikusmira makrosozialaren, G. Bateson eta L.C. Wynne-ren eredu mikrosozialaren eta fenomenologia frantziarraren sintesi saiakera bezala uler daiteke.

 

Laing-ek, pixkanaka, hiztegi psikiatrikoa utzi egin zuen, benetako “hiztegi iraingarria” zelako eta, geroz eta sendoago eutsi zien Stack Sullivan-en printzipioei. (“Begirada diagnostikoak”, sailkapenak, ez dio ezertarako balio gaixoari, oinazea ez du leuntzen). Gogor gaitzetsiak izan dira bere ideia batzuk, batez ere honako biak: psikosia gizabanakoaren berregituraketarako aldi bat delakoarena, eta ospitaleak edo babes-etxeak alienazio subjektiboa areagotzen duenarena. Baina, egiaz, Laing-ek beste idazleek (Freud, W. Perry, A.T. Boysen, H.S. Sullivan eta Ph. Pinel) errespetagarri bihurtu zituzten ideiak berrartzea besterik ez zuen egin. Pinel-en ustetan ere, zenbait krisi maniakoek gaitzaren osaketa lekarkete eta medikamentuen ezarpena arte bat bada, ez erabiltzea handiagoa litzateke. Bestalde, “asilisme”aren aurkako deiak 1945etik aurrera entzun ziren eta P. C. Racamier-ek 1957an eginiko “ospitalismo”aren gaitzespenari Laing-ek ongi etorri beroa eskaini zion, ziur aski

 

Horrela, Laing-en aurkako kritika, psikiatriari bere ispiluak sortarazten dion ondoezaren adierazlea izan daiteke, “haluzinazio negatibo” historikoaren antzeko zerbait, Tosquelles-en esanetan

 

 

Lehendaniko Amentzia: (ikusi Amentzia).

 

 

Letargia, Lozorroa:

Lo sakon eta gaindiezinezko egoera da.

 

Batzuetan jagoletzaren edo esna-aldiaren eta loaren arteko erregulazioaren aztoramena da (entzefalitis letargikoa). Maizago, hipnosiaren edo anestestesikoen eragina izan ohi da. Nahiz eta aztoramen neurobegetatiborik gabekoa eta estimulu sendoekin iratzargarria izan, klinikoki, koma batekin nahas daiteke.

 

 

Leukotomia:

Lobulu frontalak (esparru prefrontala) talamoakin lotzen dituen zuntz zurien ebakuntza kirurgikoa da.

 

1935ean proposatu zuen E. Moniz neurologo lisboarrak eta W. F. Freemman eta J. W. Watts-ek 1942-1950 urteetan sarritan erabili zuten eskizofrenia eta obsesiozko neurosi batzuk sendatzeko asmoarekin. Funtsezko ondorioa ebakuntza jasandako gaixoen dementziazioa izan zen.

Libidoa:

Moriz Benedikt-ek lehenengoz eta, geroago, sexologiaren sortzaileek (Albert Moll eta Richard von Krafft-Ebing) erabilitako hitz latindarra da (libido: nahi, gogo, desira..

 

Sigmund Freud-ek berriro hartu zuen hitza eta esanahi guztiz desberdina atxiki zion: sexu-bulkadak bizipen psikikoan daukan adierazpena izendatzen du; eta, zentzu zabalean, gizakien sexualitatea orokorki, baina bereziki haurtzarokoa, eragile psikiko gisa (neurosi), gaitasun polimorfo bezala (gaiztakeria), norberarekiko maitasun legez (nartzisismo) edota sublimazio eran ulertuta.

 

 

 

Likantropia:

Gaitz hau jasaten den bitartean subjektuak otsoa dela sinesten du, otso bezala ikusten du bere burua eta otso gisa jokatzen du.

 

Hitz honen gehiegizko erabilerak Zooantropiaren esanahia ere estali du, gizakia animalian metamorfozatzearena hain zuzen. Adibidez, jainkoa bezala gurtua izan nahi zuelako zazpi urtetan zehar idi bihurtua izan zen Nabukodonosor Babiloniako erregea, likantropotzat hartua izan ohi da.

 

Historia: Antzinatik malenkoniazko eldarnioen artean sailkatua izan da gaitz hau: bere burua gurintzat hartuz urtzeko beldurra jasaten dutenen bezala edota hausteko ikararekin beira gisa ikusten dutenen eran, zenbaitek, bere burua otsotzat hartu dezake, otsoen portaera nozituz. Horrela pentsatzen zuten Kapadozia-ko Areteo-k (J. K. aurretiko II. Mendean), Juliano enperadorearen sendagilea zen Sudianus-ek eta, beranduago, sorginkeria prozesuen desagerpenean garrantzitsua izan zen J. Wier-ek. Aholkatzen zituzten sendagaiak ere gaitz horien antzekoak ziren: odola pozoituz ikara sortzen zuen sukarrik gabeko erotasuna sortzen zuen “bilisa” edo “kolera beltza” kentzeko odol-ateratzea, haragi gordina jatea, bainuak eta erabateko geldialdia gomendatzen zituzten.

