Psikopatologiako Hiztegia (E-G) Blas Erkizia Amilibia (Beasaingo Osasun Mentaleko, 2002) |
|
![]()
|
E |
Ekolalia:
Azken entzundako hitzen nahigabeko eta zentzurik gabeko errepikapenari deitzen zaio ekolalia.
Mintzamolde naroa da atzeratu mentaletan, dementeetan eta eskizofreniko batzuetan (batez ere hebefrenokatatonikoetan)
Eldarnioa:
Pertsonalitatearen egituraketa psikopatologikoari eta errealitatearekiko harremanei lotutako psikosia da, gehientsuenetan iraunkorra izan ohi da eta hautematearen aztoramenekin eta eldarniozko ideiekin adierazten da. Eldarnio kronikoaz arituko gara hemen. (Eldarnio larriari dagokionean, ikusi Eldarniozko oldarraldia= bouffée delirante eta Delirium tremens).
Historia: Eldarnioa alienazio mentalaren garaian (XVIII. Mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran): Pinel: Willisen esaera batetik abiatuz, “animalien izpirituaren orgasmoa”, Eldarnio partikularra eta Eldarnio orokorra bereizi zituen eta bereizketa honek Mania eta Malenkoniaren bereizketara bideratu zuen. “Gehiengo edo gutxiengo eldarnio orokorrari, asaldura handiagorekin edo txikiagoarekin, suminkortasunarekin eta amorrurako joerarekin datorrenari “Mania periodikoa edo etengabea” deitzen zaio. “Malenkoniazko eldarnio” izena, berriz, eraispenarekin, urduritasunarekin, etsipenarenganako portaerarekin objektu bati edo objektu sail bati zuzentzen zaionari ezarri diot, batez ere, gizartearenganako betebeharrekin bateraezinera iristear dagoenean”, idatzi zuen 1809an.
Esquirol: esplizituagoa zen eta eldarnioaren definizioa eskaini zuen: “Gizaki bat eldarnioan dago bere sentipenak kanpoko objektuarekin bat ez datozenean, bere ideiek inondik norako harremanik ez daukatenean bere sentipenekin, bere iritziak eta erabakiak bere ideiekin zerikusirik ez daukatenean, bere ideiak, iritziak eta erabakiak bere gogoarengandik apartekoak direnean”. Beraz, kanpoko objektuek sentipenekin, ideiekin, iritziekin, erabakiekin eta gogoarekin daukaten harmoniaren aurkakoa da eldarnioa. Eta Lipemania deituriko eldarnio partzial goibelak eta Monomania izendatutako eldarnio alai ugariak bereizi zituen: azkeneko hauek arazoa objektu batean edo objektu sail txiki batean soilik kontzentratzen dute, printzipio faltsu bati dagozkion ondorio zehatzak ateratzen dizkielarik, gainerantzean zuzen sentitzen, arraizotzen eta jokatzen duelarik subjektuak.
Hurrengo belaunaldia: Moreau de Tours: 1845ean argituratutako liburuan “haxisaz eta alienazio mentalaz” zera idatzi zuen: “funtsezko egitea” deitzen zuena zela eldarnioaren oinarria eta loaldi egoera izaerarekin parekatu daitekeen izaera psikologikoa daukala. Bere teoriak loaldiaren eta eldarnioaren errotiko berdintasuna baieztatzen zuen alde batetik, eta bestetik, eldarnio guztien jatorria “funtsezko, hasierako eta sortzailezko egite” batean dagoela, barreneko esperientziaz bakarrik deskribatu daitekeelarik.
J. P. Falret: bere ustetan eldarnioaren berezitasuna “ez datza sentimenaren eta izpirituaren huts baldarrenetan baizik eta gangarkerien kontzientzia ezean...Haluzinazio bitxienak, irudikapenezko desegokitze arrotzenak ere ez dute osatzen eldarnioa, jasaten dituen subjektua irudimenezko sentipenak eta pentsakera fantastikoak zuzentzeko gai den bitartean.
Gaitz mentalen deskribapenen garaian:
A/: Psikiatria frantsesean: Laségue: 1852an deskribatu zuen lau alditan bilakatzen den eldarnio kronikoa: bat, interpretazioz hornituriko espezifikazio gutxiko Inkubazioa; bi, zehaztasun gutxiko haluzinazioen ezarrera; hiru, eldarniozko ideiekin eta haluzinazio polisentsorialekin datorrena; eta lau, eztabaidako alderdi defizitarioarekin adierazten dena. Honen alboan onartu zituen, baita ere, gai baten nagusitasunari lotutako eldarnioak: Legrand du Saul-en jazarpen-eldarnioa, De Foville-n handitasun-eldarnioa; Cotard-en ukapen-eldarnioa eta Bombard-en bekaizkeria-eldarnioa.
Magnan eta Serieux: 1.892an bilakaera sistematikoko eldarnio kronikoa deskribatu zuten, aurreneko aldian eskas bereizitako aztoramenak dauzkana, bigarrenean etsaitasun eta jazarpenezko gaiak erakusten dituena, hirugarrengoan handitsunezkoei tokia uzten dielarik eta laugarrengoan dementziara bideratzen delarik.
Ch. Blondel: bere “kontzientzia morbido”an hausnartu zuen nola basatiak pentsamolde primitiboak eta prelogikoak, umeak bere bilakaera desberdinek bereizten dituzten bezala, mental-gaixoak ere berezitasun berberen arabera ulertu behar zirela. Eta horrela “mekanismo” hitza modan ezarri zen, eldarnio kronikoen bi ezaugarri garrantzitsuetara bideratzen zuelarik, interpretaziozko iharduerara eta haluzinaziozko esperientziara.
Serieux eta Capgras: 1909an “interpretazio-eldarnioa” aztertu zuten: subjektuek, pixkanaka, saihestezinez, inongo bilakaera defizitariorik gabe, bere bizipena kanpo eta barneko interpretazioek, hau da benetako hautematetan oinarritutako okerreko esanahiek hartzen dutela ikusten dute.
G. Ballet: 1909an deskribatu zuen “haluzinaziozko psikosi Kronikoa” izenarekin, lehendabiziz entzumenarekin eta genitalekin zerikusia daukan eldarnioa eta, geroago, polisentsoriala bihurtuz, gehienbat jazarpen ideiez osaturiko eldarnio kronikoa.
Clérambault: 1909tik aurrera hasi zen lantzen “automatismoa oinarri duen psikosia”. Hasieran automatismo mental txikiak (pentsakeraren lapurreta, pentsakeraren ohiartzuna) nabaritzen da, era neutroan, ez-sentsorialean eta ideiarik-gabean. Pixkanaka, esperientzia sentimenezkoa, neketsua eta aurkakoa bihurtzen da, mental automatismo handira iristen delarik, denari oldartzen duen eldarniozko bizitza ezarriz. Automatismoa nagusitzen da, eldarniozko adierazpenak adarreko ondorioak soilik direlarik.
Une berean, pasiozko psikosiak ikertu zituen, pasioei dagokiena izaera paranoideari dagokionetik sotilki bereiziz. Paranoide arloan aldarrikapen-eldarnioa, jeloskor-eldarnioa eta erotomania maisuki marraztu zituen.
Dupré: garai berean Dupré-k, irudimenaren esparrua aztertuz, “Irudimenezko eldarnioa” deskribatu zuen, hau da histeriarekin eta paranoiarekin lotura ugariak eta korapilatsuak dauzkan eldarniozko mitomania.
Ikus daitekeenez, eskola frantsesean, Eldarnio hitza erabiltzen da irudikapena azpimarratu nahi denean eta Psikosiaren mekanismoa nabermentzerakoan.
Deskribapen hauetatik at geratzen dira manien eta malenkonien eldarniozko adierazpenak. Berdin gertatzen da etiologia zerebralari dagozkion eldarnioekin ere. Bestalde, 1912an, Chaslin Diskordantziaz mintzatu zen, eldarnioen sistematizazio osoa zalantzan ipiniz, eldarnioaren edukia eta ulermena ukatu gabe, baina garrantzia gaixoaren kontatzeko eran ezarriz.
B/ Psikiatria alemanean: Snell: 1863an deskribatu zuen “primäre Wahnsin”, umorearen aztoramenik gabeko eta bilakaera defizitariorik gabeko eldarnioa.
Sander-ek 1868an aipatu zuen haurtzaroan abiatzen den “primäre Verncktheit”.
Kraft-Ebing-ek irudikapenen barne loturarekin eta itxura logikoarekin iharduten eldarnioentzako gorde zuen Paranoia hitza.
Mendel-ek, 1881ean, deskribatu zituen adimena osorik gordetzen duen paranoia konbinatoria eta dementziarekin bukatzen den haluzinaziozko paranoia.
Westfhal-ek eztabaidaezinezko eldarniozko arazoz ornitutako “paranoia abortiboa” aipatu zuen.
Kahlbaum eta Hecker-ek katatoniaz eta hebrefeniaz egindako lanetan euren bi alderdi desberdinak deskribatu zituzten. Eldarniozko esperientzia anitzak aipatu zituzten, txiroak, koherentzia gabekoak, etenezko kontaketakin adierazten direnak eta gizabanakoaren historian bertakotu ezinezkoak.
Wernicke: “Erreferentziazko eldarnioarekin” garrantzizko ekarpena egin zion eldarnioaren semiologiari. Bizitzako esperientziaren eldarniozko aztoramena da. Gaixoari sentipen bat ezartzen zaio, zeinen arabera ingurugiroan gertatzen den guztia, arrotza eta arduragarria dena, beregana zuzenduta dagoela iruditzen zaiolarik, nahiz eta argibiderik ez aurkitu horretarako.
Bere ekarpenak 1896, 1899 eta 1915eko argitalpenetan aldatzen joan ziren. 1.896-99 bitartean Paranoia eldarnio kronikoen multzotik bereiztu beharra defendatu zuen, zeren Paranoia haluzinariorik gabeko eta bilakaera defizitariorik gabekoa zelako.
Hala ere eldarnio kronikoen funtsa “psikosi paranoideetan “ datza (horrela deiturikoek paranoiarekin antza handia daukatelako, nahiz eta oso desberdinak diren). Multzo honetan bildu zituen Kahlbaum-en katatonia eta Hecke-ren hebefrenia. Hiru entitateok, bestelakoak izanik, bi trazu dauzkate amankomunean: pixkanakako galera afektiboa dakarte, eta, katatonia eta hebefrenia dementziaranzko bilakaera azkarra diren bezala, psikosi paranoidea geldoagoa da. Multzo osoari deitu zion “Dementzia Goiztiarra” (Dementzia Praecox).
1915-27 tartean, esperientzia klinikoak behartuta, nozio berri bat gehitu zuen. Psikosi paranoideaz diagnostikatutako zenbait gaixo ez zirela dementziara bideratzen ikusi zuen. Orduan, Paranoiaren eta Dementzia goiztiarraren artean lau eratakoa izan daitekeen “Parafrenia “ ezarri zuen: hedakorra (expansiva), azpikaria (confabulante), sistematikoa eta fantastikoa.
Kraepelin: Askok parekatu egin dituzte Kraepelinen Eldarnio Paranoikoa eta Serieux eta Capgras-en Interpretaziozko eldarnioa. Ez da egi osoa, halere. Kraepelin-entzat eldarnio paranoikoa barne-eldarnioa da (endogenoa), aldez aurretiko egituraketa baten gainean ezarria, etenik gabeko bilakaerakoa, kronikoa eta sendaezina, haluzinaziozko adierazpenik gabekoa eta adimenaren defizitik gabekoa. Bere barruan interpretaziozko mekanismoa da nagusi, baina beste prozesu motak ere, adibidez eldarniozko intuizioak edo atzera begirako ilusioak, hala nola oroimenaren berrerabilera inkontzientea edota Wernicker-en erreferentziazko eldarnioa eduki ditzazke lagun gisa. Aurreiritzizko eldarnioa ere multzo berari itsatsi zion, zein psikogenoa izan arren pertsonalitatearen aldiz aurretiko hazpegietan uztartzen den, benetako egite baten ondoren abiatzen delarik, eldarnioaren gainetiko esparru guztiek osorik jarraitzen dutelarik.
Kretschmer: 1.918an argitu zuen “Sentikorren harreman-eldarnioa”. Sentikor tankerako hazpegiek dauzkaten gaixoetan agertzen da eta, gehientsuenetan, jasanezinezko egoerak sortarazitako erantzun desegokia da. Erreferentziazko eldarnioa eratzen da eta inguruan gertatzen den guztiak ondorio lazgarriak eta mehatxugarriak dauzka.
Kleist: 1.923an, aurrekaririk gabe eta eldarniozko interpretazio edukiarekin agertzen den eta berez desagertzen den “Inboluziozko paranoiaz” hitzegin zuen.
Freud: 1.911an argitaratu zuen “Schreber presidentearen oroitzapena” liburuan, hirugarren zatian, zirriborratu zuen eldarnio kronikoen nosografiaren ulermen metapsikologikoa: “Nik (gizon bat) maite dut” (beste gizon bat) ukatu daitekeen proposamena da eta beste esaldi honetan bihur daiteke, “ez dut maite”, “jada ez nau maite”, “gorrotatzen nau”, beraz, “jazartzen nau”.
Egituraketa handien Garaian:
Alemaniar psikiatrian: Bleuler: bi taldetan banatu zituen eldarnio kronikoak. Bat, zenbakiari dagokionean garrantzi gutxikoa dena eta “paranoia” izendatu zuena, bertan zartzen zituelarik Kraepelin, Serieux eta Capgrasen deskribapenak. Bi, funtsezko arazoa elkartze-prozesuen desantolaketan datza: pertsona normalean bizitako esperientziaren elkartzeak (asoziazioak) bat datoz munduko errealitatearen elkartzeekin; subjektu eskizofrenikoan, alderantziz, bizipenaren elkartzeak zatitu egiten dira eta errealitatearengoekin bateratu ezinezkoak dira. Arazo honen itzulpen klinikoan lehen mailako eta bigarren mailako adierazpenak bereizi behar dira: lehenengoek, prozesu eskizofrenikoa zuzenean erakusten dute, bigarrengoek zatitutako (disoziaziotutako) pertsonak bere arazoekin eta munduarekin moldatzearren hartzen dituen era desberdinak nabaritzen dituzte. Lehen mailako adierazpenak disoziazioaren esparrukoak dira eta pentsaeraren jarioraren aztoramenduei lotuta daude, eta heurak dira eskizofreniaren bereizgarriak. Bigarrengoak, asaldura, depresioa, haluzinazioa, eldarnioa ez dira espezifikoak. Eldarniozko esperientzien edukiak erabat gertagarriak dira eta ez dute balio diagnostikorako.
Jaspers: berarentzat entitate morbidoak sindrome bihurtzen dira. Elkarrekin loturiko bi kontzeptu azpimarratzen ditu behin eta berriz, lehen mailako eldarniozko esperientziarena eta prozesuarena. Jeloskortasunaren edo bekaizkeria patologikoaren inguruan eratu zuen lanean bizipenak eta izaeraren garapenak eragindako erreakzio patologikoa, non gaixoa intuitiboki uler daitekeen, jeloskor-eldarnio etilikoarengandik bereizi behar da: hemen prozesu fisikoa ulergarria da, eta korputz-mamilarren eta sentimendu jeloskorren harremanen aztoramenen artean ez dago intuitiboki ulertu beharreko ezertxo ere. Alkool-jatorria ez daukan bekaizkeriazko eldarnioan, ezagutu beharreko prozesu fisikorik ez egon arren, klinikoaren ulermen intuitiboa une batera iristerakoan amaitzen da, hain zuzen pazientearen eldarniozko esperiantzara heltzen denean. Prozesu psikikoaren ulermen intuitiboaren eta pazientearen esperientziaren artean dagoen etendura honetan datza, Jaspersen ustetan, esperientzia horren eldarnio menperaezinak osatutako bereizgarri funtsezkoa. Menperaezina delako ezarri zion eldarniori “lehen mailako” deitura eta esperientziaren gainerantzeko ezaugarri guztiak berezitasun horren ondorioak dira.
K. Schneider: 1.939an deskribatu zituen eskizofreniaren lehen mailako ezaugarriak, Bleuler-ek adierazitakoengandik desberdinak bai edukian eta bai esanahiean. Berarentzat, sintomok, nahiz eta espezifikoak ez izan, honako hauek dira: pentsamenduaren entzumena, pentsamenduaren oihartzuna, adierazitako pentsamendua, haluzinaziozko ahotzen elkarrizketa, ekintzen iruzkina bezalako hautematearen aztoramenak; haluzinazio zenestesikoak; lapurketa, inposaketa bezalako pentsamenduaren arazoak; hautemate eldarnio intuitiboak, interpretaziozko eldarnioak; arrotzek ezarritako sentimenduak, gogoaren aurkako bulkaden gisako aztoramenak. Schneider-en esanetan eldarnio kronikoak eskizofreniara mugatzen dira. Bigarren mailako ezaugarriak beste eratako haluzinazioak, zalantzak, depresio edota euforia tankerako arazo afektiboak izango lirateke.