 

Likantropia deiturak iraun du zooantropia guztiak izendatzeko garaian, zeren otsoari loturikoak izan dira beti maiz eta gatazkatsuenak. Gizaki-animalia matamorfosiak antzinatik literaturaren ardura suspertu du: Herodoto-k, Hesiodo-k, Virgilio-k, Ovidio-k (Metamorfosiak) idatzi zituzten tankera honetako kontakizunak; Licaon-ena adibidez: Zeus-ek, amorrazioz eroturik bere semea irentsi zuelako, Likaon-i ezarri zion errua eta otso bihurtu zuen. “Deabrutze” fenomenoaren garaian (ikusi deabrumania) kondaira hauek berrartu ziren erreferentzia bezala erabiltzeko. Orduan Otso-iratxoak (Loup-garou edo Lobo-duende) hartu zuen nabarmentasuna. Collin de Plancy-k bere Hiztegi infernutarrean” idazten duen bezala “Otso-iratxoa deabruak berberak otso bihurtu eta alderrai ibiltzera derrigortu duen sorgina da”. Bilakaera hau ulertzeko kontutan hartu behar da garai guztietan eta eztabaida guztietan, erlijiozkoak barne, bereizi ahal izan dela otso-iratxoaren eta “malenkonia edo otso-errabiaren” arteko desberdintasuna, batzuetan errespetatua ere bai. Horrela Jacques Rollet likantropoa, aurreneko unean (Angers) erretzera zigortua izan arren (otso-iratxoa balitz bezala), bigarren aldian arduragabetzat hartua izan zen (otso-errabiak jota), “eroen” egoitzan barneratuz (Paris). Atzean ezkutatzen dena zera da, metamorfosi batek eduki dezakeen garrantzi teorikoa, eta sinesmen honek garaiko epaileetan zeukan eragina. Hain zuzen, H. Boguet, Saint Claude-ko epaile handiarentzat ugaritasun izugarria zeukan otso-iratxoak. Otso-iratxoak ziren, sorginen artean, handienak; beraz, zigor gogorrena beraientzat zen: bizirik erretzen zituzten, aurretik ito gabe. Sorgin bezala, bereizgarri gisa ezaugarri batzuk onartzen zitzaizkien, Deabruaren zigilua (Sigilum diaboli) adibidez. Beste sorginkerietan ez bezala, otso-iratxo gehienak gizonezkoak ziren; hortaz, nahiz eta deabruaren miliziakoak izan, marjinalak ziren.

 

Hurbiltze fenomenologikoa: Historialariek zigortuak izandakoen txirotasun nabarmena azpimarratzen dute. Epaileek, baldintza honi, garrantzirik ez zioten kasik ematen, euren ardura beste alderdi baterantz zuzentzen zelako. Transformazio kontuak sartzen diren funtsezko metafisikaren azterketara bideratzen zen: emakumezkoa gizonezko, gizakia animalia bihurtzeaz, Hipona-ko Agustin-ek esandakoaren oihartzun larri baten gisa: “Ezin daiteke sinestu deabruen artearen eta indarraren bitartez gizakia animalien itxura bihurtu daitekeenik. Beraz, gizakiaren gorputzaren egiari balio diona kentzea ezinezkoa da” (Jainkoaren hiria). Belaunaldien prozesuaren ulermen kontuak ere sartzen ziren. Galdera hauek guztiak lege naturalen aldaezintasunaren azterketara, Jainkoari eta Deabruari zegozkien ahalmenetara zuzenduta zeuden eta, bide batez, gauza horiei darien analisirako eskubidera. Hor sortzen zen errealitatean ondorio latzak zeuzkan erruduntasun masiboaren sentimendua. Horrela, egia ez zegoen subjektuaren iritzian beste batzuenean baizik. Zigorra aitormenik ezean ez zen posible: egia “esanean” zegoen (nahiz eta torturapean esan.) Hortik “deabruzko ilusio” nozioaren teoria sotila eratzen zen: likantropoa bere burua otsotzat hartzen zuena zen, baina berak soilik ikusten zuen horrela bere pertsona; otso-iratxoak, alderantziz, otso gisa hautematen zuen bere burua, baina besteek ere hala antzematen zuten.

 

Kontzeptuaren bilakaera: gaurkotasuna gordetzen du aipatutako ikusmira bikoitzak, bai esparru psikopatologikoan bai sailkapen psikiatrikoan. Likantropia, antzina bezala, metamorfosiaren eldarnioa da eta, mota “garbian”, oso arraroa izaten jarraitzen du. Zenbaitentzat zerikusia dauka Cotard sindromearekin (ikusi Cotard sindromea), malenkonia sakonaren transformazio ideietan, gorputzaren zatikako eta ukapen orokorretan parte hartuz. Beste batzuentzat, Klein-en jarraitzaileentzat hain zuzen, eskizofrenia paranoidearekin lotuta dago. Klinikoki, ileei eta hortzei dagozkien eldarniozko sinesmenekin, histeria larri batzuetan ere aurkitu daiteke.

 

Esparru psikoanalitikoak, berriz, ahozko aldi sadikoan aurkitzen dio oinarria (S. Ferenczi), bestea irentsi eta eraso beharraren gogoa direlarik bi sustrai nagusiak. Analisi desberdinek nortasunaren aldizkako bitan banatzea, aldi falikoaren eta zikiratze-konplexuaren aurretiko gorputz-eskemaren aztoramen sakona azpimarratzen dute. Bestialitateak, animalitatean erortzeak, norberaren ezagutza ezak eutsiezinezko eta desegituratzaile den erasokortasun hilkorra adierazten dute.