K: Kleist eta bere eskola: Dementzia goiztiarraren eta Psikosi maniako-depresiboaren arteko desberdintasuna onartzen zuen, baina bien tartean, esquizofrenietatik gertuko eldarniozko hazpegiak eta baita ere psikosi-maniakoen antzeko aldizkako itxurak dauzkaten “fasofreniak” ezarri zituen. K. Leonard-en ustetan eldarnio kronikoak bi taldetan bereizten dira: bat, gaixotasun heredogenetikoak egituratutako eskizofreniazko multzo nagusi zentrala; bi, aldizkako katatoniak, parafrenia afektiboak eta eskizofreniak osaturikoa.
Binswanger, Wahn eta fenomenologoak eldarnioaren funtsa zehazten eta eldarnioak jotako bakoitzari bere banakotasuna onartzen saiatu ziren.
Frantses Psikiatrian: Minkowski: Bleuler-en kritika eginez balio psikopatologikoa, semiotikoa eta prozesuala eduki dezakeen erreferentzi baten bila abiatu zen; azterketa klinikoan topatu daitekeen eta, aldi berean, prozesu eskizofrenikoaren muina den “errealitatearekiko konexio edo kontaktuaren galeran” deituriko konzeptuan aurkitu zuen.
Giraud: Berarentzak eldarnio guztiak “errealitatetik at eta uste hauskaitz osoan garatzen den ikusmolde intelektual morbido batean” elkartzen dira. Hiru motatakoak bereizten ditu: loaren egituraketa berdina daukaten hainbat eldarnio onirikoak; etekin desberdineko logikarekin egokitzen saiatzen diren eldarnio sistematizatuak; eta sarritan paranoideak deituriko logikarik gabeko eldarnioak.
Henri Ey: Psikiatria askatasunaren patologia bat da. Psikiatriaren xedea garapen ontogenikoak Nerbio-sistema Zentralean eragindako orokorreko desegiteak dira. Desegite hauek Kontzientzia edo Pertsonalitatea eragin dezateke eta, bi kasuotan, deuseztutako funtzioei dagozkien ezezko ezaugarriak alde batetik eta, bestetik, suntsiketak askatutako funtzioei dagozkien baiezko ezaugarriak ekoizten dituzte. Eldarnio kronikoak eta eskizofreniak pertsonalitatearen desegite orokarrari dagozkio, psikosi larriak, berriz, kontzietziaren osoko deuseztapenari. Eta eraketa batzuk bereizi zituen: haluzinaziozko ezaugarriekin eta mekanismo automatikoekin datorren desegite edo desegituraketa; sendiarekiko, gizartearekiko eta lanarekiko egokitzapenaren mantenua eragozten duen egituraketa fantastikoa (parafrenia); eta pertsonalitatearen disoziazioek eraginarazten duten egituraketa autistikoa.
1.950eko psikiatriako lehen batzar mundiala: ez zen inongo adostasunera iritsi.
Azken Azterketa: Erdiespen iraunkorrak: eldarnio kronikoak egon badaude eta beste inori atxiki ezinezko kategoria klinikoa osatzen dute. Eta eskizofreniako eldarnioetatik at beste era bateko eldarnio kronikoa ere badago, paranoiak adierazten duena bereziki.
Bestalde, tratamenduak eta bere emaitza desberdinak ez dira hautatu behar diagnostikozko aztertzaile gisa. Eta hurrenez hurren etorri diren sailkapen berriak (Diagnostiko eta Estatistikako Eskuliburua, DSM eta Gaitzen Nazioarteko Sailkapenak, CIE) ez dute kontzeptualizazio berririk ekarri baizik eta diagnostiko eta estatistikako proposamenak soilik.
Eldarnioen sailkapena: Eldarnioak bere mekanismo garrantzitsuenaren arabera hiru talde handietan sailkatzen dira:
Haluzinaziozko psikosi kronikoa: Koadro klinikoan haluzinazioak nagusitzen dira.
Parafrenia: hemen, irudimenak mantentzen du eldarniozko egituraketa; mental disoziaziorik eta diskordantzia afektiborik ez dauzkanez eskizofreniarengandik desberditzen da eta gaixoak bere inguruarekiko harreman egokia gorde dezake.
Paranoia: oso ongi eraikitako eldarnioak bereizten du; guztiz egoki sistematuzatuta egoten da eta Ni-aren hipertrofia, psikozurruntasuna eta sen faltsua daukaten pertsonalitateen gainean ezarri ohi da. Hiru paranoia mota bereizten dira:
1-: Jazarpena gai nagusitzat daukan interpretaziozko eldarnioa, handitasunezkoa maiz, ongi egituratutakoa eta sare gisa antolatua, zeinen eraginez gertakizun berri bakoitzak jazarpen-esanakia indartzen duelarik eldarniozko sinesmena sendotuz.
2-: Pasiozko eldarnioak, esparru mugatu batean bilakatzen direnak, eldarnioaren gaiari asaldatutako pasioa itsatsiz: aldarrikapena, asmaketa, hipokondria, bekaizkeria eta erotomania izan ohi dira garrantzitsuenak.
3-: Kretschmer-ek “sentikor” deitutako pertsonalitatearen (berarengana tolestaturikoa, barnekoia, sentimenak nekez adierazten dituena, kontentagaitza bai berarekin bai hurkoarekin) soinean eratzen den harreman eldarnioa, era berean depresiozko eta eldarniozko desoreka psikiko baten ondoren, sarritan interpretaziozkoa izan ohi dena eta porrot profesional edo zoritxarrezko gertaera baten ondoren ezartzen dena. Jazarpenaren bizipenak aldez aurretik apal eta ahul antzeko izaera gainean egiten du estanda eta gertuko ingurugirora mugatzen da, jazarleak, maiz, senditartekoak direlarik.
Eldarnio kronikoen agerpen berantiarrak, gehientsuenetan 30 urtetik aurrerakoetan eta gainera aldez aurretiko jarrera daukanetan, gaitz endogenoak direla sinestaratzea bideratu zituen zenbait psikiatra ( Kraepelin, Gaub). Beste batzuek, K. Jaspers-ek adibidez, aurreko pertsonalitatearen bilakaera morbidoa ikusi dute, bizitza arruntaren eta eldarnioaren sarreraren arteko etendurarik gabekoa. Beste batzuek, alderantziz, ikusmira organizistan ezarrita, eragite psikikoaren ankaz gorakoa dakarren prozesu zerebral baten adierazpen gisa hauteman dute (Clérambault, K. Schneider). Egia da, sarritan, lehen mailako eldarniozko esperiantziak, prozesu kritikoak edo une oparoak izan ohi direla eldarniozko bilakaera abiadan ipintzen dutenak, nahiz arazo zerebral baten adierazpen gisa, nahiz, ikusmira psikogenetikoan, oinaze psikiko sakonegi baten ondorio bezala. Kasu honetan, errealitatearekin daukan harremana hautsiz gaindituko du subjektuak abagunea, eldarniozko ekoizpenez baliatuz ezkutuan zeuden irudikapen anitz adierazteko. Ikusmira hau babesten duten psikoanalistentzat, jaurtiketa (proyección) da ekoizpen honen mekanismo nagusia.
Tratamendua: Patogenia arloan aurkitutako dasadostasunak tratamenduari dagokionean ere nabaritzen dira, farmakologikoak vs psikoterapeutikoak. Farmakologikoen artean funtseskoenak neuroleptikoak dira. Produktuok baitakaute eragina prozesuetan (Jaspersen zentzuan) baina ez dira iristen (beti Jaspers-en arabera) pertsonalitatearen bilakaerari dagokion izaera lantzera. Beharbada horregatik da hain zaila paranoikoen hobekuntza (sentikorrena edo sensitiboena izan ezik).
Murrizketaren modalitateak desberdinak dira. Adibidez, uste osoko eldarnioak biziraun dezaioke desagertutako haluzinaziozko prozesu bati: subjektuak jasandakoa benetakoa izan zela baieztatzen jarraitzen du. Edo alderantzizkoa, haluzinazioek jarraitu dezakete dagokiekeen ekintzetara bideratu gabe: ez ditu kontutan hartzen edota kritikatu egiten ditu (haluzinosi terapeutikoa).
Tankera psikoanalikoa daukan tratamendu psikoterapeutikoa ez da batere samurra, zeren eta nekez onartzen dutelako elkarlana gaixoek. Hortaz iruzkin asko egin ohi dira Schreber presidentearen gisako pazienteez, baina ozta-ozta hartzen dira psikoterapian.
Bilakaera motak:
Hiru eratakoak dira. Aurrenekoan, erruduntasunaren sentimenak egituratutako eldarnioan, aztoramenak xumeak dira, urriak ekintzarako joerak eta, gehienbat, hazpegi paranoikozko pertsonalitatearen antolamendura bideratzen da. Bere burua zigortzen du eta jazarpenezko jaurtiketa erasoaldiak urriak dira. Sentikortasuna, mesfidantza eta berarenganako tolestura nagusitzen dira. Sostengu-psikoterapiari etekin onak darizkio esparru profesionaleko egokitasunari dagokionean.
Bigarrenean, autoestimuaren galera zauri narzisista sakonean oinarritzen den eldarnioan, larritasun-asaldura askoz ere sendoagoa da. Bilakaera malenkoniazko depresiorantz edo aldarrikapen sektoreko jazarpenezko eldarnio txiro eta mugatura bideratzen da.
Hirugarrenean, hasieratik bete-beteko jazarpenezko eldarnioan, sarritan haluzinaziozko eta xenopatiazko adierazpenekin doana, bilakaera oso larria izaten da. Maiz eskizofrenia aldera jotzen dute (Freud berak Schreber presidentea “demente paranoiko” gisa deskribatu zuen). Pertsonalitatearen desegituraketa nortasunaren eta gorputz-batasunaren galera eta autonomiaren desagerketa ezartzen direla dirudi, psikoterapia inongo aliantza edo elkartasun terapeutikorako ahalmenik aurkitu ezinean geratzen delarik. Eta eskizofrenia bezala tratatu behar dira alor desberdinetako ekimenak ezarriz: psikoterapeutikoa, psikofarmakologikoa, gizartekoa, eta abar. Kasu askotan, eldarniozko ekoizpenaren gutxitzea lortzen da eta gizartearekiko eta sendiarekiko egokitasuna ere bai. Oldartzaile izandako eldarnioa enkistatutako, parafrenizatutako eldarnio bihurtzen da eta errealitatearekin itxurazko harremana berrezartzea ahalbidetzen du. Beharbada irteera hau eldarnioaren desagerkatarena baino hobeagoa izan daiteke, zeren erabateko desagerpenak bere buruaz beste egiteko arriskua daraman egoera depresibora bultzatu dezake.
Elektroentzefalografia (E.E.G):
Burmuinaren eragiketa elektrikoaren azterketarako teknika da, garunaren azalean jasotako potentzial elektrikoen aldaketak miatuz eta handituz egiten dena. 1924an lortu zuen H. Berger-ek garunaren iharduera elektrikoa arakatzea. Buruaren soinean, toki zehatzetan, simetrikoki eta bi aldeetan elektrodoak ezartzen dira (21, gehienetan). Araketa laburra denean kasko bat erabiltzen da elektrodoei eusteko, eta miaketa gau osokoa denean kola berezi bat. Elektrodoak arakatutakoa handitzen duen dispositibo bati itsatsita daude: etenik gabe mugitzen den paperaren gainean, elektrodo bakoitzari dagokion lumak eragiketa elektrikoaren gorabeherak marrazten ditu, bi elektrodoen arteko potentzialen aldakuntzak ikustaraziz.
Egite elektroentzefalikoen azterketa erabat zehaztu duten berrikuntza handiak jasan ditu azken urteotan E.E.G.ak: azterketa espektralak, E.E.G.ren kartografia, eta abar. Teknika hauen erabilerak neuronen multzoen funtzioamendu arrunta erakusten dute alde batetik, eta baita ere, bestetik, jagoletzaren egoera desberdinen araberakoa eta zauriek, tumoreek, traumatismoek nerbio-sistema zentralean eragindako disfuntzioamenduena… Oso garrantzitsua da Epilepsiaren diagnostikorako eta, heriotza zerebralari dagokionean, ezinbestekoa. Sarritan erabiltzen da azterketa poligrafikoetan loaren aztoramenen eta berari loturiko patologien miaketarako.
Elektroshocka:
Gaitz mentalen tratamendurako garunaren soinean korronte elektrikoa eratxikiz krisi epileptiko orokorra sortarazten duen teknika da. Esanahi ezkorra daukala eta, gaur egun, gehiago erabiltzen da Sismoterapia edo Elektrokonbultziozko terapia hitza.
Historia: XX. Mendearen hasieran agertun ziren “txokeko” teknikak: “inpaludizazioa” 1917an (Von Jauregg), “insulinazko” sendaketa 1932an (Sakel) , “kardiazolezko” txokeak 1936an (Von Meduna). Lorratz horretan azaldu zen elektroshocka. Baina medikuntzaren literaturan XVII. mendean aurki daitezke aztarnak, iztripuz jasandako korronte elektrikoak sorturiko ustekabeko aldakuntza psikikoak aipatzen direlarik. Aldini-k (Galvani-ren iloba) malenkonia bat tratatu zuen horrela 1804ean, baita ere Babinski-k mende bat geroago,1903an. 1898an korronteak eragindako lo egoera luzea egiaztatu zuen txakurretan lehendabiziz, eta bere buruan geroago. Erabilera terapeutikora bideratu nahi izan zuen esperientzia baina arriskugarria suertatu zen. Elektroshockaren benetako asmatzaileak V. Cerletti eta L. Bini izan ziren. Kardiazolezko txokean oinarrituz, bere eragin zitalak ekiditearren, korronte elektrikoa erabiltzea otu zitzaien. Erroma akademian aurkeztu zuten. Frantzian J. Rondepier-ek ezarri zuen eta Lapipe-rekin batera oraindik ere erabiltzen den “sismoteroa” prestatu zuten.
Gaurko teknika: Hasierakoarekin alderatuz bi hobekuntza dauzka: kurarizazioa eta anestesia. 1940an aipatu zen, konbultsioen eraginez sortu daitezkeen hezurren eta giltzaduren traumatismoak ekiditearren, kurarearen erabilerak lekarkeen abantaila. Baina, arriskuak aldentzeko, eragin azkarra eta iragankorra (2-3 minutu) daukaten sintesizko kuraretzaileen aurkikuntzaren zai egon beharra izan da. Sakonera gutxiko eta iraupen motzeko anestesiak asko mugatzen du teknikari darion larrialdia.
80-150 arteko korrontea erabiltzen da 0,1-1 segundo bitartean eta helburu nagusia epilepsi-krisiaren sormena da. Saioen kopurua eta erritmoa egileen eta gaitzen araberakoa da, gehientsuenetan kopurua 8-12koa izanik, astean 3ko erritmoarekin.
Baliagarritasunak (indikazioak): kimioterapien agerpenak erabat urritu zituzten. Hala ere ez dira erabiltzen, soilik, psikofarmakoek porrot egiten dutenean. Gainera kimioterapiaren hutsa ez dute sistematikoki konpontzen.
Elektroshockaren baliagarritasun nagusia malenkonia da. Beste edozein tratamendu baino eraginkorragoa da. Eraginaren azkartasunak (farmako antidepresiboek 10-15 eguneko epea behar dute) erabat baliagarria bihurtzen du larrialdietarako (bere buruaz beste egiteko arriskua edo malenkoniazko txundidura daudenean). Bestalde, malenkoniazko eldarnioetan ere etekin onak lortzen ditu. Antidepresiboek porrot egiten dutenean edota kontraindikatuak daudenean ere erabiltzen da elektroshocka.
Gainerantzeko baliagarritasunetan bigarren mailako terapia da, beste eratako tratamenduak porrot egin dutenean edo ezinezkoak direnean erabiltzen dena: batez ere, egoera maniakoetan, eldarniozko bufada larrietan (puerperioko psikosietan gehienbat), eskizofrenia barreneko pasarte katatonikoetan eta, bizitza arriskuan egonez gero, nerbio-anorexian.
Honako bi egoeretan jarraitzen du ezinbestekoa izaten: haurdunaldian, psikofarmako guztiek teratogenoak izan daitezkeelako, eta zahartzaroan, botikak jasangaitzak direnean.
Elektroshockaren erabilera onak aurkako indikazio guztiak errespeta beharko ditu (neurosiak eta eldarnio paranoideak) eta, beti, hurbiltze orokor baten barruan burutuko da.
Eragozpenak: kontraindikazioak errespetatuz gero, kardiakoak eta neurologikoak dira funtsezkoenak (anestesiari dagozkion arriskua ere kontutan edukita), istripuak oso urriak izan ohi dira. Bigarren mailako eragin txarrenak oroimenaren arazoekin daukate zerikusia. Batzuetan, tratamenduak irauten duen bitartean, oso ikusgarriak izaten dira, baina, ondoren, bere onera itzultzen dira, amnesia lakunarra bakarrik utziz. Ez daukate korrelaziorik eragin terapeutikoarekin. Alde batean ezarriz elektroskockaren eragin txarrak murriztu egiten dira (bi elektrodoak loki batean).