 

Jada aztarnarik gabeko eta guregandik oso urrun legokeen bitxikeria bat bezala hartzea otso-iratxoaren arazoa, huts bat litzateke. Kanibalismoaren fantasma honek psikopatologiak erakusten duen baino ondorengo zabalagoa dauka. Hala nabarmentzen dute umeei zuzendutako ipuin anitzek eta “animaliazko mamua” irudikatzen duten banpirismozko eta metamorfosizko filmeek. “Gizakia otso gizakiarentzat” esaera zaharra ahaztu gabe.

 

 

 

Litioa:

Umorearen erregulartasunean eta gehiegizko gorabeheretan eragina daukanez, psikiatrian erabiltzen den metal bat da.

 

Historia: V. Mendean ezagutu ziren aurrenekoz sendagai dohainak zeuzkaten litiozko urak. XIX. mendean hezueriaren (gota) aurka erabili ziren litio-gatzak eta, XX. hasieran, ordezkapeneko gatza bezala kardiakoetan (toxikapen hilkor anitzekin).

 

Akurietan (cobaya) zeukaten eragin baregarria egiaztatu ondoren, J. Cade psikiatra australiarrak sarrarazi zituen psikiatrian litio-gatzak, egoera maniakoak sendatzearren. Orduan, asko erabili ziren, baina baita berehala bi arrazoiengatik utzi ere: gertatu ziren toxikapen hilkorrengatik eta neuroleptikoen, 1952an, aurkikuntzarengatik, Halere, 1954an, M. Schou psikiatra daniarrak litioaren balio prebentiboa frogatuko zuen luzerako (15 urte) azterketa bati eman zion hasiera. Gainera argi utzi zuen istripuak litioaren odoleko kontzentrazioak neurri bat gainditu ondoren soilik gertatzen zirela; dosien neurri erregularrek atalasea gainezkatzea eragozten dute. Horrenbestez, litioak bere eragin iraultzailea bete dezake.

 

Mediku-aginduak: Litioaren agindu nagusia psikosi maniako-depresiboaren berrerorikoen tratamendu profilaktikoan datza; aldiak ezabatuak izan daitezke; eta irauten badute ere urriagoak eta ahulagoak izango dira.

 

Egoera maniakoetan eta aldi depresiboetan ere eragin osagarria eduki dezake litioak. Ekimen timo-erregulatzaile honetatik datorkio litioari bere erabilera beste zenbait aztoramen ziklikotan: batez ere, era distimikoko eskizofrenian (adierazpen timikoak eta eskizofrenikoak elkartzen dituen aldizkako bilakaera) eta psikosi maniako-depresiboaren baliokidea den aldian behingo alkoholismoan (dipsomaniakoa).

 

Erregulazio timikotik at, litioak erasokortasunaren aurkako eragin nabarmena ere badauka.

 

Litioarekin bideratutako tratamendua epe luzekoa da eta, derrigorrez, hiru baldintza bete behar ditu: 1-: jagoletza mediku erregularra toxikapen istripuak ekiditearren; 2-: tratamenduaren helburua, oinarria (epe luzea), mugak (eraginkortasuna ukatzen ez duen berrerorikoaren aukera), arriskuak (haurdunaldian adibidez) eta dagozkion desegokitasunak zehazki argituko dira (bigarren mailako ondorio garrantzitsuenak honakoak dira: dardarizoa, pisua hartzea, libidoaren gutxiagotzea eta hipoerreaktibotasuna eta emaitzen eta sormenaren murrizketa dakarren “litioaren sindrome psikologikoa”); 3-: gaixoaren kooperazio egokirako ahalmena ezinbestekoa da.

 

Litioaren ekimenaren mekanismoa ez da ondo ezagutzen. Ikerketek neuroigortzaileen eraldatzeetara (monoaminen, batez ere serotoninaren, joan-etorria) eta mintzetako elkar-trukatzeetara (sodio eta kaltzioaren garraioa) bideratzen dute.

 

 

 

 

 

 

Loa. Loaren aztoramenak:

ASDC-ak ( Association of Sleep Disorders Centers: Lo Aztoramenen Asoziazio Zentroa) Lo eta esnatze (arousal) aztoramenenen sailkapena proposatu zuen 1979an. Oso zabala da eta bere barnean elkartzen ditu:

-Loaren hasierako aldiaren eta mantenuaren arazoak.

-Gehiegizko loak bereizitako arazoak.

-Jagoletza eta loaren arazoak.

-Parasomniak: iratzartze egoera partzialak eta loaren fase batzuei loturiko disfuntzioak.

Aurreneko biak pazientearen auto-ikuspegi arlokoak dira. Ohikoenak dira. Beste kategorietako aztoramenak gehitu litzaizkioke: lo hartzeko arazoarekin batera miokloniak ager daitezke, adibidez.

 

Lo aztoramenaren diagnostikoak gaixoaren arrangurari eman behar dio garrantzi handiena, gainerako informazioei ere ardura eskainiz (zurrungei, loaren esparruari, batez ere argitasunari eta zaratari, alkohol erabilerari, mediku eta kirurgi-aurrekariei). Kideak, bestalde, gaixoa kontziente ez den arazoen ekarpena egingo du (zurrungak, arnas gelditzeak, gihar-uzkurdurak).

 

Loaren hasierako eta mantenuaren arazoen sailkapena: arazo hauek psikofisiologikoak, aztoramen psikiatrikoei loturikoak eta sendagaien, drogen edo alkoholaren gehiegizko erabilerari loturikoak izan daitezke. Loak arnas-arazoak lekarzke (apnea, albeoloen aireztapen gutxiagokoa); gaueko miokloniak eta “hanken atseden eza” ere ager daitezke.

 

Gehiegizko loa (hipersomnia): hauek ere psikofisiologikoak, aztoramen psikiatrikoei loturikoak eta sendagaien, drogen eta alkoholaren gehiegizko erabileraren ondorioak izan ohi dira. Hemen ere, loak, antzeko arnas-arazoak lekarzke; eta, mioklonietatik eta “hanken atseden ezetik” at, narkolepsia, berezko hipersomniak (idiopatikoak) eta bestelako aztoramen medikuei, toxikoei eta ingurugirokoei loturikoak eragin ditzake.

 

Esnaldia eta loaren zikloaren arazoak: iragankorrak izan daitezke: ordu-ereduaren eta laneko ordutegien aldaketen eragina; edo iraunkorrak: loaren ordutegiko aldaketa sarriek, fase baten atzerapenak edo aurrerapenak, gau eta egunarekin (niktemera) bat ez datorren esnaldia eta loaren sindromeak, esnaldia eta loaren eraketa irregularrak eragindakoak.

 

Parasomniak: sonanbulismoa, gau-ikarak eta enuresia dira. Beste aztoramen batzuk ere aurkitu daitezke: amesgaiztoak, gaueko epilepsia, bruxismoa (hortzak karraskatu, lo-paralisiaren mota familiarra, loaren bitarteko erekzioa-eza). Halaber loaren zeharreko erekzio mingarriak, buruko minak (migrainak batez ere), irensketaren aztoramenak, asma, arazo kardiobaskularrak, errefluxu gastro-esofagikoa, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, eta abar.

 

Loaren berandutzea: esna-loaren bigarrengo alderdi garrantzitsua eguneko esna egotearen maila da. Loaren sortasunaren test iteratiboak neurtzen du hori: eguneko une desberdinetan loaren berandutzea aztertzen du (hamarretan, hamabietan, ordu bietan, lauretan eta seietan. J. Carskadon eta Dement-ek ipini zuten puntuan test hau Stanford unibertsitatean; oinarriko ideia hau da: zenbat eta logura handiago eduki eta orduan azkarrago hartzen da lo. Subjektua etzanarazi egiten da eta, argiak amatatu ondoren, lehenengo faserainoko denbora neurtzen da, edo bigarrenareinokoa edota lo paradoxikorainokoa. Lo hartuz gero, minutu bat edo hamar geroago esnarazi egiten da subjektua. Loak ez badu hartzen, 15-20 minutu ondoren, testa eten egiten da. Narkolepsia edo apnea jasaten duenak lekuko normalak baino errazago hartuko du lo (3-5 minututan orokorrean).

 

Loaren hasiera eta mantenuko aztoramenak: klinikoki loaren aztoramen gehienak talde honetan biltzen dira. ASDC-aren eredua jarraituz gero loezinak iraupenaren (akutuak eta kronikoak), alkoholarekiko, sendagaiekiko eta drogekiko loturaren eta arazo psikiatriko edo somatiko baten presentziaren arabera sailkatzen dira. Bestalde, lo-ezaren eragileak, aldi berean, anitzak izan daitezke.

 

Lo-eza psikofisiologikoa: iragankorra denean gutxi gora-behera hiru hilabete irauten du eta eragilea desagertzean amaitzen da. Etiologia psikiatrikoa (psikosi maniako depresiboa) eta somatikoak (hipertiroidismoa) baztertu behar dira. Bere esplorazioan ez ditu neurri bereziak eskatzen eta hipnotizatzaile baregarriekin tratatu ohi da. Komenigarria da aurretik zurrungen eta apneen azterketa, zeren arazo hauekin kontrajarriak dira baregarriak.

 

Mota iraunkorra ere badago. Arrangurak antzekoak dira, baina kroniko bihurtuz. Euren profil psikologikoa, maiz, patologikoa izaten da. Loaren laborategian iratzar-aldiaren maila handiagoa eta loaren laugarren fase txikiagoa erakusten dute. Baldintzapen negatiboaren eraginpean daudela dirudi: bere ingurugirotik at hobeto egiten dute lo; azterketarako test-ean ere lo hartzen dute. Batzuetan, lo hartzeko saiakerak berak sortzen du loa eragozten duen tentsio psikikoa. Garrantzitsua da sustatzen duen arazo psikiatrikoa aurkitzea edota estimulatzaileen eta alkoholaren gehiegizko erabilera detektatzea. Batzuetan, logure handia aipatu arren, loaren iraupena lortzen ez dutenen arazoa apneak izan ohi dira. Eguneroko zikloaren desfasea (ordu desberdinetan lotaratzea) lo-ezarekin nahastu daiteke, baina loaren kalitatea, hartuz gero, ona izan ohi da.

 

Erregistro poligrafiko bat baliagarria izan daiteke. Tratamenduan, loaren higienerako neurri guztiak hartu ondoren soilik ipiniko dira hipnotikoak. Batzuetan antidepresiboek lo-eza gutxiagotu egiten dute, depresioaren sintoma bat besterik ez dela nabarmenduz. Kasu honetan, poligrafiak lo paradoxikoaren sortasunaren mozketa berezia argitaratzen du.