Egitearen mekanismoa: ekintza biologikoaren mekanismoa oso gaizki ezagutzen da. Teoria ugari aipatu dira. Gaurko egunean garunaren neurobitartekariena da entzutetsuena. Saguetan noradrenalinaren eta serotoninaren zirkuitua bizkortzen da eta hartzaile postsinaptikoen sentsibilizazioa handitzen da. Gizakietan ez da hain erreza fenomeno hori nabarmentzea. Psikologia aldetik, Jackson-i jarraituz, disoluzioaren teoria aipatu da: psikismoaren desegite-berreraikitze edo, hobeto esanda, “deegituraketa-berreraketa” prozesua burutuko litzake. Psikoanalistek, bere aldetik, erregresioa eta “hil-piztu” bikotearen teoria proposatzen dute: heriotzaren bizipenak herioko pultsioa baiezkor eran erabiltzea bideratuko luke.
Ezezko irudi txarrak emoziozko oinarria dauka: korronte elektrikoak arriskua, tortura, herioa gogorazten ditu; baita ere psikismoaren desegitea eta buru-jatea (lavado de cerebro). Zinemak eta komunikabideek areagotu egin dute elektroshockari itsatsitako irudi larria. Psikiatria mailan eztabaida ideologikoek objektibotasunari utzi diote lekua.
Elikatzefobia:
Psikosi maniako-depresiboetan eta eldarniozko psikosi kronikoetan aurkitu daitekeen sintoma bat da, janari uko egitea daramana (elikadura guztiei edo elikadura multzo bati).
Elkartasun terapeutikoa
: (ikusi Aliantza).
Elpenor sindromea:
Nahastera ez den iristen egoera krepuskulukoa da, non amets sakon batetik itzartzeko garaian, guztiz esnatu aurretik, desorientazio espaziala eta automatismo psikomotoreak agertzen diren (askotan gehiegizko alkoholak edota hipnotikoak sorturikoa izan ohi da).
M. Logre-k deskribatu zuen 1936an eta izena Ulises-en marinel batena da (lotan zegoela Zirze etxeko teilatu gainetik erori zen). Sindromeak jagoletza/loaren erritmoaren aztoramena adierazten du. Ez dauka zerikusirik sonambulismoarekin eta epilepsiarekin.
Endekapena
: (Dégénérescence, degeneración):Izaki bizidun baten degradazioa da.
XIV. Mendean azaldu zen “degenerare” aditza honako hitzez-hitzezko esanahiarekin: “bere arrazako ezaugarri naturalen galera”. XVIII.aren bukaeran degeneración eta dégénérescence hitzek medikuntzako zentzu zehatza hartu zuten, sortzen ari zen anatomopatologiakoa, hain zuzen: “ehun baten eraldatze patologikoa”. J. Lamarck eta Buffon naturalistek “espezierekiko desbideratze naturala” gisan definitu zuten. B.A. Morel-ek, berriz, “desbideratze gaixotia” bezala. Geroztik endekapemaren hainbat teoria aipatu dira:
Morel-en teoria: Guztiz onartua izan zen Europan aurreneko Gerra mundialeraino. Erotasunaren lehendabiziko orokorreko teoria etiologikoa izan zen. Psikiatria medikuntzaren barnean ezartzea ahalbideratu zuen. Morel-en egistamoa gaitz mentalen lehen printzipioa finkatzea eta sailkapena osatzea zen.
Garaiko alienisten antzera Morel-ek garrantzi handia eman zion herentziari. Bilakaeraren edo eboluzioaren arazoari dagokionez, katolikoa izanik, Darwin-en dotrina ez onartu arren Buffon eta Lamarck-en transformismoari itsatsi zitzaion. Endekapena, beraz, Jainkoak sorturiko gizaki perfektuari gertatzen zaion eraldatze patologikoa da. Bere sinesmenak arima eta gorputzaren harreman kontsustantziala desbribatzera zeraman eta eragin fisikoak eta moralak maila berdinean ipintzen zituen. Horrela endekapenak bere lana toki batean soilik egin dezake: nerbio-sisteman. Aldez aurretiko eragile fisikoen eta moralen, gizabanakoen eta orokorren gehikuntzak erabat ahula den “aldez aurretiko” egituraketa osatzen du. Eraketa honi eragile determinatzaileak atxikitzen zaizkionean entitate morbidoa eraikitzen da.
1.860ko sailkapenean behin-behineko gaitzak konstituziozkoetatik bereizi zituen. Aurreneko multzoan intoxikaziozko erotasunak, erotasun histerikoak, erotasun epileptikoa eta hipokondriakoa, sinpatikozko erotasunak, erotasun idiopatikoak eta dementzia bildu zituen. Bigarrengoan, garrantzitsuenean, lau motatako jaraunspenezko erotasunak aipatu zituen: “urduritasunezko jarreraren gehiegikeria”, ergelkeria (imbecilidad), idiozia eta kretinismoa.
Magnan-en teoria: 1860tik aurrera Morel-en teoriak zalantza asko piztu zituen eta Magnan izan zen endekapenaren sistematizazioa osatu zuena, 1.895ean honako definizioari iritsiz: “endekapena izakiaren egoera patologikoa da; gertukoen sortzaileekin alderatuz gero, gutxiagotuta dauka erresistentzia psikologikoaren egituraketa; eta dauzkan ahalmenak legokion biziraupenera ezin ditu egokitu: gutxiagotze hau estigmekin adierazten da eta, funtsean, etengabe aurrerantz doa, baina salbuespeneko birsorkuntzak eduki ditzake; hori ez denean gertatzen laister iristen da espeziearen suntsiketara”.
Sortsaileen eta biziraupenaren aipamenek Morel-ek ezarritako erlijioko testuingurutik ateratzen dute endekapena, bestelakoa den eboluzionismo Darwinista batean kokatuz.
Beste alde batetik, nerbio-sistemaren eredu anatomikoa proposatu zuen Magnan-ek: azpiko muinetik aurreko garuneraino doan nerbio ardatzaren araberako hierarkizazioa osatu zuen eta berari atxiki zion berezkoenetik landuetaraino doan funtzioen mailaketa. Zauri bakoitzari patologia zehatza eta iraunkorra dagokio: Lau kontzeptuon inguruan moldatu zuen bere teoria:
Aurretiko jarrera: arazoen aurretiko endekatuaren sortzezko egoera. Organikoa, psikologikoa edo soziala izan daiteke. Eskuratua edo jaraunspenezkoa. Sinplea (estalia, latentea), garunaren erresistenzia txikia bereizten dituena edo maximala edo handiena, garunaren garrantzizko erasan zabalak adierazten duena.
Desoreka: funtzio desberdinen desagerketa dakarren nerbioguneen arteko sinergiaren galera adierazten du. Hiru motatakoa izan daiteke desorekaren mekanismoa: nerbiogune batzuen suntsiketa edo zentruon bilakaeraren amaitzea; noizean behin era iraunkorrean egiten den gehiegizko iharduera; beste batzuen gutxiagotze iraunkorra. Ondorioak ere hiru eratakoak dira: funtzio batzuen desagerketa; gehiegizko iharduerak sorturiko automatismoa; nerbiogune batzuen inhibizioa.
Estigmak: Morel-ek, jada, onartu zuen gorputza animaren koalitateen ezaugarria zioen esaera zaharra. Estigmak “Izaki berria den endekatuaren ezaugarriak dira”. Moralak (adimenaren edo afektibitatearen atzerapena) edo fisikoak (atrofiak, hipertrofiak, distrofiak) izan daitezke. Endekapenaren sinadura osatzen dute eta erasandako funtzioaren lekukoa izan ohi dira.
Sindrome episodikoak: aldez aurretiko jarrera daukatenek jasaten dituzten gertakizun kontingenteak, noiz-behinkakoak eta bigarren mailakoak dira; mania eta malenkonia, eldarnio kronikoa eta aldizkako erotasunak aldez aurretiko jarrera sinplea daukatenenean; zentzuzko erotasuna (obsesioa, bulkada), arrazoizko mania, eldarnio polimorfoa edo bete-beteko eldarnioa aldez aurretiko jarrera sendoa daukatenenean. Deskribatu zituen halaber eragile indartsuei lotutako alienazio “akzidentalak”: epilepsiari eta histeriari dagozkien eldarnioak; erotasun toxikoak (alkoholak, sukarrak eragindakoak); dementzia organikoak (tumoreak, sifilisak sortutakoa), eta abar.
Tratamendua: Endekapenaren teoriak, osasun mentalaren arazoa jaraunspenaren esparrura bideratzen zuenez, tratamenduaren problematika gizarte-profilaxiaren aldera bideratu zuen. Berez, antzutasuna sortarazten duen neurrian, barrenean darama erremedio naturala. Sendagilearen lana, arau higienikoak eta aholku eugenikoak erabiliz, jatorrizko jarrera murriztera eta endekapenaren bilakaera geldiaraztera bideratuko da. Baina, laster, gizarte-defentsarako teorien eraginez, gizabanakoaren tratamendu morala masen moralizazio bihurtu zen, gizabanakoaren profilaxiak endekatuen isolamendua ekarri zuen erta aholhu eugenikoek neurri gogorretaraino iritsi ziren, hau da ezkontza-debekura eta antzutasunera.
Genioa eta krimena: Gisa honetako teoria laster erabili zuten erotasuna, genioa eta krimena elkarrekin erlazionatzeko. Genioa “goi-mailako endekatua” izango litzateke. C. Lombroso-k berea egin zuen ideaia eta kriminologoek bertan aurkitu zuten krimenaren argibide koherentea, batez ere “adituen iritzi psikiatrikoetan” erabiltzeko. Aurrerantzean, errazago izango zen gaitz mentalik gabeko kriminal akzidentala (erruduna, beraz) eta arduragabeko kriminal endekatua bereiztea. Lombroso “jatorrizko kriminalen” maila aipatzeraino iritsi zen. Ideia hauek nazio artean zabaldu ziren; G. Genil-Perrin izan zen aurrenetarikoa noziook arbuiatzen eta, gaur egun, indarra galdu dute.
Endogenoa:
Jatorri barnekoia daukana da, ingurugiko eraginik gabekoa. Exogenoaren alderantzizkoa da eta, patologia mentalean, organismoaren barreneko esparrutik sorturiko kausalitatea adierazten du. Henri Ey-ren esanetan “Psikosia endogenoa da bere agerpen klinikoan pertsonaren eraketa barnekoiaren itxura daukanean. Gizabanakoaren egituraketa biopsikologikoa azpimarratzen du; egituraketa genotipikoak, zeinen soinean eratzen den pertsona, guztiz garrantzitsua dela esan nahi du; psikosia ez dela soilik akzidente bat, baizik eta gizaki gaixoaren biziraupen osoa eta bere patua besarkatzen dituela; azkenik eta gehienbat psikosiaren funtsa pertsonaren aztoramenean, alienazioan datzala.” E. Kraepelin-ek, nozio honetaz abusatuz, bi psikosi nagusiak (maniako-depresiboa eta dementzia goiztiarra) funtsean endogenoak zirenez, pronostiko ezkorra ezarri zien eta, ondorioz, abstentzio terapeutikoa proposatu zuen. H. Tellenbach-ek ere ikusmolde psikopatogeniko berbera defendatu zuen “endon” eta “typus melanchonicus” nozioak erabiliz.
Gaur egun, endogeneitatearen ideia gaitz mentalen jaraunspenezko kausalitatean sinesten dutenak defendatzen dute, arlo anatomopatologikoan probak ez dauzkan organogenesi batean oinarrituz. Bestalde, esan beharra dago, J. Wyrsch-ek erakutsi duen bezala, organizistak izan direla, denbora luzean, exogenista amorratuenak; eta, alderantziz, psikogenistak (batez ere psikogenista espiritualista alemaniarrak) izan zirela, XIX. mendean, endogenista handienak. Geroago, neuropsiquiatrak defendatu zuten gaitzen kausalitate endogeno organikoa, endekapenezko psikosiak, kontituzioa, biotipoa eta, azkenik, prozesu dismetabolikoak eta jaraunspenezkoak liratekeen enzefalosiak aipatuz. Eta, baskulazio honetan, psikogenistak (Freud-en eraginez) exogenisten esparruan aurkitu dira eta, batzuek, A. Meyer-en antzera, psikosi erreaktiboaren nozioa bultzatu dute.
Endorfina:
Nerbio-sistema zentralean eta zenbait organo periferikotan sintetizatzen den substantzia naturala da eta, hartzaile opiazioetan ezarriz, morfinaren pareko eraginak dauzka.
1973an aurkitu ziren hartzaile morfinikoak: nerbio-sistema zentraleko mintz zelularretan kokatzen dira hartzaile morfinikoak. Kokapenak egonez gero, bertan kokatzeko substantzia egokiak ere egon behar lukete. H. Kosterlitz-ek erakutsi zuen aurrenekoa 1975ean. Berehala bi peptido identifikatu ziren: met-entzefalina eta leu-entzefalina. Pixka bat geroako 31 azido aminozko molekula deskribatu zen, Beta-endorfina.
Gaurkoz, hogei endorfinatik gora sailkatu dira hiru multzotan: entzefalinak, beta-endorfinak eta dinorfinak
Endorfinak dauzkaten neuronak nerbio-sistema zentral osoan zehar kokaturik daude eta, lekuaren arabera, eginkizun desberdinak dauzkate; bizkar-hezur muinekoek, adibidez, minaren mezuak modulatzen dituzte. Esparru hipotalamikokoak eta hipofisariokoak hormonen jarioa erregulatzen dute. Emozioarekin zerikusia daukan sitema linbikoa ere hartzaileez eta endorfinez ongi hornituta dago (ziurrenik berari dagokio eragin euforikoa). Endorfinek funtzio anitzetan hartzen dute parte: minaren hautematean, akiduran, hariketa fisikoetan, erditzean, kirurgian, azterketetan. Zerikusia daukate oroimenarekin ere, motorezko eginkizunekin, elikadurarekin, loarekin.
Gizakietan, endorfinen azterketa peptidook odolean eta likido zefalorrakideoan daukaten dosia neurtuz egiten da edota, baita ere, opiazeoen hartzaileak blokeatu edo suspertu egiten dituzten substantziak injektatuz. Eskizofrenia, depresioa, nerbio-anorexia, toxikomania artertzeko egin diren ikerketak oraingoz ez dute garrantzizko etekinik erakutsi. Beste neurobitartekari guztiekin batera nahastuta daude elkarrekintza konplexu batean.
Enkopresia:
Ume batzuek erakutsi ohi duten uzki-esfinterraren kontrol eza, zeren eraginez, garbitasunaren garaia iritsita egon arren, soinean ohi darizkie eginkaiak.
Beraz, bi urtetik aurrera agertzen da garapenaren arazo gisa. Gaitz neurologiko eta dementzia batzuetan agertzen den uzki-inkontinentzitik bereizi behar da.
1926an sarrarazi zuen hitza J. Weinemberg-ek. Neskatoei baino gehiago eragiten dio mutikoei. Enuresia baino urriagoa da ( % 1,5 zortzi urteko umeetan). Garbitasuna lortu aurretik ezarritako enkopresiari “lehen mailako” enkopresia deitzen zaio. Eta umeok, gehientsuenetan, pasiboak, afekto-eskasiak jotakoak, oker eratutako eta estimulu gutxiko familiatakoak izan ohi dira. Enkopresiari, neurri bateko garbitasuna lortu ondoren ezartzen denean, “bigarren mailako enkopresia” deitzen zaio (%30 kasuetan). Sarritan, ez da larria izaten, iragankorra baizik eta eskola hasierak edo jaiotza berri batek sortarazitako erreakzioa da soilik. Beste batzuetan, gaitz gogor bati edo ingurugiroko heriotza bati emandako erantzuna da.
Azkeneko azterketen arabera enkopresia gorozki-materien atxikipenarekin lotu behar da. Umearen atxikipen neurrien agortzearekin batera letorke obratzea. Sarritan, enkopresiak zerikusia dauka megakolon funtzionalarekin. Maiz, enkopretikoen familien azterketetan larritasunak jandako eta liseri aparatuaren hustuketarekin obsesionatutako ama aurkitzen da, idorreriaren beldurrak bultzatuta etengabe supositorioetara eta aiutetara jotzen duena. Nahiz eta, askotan, sintoma desagertu egiten den, komenigarria da, tratamenduari dagokionean, orokorrean hartzea umearen arazo psikikoak.
Entrenamendu autogenoa
(Ikusi autogenoa)
Enuresia:
Gehienetan loaldian, nahigabean eta inkontzienteki gertatzen den pixaren jaulkipena da.