 

Gaueko aldizkako mugimenduak: loaldian zehar mioklonia ere deitzen diren aldizkako mugimenduak ager daitezke. Beheko, eta batzuetan, goiko gorputz-adarren gihar astinaldi estereotipatu hauek (tibiaren aurreko giharrarena gehienbat) 15-30 segundorokoa izan daiteke. Adinarekin handiagotu egiten da eta subjektu normaletan ere agertzen da. Neurri bat gainditzen dutenean pertsona esnatu egiten dute. Eragile medikuak baztertu behar dira: giltzurrun arazoak, metabolismoarenak eta sendagaienak (batez ere antidepresibo triziklikoenak). Aldizkako mugimenduak mioklonia epileptikoetatik bereizi behar dira (loaren zeharkako E. E. G., elektroentzefalograma adierazgarria da). Benzodiazepinak proposatu dira tratamendurako.

 

Mugimendu hauekin batera, gehienetan, “hanken atseden eza”ren sindromea jasaten da: beheko gorputzadarren ezinegonak eta desatsegin sentimenak, mobilizazioarekin desagertzen direnak. Bere mekanismo fisiopatologikoa ez da ezagutzen. Hemen ere, tratamendurako, benzodiazepinak proposatu dira, beste metodo ez farmakologikoekin batera (hanken goratzea, ariketa…).

 

Anomalia poligrafikoak (alfa-delta loa): Paziente hauek lo ez-indarberritzailearen kexu dira. Egunean zehar minak, gihar-minak nabariki, pairatzen dituzte. Sarritan, lehenengoz, erreumatologoaren kontsultara joaten dira. Loaren iraupen osoa normala izan ohi da eta lo ordutegiaren desfaserik ez dago. Laborategian, iratzarraldiari dagozkion uhin alfen intrusioa (REM ez diren faseetan; ikusi lo paradoxikoa) nabarmentzen da: horregatik deitzen zaio alfa-delta loa. Mekanismoa ez da ezagutzen. Hala ere, psikoestimulatzaileen gehiegizko erabilera edo baretzaileen bat-bateko kentzea ikertuko dira, uhin alfen intrusioa ekar lezaketelako. Ez dago onartutako tratamendurik

 

Loaren hasierako eta mantenuko beste zenbait arazo: Eragile medikoak, toxikoak eta ingurugiroari loturikoak izan daitezke lo aztoramenen arduradunak. Bestalde, badaude, normalak izanik, lo gutxi egiten dutenak: ez dute tratamendurik behar. “Loti txiki” (5 ordu ingurukoak soilik) hauek lo iraupenaren desberdintasunaren lekukoak dira. Loti txikien eta handien artean, desberdintasunak desberdintasun, erregistro poligrafikoek lo sakonaren iraupen berdina erakusten dute.

 

Gehiegizko loak (hipersomnia) bereizten dituen arazoak: eguneko logura, bat-bateko lokartzeak eta emaitza kognitiboaren gutxiagotzea dira arazo hauen adierazle nagusiak. Sorreran aztoramen psikiatrikoa (depresioa adibidez) egon daiteke. Kategoria honetako diagnostiko sarrienak narkolepsia eta loaren apnea sindromea dira.

 

Hipersomnia psikofisiologikoa: dolu batek edo antzeko beste eragile batek sortarazitako arazo iragankorra, oso gutxitan kronikoa, izan ohi da.

 

Aztoramen psikiatriko bati loturiko hipersomnia: depresio endogenoa deiturikoari, baina baita depresio atipikoei ere, itsasten zaie gehiegizko loa, larritasun sakonarekin eta hiperfagiarekin (gehiegizko jana) batera. Depresio endogeno zikliko bipolarraren erregistro poligrafikoek lo paradoxikoaren sortasunaren mozketa eta 3 eta 4 faseen murrizketa erakusten dute.

 

Loaren Apneak eta albeoloen aireztatze gutxiagokoak: Eguneko logurea da loaren apnea sindromearen ezaugarri nagusia: gaixoa, urteetako loguraz arranguratzen da; kotxe-istripu bat baino gehiago sortarazi ditu; laneko emaitzak txirotu egin dira; zurrungek ohelaguna gogaitzen dute; bestalde, emaztea, gauean zeharreko aireztatze geldialdiez ohartzen da; goizean nekatuta esnatzen da, buruko minarekin. Azterketa, gizaki lodi eta hipertentsoarekin aurkitzen da. Loaren erregistroak, orduko 50 maiztasuneko apneak nabaritzen ditu. Trakeotomizatuz gero, sintomak desagertu egiten dira eta, apneak ere, erabat gutxitzen dira. Sindromea P. Sieker-ek deskribatu zuen 1955ean. Paziente batzuek ehundaka apnea pairatzen dituzte loaldi batean zehar. Bi eratako aireztatze geldialdiak daude:

 

Apnea butxatzaileak: goiko aire-bideen butxadura da apnea hauen sortzailea. Mingainak, amigdalek edo faringeak airearen zirkulazioa oztopatzen dute loaldiaren bitartean. Arnasa botatzerakoan ezartzen da apnea eta berrartzearekin bukatzen da, pazientea esnatzen delarik. Gertaldian arnas-giharren ekimena ez da eteten apnea zentraletan gertatzen den legez. Batzuetan, balbula fenomeno batek aire-botatze txikiak ahalbidetzen ditu.