Jarioa, erabatekoa eta arrunta izaten da; esfinter-kontrola eduki ohi den garaian agertzen da eta mutikoetan neskatoetan baino maizago ikusten da. Kontsulta anitz eragiten ditu. Esfinter kontrola eskuratu baino lehenago azaltzen denean “lehen mailako enuresia” deitzen zaio eta “bigarren mailako enuresia” kontrola erdietsi ondoren agertzen denean. Batzuetan enkopresia edota pertsonalitatearen orokorreko arazoak lagun izaten ditu.
Eragile urologiko edo endokrinologiko guztiak baztertu ondoren, sendiaren laguntzarekin, enuresiaren, loaren eta eragile psikikoen berezitasunak ondo aztertu behar dira. Familia barruan sintomak eragiten duen oihartzuna, bere desagerpenean ekar ditzakeen ondorioak eta umearen pertsonalitatea ongi ulertu behar dira. Hau aldagarria izan ohi da: ume batzuk aurkariak izaten dira eta ingurugiroa asko behartzen dute; beste batzuk sentikorrak eta heldutasunik gabekoak, bere buruari nekez eusten dietenak; eta beste zenbait, berriz, neurotikoak dira eta bestelako sintomak ere jasaten dituzte (larritasuna, fobiak, erritualak). Enuresiak amarekiko arazoak sor ditzake edo, alderantziz, zainketa estuetara bideratuz, bigarren mailako etekinak sortarazi. Enuresiaren tratamenduak neurri orokorrak bildu behar ditu asaldurako, nekerako eta estuasunerako eragileak baztertzeko, neurriko loaldia errazteko eta, azkenik, elikadura eta edariak orekatzeko. Farmakoak lagungarriak izan daitezke, batez ere imipraminikoak. Erabiltzen dira halaber neurri konduktistak gernu egitearen heziketarako, gauetan esnatzeko eta abar. Psikoterapia psikoanalitikoa, bere aldetik, eragite inkontzienteen ulermenera zuzentzen da.
Entzefalopatia
:Garuna erasotzen duten gaitz organiko guztiak biltzen dituen koadro nosologikoa da entzefalopatia.
Usadioz entzefalopatia fetalak eta jaiotza ondorengo entzefalopatiak, entzefalopatia traumatikoak eta entzefalopatia infekziosoak, entzefalopatia biralak eta entzefalopatia toxikoak bereizten dira. Entzefalopatia hepatikoak eta porto-kabakoak zirrosiaren ondorioak dira. Marchiafava-Bignami gaitzatik at (oso arraroa den gorputz kailosoaren nekrosia) alkoholak eragindako beste bi entzefalopatia daude: Korsakov-en psikosia eta Gayet-Wernicke-n gaitza.
Eonismoa
:Gizonezkoak, aldi baterako edo iraunkorki, hartzen duen joera emakumezko jantziera edota izaera bereganatzeko.
H. Ellis-ek proposatu zuen hitza “alderanzketa estetiko-sexuala” adierazteko. 1728tik-1810ra arte bizi izan zen Eon-eko zaldunean inspiratu zen: bere gastearoa eta zahartzaroa emakumez jantzita igaro zituen. Honela mozorretzo tankerak, Ellis-en ustetan, alderanzketa sexualaren aurreneko maila suposatzen du. Psikoanalistek, bere aldetik, portaera horretan “fetitxismoa” ikusten dute. Hala ere, R. J. Stoller-ek dioen bezala, trabestismo fetitxista eta trabestismoa bereizgarriak dira (ikusi Trabestismo).
Epidemiologia
:
Gaitzen masa-fenomenoak aztertzen dituen zientzia da. Euren maiztasuna eta banaketa ikertzen ditu eragile anitz kontuan hartuz: adina, sexua, bereizgarri fisikoak, portaerazkoak, kulturalak, profesionalak eta sozialak alde batetik; bestetik ingurugiro geografikoa eta klimatikoa; bizitzaren eta habitataren baldintzak, azkenik.
Epidemiologia ez da mugatzen gaitz infekziozo eta kutsakorretara soilik. Psikiatriaren eragileen eta bilakaeraren azterketarako ere garrantzitsua bihurtu da. Gaixotasun mentalen “prebalentzia” (une jakin bateko maiztasuna) eta “intzidentzia” (populazio mugatu batean eta une jakin batean agertutako kasu berrien portzentaia) kokatzen ditu egoera morbido orokorrean. Epidemiologia, deskribapen hutsezkoa izatetik, argibidezkoa izatera iritsi da eta banakako bereizgarriak ingurugiroarekin alderatuz zenbait eragile lagungarri aurkitzen saiatu da.
Beraz, populazioren ordezkaritzarako egokia den erakusgaia (muestra) eta lekuko izango den multzo bat aukeratu behar dira. Erakusgaiaren tamaina, ordezkaritza lana betetzekotan eta errakuntzak ekiditearren, neurri nahikokoa izango da, eta aukeratutako pertsona bakoitza zehatz-mehatz aztertuko da; azterketa guztion ondoren zehaztuko da zenbait subjektuek jasaten duten ikertzen ari den gaitza. Printzipioa samurra da, burutzea nekeza ordea. Gaitza dagoen edo ez dagoen baieztatzeko seinaleak zehatz-mehatz definitu behar dira; azterzaileek ondo entrenatuta egon behar dute kriterio berdinen maneiuan; guzti horrek zaildu eta garestitu egiten ditu inkesta epidemiologikoak. Lehendabizikoz orain mende erdia pasa hasi ziren egiten alemanian eta Suitzan. Gaur egun O.M.S.ren (Osasunaren Organismo Mundiala) gidaritzapean egiten dira gehienbat
Epidemiologia psikiatrikoari darion giza-onura nabaria da. Osasunaren arduradunek derrigorrez jakin beharko dute zeintzuk diren premiak eta zer baliabide dauden. Adibidez, jakina da 70 hamar urteko % 5 eta 80 urteko % 20 Alzheimer-aren edo beste zahartzaroko dementzia jasateko arriskua daukatela. Zientifikoki ere probetxuzkoa da. Gehienbat informazioko epidemiologia psikiatrikoa, gaitz baten maiztasunak eta eragile mesedegarriak elkarrekin lotu ditzakeelako. Horrelako harreman baten ezagutzak, nahiz eta bere mekanismoa ez ezagutu, neurri prebentiboak hartzera bideratzen du.
Hala eta guztiz, huts-eragile asko daudenez, tentu handiarekin hartu behar dira inkesta psikiatrikoak. Gaitz mental baten maiztasunaren eta abagune berezi batzuen arteko harremana “faktore estatistiko” baten gisa hartu beharko da eta ez “eragile kausal” bat bezala, kontuan hartuz gaixotasun mentalen sortzea konplexua eta multifaktoriala dela.
Epilepsia:
Funtsean, adierazpen konbultsiboekin bereizten den nerbio-gaitz multzoari deitzen zaio epilepsia. O.M.S.-k, 1973an atera zuen hiztegian, honela definitu zuen: “etiologia desberdineko eritasun kronikoa, garuneko zelulen gehigizko deskargak sorturiko krisi errepikatuak bereizten dutena (krisi epileptikoak), zeinahi izan daitezkelarik elkartzen zaizkion ezaugarri klinikoak edo paraklinikoak”. Beraz, epilepsia egon dedin beharrezkoa da luzaroko errepikapena; aldian behineko krisi edota akzidentalki errepika daitezkeen konbultsioek ez dute eratzen epilepsia bat (adibidez haurdun baten konbultsio eklanptikoa, haurren konbultsibo-krisi hipertermikoak).
Bi motatako epilepsiak bereizten dira: orokorrak eta partzialak. Epilepsia Orokorra (nagusia ere deitzen zaio): garunaren bi hemisferioetako neurona kortikalen aztoramen orokortuak sortzen ditu konbultsio-krisiak. Kasu batzuetan, umeetan hain zuzen, krisioi une txiki bateko kontzientzi-galera darie soilik. “Ausentzia” deitzen zaio eta kide motorikorik eta neurobegetatiborik gabe agertu ohi da. Baina, gehienetan, kontzientziaren galerarekin batera, era desberdinetako aztoramen motoreak azaltzen dira: “gaitz-handiko” krisi (crisis de gran mal) toniko-klonikoa, non lehenengoz, zehaztugabeko espasmo tonikoa agertzen den, gero astinaldi klonikoak eta, azkenik, krisi ondorengo koma; krisia izan daiteke halaber tonikoa soilik, edo klonikoa, edo gorputz osoa zehaztugabe astintzen duen mioklonia isolatua; izan daiteke halaber atonikoa, ezustean subjektuaren erorketa dakarrena, supituki gihar-tonua (tono postural) galtzen delako. Orokortutako epilepsia honi, lehen mailakoa denean (primaria) funtsezkoa, hau da “esentziala” edo “idiopatikoa” deitzen zaio eta eragile organikorik gabekoa da. Garunaren eri funtzionala izan ohi da, konbultsioen atalasa (umbral convulsivo) jaisten duena (jaraunspenekoa batzuetan), haurtzaroan gehienbat ausentzien edo zehaztugabeko mioklonien bitartez adierazten dena eta, adin helduan berriz, orokortutako krisi toniko-klonikoen (aniztasun gutxikoak) bitartez. Krision artean garunean ez da nabaritzen oinazerik eta Elektroenzefalograma normala izan ohi da (jarrera epileptikoaren lekuko diren zehaztugabeko paroxismo txiki batzuk erregistratu daitezke). Bigarren mailako epilepsia orokortua oso arraroa da eta entzefaloaren zehaztugabeko gaitzen ondorioa izan ohi da.
Epilepsia partziala: epilepsia partzialak, alderantziz, bigarren mailakoak izan ohi dira beti, eri zerebral lokalizatuak eragindakoak. Kasuotan, neuronen deskarga esparru kortikal mugatuan kokatzen da, bere oinazea erakutsiz. Krisietatik at, eduki ditzake beste ezaugarri neurologikoak ere (motore arazoak, sentsorialak, praxikoak, gnosikoak, hitzezkoak). Elektroentzefalograman agertzen diren paroxismoak esparru zaurituan kokatutako“foku epileptogenoak” adierazten dituzte. Epilepsia fokalak, bigarren unean, orokortu daitezke, beraz oso garrantzitsua da garaiz detektatzea, krisi orokorrarekin bereiztearren. Eragileak anitzak dira: traumatikoak, infekziosoak (entzefalitisak), tumoralak eta baskularrak dira maizkoenak. Bere kokapenaren arabera motorezko epilepsia partzialak (kortexean funtzio motorea daukan esparruko zauriak eragindakoak) eta epilepsia partzial sentsorialak bereizten dira: aurrenekoak gorputzadarrraren edo aurpegi-erdiaren astindualdiak eragiten ditu eta, bigarrenak fosfenoak, akufenoak eta abar. Badaude ere esparru tenporaleko lesioek eragindako epilepsia partzialak ezaugarri oso landuekin eta psikikoekin adierazten direnak (arazo psikosentsorialak: ilusioak eta haluzinazioak; arazo psikomotoreak: automatismoak; arazo mentalak: “jada ikusitakoaren” sentimena, pentsamendu behartua, delirium tankerako egoera krepuskular nahasia).
Pertsonalitate epileptikoaren eta izaeraren arazo iraunkorren arteko elkar lotura, paroxistiko krisietatik at, eztabaidan dago oraindik. Klasikoki, epileptikoak ingurugiroarekiko portaera itsaskorra (gliskroidia) edukiko luke, ideiagintza geldoaren (bradipsikia) jabe izango litzateke, afektibitate lingirdatsua eta likatsua erakutsiko luke eta bat bateko erasokortasun suntsitzailerako jokaera edukiko luke. Horrela, F. Minkowska-k bi polo (itsaskorra eta suntsitzailea) zeuzkan “eraketa epileptikoa” deskribatu zuen eta V. Van Gogh pintorea proposatu zuen eredu gisa (bere margolaritza elkar loturaz eta leherketaz josita dago). Hala ere, gaur egun gisa honetako arazoak eta pertsonalitatea ez dira epilepsiarekin lotzen baizik eta garunaren zehaztugabeko eritasunarekin, entzefalitisarekin eta traumatismoarekin hain zuzen. Halaber, azpimarragarria da ingurukoen jarrerak sortarazten dituen izaera arazoak, guztiz erreaktiboak direnak.
Tratamendua, funtsean, farmakologikoa da (antiepileptikoak). Medikamenduen lana sintomatikoa da gehienbat: krisia eragozten dute. Jarraitasunarekin hartu behar dira eta, tamalez, ez zaizkie falta bigarren motako eraginak. Bigarren mailako epilepsietan, lehenengoz eragilearena zuzendu behar da tratamendua, baina lagungarria da antiepileptikoen erabilera
Eragin-eldarnioa:
Eldarnio mota honek kanpoko pertsonek ezkutuko eragina daukatela sinestarazten dio subjektuari.
Eragin-eldarniozko esperientziak sarritan agertzen dira prozesu eskizofrenikoetan eta arrotz sentimena eta despertsonalizazioa lagun izaten dute. Subjektuaren pentsamendua kanpoko norbaiten menpe dago, zatiketaren bizipena dakarkien eragin misteriotsuak eta ikustezinak jasaten ditu. Pentsamendua iragartzen dioten susmoa dauka edota berea kenduz beste bat ezartzen diotenena.
Psikosi kroniko haluzinatorioetan ere ikusten da eragin-eldarnioa. Eta G. Gatian de Clérambault-ek deskribatutako “automatismo mentalaren sindromean” ere bai. Eldarnio guzti horietako osagaia izan ohi da “eragiteko makina” (V. Tausk).
Eragozpena (butxadura):
Pentsamendu-jarioaren aztoramen sakona, zeinen ondorioz hizketa edo eragiketa psikomotorea bat batean eteten den. Dementzia goiztiarraren ezezko koadroaren barrenean deskribatu zuen Kraepelin-ek eta E. Bleuler-ek disoziazio eskizofrenikoaren funtsezko seinale gisa aipatu zuen.
Erdigune grisa:
Garunaren erdialdean, talamoaren behealdean, kokatzen den substanzia grisez osatutako nukleo multzoa da erdigune grisa.
Nukleo gris zentralek, nukleo kaudadoak, putamenak, palidoak eta amigdalino konplexuak osatzen dute erdigune hori. Gehienen ustetan bertakoak dira ere talamoaren azpiko nukleoak eta locus niger-a. Multzoaren eginkizuna motrizitatea kontrolpean edukitzean datza eta, zaurituz gero, mugimendu aztoratuak agertzen dira.
Ereutofobia (edo eritrofobia):
Gorritzeko beldur eutsiezina. Gehientsuenetan benetako gorritasuna edota izardia azaleratzen da, ezinegona handitzen delarik, batez ere beste pertsonen aurrean dagoenean. Ohiko, nerabearoan agertzen da, gehienbat emakumezkoetan. Maizenik, egokitze aroak sorturiko gehiegizko erreakzio iragankorra da soilik. Helduaroan irauten duenean egite profesionala eta soziala oztopatu dezake, zeren, zenbait egoeratan egoteko beldurra sortuz, ekidite jokaera batera bidera dezake, epaitua eta ikusia ez sentitzearren. Orduan ahalketasuna, lotsa eta asertibitate falta baina zerbait gehiago da.
Ergelkeria:
Ahuleziaren eta idioziaren artean kokatzen den atzerapen mental sakona, 40-50eko Adimen Koziente daukana. (ikusi Atzerapen mentala).
Ergoterapia:
Motore eragozpenak eta gaitz mentalak dauzkatenen tratamendura eta errehabilitaziora zuzenduriko metodoa da. Euren ahalmen funtzionaletara egokitutako lan-tekniken ikasketetara bideratzen da, gaixoen bergizarteratzea lortzeko.
Psikiatrian helburu okupazionala dauka gehienbat. P. Pinel-ek eta G. Ferrus-ek aipatu eta bultzatu zuten lehenengoz. Baina, benetako “terapia okupazionala” XX. mendearen hasieran eratu zuten H. Simon-ek Alemanian eta psikiatra britainiarrek. 1950etik aurrera indarrean egon zen metodoa eta, gaur egun, ospitaleratze egonaldiak laburtu direnez, garrantzia gutxiago ematen zaio ospitale psikiatrikoetan. Alderantziz, gero eta gehiago erabili beharreko tresna da ospitalaren eta gizartearen bitarteko eremuan, hau da “tailer terapeutikoetan” eta lantegi babestuetan.
Erlaxazioa:
Metodo terapeutiko bat da. Teknika zehatzak erabiliz giharren atsedena (gogozkoa neurri batean) ezartzen saiatzen da subjektoaren tentsioa, larritasuna eta desoreka emozionala gutxiagotzeko. Horretarako, iharduera miotonikoan eta sistema neurobegetatiboan eragiten du espezifikoki.
Gehien erabiltzen den metodoa J. H. Schultz-ek asmatutakoa da (ikusi Autogeno entrenamendua). Erlaxaziorako tekniken bi osagai amankomunak honakoak dira: nekeak edo larritasunak eragindako egoeraren aurkakoa den atseden fisiologikoa ezarri, alde batetik; bestetik, hipnositik gertu dagoen kontzientzi-egoeraren aldaketa lortu. Batzuk hazpegi hauetako bat lantzen dute gehienbat eta beste batzuk alderantzizkoa.
Chicagoko E. Jacobson-ek beste teknika bat proposatu zuen, fisiologikoagoa: helburua atsedena lortzea da; horretarako giharren erlaxazioa kontzientziatu behar du, hau da bere iharduera motorearen jabe bihurtu behar da bere “kortex-a geldirik” ipintzea lortuz. Beraz, saioan, autoentzefalografiaren antzeko zerbait lortzen da.
G. Alexander-en eutonia ere tankera berdinekoa da: gorputzaren armonia du helburu, baina mugimendu naturalak eta orekatuak ahal den kostu energetiko txikienarekin lortuz.
Lorratz berdinean J. de Ajuriagerra-k berreziketa psikotonikoa proposatu zuen: egoera atzeragarri batetik abiatuz, ongi kontrolatutako harreman transferentzial batean, haurtzaroko aztoramen neurotikorik gabeko bilakaera psikomotorea berreskuratu behar da. Berreskuratze honek harremanetako adierazpen toniko-emozionalen jabetasuna hobetuko du.
Azkeneko bi metodo hauek ulermen eta interpretazio psikoanalitikoa jartzen dituzte jokoan eta, hori, M. Sapir-en ustetan, behar-beharrezkoa da erlaxazioari dagozkien eragite terapeutiko guztietan.
Erotasuna:
1: Izpirituaren gaitza. 2: Zentzugabekeria edo desarrazoia, arrazoiari ihes egiten diona.
Hitz zaharra da eta, era orokorrean, alienazio mentala erakusten du, batez ere bere mota psikotikoetan. Hiztegi psikiatrikoetan geroz eta gutxiago erabiltzen da eta, gehienetan, adjetibo bati loturik: erotasun zirkularra (psikosi maniakodepresiboa), erotasun arrazoitzailea (interpretazio-eldarnioa), zalantzaren erotasuna (psikoneurosi obsesiboa). Hitza, adjetiborik gabe, hurbiltze soziologikoetan eta antropologikoetan erabiltzen da.
Erotasuna gaitz mentala bezala: hurbiltze mota honetan erakutsi zuen M. Foucault-ek, bere Histoire de la folie à l´âge classique (1961), erotasunak ez zuela hartu bere estatutua XVIII. mendearen bukaera arte, Pinel eta beste sendagile alienisten eskutik. Euren egitasmoa izan zen izpirituaren gaitzek sailkatzea, botanikoen eta zoologoen metodoak errepikatuz, nosografia bat eratuz eta, horrela, gaitz espezifiko gisa agertarazi zituzten, eredu mediku patologikoa jarraituz. Baita ere, babesexeak eraikiz, leku itxi bat eratu zuten gaixoen miaketa eta deskribapen kliniko zehatzak osatuz. Bere heriotzeraino gordetzen zituzten eta denei egiten zioten autopsia. Aztarna organikoak sifilitikoen paralisi orokorrean bakarrik aurkitu zituzten. Halere, aztarnon faltan, etiologia somatikoa jaraunspeneko gaixotasunean oinarritu zuten eta endekapenaren teoria sortu zuten (ikusi Endekapena). Pixkanaka, beraz, erotasun hitza galtzen joan zen gaitzarenari bere tokia utziz, alienazioarena ezarriz (ikusi alienazio mentala).
Antropologiaranzko itzulera: Freud-ek eta inkontzientearen aurkikuntzak ezarri zioten berriro erotasunari bere zentzua eta bere munta antropologikoa. Psikoanalisiari ezker ez da izango, jada, gaitz defizitario hutsa. Gizakiak, oinarrizko gatazkak gainditzeko egiten duen ahalegin bat izango da. 1960 urteetako mugimendu antipsikiatrikoak ere era horretan ulertu zuen erotasuna: gizarteak eta sendiak sortutako gatazkei eskainitako erantzuna da, bere buruaren benekotasunaren, originaltasunaren eta ahalmen sortzaileen bila. Etnopsikiatriak eta korronte kulturalistek gaitz mentalaren nozioa erlatibizatu egiten dute eta erotasunari leku zabalagoa, ia unibertsalista, eskaintzen diote. Eta, gaur egungo eritasun mentalaren biologizaziorako joera bortitzak, erotasunaren kontzeptua baztertzera eraman dezake, alde batetik. Baina, bestetik, gogoratu beharra dago, beti agertu dela, era batean edo bestean, gizakiak bere barnean daraman derrigorrezko kontraesana: pertsonaren izpirituak arrazoiarekin eta desarrazoiarekin mantentzen duen borroka dramatikoa eta funtsezkoa.
Erotasun histerikoa:
aztoramen histeriko larriek dakarten adierazpen klinikoen multzoa da. Autoreen eta garaien arabera deitura honek ilusioak, ikusmen-haluzinazioak, nahasketa, eldarnioak, gezur patologikoak, asperkizun mota batzuk, liluragarritasuna, egoera hipnoidea, alboko erantzunak, konbertsio somatikoak (paralisiak eta estigma histerikoak barne), mututasun era batzuk, pertsonalitate anitza, deabrutze era batzuk eta era askotako erotasun mistikoak biltzen ditu. Adierazpen polimorfiko honek aztertzailea nahasi dezake ebakuntza ugarietara bideratuz. Amets edo hipnoide egoera nagusitzen denean histeria krepuskularra deitzen zaio; eldarnio histerikoak populazioaren zati bat bereganatzen duenean histeria kolektibaz hitzegiten da.
Historikoki sarritan hiardun da erotasun histerikoaren eta eskizofreniaren arteko mugaz, E. Bleuler-ekin hasi eta J. Lacan-ekin bukatuz.
Erotomania:
Pasiozko eldarnio kronikoa da, pertsona batek maitatua izatearen eldarniozko ilusioa dakarrena, pertsona hori lortezina delarik gehienetan. G.G. de Clérambault-ek deskribatu zuen paranoiarekin bereizi beharreko pasiozko psikosi gisa. Hiru aldikoa da bere bilakaera: itxaropen aldia, luzeena, non gaixoa “maitalearen aitorpenaren” zain dagoen; hisi edo desengainu aldia, depresioa eta suizidio ideiak dakartzana; gorroto aldia erasokortasunera eta, batzuetan, ekintzara joz maitatuaren hilketara bultzatzen duena.
Erotomania garden honen ondoan badaude halaber maila txikiagokoak, psikosi paranoide kroniko edo eskizofrenia paranoide baten barruan sortzen direnak. Kasu hauetan erotomania eldarnio zabal baten osagaia izaten da, eta maitasunaren objektua jazarleen arteko bat besterik ez da, aldakorra izan daitekelarik.
Erreakzioa:
Gizabanakoak bere oreka mentala arriskuan jartzen duen bizitzako gertaera bati edo traumatismo psikologiko bati eskaintzen dion erantzun psikopatologiko originala eta berezia da.
Kontzeptu hau XVIII. mendeko medikuntzako “teoria bitalistan” (E. Stahl) oinarritzen da: “printzipio bital”aren zuzendaritzapean “erreakzioa” deitzen zitzaion bizidun batek bere bizitza arriskuan ipintzen duen eragileari ematen dion erantzunari. Hala ere nozioa zehaztugabea da psikiatrian erabiltzeko, adjetibo bezala ez bada (psikosi edo neurosi erreaktiboa). Nolanahi ere A. Meyer-ek sakonean hedatu zuen nozioa, erreakzioen tipoak sailkatuz E. Kraepelin-en nosografia psikiatrikoa ordezkatzeko egitasmoarekin. Bere ustetan, gaitz mentala erantzun bat, erreakzio patologiko bat bezala hartu behar da, inguruko estimuluei eta eskakizunei era egokian ez zaienean aurre egiten ezartzen dena. Eta sailkapena, “dinamismo orokorreko” nozioaz baliatuz, ergon (kemen) kontzeptuaren inguruan eratu zuen. Portaera psikopatologikoak ergasiaren aztoramen gisa sailkatu zituen.
1-: Erreakzio handienak edo psikosiak: Anergasia: erreakzio organikoa, non egituraren eta funtzioaren hutsak portaera aldatzen duten, paralisi orokorrean, zahartzaroko arazoetan, epilepsietan eta egoera dementzialetan gertatzen den legez.
Disergasia: egituraketaren arazorik ez dago baina bai funtzionamenduarena; aztoramen neurologikorik ez egon arren garunak eragile infekziosoen eta elikadura-gabeziaren ondorioak jasaten ditu (eldarnio larriak, deliriuma, haluzinazioak).
Timoergasia: umore deprimituari edo asaldatuari dagokio eta larritasunarekin eta urduritasunarekin adierazten da (egoera maniako-depresiboak eta distimiak).
Paraergasia: eldarnioan eta paranoian oinarritutako distortsioak definitzen du funtsean (eldarnio kronikoak eta eskizofreniak)
2-: Erreakzio txikiagoak: Oligoergasia: adimen garapenaren eskasiek eta atzerapen mentalek osaturikoa.
Merergasia: aztoramen neurotikoak eta arazo funtzional partzialak biltzen ditu.
Sailkapena oso ondo hartu zuten Estatu Batuetan eta bertan oinarritu zuten 1952eko DSM I (Diagnostiko eta Estatistikako Eskuliburua). Baina garbi zegoen erreakzio nozioak ezin zuela gaitz mentalarena ordezkatu eta, 1960z gero, DSM Iarekin, Kraepelinen sailkapenera itzuli ziren.
Erreakzionala (psikosia): Egoera, gertaera edo istripu batek, ezin zaionean aurre egin era emozional edo neurotikoan, sortarazten duen egitura psikotikozko gaitz mentala da. Egoera psikotikora bideratzen duen benetako makalaldi psikikoa da eta kanpoan gertatutako proba gaindiezin batek eragiten du. Psikosi psikogenoa edo exogenoa da eta, Kraepelin-ek, bilakaera kronikoa daukan psikosi endogenoaren aurrez-aurre ipini zuen.
Pinel, Esquirol eta Magnan-ek betidanik defendatu zuten gaitz psikotikoen jatorri emozionala. Baina E. Kretschmer-ek argitu zuen ondoen psikosi endogenoen eta psikosi psikogeno edo erreaktiboen artean Kraepelin-ek proposaturiko bereizketa. Psikosi erreaktiboetan bi mota desberdindu zituen: jatorrizko diren erreakzio primitiboak eta pertsonalitatearen erreakzioak. Aurrenekoak arkaikoak dira eta bigarrengoan norbanakoaren adierazpen gardenak dira. Zentzu horretan psikosi guztiak izango lirateke erreakzionalak. Horregaitik, psikosi erreakzionalaren nozioa mugatu egin behar da: traumatismo psikologikoa egon ez balitz sortuko ez ziren psikosientzat soilik erabiliko da. Hau da, harreman ulergarria eduki beharko du eragilearekin (K. Jaspers). Psikosi erreakzionala pairatzen duen pertsonak, noski, jasaten ez duenaren baino atalase (umbral) txikiagokoa edukiko du.
Eragileei dagokionean, gehienbat gudak sorturikoak eta katastrofe handien ondorengoak aipatu dira. Klinikoki, batzuetan era depresiboan adierazten dira, nekez mota maniakoan: Maiz, larrialdiaren eta nahasketaren itxura hartzen dute, eldarnio-bufada gisa. Gaur egun, eztabaidan daude. Adibidez, DSMan ez daukate kasik lekurik, eta, erreakzio kontzeptua, egokitzapenaren aztoramenetan soilik aipatzen da.
Errealitateari-ezezkoa (Eskotomizazioa):
Subjektuak errealitatearen zati handi bati eskaintzen dion aintzat-eza.
Errehabilitazioa:
Gaitzak sortutako aztoramenak gutxitzen edo ezabatzen direnean, bere bergizarteratzea eta berregokitzea ahalbidetzeko, gaixoari eskaintzen zaizkion egiteak, sendabide-teknikak, laguntza sozialak eta neurri hezigarriak osatzen dute errehabilitazioaren kontzeptua.
Errehabilitazioaren betebeharra “pertsonaren funtzionamenduaren hobekuntzan datza, gaixoak, berak aukeratutako inguruan, dagozkion lorpenak eta gogobetetzeak eskuratu ditzan, neurri txikienean erabiliz profesionalen laguntzak” (W. Anthony). Beraz, subjektuaren eskuhartze aktiboa da funtsezkoena errehabilitazioan. Zeren “errehabilitzazio ez da gaixoari, konturatzeke, ezartzen zaion bendaje baten antzekoa. Pazientea, baimena ematen duena baina zerbait gehiago da, gogozko partehartzailea da. Berregokitzarako tekniken bidez, eskuhartzen, helburuak antolatzen, bere ahalmenak balioztatzen eta ahuleziak gainditzen ikasiko du. Printzipio hau geroz eta gehiago erabiltzen da, gaur egun, gaitz fisikoen tratamenduan. Hain zuzen, sendagile modernoak argi ikusi du gaixoen baiezko pasiboa baino hobeagoa dela bere eskuhartze aktiboa. Gaixoak ez du parte hartuko onartzen ez duen tratamendu batean. Ezgaitasun mental bat daukan pertsonak, aukeratu ez duen inguru batean bizitzera, lan egitera eta ikastera derrigortzen denean, laster aurkituko du ihes egiteko modua” (M. Anthony). Gaur egunean, errehabilitazioari dagokionean, ez zaio ematen diagnostiko psikiatrikoari antzinean ematen zitzaion garrantzia. Gaitza, ezgaitasun mentala, zaintzaileen esku ez dagoen eta multzo handia osatzen duten harreman sozio-familiarren, profesionalen eta eragile sozio-ekonomikoen osagai bat besterik ez da. Halaber, beste eratako profesionalek ere tartean egon beharko dute, eta kolektibitatearen jarrera ere, harkorra edo arbuiagarria, garrantzi handikoa da.
Erritual-obsesiboa:
Gaur eguneko nosologia psikiatrikoak obsesio-konpultsio aztoramenen sintomatologian ezartzen duen portaera da.
Egiaztatze jokaerekin adierazten den portaera da: apainketa lanak (esku-garbiketa), objetuen edota jantzien garbialdiak (beti ordena berdinean eta behin baino gehiagotan) egin beharrean sentitzen da behin eta berriro. Jakin badaki alferrikako lanak direla, baita konjuraziozko balioa itsasten dienean ere, baina ezin ditu ekidin. Denbora askoren galera dakarkio, beharrezko lanak eragozterainokoa. Batzuetan, inguruak onartzen dituen “mania txikiak” izan ohi dira. Beste batzuetan erritualak oso konplexuak izatera iristen dira sendia ere nahasten dutelarik. Eskutukoa baldin bada ere, larritasunaren murrizkera bideratzen da erritualon eginkizuna.
Erruduntasun sentimendua:
Lotsagarrikeriaren sentimendu kontzientea edo inkontzientea da eta, Freud-en irudipenean, Ni-ak Superni-aren kritika nola hautematen duen adierazten du.
Obsesio-neurosian aurkitu zuen Freud-ek, lehenengoz, erruduntasun sentimenduaren aztarna: bertan Ni-a Superni-aren kritikaren aurka altxatzen da. Sentimendu hau “inkontziente” gisa har daiteke, zeren subjektuak, ideia obsesibo bezala hauteman arren adierazpenak, bere desira inkontzienteen esanahietaz ez daki ezer. Malenkonian ere funtsezko lekua dagokio erruduntasun sentimenduari: hemen, ordea, Kritikalaria (Kontzientzia morala) Ni-arenganandik banatuta dago (klibajearen eraginez) eta, subjektuak objetuari zuzendutako gaitzespenak bere Ni-aren aurka itzuli ditzazke.
Erruduntasun sentimendu inkontzientea da sendatze analitikoan aurkitzen den eragozpen sakonena. Freud-en ustetan, zuzenean aurre egin dezaiokeen erremediorik ez dago. Analitikoki, aurka egiteko era bakarra, pixkanaka kontziente bihurtzean legoke.
Eskalea:
Etxerik eta baliabide erregularrik gabeko pertsona, besteen kontura edo eskekotasunetik bizi dena. Eskaleek, batez ere hiri handietan, populazio marginal bat osatzen dute eta, bere barnean psikopatak eta gaixo mentalak aurkitu daitezke. Metropoli handietako desinstituzionalizazio psikiatrikoak, New York-ekoak adibidez, eskizofreniko anitz eskale bihurtzera derrigortu zituen, ezin izan zutelako lortu bergizarteratze sozioprofesional egokia.