 

Apnea zentralak: era honetako apneen oinarria arnasketa erregulatzen duen nerbio-sistema zentralaren disfuntzioan dago. Hemen ere arnasa botatzerakoan ezartzen da apnea eta berrartzearekin amaitzen da, iratzartzea edo loaren arintzea dariolarik. Goiko aire-bideek irekiak jarraitzen dute apneak irauten duen bitartean. Saihetsezur arteko eta diafragma giharrek dira bere ariketa eteten dutenak. Egiaz, zenbait apnea zentral era mistokoak dira: zentral bezala hasten dira eta goiko aire-bideen butxadurarekin jarraitzen dute.

 

Apnea hauen ondoan deskribatu dira halaber Hipopneak, hau da apnea txikiagokoak, % 50eko aireztatze gutxiagokoak, aireztatze giharren ekimena ere neurri berdinean murrizten delarik.

 

Batzuetan Pickwick-en sindromea apnearekin parekatu da. Ch. Dickens-en izena daraman sindrome hau gizaki lodietan suertatzen da, albeolo-aireztatze gutxiagokoa daukatenenetan, eguneko loaldiak eta arnas gelditzeak jasaten dituztelarik.

 

Maiztasun gutxiko eta iraupen laburreko apneak subjektu normaletan ere ikusten dira.

 

Tratamenduari dagokionean, emaitza egokia daukan azken aukerako trakeotomiaz gain, kirurgi eta mekaniko irtenbideak daude (mingainaren finkapena, zuzenketarako ebakuntza otorrinolaringologikoa, aire-bideen presio positiboa ahalbidetzen duen aparailua…). Sendagaien artean lo paradoxikoa ezabatzen duten antidepresiboek (triziklikoek eta M.A.O. inhibitzaileak) arindu egiten dute arazoa.

 

Narkolepsia: ohikoak ez diren baldintzetan pairatzen diren eutsiezinezko bat-bateko loaldiak nabaritzen dute hipersomnien artean bereziena den narkolepsia. Sindromea XIX. mendearen bukaeran deskribatu zen (C. Westphal, 1877 eta J. B. Gelineau, 1880). Bat-bateko loaldietatik at, eguneko loguraz eta gaueko iratzartzeaz arranguratzen da subjektua. Paziente hauek loaren REM faseko (lo paradoxikoa) anomalia bereziak ere jasaten dituzte: kataplexia (ustekabeko gihar-tonuaren galera), loaren paralisia (lo hartzeko eta esnatze garaiko mugiezina), fenomeno hipnagogikoak (lotaratze uneko ikusmenezko edo entzumenezko ilusio edota haluzinazioak). Hiru sintoma hauek, bat-bateko loaldiekin batera, bereizten dute sindromea.

 

Narkolepsia bitxia da (10.000tik 4-7 kasu), ugariagoa da gizonezkoetan, nerabezaroan agertzen da, eta berez ez da ezabatzen, gutxiagotu arren. Izaera genetikoa dauka.

 

REM faseko berehalako une bati dagokio loaldia eta estimulu gutxiagoko egonaldi batean gertatzen dira (ariketa errepikakor batean, kotxe-gidatzean) edo emozio bat pairatzerakoan (barrea, haserrea, sexu-ekimena). Laborategian, loaren barnean, bat-batean lo paradoxikoa ezartzen da (loaren aurreneko 15 minutuetan gutxienez bi REM fase), Loa zatikatu eta aldatu egiten da: sarritan esnatzen da, 3 eta 4 fasea gutxiagotu egiten dira 1a luzatzen den bitartean.

 

Mekanismo fisiopatologikoa ez da oraindik ezagutzen eta psikoestimulatzaileak eta REM fasea ezabatzen duten antidepresiboak erabiltzen dira bere tratamenduan.

 

Parasomniak: bere itxura ikusgarriagatik aspalditik deskribatu dira umeetan loaren bitartean (parasomnia) agertzen diren aztoramen batzuk: sonambulismoa, gau-ikarak eta amesgaiztoak hain zuzen. Arazo hauek loaren aldi berezietan ikusi daitezke (amesgaiztoak REM fasean). Beste batzuk lo sakonaren iratzartze partzialean suertatzen dira (sonanbulismoa, enuresia).

 

Lo geldoan agertzen diren parasomniek berezitasun batzuk dauzkate amankomunean: ohikoagoak dira mutikoetan neskatoetan baino; loaren aurreneko 2-3 orduetan gertatzen dira; beste parasomnia batzuekin batera agertzen dira; antzeko parasomniak jasan izandako familietan azaltzen dira; maiz nerabezaroan desagertu egiten dira; oso gutxitan elkartzen dira arazo psikopatologikoekin eta epileptikoekin. (Ikusi enuresia, gau-ikarak sonanbulismoa)

 

Beste parasomniak: somnilokioa (amets bitartean hitz egitea), bruxismoa (hortzak karraskatzea), lotaratze garaiko mugimendu erritmikoak aipa daitezke. Parasomnien mugan gaueko epilepsia kokatzen da: parasomnia baina larriagoa da, askotan berezko bilakaera ona dauka eta, maiz, ez du tratamendu farmakologikoaren beharrik.

 

Benetan, lo-arazoak ez dira bizipen psikikoaren multzotik aldendu behar. Loaldian zehar bizitzako harremanen jokamolde batzuek iraun egiten dute: harrapakinaren hurbiltasunak tupustean esnatzen du ehiztaria. Hala ere, nahiz eta jagoletza egoeraren portaerak oso ongi ezagutzen diren, loarenak eta ametsarenak hipotesi hutsezkoak dira. Loa, agian, berriztagarria eta funtzio garaien babeslea da; lo geldoak, termoerregulazioarekin batera agertzen denez, energiaren kontserbazioan zerikusia dauka beharbada; ametsek, akaso, fenomeno inkontzienteen deskarga eta eraketa errazten dute. Hipotesion sendotasuna klinikak eta aurkikuntza biologikoek bideratuko dute.

 

Lo asaldatua: neurri batean lo paradoxiko bihurtuko den gizaki ontogenesiaren hasierako loaren fasea.

 

Lo barea: uhin geldoko loa bihurtuko den gizaki ontogenesiaren hasierako loaren fasea.

 

Lo geldoa edo uhin geldoko loa: eragiketa elektroentzefaliko geldoak eta zabaltasun handikoak (delta uhinak) bereizten dituen loaren aldietako bat da. 3 eta 4 fasean agertzen den loa da. Erruz, fase honi eransten zaio lo paradoxikoa ez den guztia. Lo mota hau, funtsean, gaueko aurreneko erdialdekoa da. Bere helburu nagusia berriztapen metabolikoan datza. Bere eraginpean proteinen sintesia bultzatuko duen hazkuntzarako hormona askatzen da.

 

Lo paradoxikoa edo begi mugimendu azkarren loa (Rapid Eyes Movement Sleep): aldizka agertzen den loaren fase bat da. Zabaltasun gutxiko eta sinkronizatu gabeko eragiketa elektroentzefalografikoak bereizten du. Irauten duen bitartean begiak azkar mugitzen dira eta gihar-tonua jaitsi egiten da, dagokion esparruan baso-uzkurduraren eraginez.

 

Mugimendu azkarreko loak ere, REM deituriko lo paradoxikoak, askoren ustetan, ametsen lo-garaia osatzen du. Ontogenesian zehar oso goiz agertu zen: txorietan iradokitzen zen jada baina, bete-betean, ugaztunetan azaleratu zen. Gizaki helduan loaren % 20-25 hartzen du. Gauan zehar 4 edo 5 alditan banatzen da, bakoitza 90 minutuoro agertuz, lo geldoarekin txandakatuz. Ugariak dira lo paradoxikoari erantsi zaizkion hipotesiak: berriztapen lana (neuronen makineriaren berriztapena), substantzia toxikoen iragazketa; oroimen gogaikarrien eta bulkaden deskarga eta inhibizioa; nerbio-sistema zentralaren heltzea; espezieari dagozkion eragiketa erregularraren eta portaera egitarauen osaketa; ekimen berezia bezperan eskuratutako berrien finkapenean. Egiaz, eragiketa anitz eduki ditzake lo paradoxikoak.

 

 

Lobotomia:

Psiko-kirurgian erabiltzen de teknika mota bat da, garuneko lobulu baten zuntzak ebakitzen dituena. Funtsean “lobotomia prefrontala” izendatzeko erabiltzen da. Osoko ebaketari Lobotomia deitzen zaio eta partzialari Leukotomia. Kortex prefrontala gainerantzeko garunarekin, batez ere talamoarekin, lotzen duten “sorta zuriei” eragiten die ebakuntzak.

 

Ekimena, gehienetan, alde bikoa izan ohi da. Ebakuntza trepanazioaren zulotik barrena egiten zen barauts baten bitartez (leukotomoa), itsuka. Teknika honekin lobektomia prefrontala (mintzen eszisioa) baino txikiagoa zen erasan kortikala. Beste metodo batzuk ere erabiliak izan dira (termikoak, kimikoak, erradioaktiboak).

 

Historikoki, lobotomiak asko zor dio E. Moniz neurologo portugaldarrari (1949ko Nobel saria). Geroago lobotomia baino ekimen selektiboagoak egin ziren, bereziki “amigdalaren” esparruan, helduen erasokortasuna eta umeen hiperaktibitatea ekiditearren. Gaur egun, psikotropoen eraginkortasuna eta ikuspegi etikoak direla medio, psiko-kirurgia guztiz salbuespenezkoa da. Gehienbat, bestelako tratamenduak porrot egindako eskizofrenietan erabiltzen zen. Gaurko egunean, oso muturreko obsesio-konpultsiozko aztoramenetan soilik proposatzen du zenbaitek. Baita portaera arazoak dakartzan zenbait epilepsia bihurritan ere.

 

 

Logorrea (Hitz-jarioa):

Hitzen isuri agortezina eta neurrigabea da. Egoera maniakoetan eta sentimenezko afasia batzuetan agertu ohi da.

 

 

Lokartzea:

Jagoletzatik lotarako urratsa da. Arbitrarioki, E.E.G.aren aurreneko ardatz-ekimenean (actividad en huso) kokatzen da. (ikusi loa).

 

 

Lotura bikoitza:

Bi mezu kontraesankorrak bidaltzen dituen kideak ezartzen duen egoerari deitzen zaio lotura bikoitza.