Eskizofasia:
Ulertezina gertatzen den neologismoz, hitz desitxuratuaz, egituraketa gramatikalaren edo sintaktikoaren arduragabekeriaz osaturiko hizkuntza patologikoa da. Kraepelin-ek sortutako deitura honek hitzezko adierazpenaren aztoramen sakona erakusten du. Disoziazio mentalaren eta diskordantzia afektiboaren bidelaguna izan ohi da. Eskizofrenia paranoide eta autistiko aurreratuetan agertzen da.
Eskizofrenia:
Pertsona heldu gaztean agertzen den psikosi larria da, gehienetan kronikoa izan ohi da, klinikoki disoziazio mentalak, diskordantzia afektiboak eta eldarnio ulergaitzak bereizten dute, eta oro har inguruarekiko haustura eta norberarenganako tolestura eragiten ditu.
Kraepelin-ek definitu zuen Dementzia goiztiarretik (nerabearoaren bukaera aldean sortzen den eta mailakako bilakaera defizitarioa daukan psikosi kroniko endogenoa) abiatuz proposatu zuen E. Bleuler-ek, 1908an, “eskizofrenia hitza (grekozko skizein: zatitu, arraildu, eta fren: adimen, izpiritu hitzekin osatuz).
C. Jung-en bitartez Freud-en pentsamendua ezagutu zuen Bleuler-ek eta, berari jarraituz, 1911an argitaratu zuen bere idazlan entzutetsua “Dementia Praecox, oder die Gruppe der Schizophrenie” (Handbuch der Psyquiatrie), non idatzi zuen: “Dementzia goiztiarrari eskizofrenia deitzen diot, zeren, frogatuko dudan itxaropenean, funtzio psikiko ezberdinen dislokazioan (alemaniarrez Spaltung) datza bereizgarri nagusienetakoa. Erraztasunaren mesedetan singularrean erabiltzen dut hitza baina taldean gaitz bat baino gehiago biltzen dira”.
Aurrekoen bilakaera dementzialaren nozioa zalantzan jarriz, Bleuler-ek eskizofrenien multzoa etengabeko edo fasikozko bilakaera zeukaten psikosi talde bat bezala definitu zuen. Eta, gaineratu zuen, funtzio psikikoen (autonomo diren konplexu hauen menpean dago pertsonalitatearen batasuna) dislokazioan edo disoziazioan datza bere ezaugarri nagusia; gero ideien asoziazioaren aztoramenak gehitzen zaizkio, eragozpenak edo butxadurak sortuz eta, azkenik, arazo afektiboak itsasten zaizkio, dirkordantzia eta anbibalentziarekin.
Beranduago, eskizofrenien egiturazko alderdia zehaztu zuen eta dimentsio bikoitza proposatu zuen: funtseskoa, ezezkoa, defizitarioa, bizipen psikikoaren disoziazioak (dementzia itxuraren arduraduna) bereizten duena, bata; eta gehigarria edo akzesorioa, baiezkoa, aurreneko dimentsioak askatzen dituena (ilusioetatik sorturiko eldarnioak eta haluzinazioak, loturarik eta egituraketarik gabeko “eldarniozko-anabasa”raiono iritsi daitezkeenak), bestea.
Geroago, Bleuler-ek, multzoa lau kategorietan banatu zuen:
1-: Era paranoidea: funtsean, zehaztugabeko eta inkoherenteak diren eldarniozko ekoizpenak erakusten ditu.
2-: Era katatonikoa: ezaugarri psikomotoreak bereizten du.
3-: Era hebefrenikoa: ahulezia nagusitzen da.
4-: Era sinplea: bilakaera moteleko funtsezko ezaugarriak bakarrik dauzka.
Ondorengoek, orokorrean, mota kliniko hauek onartu dituzte. Batzuek, anglo-amerikarrak batez ere, kontzeptu nosologikoa ia eldarnio-egoera larri eta kroniko guztietara zabaldu dute, zirriztu bat soilik utziz paranoiarentzako. Kultura frantsesean, alderantziz, pertsonalitatearen disoziazioa-aztoramenaren nozioa nagusitu da eta, H. Ey-k adibidez, honela definitzen du eskizofrenia: “Psikosi kronikoa da, pertsonaren sakoneko eta etengabeko eraldatzeak bereizten du, bere munduaren eraikitzeari eta hurkoarenganako harremanei uko egitera bideratzen du, pentsakera autitiskoan, hau da, irudimenezko anabasa batean murgilduz”.
Hala ere, eskizofreniaren definizio klinikoaren gai honetan desadostasun askok irauten dute oraindik. Desakordioak kontzepzio etiopatogeniko desberdinetan oinarritzen dira. Eragileei eta gaitzaren izaerari dagokienean hipotesi anitz aipatu dira. Hiru teoria handiren arabera sailkatu daitezke: organogenetikoa, psikogenetikoa eta soziogenetikoa.
Organogenetikoak eragile organikoa ezartzen dio eskizofreniari, gaitz somatiko gisan ikusten du, garunarena hain zuzen. Kraepelin-ek eta Bleuler-ek hala uste zuten. Ondorengo asko saiatu dira organogenesiaren frogaketan. Gaur egun, ahalegin honetan, erresonantzia magnetikoaren bidez lorturiko neuro-irudiak erabiltzen dira. Teknika honek, eskizofrenia batzuetan, garunaren aldaketa estrukturalak erakutsi ditu: hirugarren bentrikuloaren eta alboko bi bentrikuloen handiagotzea, hipokanpoaren atrofia. W. Saddath-ek, 1989an, 25-44 urteko biki monozigotikoen, bietako bat eskizofrenikoa izanik, garunak konparatu zituen. Baieztatu egin zuen, gaixo zegoen bikian, bentrikuloen handiagotzea eta hipokanpoaren atrofia. Ikusmira honetan jarraituz ahaleginak egin dira etiologia infekziosoaren aurkinkuntzarako: XX. mendearen hasieran tuberkulosiaren maiztasuna nabaritu zen eskizofrenikoetan eta zenbait ikerlari “eskizokoko” baten bila ibili ziren, alferrik; kointzidentzia hutsa zen. V. Malis errusiarra birus baten atzetik ibili zen, emaitza berdinarekin. Ondorengo ikerlanak aztoramen biokimikoetara eta metabolikoetara zuzendu ziren: J. Moreau de Tours-ek, haxisaren inguruan idatzitako lanean, alienazio mentalaren teoria “toxemikoa” defendatu zuen; H. Baruk-ek “katatonia esperimentala” eragin ahal izan zuen toxina kolibazilarrak erabiliz (1932); Buscaino-k, 1957an, “dismetabolismo eskizofrenikoaren” aldeko argudioak adierazi zituen, batez ere “toxikosi aminikoa” (sindrome eskizofrenikoak egituraketa aminikozko substantziek ipiniko lituzkete abian); esperimentalki, meskalinak, azido lisergikoaren dietilaminak, psilozibinak, haluzinazioak eragiten dituzte; indoletamina kataleptigenoa da; eskizofrenia, jaraunspenezko aldez aurretiko jarrera daukatenentzat, toxikosi aminikoa izango litzateke, batez ere triptofanoak, tirosinak eta adrenalinak eragindakoa.
Gaurko egunean akordio bat dagoela dirudi, gehienbat neutobitartekari sinaptikoen esparruari dagokionean. Arazoa da jakitea gaitzaren determinatzaile bakarra eragile biologikoa ote den, ala bere zeregina beste eragile biologiko edo psikologikoenganako zaurigarritasun anormala piztaraztea den soilik.
Antzeko zerbait gertatzen da eskizofreniaren balizko “jaraunspenarekin”. Ikerlan genetiko ugari banatu dira bi teoria multzotan: monogenetikoak eta poligenetikoak. Aurrenekoak gene bat bakarrik eta jatorri biokimikoa jartzen dute jokoan; bigarrengoak, berriz, sortze funtzionala aipatzen dute, eragile genetikoak eta faktore extrinsekoak elkarrekin lotuz. A. R. Kaplan-ek 34 ikertzaileen lanak bildu eta laburtu zituen haurtzaroko psikosien eta eskizofrenien arteko harremanen, eskizofreniaren hazpegi biokimikoen, alderdi sozialen eta kulturalen, sendiaren azterketen, bikien ikerketen, analisi inmunilogikoen eta abarren inguruan. Konklusioak aldez aurretiko jarreraren edo gaitzarenganako “hauskortasunaren” (fragilidad) aldekoak dira. R. Murray-k, ikerketa berriago batean, bikien arteko korrelazio esanguratsuak aurkitu zituen psikosi eskizofrenikoaren arloan. Subjektu eskizofrenikoen artean %54 anai biki eskizoideak detektatu zituen, baina aldi berean, eskizo-afektibo diagnostikoa zeramatenen artean % hamar bakarrik aurkitu zituen. C. Schulsinger danimarkarrak harreman estua ikusi zuen eskizofreniaren eta gaitz mugakidearen (borderline) artean; mugakide gaitza jasaten dutenek haurtzaroko aztoramen kognitiboei eta afektiboei loturiko arretaren eta afektibitatearen defizita ere erakusten dute; garapenaren garai honetan kokatzen dira jaraunspenezko korrelazioak. 18 urte iraun zuen ikerketa batean 207 eskizofreniko aztertu zituen 104 ume lekukoekin alderatuz eta honako konklusioetara iritsi zen: “egoera eskizofrenikoak ez dagozkie gizabanako osasuntsuak, une batean, erasotzen dituen prozesu morbido bati, baizik egokiera ebolutibo bati: aurreneko sintomak egoera estresatzaile batzuen ondorioak izango lirateke eta haurtzaroan amarekiko arazo afektiboak eta zailtasun obstetrikoak jasandako umeetan agertuko lirateke”
Ikerketok, orokorrean, prozesu morbidoaren jaraunspenezko jatorri hutsa baztertzeko joera daukate, baina aldez aurretiko jarrera baten, “nerbio hauskortasun” baten (Ey) igorpen genetikoaren nozioa gordetzen dute.
Eskizofreniaren psikogenesia: Psikogenesiari buruz ere datu asko daude eta hiru korrontetan bildu daitezke:
Psikoanalisia: Freud-ek, “dementzia paranoideak jotako Schreber presidentearen idatzi autobiografikoak aztertuz, psikosiaren ezagutze psikoanalitikoaren bidea ireki zuen. Eskizofrenia “erregresio nartzisista” larri bati zegokiola frogatu zuen eta hala baieztatu zuen Jung-ek ere. Azken honek psikosi estaliaren (latente) nozioa azpimarratu zuen: faktore inkontzienteen eraginez psikosi estalia benetako psikosira iristen da, eskizofreniara. Barnerakoitasunak, bakardadearen babesak, jarrera erritualak, portaera anorexigenoak, barauak inkontzientearen eta kanpoko munduaren arazoa adierazten dute; arazo honek argitzen du erretiratze nartzisista, komunikazio interpertsonalaren galera, arduraren motelaldia, irudikapenaren gehiegikeria. Atzerapen bat dago, errealitatearenganako funtzioa desagertu egiten da eta pentsamenduak tankera onirikoa hartzen du, irrazionaltasunean eta subjektibotasunean galtzen den bitartean. “Eskizofrenia, horrela, bizitzeko bultzadaren (élan vital), gogoaren galera da”, nondik errealitatearen deuseztapena, ukatzea eta disoziazioa datorren. Eldarnioa, bere aldetik “osatze ahalegin bat, berreraiketa bat izango litzateke”; bere agerpena bigarren mailakoa da eta, gaitzarentzat, ez da funtsezkoa.
Iritzi hauetatik abiatuz, freud-en ondorengoek jatorrizko jarrerak eztabaidatu dituzte: jaraunspenak zerikusia eduki dezake; amarekiko harremanek aurreko psikosian (prepsicosis) nolabaiteko eragina edukiko luke; arduratsuak izan daitezke halaber Ni-aren izaerak asaldatu eta inbaditzen duten egite instintiboekin dauzkan harremanak; zer ezanik ez, berriz, Ni-aren defentsarako mekanismoei dagokienean (eldarnioa da nagusiena, zeren, berari ezker, larritasuna neutralizatzen da, mundua beste era batera hautemanez, eldarnioz eta haluzinazioz jositako etengabeko jaurtiketan -proiekzioan). Afektu larri guzti hauen ukatze eta baztertze honi (refoulement), J. Lacan-ek, psikosiaren agerpenari, beste osagai funtsezko bat itsatsi zion: aitaren izenaren forklusioa (ikusi Forklusioa), hau da, subjetuak bere mundu sinbolikotik at botatzen du “adierazle” (significante) hori; bere itzulera subjektuaren kontzientziara, eskizofrenikoaren mundu haluzinatoriozko “errealitatean” soilik gertatuko da.
Korronte fenomenologikoa: Eragile instintibo-afektiboak baldintzatzen dituen bizitza mentaleko egituraketaren ulermenerako “sena (intuizioa) eta barrentze-ahalegina” erabili behar dira (E. Minkowski). Sintomak ezin dira isolatu artifizialki; zuzenean atzeman behar dira multzo gisan, ekintza psikopatologiak kontuan harturik, bizitzaren testuinguru orokorrean oinarrituz eta ez morbilitatearen ikusmiran. Edozein sintomaren gibelean gizaki osoarekiko eraldaketa sakonaren adierazpena dago. Eskizofrenikoak errealitatarekiko loturaren haustura jasaten du eta eraketa existentziala eraldatu egiten zaio, batez ere “denboraren” arloan, denbora erabat “finkatuta” geratzen zaiolarik. Horrela erakutsi zuen L. Binswanger-ek Elen West kasuaren azterketan: psikosia benekotasuna galdu duen bizitzan ezartzen da (ikus Binswanger). Ikusmira honetan, autismoa “norbera ez izateko egitasmo bat” bezala ikusten da eta, bertan, “tenporalizazioa existentzialaren aztoramen sakona” dago. Binswanger-ek autismoa “egote huts-egite” hiru motaren arabera deskribatu zuen: distortsioa edo okertzea, susmoa edo presuntsioa eta manierismoa. Hala ere guzti honek zerbait erakusten du eskizofreniaren ulermenari dagokionean baina ezer gutxi bere eragileez.
Patologia familiarra: Korronte honetan, alderantziz, kausaltasun aurkikuntzarenganako ardura nabaria da. Azterketa anitzen xedea izan da familiak, eskizofreniaren ernetzean, bilakaeran eta mantentzean eduki dezaken garrantzia. Th. Lidz psikoanalistak, jada 1956an, aipatu zituen “aita patogenoaren” (bost motatakoak) eta familiaren antolaketa okerrak eduki dezaketen ardura ume batzuen okertzearen eta disarmonien sorreran. Familiaren barneko komunikazio-aztoramenek arazo mental larriak sor ditzakete, psikosira bideratuz. A. Green-ek antzekoa aipatu zuen bere tesian (1958): gurasoen izaera “psikotikoak” (sintomarik gabekoa) psikosi nabarmena eragin dezake seme-alabetan. Baina, gehienbat, G. Bateson-ek proposaturiko “lotura bikoitzaren” nozioak eraman zituen J. Weakland eta D. Jackson familia barneko komunikazioa eta familiako gizabanakoetan zerizkion ondorioak aztertzea. Palo Alto eskolan bildu ziren eta inspirazio sistemikoa zuen teoria osatu zuten. Sendia “sistema” bat da, eta sistema honen patologia nagusia barne komunikazio aztoramenetan datza; familiako elementu baten eskizofrenia sortarazi dezake. Hemen dago, zalantzarik gabe, familia-terapiaren jatorria. Lotura bikoitzaren nozioari honakook gehitu zitzaizkion: familia-homeostasia, pseudo-aurkakotasuna eta pseudo-elkartasuna, simetria eta osagarritasuna, paradoxa eta elkar-ekintza (ikusi famili-terapia). Tratamenduaren helburua, eskizofrenikoa baino gehiago, gaitzaren iturria izango litzatekeen familia da.
Beste ikuspegi batean oinarrituz, antipsikiatra britainiarrak (R. D. Laing eta A. Esterson) eskizofreniaren teoria familiarra garatu zuten: J. P. Sartre filosofo existentzialistaren eraginpean, eskizofrenikoen hamaika familia sakonean aztertuz (Oreka mentala, erotasuna eta familia), gaitzaren agerpenaren eta mantenuaren arduradunak diren elkarrekintza patogenoak nabarmendu zituzten. Eurentzat, familia “arrazoizko egitura bat da, elkarrekintza zehatz batzuen esparrua, non etenik gabeko gertutasunaren poderioz, istiluak eta elkarrekiko eraginak handiagotu egiten diren”. Gizabanakoa bere sendiko elkarrekintzen bitartez ulertarazten duen nodo-eraketa pribilegiatu honi “nexus familiarra” deitu zioten. Eskizofrenikoa izango da, familia patogeno honetan, bere biziraupena mantentzearren, patologia bere soinean hartuko duena.