 

Lotura bikoitzaren (Double bind, batzuetan behartze bikoitza bezala ere itzulia izan da) kontzeptua Palo Alto-ko eskolan, Bateson-en inguruan (ikusi Bateson), eratu zen. Eskizofrenikoen familiak bereizten dituen elkarrekiko komunikazioaren sare anormala deskribatu nahi zuen.

 

Lotura bikoitz egoeraren bereizgarri nagusiak honako hauek dira:

-Egoera biziki garrantzizkoa da kideetako batentzat; derrigor era egokian erantzun beharrean dago; beraz, bidaltzen zaion mezua zehazki argitu behar du.

-Beste kideak bi mezu kontraesankorrak bidaltzen ditu; adibidez, ama batek bere haurrarenganako ukimen fisikoak ekiditen ditu, imintzio zakarrak dauzka eta berarekin arduratzen denean uzkurtu egiten da, hori guztia etsaitasun gisa hartu daitekeelarik; erabat errudun sentitzen den amak, nabarmenki, ikaragarrizko atxikimendua erakusten dio: neurriz kanpoko ardurak, gehiegizko kezka hezigarriak areriotasuna ukatzen du.

-Hartzaileak ez daki, bi mezuen artean, zeini erantzun behar dion eta inguruan ez dauka argiketa eskaini diezaiokeen inor. Horrela, aurreko adibidea jarraituz, umeak “atxikimenduaren” aldera jotzen badu amarengana hurbilduz erantzungo du, amarentzako arriskugarria suertatzen delarik; horregatik zigortu egingo du. Alderantziz, areriotasunaren aldetik ulertzen badu, amarengandik aldenduko da, amaren erruduntasuna suspertuz; horrenbestez zigortu egingo du.

 

Beraz, umea lotura bikoitzean harrapatuta dago eta eman dezakeen erantzun bakarra “elkarrekiko komunikazioaren balio sinbolikoaren” ezabaketarena da; deuseztapen hau psikotikoa da, zentzu literalaren eta metaforaren arteko bereizketa eragozten duelako alde batetik eta, bestetik, hitzezko mezuak ez diren igorpen zuzena oztopatzen duelako (psikiatria klasikoaren “diskordantzia mimikoak”).

 

Palo Alto-ko taldeak horrela deskribatzen du eskizofrenia: gaixoa ez da gai bereak diren mezuei dagokien komunikazio maila egokia eransteko eta, are gutxiago, besteenei. Horregatik, beraientzat, eskizofrenia familiarteko elkarrekintza disfuntzionalen ondorioa da.

 

Hasieran, eskizofreniaren eragile nagusi bezala hartu zuten, baina geroago, beste bat gehiago bezala bakarrik (eragile ez-espezifikoa, gainera). 1963tik aurrera, zera esan zuten, lotura bikoitza ez zela hartu behar “borreroari” eta bere biktimari zegokien gauza bat bezala, baizik eta harremanen definizio gatazkatsuek ekoizten dituen sistema iraunkor baten antzera. Eta hipotesi hau bota zuten: “eskizofrenikoa mundu berezi batean bizi da: mundu horretan eskizofrenikoari dagozkion komunikazio erak, normaletik at daudenak, egokitzat hartuak izan daitezke zentzu batean”. Horrela, Eskizofrenia “gizabanakoaren gaitz intrapsikikoa” izatetik “familia barneko elkarrekintzetan eta arauetan osatzen diren portaeren multzoa” izatera igaro zen.

 

 

LSD (Lisergiko Azidoaren Dietilamida):

Zekale-ainotik lortzen den Lisergiko Azidoaren Dietilamida oso haluzinagarria den substantzia erdisintetiko psikotropoa da. Stoll eta Hofmann-ek aurkitu zuten 1938an eta 1949an ohartu zen Hofman bere eragin psikotropoaz. 50-220 mikrogramoko dosiarekin da eragingarria. Azukre, lehorgarri eta konprimatu tankeran aurkezten da. LSDak esperientzia haluzinagarri berezia, “trip-a” edo bidaia txarra sortzen du. “Psikosi esperimentalen” ekoizpenerako eta azterketarako erabili ondoren, psikosiaren eta alkoholismoaren tratamendurako proposatu zuten. Baino, ororen gainetik, substantzia psikodelikoen erabilera bultzatzen zuen mugimendu kontra-kulturalaren ikur bihurtu zen.

 

 

Ludopatia:

Jokorako grina morbidoa da (etimologiak erakusten duen lez, joko patologikoa). Zenbait psikiatrentzat jokorako irrika gaitz mentala da. Beste batzuentzat sintoma da soilik.

 

DSMaren (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) arabera joko patologikoa portaera desegokia da eta bere diagnostikorako bederatzi kriterioetatik lau biltzea nahikoa litzateke:

-jokoarenganako ardura obsesiboa;

-maiztasun handia, garrantzizko trabesekin;

-maiztasuna eta apustua handitzearen beharra asetzea lortzeko;

-joko beharra ez asetzeari darion asaldura eta narritadura;

-diru-trabes errepikatuak, galdutako dirua berreskuratzeko alferrikako ahaleginekin;

-jokaera gutxiagotzeko edo geldiarazteko behin eta berriro hasitako ahalegin ustelak;

-giza eta profesional porroten ordainketaren gura;

-beste egite sozial, familiar eta profesionalen ukoa, joko-irrika asetzearren;

-ezintasun ekonomikoaren eta zorren gainetik jokatu beharra.