Eskizofreniaren soziogenesia: Antipsiakra britainiarrek familia ingurugiroko gizarte osora zabaltzen dute eta, era berean, eskizofreniaren soziogenesia aipatzen dute. Teoria honen defendatzaile bortitzena Th. Szasz izan da. Bere esanetan “Gizarte bakoitzak, bizirauteko, bere bekatariak (bouc émissaire edo chivo expiatorio) sortzen ditu: Erdi Aroak bere sorginak eta hereseak zeuzkan, geureak geure gaixo mentalak dauzka. Gainera gizarteak bere tramankuluak eta bere eraketa ezarri beharrean dago bekatariak irtenarazteko eta dagokien zoria eskaintzeko: Erdi aroak Inkisizioa zeukan, guk psikiatria instituzionala daukagu. Baina, jokaera hori justifikatu egin behar da! Hortarako mitoak asmatzen dira, sorginkeriaren mitoa, gaitz mentalaren mitoa” (Erotasuna fabrikatu, 1970). Ikuspegi horretatik begiratuz, eskizofrenia etiketa hutsa iruditzen zaio Szasz-i: “psikiatrek antolatutako etiketa erosoa, bere iharduerak zuritzearren eta gaixo mentalak kontrolatzearren sorturikoa”. Bere ustetan, sindrome bat baino gehiago “eskandalu zientifikoa” litzateke. Ikus daitekeenez, ikusmira guztiz erredukzionista den honek, patologia mentalaren errealitatea ukatu egiten du eta ez du ezertan laguntzen eskizofreniaren patogenesiaren ulermenean.
Alderantziz, eragile soziokulturalen inkesta epidemiologikoek ederki asko erakutsi dituzte populazioen eta kulturen arteko garrantzizko desberdintasun semiologikoak: ideia mistikoak ugariagoak dira kristauen artean; hinduen artean sarriago ikusten dira adierazpen psikomotoreak (Katatonia); ikusmenezko haluzinazio aberatsak dira maizkoenak mexikarren artean; eskizofreniko japoniarrak sarritan egiten dute bere buruaz beste, eta abar. Bilakaeraren arloan, H. Murphy-k erakutsi duenez, Maurizio uharteko eskizofrenikoek sarritan, bere kasa (tratamendurik gabe), onerako bidea hartzen dute, guztiz alderantzizkoa gertatzen den bitartean britainiar gaixoekin (tratamendu eta guzti). Tratamenduari dagokionean ere, kulturaren arabera eskaintzen dira zainketak: populazioak nola hautematen duen eta nola hartzen duen gaixoa, halako tratamendua ezartzen dio.
Eragileen multifaktorialitatea: Gauzak horrela, eragile guztiak hartu behar dira kontutan, eskizofreniaren multifaktorialitatea onartuz. D. Widlöcher-ekin batera esan daiteke organismoari eta ingurugiroari dagozkien eragileek, haurrak garaiz erasanez gero, laster sortarazten dutela “hauskortasuna” (psikosi- aurretiko pertsonalitatea, arrisku psikotiko handiko pertsonalitatea); eta eskizofreniaren etorrera eta bilakaera ere faktore multzo baten menpean daudela. Bi edo hiru adarreko teoria hau bat dator eskizofreniaren argibide biologikoekin, psikologikoekin eta psikosoziologikoekin.
Sintomatologia: Eskizofreniaren kontzeptu klinikoaren eta psikopatologikoaren erabateko adostasunik ez egon arren, gehientsuenek (Bleuler-i jarraituz) bat datoz gaitzaren diagnostiko kliniko ahalbidetzen duen aztoramenen multzo zentral batean.
Gutxieneko sintomak: N. Sartorius-ek (Osasunaren Erakunde Mundialeko- O.M.S- presidenteak, 1986an, 400ndik gorako psikiatrek osatutako biltzarrean, horrela laburbildu zituen ahobateko adostasuna lortu zuen sintomen multzoa: afektoaren eta asoziazio ahalmenaren aztoramenak (diskordantzia eta disoziazioa), anbibalentzia, norbeburuarekiko tolesturazko autismoa eta errealitatearekiko lotura arruntaren galera.
Diskordantzia-Disoziazioa: (ikusi diskordantzia eta disoziazioa) Diskordantzia edo disoziazio intrapsikikoa ere deitzen dena, harmoniaren, batasunaren eta eragiketa mental guztiaren jarraikortasunaren galeraren ondorioa da; prozesu psikiko bakoitzaren emantzipazioa dakar, kasualitatearen arabera soilik elkartzen direlarik. Chaslin-ek ongi deskribatu zuen 1912an (Élements de sémiologie et cliniques mentales): sintomen arteko harreman ezarekin adierazten da, inkoherentziarekin; pentsakera-edukiaren, bizipen emozionalaren eta euren ezaugarri psikomotorearen, imintzioaren eta mimikaren arteko harmonia galtzen da. Lelokeriak, manierismoak, barre inmotibatuak, mugimendu estereotipatuak eta katatonikoak erabat parasitatzen dute jada ulergaitza den berbaldia. Hizkuntza bera ere oso diskordantea da: hitzezko adierazpena eta egite mentala bakoitza bere aldetik doaz. Ahozkatutako doinuek eta hitzek ez dute benetan adierazten gaixoaren pentsakizuna. Berba estereotipikoek, errepikatutako atsotitzek, neologismo ugariek, benetako eskizofasia batek osatutako “Hizkuntzaren emantzipazioa” da. Pentsamendua, bere aldetik, galduta dabil, desegituratuta dago, geldotuta, butxaduraz josita. Kraepelin-ek “deskarrilatze” bati egotzi zion inkoherentzia, Bleuler-en ustetan, dislokazio baten ondorioa da (Spaltung): eragiketa psikikoa zuzentzen duten asoziazioen funtsezko aztoramena (ikusi disoziazioa).
Anbibalentzia: Spaltung-aren ondorioa da ere. (ikusi disoziazioa): bizipen afektiboan eta sentimentalean iharduten sentimenezko gaitasunen dislokazioa da. Sentimenaren, borondatearen eta adimenaren hiru esparruetan adierazten da. Motibazio desberdinei eta ekintza psikikoei dagokien ezkor eta baikor alderdi bikoitza une berean ikuskatzeko joerara darama. Batera ezinezkoak diren iritzi kontrajarrien, elkarren aurkako ideien eta sentimenduen batasun paradoxikoa da. Eskizofrenikoak elkartu egiten ditu eta ez da ahalegintzen bat edo bestea errefusatzen. Afektibitatea benetan zatikatu egiten da, eta anbibalentzia bere hizkeran, ekintzetan eta inpultsioetan agertzen da, bere sentimenduen anbiguotasuna nabarituz.
Autismoa: Bide batez, norberarenganako tolestura eta errealitatearekiko ihesa da. Freud-ek deskribatutako autoerotismoaren esanahi berdina eransten dio Bleuler-ek, baina zentzu zabalagoan. Hazpegi bikoitzean agertzen da, ezkorra edo pseudo-defizitarioa bata, eta eldarniozko eta irudikapenezko baikorra bestea. Aurrenekoak, kanpoko errealitatearen mailakako desitxuraketa, dagokion lotura afektiboaren galerarekin eta, ezaxolagabekeriarekin erakusten du. Bigarrenak, alderantziz, irudimenaren gehiegikeria nabarmentzen du eta pentsakera irrealarekin, hipermnesia “autistikoarekin eta eldarniozko ekoizpenarekin doa (eldarniozko ekoizpen oniroidea, hau da irudimenetik gertukoa edo paranoidea -eldarnioa inkoherentea, zehaztugabea, gaizki egituratutakoa eta polisentimenezko eragiketa haluzinatorioari itsatsia- izan daitekeelarik). Baina orduan ez litzateke funtsezko sintoma izango, akzesorioa baizik, patogenia eskasekoa.
Funtsezko hirukoitz sintomatiko honez gain Mayer- Gross-ek izendatutako Atimia ere aipatu beharko litzateke, nahiz eta, gaur egun, nozio hori sintomatologia ezkorraren esparruko sintoma bezala hartzen den. (ideiagintzaren eta afektibitatearen erasana da, Kohut psikoanalistaren “aintzira nartsizista larriaren” parekoa eta pasibotasunak, desbitalizazioak eta negatibismoak bereizten dute).
DSM IIIaren diagnostikoa: Eskizofreniaren diagnostiko klinikoa, luzaroan, Bleuler-en lorratzean egon zen, baina K. Schneider-ekin norabide berri bat hartu zuen: eldarniozko eta haluzinaziozko aztoramenei garrantzi handia eman zien psikiatra alemaniarrak eta “lehen mailako” sintomatzat hartu zituen. Hain zuzen, honakook aipatu zituen: Pentsamenaren entzumenezko hautematea, “elkarrekin solasean” iharduten edo “ekintzen iruzkinak” egiten dituzten entzumenezko haluzinazioak, korputzari inposatutako sentsazioak, pentsakeraren lapurketa, edota dibulgazioa, derrigortutako eta kontrolpeko sentimenak, eldarniozko hautematea, gogoeta eta bulkada behartuak eta kontrolatuak. DSMak (Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) eskizofreniaren diagnostikoa sei kriterio multzoren arabera biltzea proposatzen du, sei kapitulutan, non Schneider-ek deskribatutako sintomak ia bere osotasunean aurkitzen diren.
Aurreneko kapituluaren gaia funtsezkotzat hartzen diren aztoramenak dira. Eskizofreniaren diagnostikoa baieztatzeko gutxienez sei sintoma-multzoetako bat aurkitu behar da: eldarniozko ideia bitxiak (eragin-eldarnioa, pentsakeraren dibulgazioa, pentsamenaren lapurketa); eldarnio somatikoa, handitasunezko eldarnioa, jazarpenik eta bekaizkeriarik gabeko eldarnio erligiosoa edo nihilista; edozein motatako haluzinazioek lagun dituen jazarpenezko edo bekaizkeriazko eldarnioa; subjektuaren ekintzat edota ideia iruzkintzen dituen eta elkar-solasean iharduten entzumenezko haluzinazioak; behin eta berriro errepikatzen diren eta hitz bat edo bi baino gehiagokoak diren jatorri ez-depresibozko edo ez-euforikozko entzumenezko haluzinazioak; inkoherentzia, inongo harremanik gabeko elkarteak, pentsakizun lar ilogikoa, hizkuntzaren txirotasun nabarmena,ondorengo sintoma hauetato batekin agertzen direnean: sorgortze afektiboa, tolestura afektiboa, afektibitate desegokia, eldarnioa ala haluzinazioa, katatonia edo orokorreko portaera desitxurosoa. Beste bost kapituluek sintoma hauei derrigorrez atxiki behar zaizkien bereizgarriak deskribatzen dituzte: narriadura psikosoziala, sintomen gutxieneko (sei hilabete) iraupena, sindrome depresiboaren edo maniakoaren ausentzia, 45 urte baino lehenagoko hasiera, sintomak argitu dezazken gaitz organikoaren ez egotea. Kontutan hartzekoak dira halaber zenbait ezaugarri prodromiko eta hondakinezko: giza-isolamendua; desegokitze sozio-familia-laborala; portaeraren bitxikeriak; zainketa pertsonalen utzikeria; afektibitatearen kamustasuna eta burugabekeria, iharduera lausoa, hermetikoa edo metafisikoa; ideiagintzaren arrarotasunak (superstizioa, telepatia, “seigarren zentzumena”, ideaia erreferentziala, eta abar).
Multzoa, beraz, askotarikoa da eta gaitzak har ditzakeen era anitzek gehiago zailtzen dute diagnostikoa. Kraepelin-ek deskribatutako hiru mota nagusietara (hebefrenikoa, katatonikoa eta paranoidea edo eldarniozkoa) ez dira itzultzen, baina bere barnean irauten dute halere. Eskuliburu iparramerikarrean laster antzematen da erabat bleulertar den era nagusi desegituratutakoa (Disorganized), inkoherentziak, aztoramen afektiboek (diskordantzia eta anbibalentzia) eta eldarnio antolatuaren ausentziak bereizten dutena; baita ere mota psikomotore “katatonikoa”, bere inpultsioekin eta afektu gabeziekin; halaber eldarniozko “era paranoidea”, bere eldarnio inkoherentearekin (benetan patognomikoa), batzuetan haluzinazio aberatsek hornitzen dutena; hiru aurrekoen artean sailkaezinesto beste mota “desberdindu gabea (Undifferentiated); eta, azkenik “hondar” era (residual), fase prozesualak, sintoma bereizgarrien ez egoteak eta ideagintzaren, afektibitatearen, portaeraren neurri txikiagoko aztoramenez bereizten dutena (diskordantzia txikia eta disoziazio mentalak)
Eboluzioaren esparruan DSMak lau eratako bilakaerak bereizten ditu: Subkronikoa (sei hilabete eta bi urteren artekoa); Kronikoa (bi urtetik gorakoa); bufada akutuekin garatzen dena (oldarraldi paranoideak, aldi prozesualak edo disoziaziozkoak), bilakaera subkroniko edo kronikoarekin; eta “erabateko gutxiagotzea” (batzuetan, inongo aztoramenik gabekoa), sintomarik gabeko hondar-eskizofrenia.
Sintomatologia positiboa eta negatiboa: Ezezko edo defizitariozko eta baiezko edo ekoizle sintomatologia nozioaren bitartez, azken urteotan, beste sailkapen kliniko bat proposatu da eskizofreniaren deskribapenerako. Bertan kontuan hartzen dira sintoma horiek aztoramenen fisiopatologian daukaten partehartzea eta farmakologiari eskaintzen dioten erantzuna. T. Crow-ek, 1980an, garunaren imaginagintzatik, neurobitartekarien azterketatik eta emaitza psikofarmakologikoetatik abiatuz, hipotesi bisindromikoa aurkeztu zuen, bi tipo bereizten zituelarik eskizofreniaren esparruan: I tipoa (ekoizlea) eta II tipoa (defizitarioa). I tipo eskizofrenia bat batean hasten dela, adimenaren funtzioak osorik gordetzen dituela, neuroleptikoei erantzun hona eskaintzen diela, D2 hartzaile dopaminergikoen handiagotzea eduki dezakeela eta arazo defizitariorik gabekoa dela erakutsi zuen. II tipo eskizofreniak, berriz, hasiera maltzurra dauka, adimenaren narriadura jasaten du, bentrikuloen handiagotzea dakar, neuroleptikoei erantzun okerragoa eskaintzen dio eta aztoramen defizitario anitz eragiten ditu. Crow-eren ustetan, sintoma baikorrek igorpen dopaminergikoen arazoak adierazten dituzte; sintoma ezkorrrek, bere aldetik, garunaren egituraketa aldatuko luketen zelula-galeraren ezaugarriak lirateke.
Bere hipotesia hiru oinarritan sustatzen du: baiezko sintomak ezezko sintomak baino erantzun hobeagoa ematen die neuroleptikoei; eskizofrenikoen alboko bentrikuloen handiagotzearen eta sintoma ezkorren, batez ere adimenaren defizitaren arteko korrelazioa dago; eskizofrenikoen hartzaile dopaminergikoen multzoak (post mortem egindako azterketetan) eta sintomatologia baikorrak elkarrekin zerikusia daukate.
Crow-ek hirukoitz sintomatiko nagusia nabarmendu du: sorgortze afektiboa, hizkuntzaren txirotasuna eta, geroago bizi-arnasaren galera (elan vital) bihurtzen den gogoahulezia edo abulia. Beraren aurrean beste hirukoitz baikorra dago: eldarniozko ideiak, haluzinazioak eta pentsaeraren aztoramenak Ikus daitekeenez, pentsaeraren arazoak sintoma baikorrak dira berarentzat. Eta beste aldetik, bilakaeraren parametro itsasten du: sintoma positiboak sarriagoak dira aldi psikotiko larrietan (“eskizofrenia akutua”), sintoma negatiboak eskizofrenia kronikoa bereizten duten bitartean.
Bi urte geroago N. Andreasen eta S. Olsen-ek, neojacksonismoan oinarrituz, eta funtzioen disoluzio eta azkatze nozioaz baliatuz, eskizofrenia bi kategoriatan sailkatu zuten, baikorrean eta ezkorrean (positiboa eta negatiboa). Bigarrengoarentzat SANs deituriko eskala prestatu zuten (Scales for the Assessment ot Negative Symptom) eskizofrenia defizitarioaren bost dimentsio garrantzitsuak erakusteko:
-Tolestura edo txirotasun afektiboa: aurpegi imintzioaren finkatzea, berezko mugimenduen gutxiagotzea, keinuen pobrezia, ikusmenezko harremanen urritasuna, erantzun afektiboen ausentzia, afektu desegokia, ahotsaren monotonia, huts afektiboaren eta bizipen galeraren arrangura subjektiboa.
-Gogogabezia-apatia: garbiketa eta higienearen utzikeria, lan edo eskola hutsegiteak, anergia fisikoa (inertzia motorea), gogogabeziaren eta apatiaren kexa subjektiboa.
-Anhedonia, giza-erretiroa: gogoen eta aisialdien jatsiera, sexuarekiko jarreraren eta hiardueraren moteltzea, harreman estuetatarako ezintasuna, lagunenganako eta lankideenganako harremanen txirotasuna, anhedoniaren eta giza-erretiroaren kontzientzia.
-Arreta: gizarte ihardueratarako arreta eza, arreta ezaren arrangura subjektiboa.
Oso eztabaidatua izan da sailkapen hau baina garrantzitsua da bai pronostikoari, bai tratamenduari dagokionean. Neuroleptiko batzuk, neurri txikian erabiliz gero, eragin desinhibitzailea eta defizitaren aurkakoa daukate. Sailkapenak, bestalde, organogenesiaren, psikogenesiaren eta soziogenesiaren hiru dimentsioak dakartza berriro. Zeren, hurbiltze terapeutikoak, lehio guztiak zabalik eduki behar ditu eta, ahal den neurrian, metodo eta baliabide guztiak erabili.
Tratamendua: Elektroskoch eta txoke kardiazolikozko antzeko tratamendu biologikoak ia erabat baztertuta daude gaurko egunean. Erabiliena 1.932an M. Sakel-ek asmaturiko insulina-sendaketa izan zen. Eskizofrenia ugariren hobetzea eragin zuen. Bere mekanismoa batere argi ez egon arren, egia da insulinazko-komak eragina zeukala arlo psikopatologikoan: beharbada, inkontzientziaren besoetan murgilduz gero, pixkanaka suspertzeko garaian, psikoterapiarako baldintzak errazten zituelako suertatuko zen eragingarria. Bestalde, kontzepzio faltsu batean oinarrituz, 1936an, E. Moniz-ek proposatu zuen psikokirurgia hogei urtetan zehar erabilia izan zen: W. Freeman eta J. W. Watts-ek lobotomia prefrontal ugari egin zituzten (talamo prefrontaleko elkartze-fibrak ebakiz). Eta Fiambertik beste metodo bat asmatu zuen: elektroshockak ezartzen duen egoera postkritikoaz baliatuz begi-orbitaren zehar egingo zen ebaketa. Freeman-ek 2.000tik gora egin zituen. Jada ez da erabiltzen eta zenbait herritan debekatuta dago. Gainera, zegozkien bigarrengo mailako ondorioak, askotan, lortutako hobekuntzak baino haindiagoak ziren.
Neuroleptikoak: Rhône-Poulenc-eko laborategietan egindako aurkikuntza batek ekarri zuen iraultza eskizofreniaren tratamendura: J. Harl, J. Delay eta P. Deniker antihistaminiko berri batek -4560 R. P. Edo Klorpromazina- eldarniozko egoera psikotikoetan eduki dezakeen eragina ikertzen ari zirela erantzun bikainarekin egin zuten topo. Ganglioplejiko honetatik abiatuz beste neuroleptiko asko sintetizatu ziren eskizofreniaren sendaketarako, nahiz eta laster frogatu ahal izan zen ez zekartela eskizofreniaren erabateko osaketa. A. Carlsson-ek erakutsi zuen neuroleptikoek, lehendabizikoz, hartzaile dopaminergikoak blokeatzen zituztela, bere zirkuitua gutxiagotuz eta, gero, igorpen dopaminergikoa egonkortzen zutela (ikusi neurobitartekaria). Blokeatze hau izango litzateke eragin antipsikotikoaren arduraduna, baita bigarren mailako ondorioena ere: aztoramen extrapiramidalak, diskinesia berantiarrak, eta abar. Neuroleptikoen familia ugariek (klorpromazina bezalako fenotiazinak, haloperidolaren gisako butirofenonak, tioxantenoak, benzamidak, neuroleptiko berri atipikoak,…) era askotako preskripzioak ahalbidetzen dituzte. Neuroleptiko batzuk iraupen luzekoak dira eta nahikoa da hamabostean, hiru astetan edo hilean behin ezartzea injekzio baten bitartez. Beste batzuk, batez ere ezezko sintomatologiaren aurka zuzendutakoak, eragin desinhibitzailea daukate (amisulpiride, risperidona). Baitaude halaber bigarren mailako eragin gutxi edo gabeko neuroleptiko berriak (aitzindaria klozapina izan zen, ondoren risperidona, olanzapina eta ketiapina etorri ziren). Neuroleptikook erabat aldatu dute eskizofrenikoen etorkizuna, ingurugirorako itzulpena erraztuz. Hala ere, eragin baikorra mantendu nahi bada, neurri psikoterapeutikoak eta sozialak behar beharrezkoak dira.
Psikoterapiak: hiru motatakoak daude: psikoanalitikoak, familiakoak eta portaerakoak. Psikoanalitikoari dagokionean, aurrenak erabiltzen I. Fromm- Reichmann (Chestnut-Lodge klinikan) eta S. Arieti iparramerikarrak; Racamier frantziarra eta, M. Klein-en eraginpean, H.A Rosenfeld britainiarra. Arauak ez dira neurosien psikoanalisian erabiltzen direnen berdinak izango: gaixoa ez da sofan etzango; inkontzientearen edukiaren aurkikuntzan baino gehiago saiatu beharko da laguntza eskaintzen; ikerketetan ez sakondu gehiegi; defentsak indartu; galderei erantzun; amnesiak errespetatu, ez baieztatu edo ezeztatu eldarnioak; erotasunaren, bere buruaz beste egitearen, hilketaren beldurra eztabaidatu; aholku praktikoak eman; lagundu gaixoari elkarrekiko eragozpenetan. Horrela pazientearen konfiantza bereganatuko da, honek aurkibideak onar ditzan. Gaixoak psikoterapia jazarpenezko eldarnioan barneratuz gero eten egin beharko da derrigor. Kasu batzuetan, ahal izanez gero, desberdinak izango dira medikamenduak ezartzen dituen eta psikoterapia eskaintzen duen profesionala. Inspirazio sistemikoko familia-terapiak berehalako berrerorketak ekiditeko erabiltzen dira batik bat (arrisku handiko eskizofrenikoa daukan familietan, berrerorketa ugariren eragilea den Adierazitako Emozioa gutxitzearren -Emoción Expresada-[E.E.]). Portaeraren psikoterapiak, bere aldetik, giza-ahalmenak berreskuratzera eta gizadian berregokitzera bideratzen dira.
Sozioterapia: Farmakoterapia eta psikoterapiaz gain, berregokitze lanera zuzendutako sozioterapia ere ezinbestekoa da. Bitarteko eraketetan egiten da birmoldaketa, hau sektore psikiatriko bati legozkiekeen egituraketetan: osatze-ondorengo egoitzetan, pisuetan, tailer terapeutikoetan, lantoki babestuetan. Batzuetan osoko berregokitzea lortuko da. Bestetan, “erreferentzi afektiboak eta espazio-tenporalak” ziurtatuko dituen babes-ingurua ezinbestekoa izango da. Inguru horrek eskaini beharko dio eskizofrenia jasaten duen pertsonari lanerako aukera, bizitzaren kalitatea hobetzeko abagunea eta gutxieneko autonomia lortzeko gaitasuna.
Eskizoidia:
Patologiaren mugatik gertu dagoen eraketa mentalari edo, hobe esanda, pertsonalitatearen egituraketari deitzen zaio eskizoidia. Bere ezaugarri nagusiak barnerakoitasuna, afektoen barneratzea, bere buruarekiko tolestura, bakardaderako joera, ameskeria eta abtrakziorako zaletasuna dira.
Errealitatearenganako urrunketa hau ez da hausturaraino iristen psikosietan gertatzen den legez, eskizofrenietan batez ere. Pentsatu izan ohi da eskizofreniaren mota leuna izan daitekeela edota aldez aurretiko jarrera bat (E. Kretschmer-en eskizotimia). Baina eskizoidia daukaten asko eta asko ez dira eskizofreniara iristen. Eta eskizofrenia jasaten dutenetako % 50ean soilik aurkitzen da aurrekari bezala.
Eskizomania:
Hazpegi eskizoide nabariak dauzkan eskizofreniaren era leuna da. H. Claude-ri sor zaio hitza eta disoziazio edota diskordantziarik gabeko eskizoidiaren bilakaera adierazi nahi du. Ingurugiroarekiko desegokitzea, ameskeriarako joera, portaera bitxia, ihes-bulkada eta erasoaldiak dira beraren ezaugarriak. Beraren bilakaera eldarniozko oldarraldiak eta ondorengo depresibo egoera atipikoak bereizten dute. Gaur egun, psikosi eskizo-afektiboen artean sailkatuko litzateke.
Eskizonoia:
Kanpoalderako portaeraren eta barreneko eragiketa psikiko inkontzientearen artean dagoen diskordantzia-joerari deitu zion E. Pichon-ek eskizonoia. Diskordantziarekin eta tolestura autistikoarekin atzerapen afektiboak izendatzen ditu. Horrenbetez, esan daiteke eskizofreniaren mota txikiagokoen edo pseudoneurotikoen sinonimoa dela.
Eskizotimia:
E. Kretschmer-ek osatutako karakterologiako ereduetako bat, barneratze-joerak eta eskizoide eraketa mentalak bereizten duena. Eskizotimikoak gorputz “leptosomikoa”, (luzea, mehea eta torax laua) eduki ohi du eta umore distonikoa edo disonantea. Eskizofreniarako aldez aurretiko jarrera dario, % 40koa inkesta epidemiologikoen arabera.
Eskotomizazioa:
(ikusi Errealitateari-ezetzkoa).
Espasmofilia:
Gaizki osatutako larrialdiak eta krisi tetanikoak (nahigabeko gorputzadarren uzkurdura) jasateko aldez aurretiko jarrera neurofisiologikoa da. B. Klotz-ek deskribatu zuen 1950ean alor neurotiko bereizi batean eta paratiroidearen funtzio defizitarioan oinarrituz. Hipokaltzemia du lagun eztabaidan dagoen kriterio biologikorik gabeko “tetania idiopatika” honek. Histeriarekin antz handia daukanez egokiagoa litzateke histerien multzoan sartzea.
Esquirol (Étienne, Jean, Dominique):
Psikiatra Frantsesa (Toulouse 1772-Paris 1840). P. Pinel-en ikaslea eta jarraitzalea. Medikuntzaren aurretik erlijio ikasketak egin zituen. 1799 iritsi zen Parisera eta 1801etik aurera Salpêtrière-n ihardun zuen Pinel-en alboan. A. Royer-Collard-ek utzitako tokia hartu zuen Charenton-eko errege-etxean 1825ean. Bere ikasle izan ziren garaiko sendagile alienista frantsez gehienak.
Administrazio eta lege esparruan eragin handia eduki zuen erta beraren gidaritzapean eratu zen 1838ko ekaina. 30eko legea, mende bat baino luzeagoan gaitz mentalen tratamendua eta ospitaleratzea arautu zuena. Bere ekoizpena Des maladies mentales liburuan bildu zuen. Bertan aurkitzen da, pixka bat aldaturik, Pinel maisuak eratutako gaitz mentalen sailkapen nosografikoa. Hobekiago bereizi zituen bilakaera mentalaren defizitari atxikitako gaitzak (idiozia, kretinismoa, ergelkeria) eta ahulezia mentalari erantsi beharrekoak (dementziak). Maniaren eta eldarnio orokorraren era guztiak ongi deskribatu zituen. Malenkonia, eldarnio partziala, bi erasan desberdinekin ordezkatu zuen: bere buruaz beste egitera daramaten lipemania edo eldarnio goibelaren (délire triste) mota guztiak alde batetik eta, bestetik, monomaniak, ideia batera edo ideia gutxi batzuen multzora mugatzen diren eldarnioak. Hauxe izan zen bere ekarpen handiena eta monomania desberdinak bereizi zituen: monomania intelektualak, non adimenaren aztoramenak, sentimenen ilusiozko eldarnioa, interpretazio morbidoak eta haluzinazioak nagusitzen diren; moiomania afektiboak, bere aztoramen afektiboarekin, sentimenen erasanekin, benetako eldarniorik gabekoa; senezko monomaniak, ekintza deliktuzkoetara eta inmoraletara bideratzen duen gogoaren erasan soilekoak (hilketaraino iritsi daitezkeen “senezko eutsiezinezko ekintzak”).
Estereotaxia:
Kanpoko hezurren erreferentzietatik abiatuz garunaren egituraketa sakonetara iristea ahalbidetzen duen teknika da. Nerbio-eraketak, zenbait espezietan, burezurreko leku zehatz batean kokatzen dira; erreferentziak erabiliz osatu daitezke euren kokapena ezagutaraziko duten nerbio-sistemen mapak. Ebaketetan, burezurra elektrodoak gidatzeko Horsley-Clarke aparatuarekin finkatzen da; horrela egituraketa sakonen erregistroak egin daitezke edo zauriak sortu, estimuluak ezarri, injekzioak ipini, eta abar.
Estereotipia:
Egoerari ez dagokion, zehazgabekoa den eta kasik automatikoki egiten den hitz, imintzio edo jarrera baten errepikapena da. Bereizten dira: hitzezko estereotipiak (hitz baten edo esaldi mutur baten errepikapen monotonoa eta amaigabea), imintziozko estereotipiak (belaunaren igurtzia, buruaren edo enborraren kulunka -Salaam-en tika-, hortzen karraska, mastekatze bukaezina), eta jarreren estereotipiak (behatz puntetan iraun, burua atzerantz eduki, makurtuta egon, aurpegian keinu bat mantendu). Askenekook, gehienbat katatonietan, haurtzaroko psikosi larrietan, atzerapen sakonetan eta dementzia berantiarretan ikusten dira.
Estresa:
“Organismoak bere soinean egindako eskakizun bakoitzari ematen dion erantzuna” da, H. Selye-n (1976) hitzetan, estresa. Oso zabala den kontzeptu hau era desberdin askotan ulertu izan da. Hitzak, eraikuntza mekaniko bati inposatutato behartze bat dakar burura; “mehatsuzko egoera batek defentsen erabilerara bultzatzen duen organismoaren tentsiozko egoera da” (J. Delay). Beraz, estres-erreakzioa eta estres-eragilea bereizten dira.
Historia: Selye-k 1936an deskribatu zuen saguetan geroago estres deituko zuen sindrome ez espezifikoa: zauri berdinak (batez ere giltzurrun gaineko guruinen hipertrofia, timoaren eta guruin linfatikoen atrofia eta hemorragiak, urdail-ultzerak) eragile desberdinek eragindakoez izan daitezkeeka ikusi zuen. Eragile erasokorrek sortutako ehun-erreakzio espezifikoen ondoan, beste adierazpen ez ezpezifiko agertzen dira beti. 1956an hiru alditan garatzen den Egokitzearen sindrome orokorra aipatu zuen: alarma-erreakzioa (txokeko heriotza); erresistentziako fasea (gehiegizko erresistentziak eragindako patologia edo heriotza); akidura aldia (agortzeak dakar heriotza). Ikusmolde berdinean W. B. Cannon-ek Homeostasia deskribatu zuen: organismoak jasaten dituen erasoaldi guztiek, ingurugiroarekin oreka mantentzeko helburua duen erreakzioak sortarazten dituzte. Cannon-ek erasoaldietako katekolaminen igoera azpimarratu zuen. Selye-k, bere aldetik, neuro-begetatibo sistemarena, baina, baita faktore endokrinoena eta hipotalamo-hipofisario-giltzurrun gaineko guruin sistemarena ere aipatu zituen. Geroztik, medikuntzaren esparruan, garrantzi handia eduki izan du estresaren nozioak eta ikerketa anitz egin dira bere fisiologia argitzeko eta tratamendua aurkitzeko. Hemen, esparru psikiatrikora mugatuko gara.
Gaitz psikosomatikoak: Estresak eta beste eragile psikologikoak zerikusi handia daukate benetako zauri organikoei itsatsita dauden era honetako gaitzetan (urdail-duodeno ultzeretan, tiroidearen gaitzetan, erreuma gisako poliartritis, ondeste-kolitis hemorragikoan, asman, hipertentsio arterialean, eta abar). F. Alexander, T. French eta H. F. Dunbar gaitz espezifikoak pertsonalitate eta portaera (Coping: bakoitzak daukan modua estres egoerari aurre egiteko eta kontrolatzeko) bereziekin lotzen saiatu ziren. Korrespondentzia hauen artean, ezagunena, gaitz koronarioak izaera erasokorrarekin, pazientzia gutxikoarekin eta leihakidetartasunarekin daukana da, frogatu gabekoa hala ere. Beste batzuk garrantzia, gaitza agertzen denean, izaera existentzialaren espezifitatean ezarri dute: gizabanakoaren baliabideen agortzeak “bertan bera uzte egoerara” bideratzen du gaitz psikosomatikoak erraztuz.. Gaixotasun ugarietan aipatu da estresa, gehiegi behar bada. Egia da, gaitz gehientsuenetan aurkitu daitekeela honako ekuazioa: estres eragile espezifikoa + erreakzio espezifikoa + estres erreakzio ez espezifikoa = gaitza. Kantzerretan eta infekzioetan dauka, gehienbat, zerikusia estresak, dirudienez ( disfuntzio inmunologiko baten bitartez).
Sindrome psikiatrikoak: Es